Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila

GALDUTAKO BATAILA

Xabier Etxaniz 2014/12/25 19:50
Gure alaba Garazik esku-telefono berria dauka...

 

 

GALDUTAKO BATAILA

 

               Jakin bagenekien bataila galduta genuela. Jakin bagenekien txalupatxo bat baino ez ginela tsunamia noiz etorriko zain, eta, hala ere, eguna ahalik eta gehien atzeratzen saiatu ginen. Denborak, baina, ez du barkatzen.  

                Ene lagunok, gure alaba Garazik badu esku-telefonorik. Bere ikasgelako azkena izan da telefonoa eskuratzen.

                Ez ulertu gaizki. Ez nago esku-telefonoen aurka. Are: tresna baliogarritzat daukat egungo gizartean mugitzeko, hamaika aukera eskaintzen dizkiguna. Baina haur baten eskuetan aukera arrisku bihurtzen da eta tresna arma.

                Kontua haurra lokalizatuta egotea baino haratago doa. Kontua "amonaren etxera autobusean bakarrik joan behar du eta badaezpada..." soilik balitz, gure seme-alabek edozein telefono ziztrin erabil lezakete. Baina ez, internet duen smartphone bat behar dute. Argazki kamera on bat behar dute. Whatsapp behar dute. Pantailarik onena eta prozesadorerik bikainena.

                Eta zer nahi duzue nik esatea, 43 urte ditut eta maiz zalantzak ditut nola jokatu behar dudan jasotzen ditudan mezuen aurrean, zalantzak ditut sare sozialetan parte hartzeko garaian, hitzen eta irudien botere ikaragarriak kikilduta bizi naiz, jakin baitakit esaten, idazten eta erakusten dudan oro nire kontra erabili ahal izango dutela...

                43 urte ditut eta horren jabe naiz. Alabak 12 urte ditu eta, oso azkarra den arren, ez dut uste horretaz jabetuko denik. Eta, hala ere, bizitza izorra diezaiokeen arma bat oparitu diot.

                Galdu dugu bataila,bai, baina gure alabak erabilpen-kontratu bat sinatu behar izan du gure porrotaren truke. Kontsolamendu eskasa, badakigu, baina okerragoa zatekeen ezezko batek margotuko zukeen panorama.  

                Gogora dezagun Garaziren aita pipa erretzen duen eta txapela erabiltzen duen idazle frikie bat dela.

                Nahikoa motibo bada barre egin diezaioten.

                Telefonorik gabe uztea zuzenean bazterketa sozialerantz bultzatzea litzateke...   

    

                

 

ZORIONAK XABI!

Xabier Etxaniz 2014/12/18 14:47
Nire lagun Felixek 07:34an esnatu ninduen igandean...

                ZORIONAK, XABI            

                Nire lagun Felixek goizeko 07:34an esnatu ninduen joan den igandean.

                "Zorionak, Xabi" egin zidan oihu. Nire ondoan egon izan balitz, zintzurra alderik alde moztuko niokeen laban herdoildu batez, baina zoritxarrez ez zegoen.

                - Hiri normala iruditzen al zaik ordu hauetan deitzea? -izan zen nire lehenengo galdera.

                Ea mozkortuta ote zegoen izan zen bigarrena.

                Nire lagun Felixek, gauzak beti alderantziz egin ohi duenez, bigarrenari erantzun zion lehenik eta, zotinka, apur bat edanda zegoela aitortu zidan. Lehenengoaz , ordea, paso egin zuen. Nire makarrei eta haserreari jaramonik egin gabe, "zorionak"-ka jarraitu zuen hainbat minutuz.  

                Halako batean isildu zen.

                - Hi, Felix... nire urtebetetzea bihar izango duk, ez gaur...

                - Bazekiat, motel! -erantzun zidan-. Nik BERRIAko elkarrizketa dela eta deitzen diat. Irakurri duk Urkulluk esandakoa? "Espainiako gobernua gaizki ari da pentsatzen badu arazo bakarra Katalunia duela". Bejondeiala, Xabi, bejondeiala! Lortu duzue! Urkulluk berak ere hori esaten badu, hori nazioarteko agendan zaudetelako duk, motel!

                - Zertaz ari haiz, Felix? 

                - Zertaz izango da ba? Lizarrustihistan-go independentziaz ari nauk! Raxoik arazo bat zaukak Katalunian eta beste bat Lizarrustihistanen, argi zagok...

                - Egon, Felix, egon... Ez diat elkarrizketa irakurri baina... esango nikek Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoaz ari dela...

                Felix isildu egin zen orduan, bat-batean, zaplazteko batek alkoholaren euforia lapurtu izan balio bezala.

                Ez zuen luze iraun, ordea.

                - Kar...

                Kar-kar-kar-kar...

                Kar-kar-kar-kar-kar-kar... 

                Kar-kar-kar-kar-kar-kar-kar-kar-kar-kar...

 

                Artean barrez lehertu beharrean jarraitzen zuen deia moztea erabaki nuenean...             

   

TXOSTENA

Xabier Etxaniz 2014/12/11 21:02
Torturak, akatsak, orbanak, dardarak eta txaloak

TXOSTENA                        

                Lehenengoa Barack Obama presidentea izan zen: "Gure nazioak gauza anitz ongi egin zituen urte horietan, baina beste batzuk gure balioen aurkakoak ziren. Horregatik, boterea hartu nuenean zalantzarik gabe debekatu nuen tortura, terrorismoaren aurkako borrokan daukagun tresna eraginkorrenetako bat gure idealei leial mantentzea baita"

                Eta, bat-batean, txalotzeko gogoa sentitu nuen. Izan ere, Amerikako Estatu Batuetako presidentearengandik etorrita ere, tortura debekatzea gauza ona baita berez.     

                Gero, Senatuko Inteligentzia Batzordeko buru den Dianne Feinstein-en hitzak irakurri nituen. Haren ustez, CIA-k sekretupean gorde nahi izan duen txostenean aipatutako "gogortutako galdeketa teknikak" kontzeptua eufemismo bat baino ez da, eta teknika haiei "tortura ere dei lekieke" inolako arazorik gabe. Jarraian zera gehitu zuen: "Gure balioetan eta historian orban bat da, eta txostenak ez du orbana garbituko".

                Eta, bat-batean, har txikitxo batek kosk egin zidan burmuinean hitzen ulermena kontrolatzen duen zonaldean, eta nire buruari galde egin nion ea "orban" hitza bera ez ote zen beste eufemismo bat izango, ea Feinstein delako horrek ez ote zuen "akats" hitza ezkutatu nahi izan.

                Handik gutxira Jhon Brennan-en hitzak irakurri nituen. CIA beldurgarriaren zuzendariaren aburuz "akatsak" egin dituzte. Akatsak, ezen ez "orbanak". Alabaina, "akats" hauek funtsezko informazioa lortzeko baliagarriak izan ziren eta haiei esker "bizitza kopuru zenbatezinak" salbatu ziren. 

                Eta, bat-batean, hazkura sentitu nuen belarriaren atzean, "zorri" hitza entzuten dudan bakoitzean gertatzen zaidan bezala, eta hazka eta hazka hasi nintzen, neurrigabeki hasi ere, azalaren azpian "akats" eta "salbatzailea" kontzeptuak batzen zuen definizioa aurkituko nuelakoan.

                Jarraian AEB-ko fiskal nagusia den Eric Holder-en hitzak irakurtzea egokitu zitzaidan. "Herrialdea zorretan dago CIA-rekin, irailaren 11tik atsedenik gabe lan egin baitu Al-Qaedaren nukleoa suntsitzeko, Bin Ladenen kasuan justizia egiteko eta talde terroristen erasoak saihesteko". 

                Eta, bat-batean, kolpe bat sentitu nuen urdailean, boxeolaririk iaioena ere zabuka uzteko moduko zartako horietako bat. Izan ere, iruditu baitzitzaidan fiskalak CIA-ren zuzendariak aipatutako akatsak zuritu nahian zebilela, edo are, atzera ere bihurtu nahi zituela akatsok "orban", jakina baita ezen orbanak, ubeldurak nola, txukun asko disimilatu daitezkeela makillaje geruza batzuen azpian.   

                Azkenik, atzera hitz egin zuen Dianne Feinstein batzordeburuak, eta argiro azaldu zuen ezen, orbanak orban, "Amerika bere akatsetatik ikasteko bezain handia da"

                Eta, bat-batean, ileak laztu eta zangoak hasi zitzaizkidan dardarka.

                Den-dena ulertu nuen.

                Debekuak gorabehera, CIA-k torturatzen jarraituko du, baina hori bai, Senatuko Inteligentzia Batzordeburuaren zein fiskal nagusiaren gomendioei jarraiki, txosten hobeak egingo dituzte, sekretuagoak eta ilunagoak...

                Are: hemendik aurrera txosten akatsgabeak idatziko dituzte.  

                Presidenteak berak txalotzeko modukoak.

KABROI HUTSAK GARA

Xabier Etxaniz 2014/12/04 15:00
Euskaldunok kabroi hutsak gara...

KABROI HUTSAK GARA

 

                "Kabroi hutsak gaituk" esan nion nire buruari. Eta albiste hura atzera ere irakurtzeak pentsamendua berretsi ez ezik handiagotu ere egin zidan, halako moldez non "kabroi" hitza izenondoz bete zitzaidan bat-batean.

                Oso kabroiak. Kabroi osoak. Biziki kabroiak. Kabroi galantak. Kabroi itzelak.

                Kontua da joan den astean, euskararen eguna zela eta ez zela, mezu bat iritsi zitzaidala Whatsapp-en bidez. Mezuarekin batera esteka bat "El periodico digital" webgune espainiarrean duela urte eta erdi inguru argitaratutako albiste batera eraman ninduena.  

                "Misterioa argitu da: euskara Afrikatik dator" zioen lerro-buruak eta une batez, sartu ez sartu egon nintzen, zalantzaz beterik, han sartuz gero haserretuko nintzelako susmoa izan bainuen. Eta, hala ere, sartu egin nintzen.

                Bai, arrazoia duzue: burugabeki jokatu nuen, leloen pare.

                Kazetariak hizkuntzalari batek egindako ikerketa bat zuen hizpide. Ikerketa horren emaitzaren arabera, euskara eta Malin hitz egiten den Dogon hizkuntza oso antzekoak dira, aztertutako hitzen %70 inguruk antzekotasun handia dute eta, horren ondorioz, euskara Afrikatik dator. Kazetariak orgasmo bat izan zuen emaitza hura ikusi bezain pronto eta, ziztuan eseri zen ordenagailuaren aurrean, tesi argi eta sendo bat burua zuela: ikerketa honek frogatu egiten du euskara ez dela Europako hizkuntzarik zaharrena. Utzi izan baliote, "izorra zaitezte, zuena tximu-hizkuntza txatxua baino ez da" idatziko zukeen...

                Alabaina, kazetariaren gibel-asmoak alde batera utzi eta hizkuntzalari jator horren gainean jarri nahiko nituzke fokuak. Izan ere, gizonak hamabi urte pasa baititu dogon hizkuntza afrikarra eta gure euskara ikertzen. Hamabi urte! Zergatik eta hizkuntzak maite dituelako!

                Ez dakit zuek, baina egindako ikerketaren emaitza gorabehera -egurra galanki eman zioten hemengo hizkuntzalariek eta inork ez du bere lana aintzat hartu nahi izan-, nik hizkuntzalari hori lanean imajinatu nahi izan dut: hiztegi pila baten erdian galduta, hari galdezka eta honi itaunka, Urliarekin biltzen eta Sandiarekin eztabaidatzen, loari eta familiari orduak lapurtzen...

                Hamabi urte! Erraz esaten da, gero!

                Zergatik eta euskaldunok kabroi hutsak garelako

                Nola ulertu, kabroikeria hitza aipatu gabe, gure isiltasuna? Nola ulertu, bestela, horren zital jokatu izana hizkuntzalari txit jator baina txit inuzente horrekin? Zergatik ez genion ezer esan? Zergatik utzi genion bere bizitzako hamabi urte horiek alferrik galtzen?

                Zertan ari zen lanean kontatzera etorri zenean -eta ziur naiz etorri zela-, hain zaila al zen gizona lepotik hartzea eta belarrira hitz batzuk xuxurlatzea...?

               " Aizak, txikito, XXI. mendeko euskaldunoi bost axola zaiguk euskara nondik datorren... guri axola zaigun gauza bakarra zera duk, euskara nora doan jakitea... Beraz, ez galdu hire denbora eta segi ezak familiarengana... kalamidade halakoa!!"

                Horren kabroiak ez bagina, zerbait esango geniokeen...      

Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.