Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Urbasa resort

Gari Araolaza 2019/06/30 09:50
Etxetik hain gertu eduki arren gutxitan joaten naiz Urbasara, baina joaten naizen bakoitzean emozionatuta itzultzen naiz tokiak ematen dituen aukera ederrekin.
Urbasa resort

Urbasako astoak

Edozeinentzat planak

Atzo kotxean bueltatzen ari ginela komentatu nuen oporretako "Resort" horietako bat dela Urbasa, denetik dago eta. Ibilbide txikiak edo luzeak, kirol entrenamendu gogorrak egiteko edo bide bazterrean hondartzako etzaulkian eguna pasatzeko, koadrilarekin parrillada egiteko edo umeekin abenturatxo bat asmatzeko, bizikletan, oinez edo korrika. Toki bakartiak, baso itxiak eta zelai zabalak, amildegi ikusgarriak edo harrizko egitura ikusgarriak. Animali basati eta hegaztiak edo behi, zaldi eta astotxo maitakorrak. Denetik dago Urbasan, eta halako toki zabala izanik beti izango duzu zure plana egiteko toki partikularra.

Mendi ibilaldia

Bargagain (1153 m). Olazti edo Altsasutik igo eta informazio gunea pasa ondoren 300 metrora ezkerretara gelditzen den parkinean (Morterutxo) aparkatu autoa. Handik oinez jarraitu haitz formazio berezi batzuk aurkitu arte (Baso sorgindua izena jarri diote turistak erakartzeko, izango zuen beste izenen bat ba...). Mendian gora doan bidea jarraituta 45 minutuan iritsiko gara Altsasu eta sakanara bista ederrak dituen Bargagaineko gurutzera.

Urbasako baso sorgindua
Baso sorgindua Urbasan

Kobazuloak

Etxetik linternak eta badaezpada aldatzeko arropa eramanda, bisitatzeko oso erraz eta egokiak dira Los Cristinos eta Noriturri leizeak, baita umeekin ere bai. Lehenengoan jende gehiago ibiltzen da eta honelako toki ilun batean sartzearen emozioa pixka bat lausotzen da. Noriturri gomendatzen dut gehiago, bakardade eta ixiltasunean esperientzia desberdina da, eta zorte pixka batekinsaguzaharrak ikusteko aukera ere egoten da. Beti ere oinarrizko segurtasun neurriak eta ingurunearekiko errespetua zainduta.

Noriturri kobazuloa
Kobazulotik kanpora begira

Errekako igerilekua

Ahal baduzu, Urederraren sorburuaren masifikaziotik ihes egin. Egun bero batean mendian ibili ondoren Urbasako ur garbian bainatzeko aukera ederra da Zudaireko igerileku naturala, zentral hidroelektrikoaren alboan egurrezko presa txukun bat egiten dute eta alboko zelai edo zuhaztian toalla jarrita arratsalde mundiala pasa daiteke. Kotxea Zudaire herrian aparkatu eta oinez jeitsi 500 metrotako bidea. 

Zudaireko igerilekua
Zudaireko igerilekua

Animaliak

Saia eta beleen hegaldiak ikusteko toki mundiala da Ubaba balkoia (Pilatosen balkoia moduan ezagunagoa dena). Edozein bazterretan aurkituko dituzu behiak, zaldiak eta gerturatu eta goxo igurzten utziko diren astotxoak.

 

Ubaba balkoia
Balcon de Pilatos moduan ezagutzen den arren, Ubaba da bere jatorrizko izena.

Jan eta lotarako

Urbasa kanpina da niri gustatzen zaidana. Kanpin zabala, garai bateko kanpin libre sentsazioa ematen duena, partzela zehatzik gabeko zelai zabalak, udan izarpean lo egitera gonbidatzen duen tokia. Alboan bungalowak ere badaude, eta jan eta edateko zerbitzu majo eta azkarra duen taberna/jatetxea. Eguneko menua, plater konbinatu eta bokatak. BTT zentrua ere badu kanpinak, bizikletekin lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen

Deskonektatu

Aprobetxatu, Urbasako toki gehienetan ez dago telefono estaldurarik eta. Geroz eta toki gutxiagotan dago telefonoarengandik desengantxatzeko aukera eta Urbasa da horietako bat. Hori bai, lagunekin han gelditzekotan, planak aurrez egin! ;-)

Aniztasun gela edo "dibertsi"

Gari Araolaza 2019/06/27 09:20
Duela bi urte ez nuen aniztasun gela ezagutzen, ez nekien horrelakorik zegoenik ere. Sinplifikatuz, egoera berezia duten DBH-ko ikasleei zuzendutako gela da.

Ez naiz hezkuntzako profesionala, guraso bat baizik. Sarean ez dut beste informaziorik aurkitu eta agian puntu okerren bat esango dut, horregatik eskertuko ditut zuzenketak komentarioetan.

Aniztasun gela edo "dibertsi" (Diversidad hitzetik) gela berezi bat da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) hainbat zentrutan eskaintzen dena. Gela honen helburua da DBHko titulua lortzeko zailtasunak dituzten ikasleei jarraipen zuzenagoa egin ahal izatea.

Zailtasun hauek jatorri desberdina izan dezakete: luzaroan gaixo egon diren ikasleak, beste herrialde batzuetatik iritsi direnak, ikasteko zailtasunen bat dutenak... hainbat kontu egon daiteke jatorrian. Hortik izena: aniztasun gela. Anitzak izanagatik ere, ikaslea lerro honetan sartzeko aukeraketa bat egiten da eta faktore komuna izaten da lanerako motibazioa izatea.

Gela honetan eskolak nagusiki bi irakaslek ematen dituzte, orokortuz batek letrak (euskara, gaztelera, gizarte...) eta besteak zientziak (mate, fisika/kimika, bio/geo...), bloke banatan. Beste ikasgaien kasuan (ingelesa, soinketa etab.) bakoitzak bere irakaslea du, lerro arruntean ematen duena.

Bi urtetako zikloa izaten da aniztasuna eta ezin da errepikatu. Nota globala jasotzen da bloke bakoitzean.

Aniztasun gelako ikasle kopurua txikiagoa da (12-15) eta lan pertsonalizatuagoa egin ahal izaten du irakasleak. Azterketek pisu gutxiago dute eta gehiago gelako aurkezpenek, taldeko lanek eta eguneroko jardunak, irakasleak oso ondo jarraitzen bait du ikasleen eguneroko lana.

Kontua guztiz argi gelditu ez zaidan arren, printzipioz ikasleen notek ponderazio bat jasaten dute eta ezin dute puntuazio jakin batetik goragokoak izan, beste ikasleekin alderatuta ez dezaten abantailarik izan. Emaitzen diktadura hortxe daukagu, eta kontu honetan atzera pauso bat egiten da ikasleen esfortzuaren balorazioari muga bat jarriz.

Hala ere merezi du. Eskola anitza nahi genuen gurasoek, ezta? Fokua esfortzuan jartzen duena eta ez hainbeste emaitzetan, ikasle kopuru mugatu batekin, ikasle bakoitzaren berezitasunak kontutan hartuko dituena, ikasleen arteko harremanak eta talde lana bultzatuko dituena, eta hori dena dago aniztasun gelan. Guzti honek albo efektu on batzuk dakartza:

  • Ikasleak ez dira beraien mailaz lotsatzen, libreki eta akatsak egiteko beldurrik gabe hartzen dute hitza gelan.
  • Bakoitzak zailtasunak alde batean dituenez elkarri laguntzeko prest daude ikasleak eta inork ez dio besteari barre edo burlarik egiten.
  • Ikasle bakoitzaren gaitasunak azaleratzen ditu, eta horrek beraien autoestimuan asko laguntzen du. Ordura arte beraien buruaz kontzeptu eskasa zuten ikasleak besteei laguntzeko gai direla konturatzen dira.

Bestetik, badago beste ikasle eta gurasoengandik kasu batzuetan inbidia edo zelo apur bat, ikasle hauentzat gauzak errazagoak izan daitezkeela edo. Nik alderantziz esango nuke, ikasle hauek beste handicap batzuek dituztelako eta ikusi dudalako zenbat lan egin duten eta nolako esfortzua egin duten.

Azken finean, ez genuen esfortzua baloratzea nahi ezagutzen ordez? Zailtasunak dituzten ikasleekin zer egin nahi dugu: pelotoian integratu ala bide bazterrean utzi? Ez ote da metodologia hau eskola publikoan denontzat nahiko genukeena? Ez ote genuke nahiago eredu hau beste geletara zabaltzea makro-zentru eta gela masifikatuen ordez?

Bukatzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Eibar BHI zentruko Virginia, Irene eta Gorkari, sistemaren zurruntasunaren gainetik beraien gizatasuna jartzeagatik. Eskerrik asko bihotzez zuen lanagatik.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.