Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Iñaki Abaitua eta familia barruko transmisio eragotzia

Iñaki Abaitua eta familia barruko transmisio eragotzia

Markos Zapiain 2022/03/02 13:55
Pedro Alberdiri eta Bilbo Zaharra Forumari, esker onez

Juliaren kasua Saizarbitoria eta iragana liburuan aztertu nuenez, Abaituarengan zentratuko naiz oraingoan.

Latinetik dator “transmisio”, “transmittere” hitzetik, “alde batetik bestera bidali” esan nahi du. “Trans” “alde batetik bestera” da, eta “mittere” “bidaltzea”. Julia da transmisore nagusia Martutenen, transmisio ororen erdigunean dago kokatua. Ez da soilik arduratzen iraganetik etorkizunerantz doan transmisio diakronikoaz. Sinkronikoa ere zaintzen du, bereziki hizkuntzen arteko transmisio horizontala, itzultzailea baita. Oso sentibera da transmisio lortu eta frakasatuei dagokienez, batez ere iritzi etikoa egiazkoa ez den bidetik eramateko arriskua dakartelarik. Adibidez, biziki haserretuko du itzulpen-huts batek, Montauk eleberriaren gaztelaniazko bertsioan protagonista zeken darakutsana, benetan ez dena.  

Aldiz, Martin, traumaren erregea, transmisioaren zulo beltza da, batetik besterako edozein joan-etorri eragotziko duena, edo, gehienez ere, Juliaren ikuspuntutik bederen, miseria transmititzera mugatuko dena. Martinen jarrera iraganetik datorkigunarengana ñabardurarik gabeko arbuioa da: gurasoek gezurra esan ziguten, txistua eta euskal dantza barregarriak dira, abertzaletasuna berriz sentimentalkeria kriminala. Zigor semeordeak gordinegi islatzen dio aita biologiko etakide konbentzitua, eta Martinek ezin du eraman. Euskal iragan osoak eman du ETA, ongi damutu zaio Martini ETAren inguruan ibili izana eta konstelazio hori guztia okaztagarri zaio. Otzetak ordezkatzen du hori guztia, eta kontuan hartzekoa da aurrekari iluneko estanpa traumatikoaren neskamea Otzetakoa zela, eta Martinek izugarri maite zuela. Martinenean, traumak eragotziko du edozein transmisio zentzuzko.

Martutene arte Saizarbitoriaren protagonista nagusiek ez dute seme-alabarik. Gisèlek abortua. Martutenen bai, eta transmisioaren kezka Abaitua ginekologoak eta Juliak darakutsaten arren batik bat, bi foku narratiboek, biak guraso, ez da gutxietsi behar Abaituaren emazte Pilarren ahalegina aitarengandik jasotako klinikari eutsi eta semeari transmititzeko, Poliklinikakoek erostea eskaini eta klinikako buruek saltzearen alde egiten badute ere. 

Familia barruko transmisioari dagokionez, emakumeak ahalegintzen dira oroz gain, eta gizonek huts egiten dute.  

Abaituak ez du bere burua maite, eta Loiola semeak bere antz handiegia du. Beren arteko harremana ez da argia, ez onuragarria. Abaituak ez du asmatzen Loiolari zentzuz mintzatzen, aholkuak ematen edo oroitzapen atseginak eragiten. Gainera, traumak edozein transmisio posibleren azpian oinarri ustela ezarriko du, eta transmisio egokiaren itxaropena aldez aurretik eta behin betiko usteldu. Hori gertatuko da txitxarro odolduen pasadizoan. Burmuinetik guk aukeratutako oroitzapen mingarriak desagerrarazteko aukera gero eta hurbilago dugun honetan, Abaituak ez luke zalantzarik, txitxarroen pasadizoa aukeratuko luke.    

Txitxarroen jazoerak Abaituari eragin sentimendu izugarria areagotu egiten dio ohartzeak, gertatzen ari den orainaldian berean, etorkizun osoan pairatu beharko duela gomutan iltzaturik. Traumak denboraren hiru hari horiek sarritan nahasten dizkie Saizarbitoriaren protagonistei, transmisio egokiaren aukera antzeko mataza ezin goibelagoetan itoz.

Txitxarro sarda odolduaren oroitzapen makurra transmititu egingo dio semeari, ziurki. Ez du asmatzen semea besarkatzen, hitz egokiak esaten. Beldur dirudi, ez ote duen Loiolak bera epaituko berak bere aita bezain gogor. Semea Harvardera doanean ere, ez da gai behar bezalako despedida bat ahoskatzeko edo antolatzeko. Ezina darakutsa Abaituak semeaz denaz bezainbatean. Hala ere, bereizi beharra dago jokabidea eta ikuspuntua, eta Abaituarengan ez datoz bat, Sagastizabal baserrian kokatuko den transmisioaren jaian nabari. Hurrengo sarreran ikusiko dugu. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.