Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lévi-Strauss eta Frantziako Akademia

Lévi-Strauss eta Frantziako Akademia

Markos Zapiain 2008/11/29 20:30

Ziur naiz Frantziako Akademiako nazkanteek (madarikatuak bitez Jean-Luc Marion, Jean D’Ormesson, Giscard d’Estaing, Max Gallo eta gainerako putakumeak!) Claude Lévi-Straussek ehun urteak hurbil zituela iruzurrerako baliaturik jarri zutela bere sinadura Frantziako hizkuntza ez ofizialak gutxiesten dituen Manifestu ospetsuan, Lévi-Straussen lanaren bultzatzaile nagusietarikoa izan baita Manifestuari darion grina etnozidari aurre egiteko beharra. Gogora ditzagun antropologoaren lanaren zenbait mugarri.

 

OINARRI EZKUTUA

Hizkuntzalaritza estrukturalistaren ekarriak, batez ere Fonologiarenak, Antropologian aplikatu zituen Lévi-Straussek: sistema fonologiko zehatzek mintzoa soinuz adierazteko beharra mamitzen duten bezala, edo giza mintzamena hizkuntza desberdinek, halaxe mamitzen dute gizatasun orokorra etnia desberdinek. Fonemak, bestalde, ez dira ezer berez; sisteman betetzen duten lekua eta gainerako fonemekiko harremanak ematen die izatea. Ideiok Lévi-Straussek Antropologiako hainbat esparrutan erabili ditu: ahaidegoa, totemismoa, mitoa, artea, eta abar. Hauetan guztietan, agerikoaren azpian datzan egitura inkontzientea bilatuko du, oinarri ezkutuak erabakitzen baitu azala. Gizakia beti dago sare inkontziente horien baitan harrapatua, dagiena egitera baitaramate, bera ohartzeke. Zentzu honetan, Lévi-Straussek mito eta liluratzat du existentzialismoak aldarrikatu giza askatasuna, Frantzian gailen harik eta hirurogeiko hamarraldian estrukturalismoa nagusitu zen arte.

 

GIZA ADIMENA

Giza espirituak anabasa amaigabean zenbait elementu aukeratu, nabarmendu eta beste elementu zehatz batzuekin elkartuz dihardu: horrela sortzen ditu hizkuntzak, mitoak, ahaidego sistemak, artea edo totemismoa.

 

Dagoena berez kaotikoa da; gizakiak berez bilatzen du ordena, anabasa nolabait antolatzea, kaosean mapak marraztea. Lévi-Straussek garbi nabaritu du joran hori bere baitan, eta ustez apetatsuak ziren giza jokaera batzuen azpian sistema nabaritu du, egitura bat. Horrexegatik dio Marx, Freud eta Geologia oso izan direla garrantzitsuak berarentzat: Freudek giza jokabide ohartiak erabakitzen dituen inkontzientea aurkitu zuen; Marxek, berriz, kultura determinatzen duen azpiegitura ekonomikoa; eta Geologiak, azkenik, geruzak bilatzen ditu, azpiko geruzak, ageriko paisaiak, mendiak, amildegiak, oihanak, uharteak eta bailarak sorrarazten dituztenak.

 

Era berean, hizketaren azpian, esaten denaren azpian, entzumenak jaso ditzakeen soinu- katea infinituen azpian, hizkuntza dago, hiztunek oharkabean darabiltena, harik eta gramatikariek ezkutua nabaritzen duten arte. Hizkuntzalaritza izan zen, bereziki Fonologia, gizarte zientzia ahul edo bigunen artetik natur zientzia zorrotz exijenteagoetara lerratzen lehena, eta, esan bezala, Lévi-Straussek antzeko bidaia eginarazi nahi izan zion Antropologiari.

 

Lévi-Straussek beti nahi izan du anabasa infinituaren azpiko estruktura nabaritu eta azaldu. Giza espiritua beti eta nonahi da berdina, eta materiala da; azken batean, giza garunen funtzionamenduak erabakiko luke gizartegintza, kultura. Lévi-Straussek berak bere jardunaz dio gainegituren teoria bat dela funtsean bere obra. Marxek ez bezala, baina, ez du ikusten azpiegitura ekonomikoak guztiz erabakitzen duenik gainegitura politiko-kulturala. Aldiz, azpiegitura inkontziente batek maila berean determinatuko lituzke nola ekonomia hala gainerako giza jarduera guztiak ere. Giza natura, dagoena zeinu-sistema bat balitz bezala ulertzea litzateke funtsean, jasoriko kaosa zeinu-sistemaren baten arabera berregitea eta ikustea.

 

Azken batean, Lévi-Straussen ikergaia giza adimena da; Etnografia Antropologiara eramango du, eta Antropologia Psikologiara. Ahaidego-sistemak, totemak, mitoak eta artea, hizkuntzak dira, zeinuak. Lévi-Straussek Semiologia orokor bat bilatuko du, giza adimenaren nolakotasunaren berri emateko egokiena. Lévi-Straussentzat, aipatu jardun horien guztien oinarrian, jardunok egituratzen dituen zeinu-sistemaren bat dago, inkontzientea. Baina zeinu-sistemak sortzen dituen azpiko egituragilea ere, Txillardegik “estrukturamena” deitu duena, inkontzientea da. Eta gizaki orok pentsatu izan du beti eta nonahi berdintsu, gaur egungo Frantziako Akademian zein orain dela bost mila urteko Amazonian.

 

INTZESTUAREN DEBEKUA

Gizakiok ebaki ditzakegun soinu infinituetatik hizkuntza bakoitzak soilik jakin batzuk aukeratu eta konbinatzen dituen bezala, sexu harreman posible guztien artean ere partaideak lege batzuen arabera aukeratu eta elkartu izan dira giza taldeetan.

 

Ahaidegoari dagokionez, Lévi-Straussek oinarrizko egiturak atzeman ditu, ahaidegoa antolatzeko molde asko eta asko aztertu ostean. Guri bitxiak zaizkigu hainbat arau: zenbait gizartetan, aita baino garrantzitsuagoa izaten da amaren neba. (Euskarak ere ez ote ditu lotu “osaba” eta “ugazaba”?) Ahaidego-sistemak askotarikoak dira, baina Lévi-Straussek XX. mendeko erdialdean aldarrikatu zuen badela arau bat giza talde orok, beti eta nonahi, ezarri izan duena: intzestuaren debekua, batik bat elkarri “ama” eta “seme” deitzen diotenen arteko sexu harremanen debekua, zenbaitetan neba-arreba, aita-alaba, amatxi-biloba sexu harremanak onartuak baitira.

 

Intzestuaren debekua azaltzeko, hainbat saio egin izan da. Radcliffe-Brownentzat, sendi barruko harremanek epe luzera ekar ditzaketen gaixotasunak eragoztearren debekatu izan da intzestua; Margaret Meadentzat, berriz, berezkoa eta bortitza da senide arteko sexu erakarmena, bereziki neba-arreben artean, baina indar horren aurka odol berdina nahasteko beldurra eta nazka altxatzen dira, hilekoaren odolari zaion ikara sakratuari lotua. Hirugarren hipotesia, Freudena, ezagunagoa da. Lévi-Straussek mitotzat du: aita-buruzagiaren hilketa eta jatea; ondoko borrokak ar gazteen artean emeen jabetza lortzearren; eta, azkenik, borroka horiek geldiarazteko norberaren taldeko emeei ukoa.

 

Lévi-Straussek, beti bezala, harremanari eman dio garrantzi berezia. Intzestuaren debekuak exogamia dakar, eta exogamiak beste herriekin harremanetan jartzera behartzen du. Exogamia truke-mota bat litzateke funtsean; trukerako gaia, berriz, andreak. Andreen nahia, jakina, ez da kontuan hartzen. Nik ama, arreba edo alaba eskaintzen dizut; zuk beste horrenbeste egin beharko duzu. Geure taldeen arteko lotura ziurtatuko dugu horrela.

 

Intzestuaren debekua da gizakiak naturari esaniko aurreneko ezetza, eta arau zein moral ororen sorburu agian.

 

Dena den, aspaldion Lévi-Straussek onartu du intzestuaren debekua ez dela uste bezain unibertsala.

 

TOTEMISMOA

“Totemismoa” mendebaldean asmaturiko etiketa bat da, hainbat jokaera desberdin era artifizialean batzen dituena, “histeria” bezalaxe. Lévi-Straussen ustez, ez dago berez totemismorik. Halako asmaketen oinarrian Mendebaldearen jarrera hau dago: begira atzeratuok, primitibook, erook, noraino diren gu ez bezalakoak gizajoak: herri batzuei eta bertako herritarrei animalien izenak ematen dizkiete: zein bitxia, zein barregarria.

 

Antropologiak totemismoari eman izan dizkion azalpenak ukatu egingo ditu Lévi-Straussek. Batetik, ez zaio iruditzen totemarekin batze mistikoa denik kontua. Bestetik, totemismoa ez da gizakien eta animalien arteko antzekotasun fisikoan oinarritzen  (azandetarren totemak esaterako irudimenezko animaliak izaten dira: ortzadar-sugea, urezko lehoinabarra, trumoi-animalia...)

 

Lévi-Straussentzat, honela funtzionatzen du totemak: gu jaguarrak gara, zuek arranoak. Ezin dugu jaguar-okelarik jan, egun sakratuetan izan ezik. Gu jaguarrak gara, sua beste tribuek baino lehen aurkitu genuelako, eta suzko begiak dauzka hain zuzen jaguarrak. Animalien edo landareen ezaugarriak giza taldeei egokitze honetan ere Lévi-Straussek sailkatzeko beharra ikusten du funtsean, itxurazko desordenari oinarrizko ordena bat eman nahia.

 

Totemismoaren giltza, hortaz, adimenaren operazio bat da, korrelazio metaforiko bat ezartzen baitu animalia eta landare desberdinen eta gizarte eta herri desberdinen artean. Horrela, animalia eta landare espezieen bereiztea bat dator talde totemikoen bereiztearekin,  talde totemiko baten kide izatea oroz lehen beste talde totemikoetatik bereiztea eta desberdintzea baita.

 

MENDEBALDEZENTRISMOA. PARISTAR ZILBORKERIA GENOZIDA

Aurrerapena, eurozentrismoaren mito bat da. Ez dago zalantzan jartzerik elektrotresnak eta autopistak aurrera doazela. Horrek ez du esan nahi, alta, geure bizimodua eta izaera, geure balioak, sakonagoak eta ederragoak direnik “primitiboenak” baino, ezta hurrik eman ere. Aitzitik: bizimodu desberdinak babestu beharko lirateke, askotariko erritmoak, ahalik eta jenderik gehienek izan dezan komeni zaion tribua bilatzeko aukera.

 

Mendebaldezentrismoa eritasun nazkagarri bat da, historiako txikiziorik negargarrienak eragin dituena eta eragiten jarraitzen duena, zuzen zein zeharka. Mendebaldekook (batik bat Parisek eta Pariseko Akademiek) bestelako kulturak geure irizpideen arabera baloratzeko grina, geure bikaintasunera hurbiltzen den ala ez erabiltzea irizpidetzat geu ez bezalakoak direnak etiketatzearren, umekeria barregarria litzateke, espainolek Ameriketan egindakoa eta antzekoak ez bagenitu. Lévi-Straussek gogorki azpimarratu du: ez zen aurkikuntza edo elkar aurkitzea izan, ezta konkista ere, baizik inbasioa eta genozidio latza.

 

Bestelakoa bere horretan ulertzen saiatu eta begirunez hartu beharrean, desbestelakotu eta geureari berdintzeko nahikeria, gizakiaren alderik ankerrena da, eta horretan mendebaldekook ez dugu munduan parerik, ez horixe.

 

Lévi-Straussek Filosofiari nolabaiteko nagusikeria sumatu ziolarik, bertan behera utzi eta Antropologiara jo zuen, desberdinarenganako begirunearen izenean nolabait. “Basati” deituriko gizakiek filosofoek bezain ongi pentsatzen dute, filosofoek bezain sakon. Haien logika, ordea, ez zaio abstraktuari aplikatzen, zentzumenen bidez jasotakoari baizik: “konkretuaren logika” deritzo Lévi-Straussek. Baina pentsatu, beti eta nonahi pentsatu izan du antzera gizakiak. Nolanahi ere, egia da kulturen eta balioen erabateko erlatibismoa absolututzat hartzeak, kritika oztopatzen duela. Guztiak berdin balio badu, buru hainbat aburu, eta abar, orduan ezin ezer gaitzetsi edo hobetsi. Lévi-Straussek, haatik, Montaignek eta Rousseauk bezala, bestelako kulturak apalki eta begirunez ulertzen saiatzea aldarrikatzen du, eta kritika, ahal bezain zorrotza, norberaren kulturari egitea. Uko egin dio beti unibertsalismoari eta globalizazioari.

 

Kultur erlatibismoa abiapuntu, haragijaleentzako ere aurkitzen du Lévi-Straussek zuribide bat: etsaiaren edo agintariaren okela jaten dute, haren indarra bereganatzearren, baina zati txikiak, bestelako janariekin nahasirik. Aldiz, halako gizartekideek ez lukete onartuko, nazkagarri litzaieke, geurean eroekin eta eriekin egiten duguna: gizarte goitikatzailea da gurea, bere baitan har ez dezakeena hesietarik kanpo goitikatzen baitu.

 

MITOAK. ETNOGRAFOA

Zein ote den gizakiaren lekua naturan, horra Lévi-Straussen beste kezka nagusi bat. Mitoen gai nagusietako bat naturatik kulturara igarotzea da; Hego Ameriketan, suari lotzen zaio, sukaldeari zehazki, gordinetik egosira igarotzeari. Sua litzateke bitartekari nagusia, zeruaren eta lurraren artean. Ipar Ameriketan, berriz, naturatik kulturara jauzia biluzitik jantzira igarotzeari lotu izan zaio.

 

Lévi-Straussentzat, Amerikako mitoek frogatzen dute bertako indioak gertu zeudela gizon zuriari abegi egiteko; jakina denez, aztekek Hernan Cortési egin zioten ongi etorri ikusgarria da Historiako enigma handienetariko bat. Lévi-Straussek bertako mitologia ikertu, eta indio haien gogoa anaia zuriarekin elkartzeko prest zegoela nabaritu zuen. Ezaguna da zelan erantzun zuten espainolek: sarraskia, genozidioa, txikizioa, egiazko fedearen izenean. Betirako desagertu dira espainolak iritsi aurreko kulturak. Munduak asko galdu du. Uniformea eta monokordea, ergelkeriaren eta heriotzaren formak dira. Biziak berez nahi du anitza.

           

Zentzu honetan Lévi-Straussen pentsaera holografikoa dela esan liteke: zatia osotasuna da, edozein gizartek barnebiltzen eta adierazten du gizatasun osoa, gizartetasun orokorra. Lévi-Straussentzat, hobe aski, ezen ez handi.

 

Bukatzeko, Lévi-Strauss etnografoak honela ikusten du Etnografia: Mendebaldeak hainbat eta hainbat hizkuntza eta herri suntsitu du. Zeharo birrindu ezin izan dituen kulturetako hondakinetara morroi bat bidaltzen du Mendebaldeak, bere kontzientzia ausikiaren adierazle: etnografoa. Etnografia, konkistekin batera hasia, mendebaldekoon erru sentimenduaren adierazpena litzateke, eta gaur egun Frantziako Akademiak hurbilago du esterminatzaileen sentsibilitatea Lévi-Straussena baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.