Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Podcastak hor daude: irratia nahieran

Podcastak hor daude: irratia nahieran

Gari Araolaza 2018/10/20 14:30
Podcast bat Interneteko audio emankizun bat da, periodikoki banatzen dena eta nahi dugun unean entzun dezakeguna.
Podcastak hor daude: irratia nahieran

Pocket Casts-en pantaila irudia

Irrati programa bat bezalakoa da podcasta, baina nahieran entzutekoa, ondo datorkizunean. Ez da ahaztu behar bideo bidezko emisio askori ere podcast esaten zaiela, baina jatorrian podcast audioa da.

Podcastek ia 15 urte dituzte, hain zuzen Appleren iPod-aren garaian egin ziren ezagun, 2004an. Hortik datorkio izena, "broad-cast" edo "emisio" hitzaren ordez, "pod-cast". Nire kasuan beti izan ditut presente, irratian kolaboratzen nuenean ere saioak grabatu eta podcast formatuan ematen nituen, baina duela gutxi engantxatu naiz telefonoko aplikazioei esker. Izan ere, horixe falta zitzaidan, telefonoan eroso entzun ahal izatea.

Noiz entzutekoak dira podcastak?

Ondo datorkizunean edo gustoa duzunean, horixe bait da abantaila nagusiena.

Normalean etxean gauzak egiten nagoenean, irratia jarri beharrean aukeratutako programa horiek entzuten ditut. Horretarako lagun ezinbestekoa da bluetooth bozgorailua. Ez dut orain arte JBL GO baino hoberik aurkitu. Txikia, arina, indartsua, erabilterraza, soinu kalitate oso ona eta... merkea! 

Autoan noanean ere lagun oso onak dira podcastak. Horretarako baina, telefonoaren soinua autoaren bozgorailuetatik ateratzeko zure modua aurkitu behar duzu, kable bidez, bluetooth edo horrelakoren bat.

Eta noski, aurikularrak jarri eta oinez edo garraio publikoan zoazenean ere entzun daitezke podcastak, edo ohean loak hartu aurretik (alferrik nere kasuan, 5 minutu ez dut esna irauten eta).

Podcast-erako telefono aplikazioak

Ordenagailutik ere entzun daitezke podcastak, baina telefonoz erosoagoa da. Aplikazio bat beharko duzu horretarako, eta hamarnaka aurkituko dituzu bilaketa txiki bat eginda.

Duela gutxi arte Podcast Republic erabili izan dut. Baina azkenaldian aplikazioaren diseinua aldatu dute eta ez zait lehen bezain erabilterraza iruditzen. Horregatik beste baten bila hasi eta Pocket Casts aukeratu dut.

Pocket Casts-ek diseinu erabilterraz eta bisuala du eta erraz kudeatzen dira programak, emankizunak eta harpidetzak. Ez da doakoa, 4 Euro ordaindu behar dira, baina diru gutxi iruditzen zait horrelako erabilpena emateko.

Zein funtzionalitate ditu Pocket Casts-ek?

  • Harpidetzak kudeatzeko modu erraza.
  • Entzun ditugun eta entzuteke dauden saioen kontrola, zatika zerbait entzun eta geroago erraz jarraitzeko modua.
  • Audioen abiadura azkartu edo geldotzeko aukera. Oso interesgarria dominatzen ez ditugun hizkuntzetan dauden podcastekin erabiltzeko.
  • Medioetako aplikazio propioek baino bateria gutxiago jaten du, eta gainera entzuten gauden artean beste telefonoa beste aplikazioetarako erabili daiteke.
  • Saioak wifian gaudenean automatikoki deskargatzeko aukera.
  • Sleep funtzioa: Lotara goazenean denbora jakin baterako martxan utzi daiteke, bakarrik itzali dadin.

Zer entzun daiteke?

Hainbestetan bezala, euskaraz ez dago halako eskaintza handia, baina badago zer entzun:

  • Euskadi Irratiko programak, batzuetan programa osoak eta bestetan aukeratutako korteak.
  • Info7 irratiko programak.
  • Xerezaderen artxiboa (entzuteko literatura).
  • Tropelaren podcasta (txirrindularitza).
  • France Bleuren euskarazko saioa.
  • Irrati libreetako hainbat programa (Eguzki irratikoak adibidez).

Eta beste hizkuntzetan, ia edozerri buruzko programak aurkituko dituzu:

  • Radio Euskadiko programak (Roge Blascorena edo La mecánica del caracol).
  • RNE, Radio Clásica edo Radio 3-eko programak.
  • Buenafuenteren Nadie sabe nada (umore inprobisazioa).
  • NPR-ren Radio Ambulante (Hegoamerikako historiak dramatizatuta, aste honetan gomendatu didate).
  • ...

 

Beti bezala, podcast aplikazioarekin laguntza behar baduzu, laguntzeko prest.

etiketak: ,
Txus
Txus dio:
2018/10/20 15:17
Retro bideojolasak, gazteleraz, pixelacos gomendatzen dizut. Saio bereziak dituzte, kontsola bakoitzeko. Gero tematikoak ere...

Azken aldi honetan nabil ni bueltaka halako edukia sortzeko nahiarekin.
Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2018/10/22 09:25
Oso artikulu didaktikoa, Gari. Mila esker!

Neuk ere Pocket Casts erabiltzen dut, eta, egia esan, oso erosoa eta erabilerraza da. Etxean entzuten dut, batez ere. Bakarrik banago, bluetooth bozgorailua jartzen dut, eta badirudi niretzat bakarrik ari direla emititzen, hain da-eta ondo entzuten. Besteak etxean daudenean, aldiz, eta harrikoa egin behar badut, orduan mobiletik zuzenean entzuten dut, kable bidez, besteei trabarik ez egiteko.

Gehien CBCk egindako bi podcast entzuten ditut, Kanadako irrati-telebista publikoa: “The World At Six”, non entzun daitekeen bezperako albistegia, arratsaldeko seietan emandakoa, eta “The Current”, irratsaio bat non tratatzen diren gaiak sakonean, adituekin-eta. Biak ingelesez daude, eta hori ondo etortzen zait nire ingelesa lantzeko.

Hori guztia, etxean, baina gogoa dut autoan ere entzuteko. Saiatuko naiz, eta lortzen dudan. Ondo segi!
Gari
Gari dio:
2018/10/22 15:05
Eskerrik asko Txus eta Joxe, zuenak konpartitzeagatik. Iruditzen zait podcasta nahiko "ezkutuko" kontua dela, baina gaia irekitzean erabiltzen duen jende asko azaltzen da. Laster arte!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: