Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Aspaldian ez dugu "flameatzen"

Aspaldian ez dugu "flameatzen"

Gari Araolaza 2018/11/20 19:20
Oraintxe akordatu naiz Interneten hastapenetan, 90. hamarkadan, ikasten genuen lehenengoetako gauza flameatzea edo sutsuki eztabaidatzea zela.

Internet deskubritzearen emozio tsunamiarekin, edozein aitzaki ona zen eztabaidan hasteko eta milaka pertsonen aurrean idazten arituko bagina bezala jarduten genuen. Ez, ez... hark esandakoa ezin zen horrela gelditu. Kontuak argi eta garbi utzi behar genituen!

Duty calls https://xkcd.com/386/
XKCD

-Bazatoz ohera? 
-Ezin dut, hau garrantzitsua da.
-Zer?
-Norbait OKER dago Interneten.
Duty calls, XKCD-ren tira komikoa

Eposta bidezko foro eta taldeak erabiltzen genituen (Usenet eta listserv bidezko posta zerrendak normalean) eta horrela ibiltzen ginen mundua konpontzen. Teknika oso elaboratuak genituen erantzun, aipu, kontraerantzun, emendakin eta kontrairitzien mundu hartan eposta programa sinple batekin nork zer esan zuen argitu ahal izateko. (Garai hartan oraindik ez ziren koloreak asmatu). Wikipedian bertan dago horren azalpena, nola egiten zen: Posting style.

Etiketa edo "NETiketa" hau erabiltzen genuen basque-l, soc.culture.basque edo baita soc.culture.spain taldeetan garai batean, eta baita ere eibartarrak taldean, hasierako hainbat urtetan. Gero lasaitu ginen.

Flame wars 

Flaming esaten zitzaion eztabaida berotu eta gaizkiesaka hasten ginenean, zeinek gogorragoak bota, gelditu gabe. Pentsatzen dut ingelesezko flame edo sugar hitzetik zetorrela flame hori, izan ere sutan jartzen ginen eztabaida horietan. Hortik eratorrita flame-war edo sugar gerrak sortzen ziren. Gero Internet hotza zela entzun behar izaten genuen.

Baina iruditzen zait azkenaldian hau bukatu dela. Aspertu gara agian Interneteko ezezagun horri gauzak argitzen. Edo agian gaur egun ez gara erantzun eta kontraerantzunekin aklaratzen, jendeak ez duelako Posting style errespetatzen.

Pentsatu nahi dut arrazoiaren jabe izateko beharra gutxitzen ari zaigula, jadanik ez dugula jarri nahi gure iritzia bestearenaren gainetik eta besteak beste modu batean pentsatzen badu hori errespetatzen dugula.

Edonola ere, foro eta taldeetako animazioa galtzaile atera da.

etiketak: ,
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: