Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila

NIRE EZINTASUNA

Xabier Etxaniz 2014/11/27 13:55
Batzuetan ez ditut hitzak aurkitzen...

 

NIRE EZINTASUNA

                Duela urte batzuk, San Jeronimo kaleko sotoan Harkaitz Canok maisuki gidatzen zuen literatura-solasaldietan parte hartzen nuen. Ez nuen gehiegi hitz egiten -inoiz Harkaitzek berak leporatu dit erretzeko pipa isilik egoteko makulutzat erabili izana, eta ez zaio arrazoirik falta- baina asko ikasten nuen. Solasaldi haietan gehien gustatzen zitzaidana zera zen, liburu bat irakurri ostean buruan nituen sentsazioak zein ideiak solaskideen ahotsetan entzutea.

                Literatura dut gustuko baina ez naiz oso iaioa literaturaz hitz egiten. Beno, oro har, ez naiz oso iaioa hitz egiten, ez literaturaz ez eta beste arteez ere. Egia da badakidala zerbait literaturaz eta egia da, halaber, idazletzat daukadala nire burua. Ofizioa eta teknikak ezagutzen ditut, bai, baina zoritxarrez idazteak ez nau kritiko on bihurtu. Eta gauzak horrela, iritzia eskatzen didatenean oso gutxitan gainditzen dut "gustatu zait/ez zait gustatu" bikotearen langa.

                Solasaldietan, ordea, aukera izaten nuen nik sumatu bai baina adierazi ezin nituen ideia horiek entzuteko.

                - Ahh, bai!! Horixe bera da nik pentsatzen dudana!!

                Urte asko dira literatura-solasaldi batean parte hartu gabe. Gehiegi, aukeran.

                Solasaldiak jada ez dira solasaldiak, ezpada irakurle klubak.

                Harkaitz Canok hirugarren aldiz irabazi du Euskadi Saria.

                Baina nik berdin jarraitzen dut, artearen aurrean ditudan sentimenduak ondo transmititu ezinik...

                Agian horrexegatik, atzo, "Loreak" pelikula euskaltegiko ikasleekin ikusi ostean, San Jeronimo kaleko sotora joan nintzen zuzenean. Donostia Kulturako atezainak esan zidanez, Harkaitz ez da handik pasa aspaldi honetan.

                - Eta nik ezin dizut lagundu -esan zidan atezainak-. Ez dut pelikula ikusi.

                Etxera joan nintzen burutik zebilkidan hitza behin eta berriro errepikatuz.

                Ederra... Ederra... Ederra... Ederra... Ederra...

                Horrekin nahikoa balitz bezala...                    

UNE BATEZ SOILIK

Xabier Etxaniz 2014/11/20 14:14
Nire lagun Felixek durduzaturik utzi nau berriro...

UNE BATEZ SOILIK

                Nire lagun Felix eta biok tabernan sartu gara zerbait hartzera. Telebistan, ia egunero bezala, Pablo Iglesias ari da hitz eta pitz. Eta, zerbitzariaren zain gauden bitartean, hari begira geratu gara biok.

                Sinpatiaz jarraitzen dut Pablo Iglesiasen ibilbidea. Sinpatiaz eta, ezin ukatuko dugu, poz irriño batez. Diskurtso on eta koherente bat landu duela uste dut. Are: uste dut ezen "ahal dugu"-lako kontu hori ez dela kontu erretorikoa edota produktua merkaturatzeko leloa, ezpada benetako apustua. Iglesias erabat sinetsita dago. Hurrengo hauteskundeak irabaziko ditu eta ez dago atzera bueltarik. Madrilen, jakina, urduritzen hasi dira eta, egia esan, ez nau batere harritzen. Izan ere, Madrilgo politikariak oso ohituta baitaude lore-joko eta su-festa antzuetara -orain hi jar hadi eta gero neu jarriko nauk, lagunak gaituk eta hi eta bion artean moldatuko gaituk, pastel nahikorik bazagok ondo banatuz gero-  baina orain loreek arantzak dituzte eta su festak ez dira atrezzoaren partea, ezpada benetakoak eta benetako bolbora daramate barruan...

                Ez, Madrilgo estolderietako biztanleek jada ez dute jokoa maite. Arriskua benetakoa da eta egurra ematea erabaki dute. Orain orok balio du Iglesias jipoitzeko eta, hauteskundeak iritsi bitartean, bata bestearen atzetik emango dizkiote zartakoak inolako errukirik gabe.   

                Odol putzu batean martir bat ala makilatutako panpina bat utziko duten, horra zalantza bakarra...       

                Nire lagun Felix, ordea, ez dator bat nire irakurketarekin.

                "Xabi, ez hadi fidatu. Iglesiasek eta bere lagunek oso argi zaukatek bidea ekonomiari dagokionean, eta txalotzeko modukoa duk egin dutena, baina, ez ahaztu, ezkertiarrak izanik ere, espainiarrak dituk. Eta zer nahi duk nik esatea, lurraldetasunaren gaiaren gainean txolopote ederra zaukatek. Nola jokatuko duten Katalunian, beraiek ere ez zakitek, eta hor zagok gakoa... Une honetan, Podemos duk CIU-ERC-CUP hirukotearen gehiengo absolutua kolokan jar dezakeen bakarra... eta badakik zer esaten duten ultraeskuindarrek... Espainia antes roja que rota....  Bestela, zer dela eta eskaini Iglesiasi hainbeste denbora telebista kate guztietan...?"

                Zerbitzaria etorri eta bi garagardo eskatu dizkiot, durduzaturik oraindik.

                Ez dizuet gezurrik esango: behingoagatik nire lagun Felixen konspirazioaren teoria berria zentzuzkoa iruditu zait.

                Unetxo batez soilik, baina zentzuzkoa.          

IZAERA

Xabier Etxaniz 2014/11/13 16:21
Raxoi, Maki Navaja eta demokrazia berria

IZAERA

 

                Azaroaren 9ko galdeketaren harira Raxoik egindako agerraldia ikusi ostean Tijuana in blu taldearen "Maki Navaja, el ultimo chorisso" kantarekin gogoratu nintzen. Hain justu, kantaren hasiera mitiko harekin non "Maki Navaja" marrazo batekin alderatzen zuten.

 "Marrazoak hortzak ditu, barre egiten duenean erakusten ditu,

 eta Makik labana bat du trebeziaz erabiltzen duena,

 Marrazoak badaki igeri egiten,

 Marrazoa utzi bakean,

 Marrazoa ez da erruduna,

 Bere izaera da eta..."

                Bai, ene lagunok. Dena izaera kontua da. Raxoi horrelakoa da eta berak ezin du ezer egin gauzak bestela gerta daitezen. Are gehiago: horrelakoa da eta ezin zaio ezer leporatu horrelakoa izateagatik. Horrelakoa da, ez da bere errua. 

                Izaera, hortxe dago gakoa!

                To be, or not to be, that is the question...

                Eta Raxoi bada. Raxoi bera da legea. Raxoi bera da demokrazia. Kataluniarrak ez dira demokrazia baina bera bai. Raxoi bada, goitik behera eta behetik gora izan ere.  

                Demokrazia arimaz eta espirituz.

                Baina hori gutxi izan, nonbait, eta demokrazia beregan gorpuztea erabaki du.

                Eta gauzak horrela, Raxoik demokrazia etereotasunetik ukigarritasunera eraman nahi izan du. Geneetan tatuatu du. Bere DNA-n iltzatu du. Fisika eta kimikaren gainetik jauzi eginez solido bihurtu du demokrazia.  

                Demokrazia fisikoa. Demokrazia erraietan zein hesteetan. Demokrazia aluan zein barrabiletan.

                Potro-demokrazia esaten zaio.

                Alabaina, ez da bere errua. Izaera kontua baino ez da.

                Izan ere, espainiarrek oso berezkoa baitute gauzak "por mis cojones" egitea...

                  

BABARRUN-JANA

Xabier Etxaniz 2014/11/06 16:54
Debekuen aurrean, irudimena... Lizarrustihistango eredua...

BABARRUN-JANA

                Azkenean guri ere iritsi zaigu eguna. Etzi, azaroak 8, Lizarrustihistango biztanleok babarrun-jana ez-lotesle batean hartuko dugu parte eta bertan erabakiko dugu ea Lizarrustihistanek Europako estatu alokutibo txikitxo eta independente bat izan behar duen ala Espainiar estatu ez-demokratiko eta ustelaren  eskutik jarraitu behar duen ume txikitxoa balitz bezala.

                Suposatuko duzuenez, oso urduri gaude denok.

                Ez luke zertan hala izan, egia esan. Azken batean, den-dena prest baitaukagu: nahi adina babarrun, ehun kilo odolki, txorixo-txirikorda ederra, gurdikada bete saiheski eta, itxuraz, oso minak diren Ibarrako piperrak. Baita bi galdera zehatz ere, aspaldian idatzitakoak.

                Bozkatzeko metodologia ere zehaztu dugu: lehenengo galderari baiezkoa emateko, boto-emaileak ea babarrunak nahi dituen galderari baiezkoa eman beharko dio. Ea errepikatu nahi duen galderari baiezkoa emanez gero, bigarren galderari ere baiezkoa eman nahi diola ulertuko dugu eta, ondorioz, BAI/BAI atalean apuntatuko dugu. Erraza, ezta?

                Bai, arrazoia duzue: dena askoz errazagoa litzateke baldin eta hautestontziak jartzen utzi izan baligute. Baina kontua da ez digutela utzi. Nonbait ilegala zen egin nahi genuena eta beraiek jakingo dute zergatik. Guk gureari eutsiko diogu eta, hautestontzirik ezean, onak dira lapikoak, platerak eta koilarak.  

                Arestian esan bezala, urduri gaude denok. Izan ere, susmoa dugu Espainiak ez digula babarrun-jana  egiten utziko. Argudiorik ezean, gure babarrun-jana ilegala dela esango dute, , txorixoa ez-morala dela, eta odolkiak gizentzen duela... Berdin du.

                Ibarrako piperrez armaturik egongo gara zain.

                Eta bai, oraingoan ere arrazoia duzue: pentsatu duzuen lekutik sartuko dizkiegu piperrak gure festa zapuztera etortzen badira.

                Beraz, jakinaren gainean daude... oso minak dirudite...      

Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.