Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ronnie Spector-en azken eskaera

Ronnie Spector-en azken eskaera

Markos Zapiain 2022/01/14 11:25

New Yorkeko Spanish Harlemen jaio eta bertan sortu zuen nerabezaroan The Ronettes, ahizparekin eta lehengusinarekin batera. Hango neska latinoek inspiratu zuten Ronettestarren estetika (erlauntz-adatsa esaten zaiona izango du ziur aski ezaugarririk ikusgarriena), eta Ronettestarrek Amy Winehouserena. (Isilik dago Anti-gona, eta beste batzuek hartu behar dugu horrelakoak komentatzeko ardura.)

Amaren aldetik afrikar-amerikarra eta txerokia zen, eta txinatarra zuen birraitona bat. Hirurogeiko hamarraldian lortu zuen ospearen neurria ematen du The Rolling Stones The Ronettesen telonero aritu izanak. 

Be My Baby gozamen iturri izan dugu hainbat belaunaldik, hitz elkartuaren adiera fisikoena barne: Ronnie Spectorrek berak kontatzen duenez, oholtzan agertu eta abesten hasi orduko, "mutilek beren burua lurzorura bota, ahuspez lurraren kontra igurtzi eta orgasmora iristen ziren". 1964an eta 1966an John Lennonek seduzitu nahi izan zuen, baina Spectorrek kalabazak eman zizkion, senarra izango zuen Phil Spectorrekin baitzebilen ordurako, ezkutuan.

Philek tratu txarra eman zion. Kontrolatzaile biolentoa zen, jeloskor patologikoa. Bai The Beatlesek eta bai The Rolling Stonesek Ronnieri lankidetza proposatu eta Philek debekatu egin zuen. Ronniek alde egingo zion beldurrez, Beverley Hills-eko luxuzko etxean itxi zuen, kamerak eta grabagailuak nonahi ipini, etxea txarrantxaz eta alanbre arantzadunaz inguratu, zakur izugarriak xaxatu, ihesa eragozteko zapatak oro desagerrarazi...

Philek urrezko hilkutxa bat erosi eta sotoan gorde zuen. Mehatxu egin zion Ronnieri: baldin eta alde egiten saiatuko bazina, jo eta bertan akabatu, erre eta urrezko hilkutxan gordeko zintuzket betirako.

Azkenik, amaren laguntzari esker lortu zuen Ronniek Philen jauregitik hanka egitea; oinutsik, hala ere.

"Be My Baby" du izena, halaber, horiek guztiak kontatzen dituen liburu autobiografikoak. 

Ronniek alde egin eta hogeita hamar urteren buruan, 2003an, Phil Spectorrek Lana Clarkson aktorea hilko zuen. Iaz hil zen bera, espetxean, covida harrapatuta.

Hitz beste: ez al da askoz ere hobea The Ronettesen Be My Baby Ariane Granderena baino, hain hanpurutsua? Dena den, gehiegizkoa dirudi kontraste horretatik mendebaldeko musika popularrean ere gainbehera goazela bezalako ondorio orokorrak ateratzeak, baina auskalo.

Ronniek hiletara joango direnei eskatu die normalean loreetan xahutuko luketen dirua erabil dezaten bortxakeria matxistatik bizirik ateratakoentzako lokalak ordaintzen laguntzeko eta eskola publikoan amerikar natiboei lekua egiteko. 

Txikitan auzokide izan zuen Joey Ramonerekin batera abestu zuen Bye Bye Baby; hitz egokiak alajaina despedida honetarako ere. Baby, I Love You hitzek ere ederki adierazten dute gaur goizean Euskal Herrian nagusi den sentimendua.

Iker
Iker dio:
2022/01/18 09:48
Interesgarria iruditu zait oso. Milesker halako edukiengatik.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/01/18 15:48
Ez horregatik, Iker. Ondo izan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Halaxe da, Jon. Ez dakit egia izango den guztia ... Markos Zapiain, 2022/05/17 10:09
Ikusi dut Unai San Martinen erakusketa. Gozatuz. ... Jon Etxabe, 2022/05/16 10:04
Eskerrik asko, Markos! Aspaldi irakurritako ... Alfonso Guilló, 2022/04/15 17:54
Ez horregatik, Iker. Ondo izan Markos Zapiain, 2022/01/18 15:48
Interesgarria iruditu zait oso. Milesker halako ... Iker, 2022/01/18 09:48
Jarrera hori UPyDko buruzagi ohiek daramate ... Markos Zapiain, 2021/11/01 12:17
"...baina halakoxe ziurra izaten da troskismotik ... Amatiño, 2021/10/31 11:15
Q , 2021/10/25 09:25
Oier, zure semearen ikaskidea Markelmú litzateke ... Markos Zapiain, 2021/07/10 16:50
Ez dago kostaldean, baina Arrigorriagan ere ... Markos Zapiain, 2021/07/10 16:42