Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila

Poesia krisian

Xabier Etxaniz 2015/01/29 17:12
Inbidia diet poetei...

POESIA KRISIAN

 

            Ez naiz oso poesia zalea. Ziurrenik, behar baino gutxiago irakurri dudalako. Ziurrenik, ulertzen ez dudalako eta ez dakidalako egiten. Ipuinak gustatzen zaizkit, hori bai. Baita eleberriak ere, beti ere lodiegiak ez badira. Saiakera irakur dezaket, kronika historikoa, abentura liburuak… Eta azken bolada honetan antzerkiari jaramon egiten hasi natzaio. Baina poesiak ez nau gehiegi erakartzen.

            Ez nago harro, baina ezta lotsatuta ere. Datu objektibo bat baino ez da.

            C’est la vie.

            C'est la vie, mon amour!

            Eta hala ere... inbidia diet poetei.

Izan ere, poetek izen ona baitute. Poeta bat bada nor. Poetek –hala onek nola txarrek- badute zerbait berezia… nola esango nuke… badute ukitu bat… ipuingileok ez daukagun zerbait… saiakeragileek sekula izango ez duten zerbait… eleberrigileek ere nekez lortzen dutena…

Beno, nahikoa da itzulinguruka ibiltzeaz!

Poetek ez dute liburu ziztrin bakar bat ere saltzen baina, beste idazleok ez bezala, poetak kalera atera daitezke euren idatziak deklamatzera.

Joder, zer gustura geratu naizen!

Lehengo egunean, urrunera jo gabe, taberna bateko terraza batean geundela poeta gazte eta eder bat hurbildu zitzaigun. Karpeta batetik poema bat atera eta eskura eman zigun. Eta jarraian, guk ezer esan gabe, idatzitakoa errezitatzen hasi zitzaigun.

Bejondeinala, neska!

Txanpon batzuk eman genizkion eta berak agur esan zigun irribarre batez.

Eta ni mira eginda geratu nintzaion begira ondoko terrazara zihoan bitartean, bere adats  kizkur beltzak eta bere ahots sendoaren indarrak erakarrita.

Zoragarria iruditu zitzaidan ikusitakoa.

Zorte on opa nion.

Aur revoir, ene maitea!

Nire lagun Felixek, ordea, une magiko hura txikitu eta errealitatera itzularazi ninduen esaldi bakar batez.

“Ikusten? –esan zidan-... Behar izanez gero horrek aterako dik bizitza aurrera… Hik segi hire ipuinekin tematuta, segi… pepelerdoa halakoa…”

    

ARRAUTZAK

Xabier Etxaniz 2015/01/22 14:06
Eibarespazioko Zerbitzu Sekretuen grabaketa berria...

 

ARRAUTZAK

Eibarespazioko Zerbitzu Sekretuek Barne Ministerioko bi funtzionariori grabatutako telefono elkarrizketa.

 

            - Sentitzen diat, Fermin, baina goikoek ez ditek ontzat eman hire proposamena.

            - Enteratu nauk, Jazinto... Hau amorrua...

            - Gustatu zaiek, eta haiengatik balitz aurrera, baina murrizketak zaudek arlo guztietan  eta hire proposamena dirutza lukek...

            - Ba, ez zakiat zergatik... mundu guztiak bazakik euskaldunek ez dutela txortan egiten...

            - Hi, Fermin, gezur hori guk geuk asmatu genian hemen… Euskaldunek, baita terroristek ere, txortan egiten ditek…

            - Gutxi, ordea.

            - Gutxi edo asko, guri bost!.

            - Ba hortxe zagok arazoa! Guri bost ez! Ministroak argi esan dik: terrorismoa borrokatu behar dugu ekintzak eta erasoak egiten dituenean, baina baita suge horrek bere arrautzak txitatzen dituenean ere… Primeran iruditzen zaidak lege berria, terrorismoagatik kondena duten guztiek irakaskuntzatik at geratu behar ditek, baina motz geratu gaituk… Haiek arrautzak jartzen jarraitzen ditek eta arazoa errotik moztea duk onena…

            -Hik zakila moztu nahi diek errotik…

            - Terrorismoaren aurkako zikiratze demokratiko-klinikoa esaten zaiok…

            - Sekulako gastua ekarriko ligukek…

            - Ez diat uste... ETAri oso komando gutxi geratzen zaizkiok…

            - Gutxi baina oso jendetsuak… Manifestazio-komandoa, esaterako, gainezka zagok! Badakik… dena ETA duk eta ETA duk dena… Edonor izan  litekek ETAkidea…

            - Bo, edonola ere, beti geratzen zaiguk B plana.

            - B plana?

            - Bai, Terrorismoaren aurkako zikiratze demokratiko-ez-klinikoa… funtsean, barrabiletan emandako ostikadaren metodo klasikoa…

            - Fermin, mesedez, gu ez gaituk biolentoak…

            - Bazekiat, baina hik komenta ezak FAES-eko hurengo bileran…


(Erredakzioan itzulita)

 

Argazkiak

Xabier Etxaniz 2015/01/15 13:25
Jakin nahi nuke zer aldatu den...

ARGAZKIAK

 

                Aitor dut asteleheneko sarekadak lur jota utzi nauela. Bitan saiatu naiz umoretik heltzen gaurko Maratilari eta bitan egin dut kale.

                Amorrua darie nire hatzei eta nazka nire teklatuari. 

                Eta beldurra nire arrazoibideari.

                Boxeolaria banintz, zabuka nengoke, epaileak asaltoaren bukaera noiz aginduko.  Futbolaria banintz, luzapeneko denbora ahalik eta azkarren pasatzeko irrikan nengoke, penaltyetara bizirik iristeko. Txirrindularia banintz, tropelaren erritmoa nekaezina madarituko nuke, bai eta talde ezberdinetako talde-lana ere. Xake jokalaria banintz...

                Ez, gaur ez nago ironiarako...

                Estatu espainola ez dela mugitzen genioen baina oker geunden. Madrilgo estolderietako pentsalariek txistu egin eta estatua hasi da mugitzen.

                Eta erasoa jo du oldarkor.

                Bi argazki ekarri nahi ditut gaurko Maratila honetara. Lehenengoa doilorkeriarena. Polizia txanodunak herriaren dirua zenbatzen eta lapurtzen. Izugarria da. Eta izugarria da, ez soilik argazki horrek zerbait larria kontatzen duelako, ezpada Espainiako Barne Ministerioak berak zabaldu zuelako. Lekukoak nahi zituzten. Min egin nahi zuten eta min egin dute. Argazki soil bat botere ikaragarri baten erakusgarri.

                FAES-eko pentsatzen du. Epaileek agintzen dute. Txanodunek exekutatzen dute.

                Bigarren argazkia ez-argazkiarena da. Iaz ikusi genuen. Aurten, ordea, ez. Orain dela urtebete Espainiako Justiziak ETAko abokatuen kontrako operazioaren lehenengo ekitaldia burutu zuen eta, behin eszenatokiko errezelak zabalduta, debekatu egin zuen Tantaz Tanta ekimenak antolatutako manifestazioa.

                Hasier Arraiz eta Andoni Ortuzar batera atera ziren prentsaurrekora, hura guztia onartezina baitzen.

                Antzokiko errezelak berriro zabaldu dira orain. Aktoreak berberak dira. Bai eta trama bera ere. Alabaina, FAES-eko pentsalariek aldaera sarkastiko bat proposatu dute orain eta manifestazioa ez dute debekatu.

                Debekatu ez, bai, ordea, espoliatu. Denbora emanez gero, maltzurrek ere ikasten duten seinale.

                Honek guztiak onartezina izaten jarraitzen du baina Hasier Arraiz bakarrik agertu da prentsaurrekoan.

                Gustatuko litzaidake jakitea zer aldatu den, ez baitut ulertzen.             

                Maltzurrek ikasi egiten dute. Guk ez.

                Amorrua. 

DETAILEAK

Xabier Etxaniz 2015/01/08 22:54
Donostian bizi naiz eta zoriontsua naiz...

 

 

DETAILEAK

 

                Joan den astean Loquillo kantariarekin egin nuen topo Donostiako jatetxe "Michelin" izardun batean.

                Beirategitik Zurriola hondartzaren edertasuna genekusan. Hotza gorabehera, surflariek olatuen gainean egiten zuten hegan, paseoko ibiltariek maracuya eta limoizko izozkiak jaten zituzten, udaltzainak auto elektriko eta jasangarrietan paseoan zebiltzan, txirrindulariek semaforoak errespetatzen zituzten eta txakurrek txanda eskatzen zuten han-hemenka barreiatutako "pipican"-etan.

                Dastatzen ari ginen ardoaz galdetu zidan Loquillok. 

                Aipatzea zuen beste gairen bat, nik zer dakit, musika, literatura, zaborraren gaikako bilketa, bosgarren edukiontzia, edota angularen tamaina, jakina baita donostiarrok jantzita gaudela gai horietan guztietan. Baina ez, ardoaz hitz egin zuen. 

                Bikaintasunetik gertu, erantzun nion.

                Handik gutxira enpresari bat hurbildu zitzaigun. Datuak ez zeukala bestelako garrantzirik gaztigatu zigun. "Hemen nago, ergo, langabetu soil bat izan ninteke". Enpresaren mundua arrotza zaidanez, krisiaren bukaeraz galdetu nahi izan nion baina une hartantxe zerbitzariak oskola ere jangarria zuten muskuilu batzuk ekarri zizkigun eta, ahoa bete hortz zein muskuilu, galdu nuen galdetzeko aukera.

                Halako batean, kantariak bere bizilekuaz hitz egin zuen. Antza, Lasarte utzi eta Grosen bizi da orain. "Etxebizitzaren eskuragarritasunak bainoago Groseko pintxo-potearen kalitateaz xaxatuta".

                Barre egin genuen hirurok.

                Postrean -carpaccio de queso trufado con arandanos, espuma de manzana y helado de queso, ezinezkoa omen euskaraz ematea- burutapen barregarri bat otu zitzaidan.

                "Dagoeneko ez duzu kamiorik beharko, ezta?" galdetu nion Loquillori.

                "Grosen erraz aparkatuko nuke" esan zidan batere ironiarik gabe.

                Txapela jantzi eta kontua eskatu nuen. Ordainduta zegoela esan zidan jangelako arduradunak.

                National Geographic-ek horrelako detaileak ditu.

                Poz-pozik alde egin nuen zoriontasunaren hirirantz.

                Pozik, zorion-bitsetan eta esne-mamitan...   

Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.