Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila

METAFORAK

Xabier Etxaniz 2014/10/30 12:46
Espainia huts egin duen estatu bat da...

 

METAFORAK

                                

      Rafa Larreina parlamentariak bete-betean asmatu du aste honetan bertan Madrilgo kongresuan egindako adierazpenetan. 

      “Espainia huts egin duen estatu bat da” esan zuen Larreinak gaztelera ederrean, baina hara joandako kazetariek nahiago izan zuten ez ikusiarena egin. Egia esan, ez nau batere harritzen. Izan ere, kazetari espainiarrei ez baitiete ordaintzen erregea biluzik dagoela gaztigatzen duen haurraren hitzak jasotzearren, ezpada erreginaren ustezko anorexia frogatuko duten argazkiak egitearren. Edonola ere, Titanic-en orkestrarena egiten jarraitu nahi badute, beraientzat kalte.

      Jarrai genezake paralelismo erraz samarrak egiten. Espainia buztinezko oinak dituen erraldoia dela esan genezake. Esan genezake Espainiako demokrazia espageti-western txar bateko dekoratua dela, harri-kartoizko gezur txatxua baino ez. Esan genezake Espainia itxura ona duen baina barrutik guztiz ustelduta dagoen tipula dela. Eta esan genezake, zergatik ez, Espainia maite ez gaituen, jipoitzen gaituen eta, bereizi aurretik zintzurra labanaz moztuko digun senarra dela.

      Bai, ene lagunok, jarrai genezake irudi paraleloak sortzen eta bakar batean ere ez genuke hutsik egingo.

      Alabaina, ez dugu egingo. 

     Azken batean, kontua ez baita nola azalduko dugun egoeraren larria, ezpada zer egingo dugun senar horrengandik askatzeko.

     Katalanek argi daukate egunen batean planto egin beharko dutela askatuko badira.

     Zenbat metafora behar ditu EAJk begi-bistakoa dena ikusteko?

PENITENTZIA ESKE

Xabier Etxaniz 2014/10/23 17:09
Euskaldunon zigorra: bi aldiz entzun beharko duzu den-dena...

 

PENITENTZIA ESKE

 

                Bai, errua nirea izan zen. Nire esku egon zen sufrikario hura errotik moztea eta ez nuen ezer egin. Ziurrenik hamaika guraso bileratan bizi izandakoek antzutu dutelako sutan jartzeko nuen gaitasuna. Ziurrenik isiltzea erosoagoa zelako. Edo besterik gabe, nik ez dudalako Bittor Hidalgok duen ausardia.

                Kontua da 15 haur eta 13 heldu ginela arratsaldea jolas artean pasatzeko asmoz bildutakoak. 28 lagun gehi 2 begirale. Denok ezezagunak eta -ohhhh!- denok euskaldunak!! Beno denok ez... erdaldun bat ere etorri baitzen tailerrera.  

                Jolasten hasi gara eta, bat-batean, esperpentoa. Begirale batek "voy a hablar en bilingüe" iragarri digu. Esan eta egin. Baina ez pentsa, ene lagunok, bilingüe era informalean, ez, ez... Bilingüe-bilingüe...

                Bilingüe, taxuz eta fundamentuz, bilingüe-tasunaren mailarik gorenera iristeraino...

                Halako moldez non, Finlandiako boloetan jokatzen hasiak garelarik, begiraleetako batek  "ocho puntos" oihukatu baitu besteak "zortzi puntu" lortu ditudala jakinarazi ostean, eta gero, "bi puntu" batek, eta "dos puntos" besteak, eta jarraian "zure txanda da orain" batek eta "es tu txanda ahora" besteak, eta horrela beti -siempre-, eta oso azkar -rapidisimamente-, eta dena di-da batean -o en un ti-ta-, segundo bakar bat galdu gabe, aldiberekotasun ia perfektuaren gorazarre amaigabean, "hamar puntu, zorionak", "diez puntos, felicidades", benetan hamar puntu lortu izana hil ala bizikoa -importantititisisisisimo- balitz bezala, bilingüismoaren jagoleen -¿¿¿jagole???? ¿que demonios es jagole????- beldur balitz bezala, edo are, euskara finlandiera bezain arrotza balitzaigu bezala...

                Ez, ez nuen ezer esan.  

                Eta okerrena zera da, nik badakidala ezen, horrelako egoera baten aurrean, maiz nahikoak izaten direla bi galdera erraz euskaldunon sufrikarioa errotik mozteko.

                "¿Sabemos todos euskara?" lehenengoa.

                Eta bigarrena, euskaraz hitz egiten ez dakitela aitortu dutenei soilik bideratua: "zuen artean, baten batek ez du ezer ulertzen euskaraz?

                Txintik esan gabe onartuko dut nire penitentzia...     

DISKURTSOAK

Xabier Etxaniz 2014/10/16 14:39
Eibarespazioko Zerbitzu Sekretuek Idoia Mendiaren beltza zelatatu dute...

 

DISKURTSOAK


(Eibarespazioko Zerbitzu Sekretuek Alderdi Sozialistako bi militanteri grabatutako telefono elkarrizketa)

 

- ...txikituko haute, Andoni, pepelerdo halakoa!

-  Mikel, mesedez, oihurik ez, burukominez nagok.

- Burukomina? Laster bururik ere ez...

- Baina zer gertatu da?

- Idoia turko-buruak bilatzen hasi duk eta hireak gero eta otomandarragoa ematen dik...

- Argiago hitz egin dezakek?

- "Demokrata izan zaitezke eta independentziaren alde egon. Baina ezin zara demokrata izan eta erabakitzeko eskubidearen alde egon." Baina hi zer demontre edaten ari hintzen diskurtsoa idazten ari hintzen bitartean?

- Hirugarren gin-tonika... nire koinatuak primerakoak prestatzen ditik, kardamomo botatzen ziok eta...

- Galdera erretorikoa zuan, Andoni...

- ...

- "Amarru kontzeptuala da gutxiengo bat gehiengoaren gainetik nagusitzeko"... non sartu ere ez zekian Idoiak...

- Idazten ari nintzela primerako ideia iruditu zitzaidaan...

- Baita Pello Urizarri ere... oraindik jarraitzen dik barrez lehertzen... Jesusssss!

- Bai, Jesusek arazorik gabe irakurriko zian diskurtsoa, horretan ez izan dudarik!

- Bai, Andoni, bazekiat diskurtso kontuetan Egigurenen eskolako ikaslerik finena haizela, malgutasunaren aldekoa, orain A eta gero B...

- Jada ez zagok Jesus bezalakorik alderdian...

- Arrazoi duk, bai. Idoia ez duk Jesus. Eta horrexegatik kontuz ibili behar diagu diskurtsoak idaztean... ulertzen?

- Gutxienez Idoiak irakurri izan balu pulpitura igo aurretik...

- Irakurri, irakurri zian... baina, nonbait, hire koinatuarekin bazkaldu ostean...    

(Erredakzioan itzulita)

JOSE LUISEN MEMORIAK

Xabier Etxaniz 2014/10/09 10:40

 

JOSE LUISEN MEMORIAK

 

                ...bai, askotan gogorarazi dizkidate egun hartan esandakoak, eta are gehiago orain, nire memoriak idazten hasiak ginelako zurrumurrua zabaldu denetik, baina tira... zer esango dizut nik ba, niretzat hura guztia jolasa izan zen, bizitza osoa serio plantak egin ostean nire buruari egindako omenaldi xume bat besterik ez.... Izan ere, beti gustatu izan zait jendearen bat-bateko erreakzioak ikustea...

                ...gogoan dut pulpitutik jaitsi bezain pronto hasi zitzaidala telefonoa dantzan. Denak urduri... "Baina zertan ari haiz?", "Hi burutik hago", "Damutuko zaik"... Eta ni barrez lehertzen...

                ...lasai egoteko esan nien, ez nuela txintik esango, baina, antza, nire promesak ez zituen lagunak erabat asebete eta horrexegatik asmatu nuen aitorlekuaren metafora hura... badakizu, aitortzan kontatzen dena isilpekoa dela, mutu egongo nintzela per secula seculorum, eta erretolika hura guztia...

                ...bai, funtzionatu egin zuen eta denek sinetsi zidaten... normala, bestalde... azken batean, alderdiak ospe ona dauka erlijio kontuetan...

                ...dena den, mundu guztiak badaki sekretuak -baita aitorlekuetakoak ere- ez direla kontatzen ez diren gauzak, ezpada bakarka eta belarrira xuxurlaka kontatzen direnak...

                ... beno... horrela jartzen bazara, emango dizkizut izen batzuk...

                ...beldurrik? Nik? Ez noski... Dagoeneko dena preskribituta dago, motel!...

                ... apuntatu, apuntatu... ikusiko duzu zer-nolako algarak egingo ditugun...

ISILTASUN HURA

Xabier Etxaniz 2014/10/02 13:14

ISILTASUN HURA

 

            Egia esan, bestelako irudi bat nuen.

            Uste nuen alderdi-gizon bat izango zela. Beste alderdi-gizon gris bat, gorbata urdinez jantzitakoa. Gurean hain dira ugariak, non han ere denak halakoak izango zirelakoan nengoen.  

            Alabaina, kameren aurrean agertu zen eta, bat-batean, isiltasuna nagusitu zen egongela hartan. Hamabost bat lagun izango ginen, denok euforikoak Bartzelonako V erraldoian parte hartu eta gero, denok nekaturik ia bi orduz zutik egon ostean, denok arrakastaren irribarrea musuan tatuaturik. Eta orduan presidenteak diosala egin zigun telebistatik eta denok iltzatu genituen begiak pantaila gainean.

            Inork ez zuen txintik ere esan gizonak hizketan jardun zuen minutuetan.

            Eta niri oso adierazgarria gertatu zitzaidan isiltasun hura. Izan ere, han bildutakoen artean gutxi baitziren CIUren boto-emaileak.

            Nik ere adi-adi jarraitu nuen Mas-en hitzaldia. Katalanez egin zuenez, erdia baino ez nuen ulertu. Nahikoa eta sobera, baldin eta jarrerak laguntzen badu.  

            Eta, zer nahi duzue nik esatea, ez zitzaidan iruditu bere aldekoentzat soilik hitz egiten zuen alderdi-gizon bat zenik. Estatu-gizon bat iruditu zitzaidan, bere herriaren aurrean zintzo eta tinko. 

            Handik gutxira mahaiaren inguruan eserita geunden denok, politika alde batera utzita eta lagunarteko giroan afaltzeko prest.

            Nik pa amb tomaquet, butifarra beltza, eta platerkada bete inbidia afaldu nituen.

Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.