Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Botilako eta txorroteko ura ezberdintzen dituzu?

Gari Araolaza 2018/09/08 11:55
L. lankidea postureoan zebilen aspaldian, botilako eta txorroteko ura ezberdintzeko gai zela esanez. Duela hilabete batzuk erronka bota nion eta azkenean esperimentu "zientifiko" bihurtu dugu gaia.
Botilako eta txorroteko ura ezberdintzen dituzu?

Urederrako iturria

Nahiko argi daukat txikitan txorroteko urak zapore kimikoa zuela, edo ezberdintzeko gai ginela gutxienez. Garai hartan edateko ura etxe alboko iturritik ekartzeko ohitura izaten zen, eta hark ere izango zuen bere zaporetxo "naturala", eta hortik ezberdintasuna nabari genuen. Makina bat kantina bete ditut txikitan, amamanean eta Musillon, hori izaten zelako umeen betebeharra: "Hartu kantina eta ekarri iturritik ura!". Gaur egun ere horrela da toki askotan, ohiturak kentzea ez da erraza izaten eta (nahiz eta askotan osasun aldetik zalantzazko ura izan).

Baina azkeneko urte mordoxkan kanileko uraren tratamenduak asko hobetu dira, horren froga argia aurtengo udan Mediterraneo aldean ere askotan ura txorrotetik edan dugula. Gurean ere dosifikazioak asko findu dira eta nere teoria zen gaur egun ez dela batere erraza botilako ura eta txorrotekoa ezberdintzea.

Ur botilatua terminoa erabiltzen dugu ur mineralaren ordez, izan ere azkenaldian ezagunak egiten ari dira hainbat tokitan txorroteko ura botilatua saltzen duten kasuak. Bestalde ur mineral batzuen kasuetan, dakarten mineralizazio maila altuagatik zapore berezia argi nabaritzen da. Dena den gure esperimentuan mineralizazio baxuko ur mineralak aukeratu ditugu.

Esperimentu sasi-zientifikoaz ari garenez, sujetu nagusiaz hitz egingo dut: L. sujetuak segurtasun, nahikotasun eta harrotasunez esaten zuen bera zalantza gabe urak ezberdintzeko gai zela. Nik zalantzan jartzen nuen hau, eta 15 laguneko talde baten bilkura aprobetxatu dut esperimentu hau egiteko:

Hipotesia

Hipotesia da gaur egun ez dagoela botilako eta txorroteko uraren zaporea ezberdintzerik, ausazko sujeto batek ez duela alderik nabaritzen.

Esperimentuaren deskribapena

Aurrez garbitutako 3 botilatan bi ur mineral (mineralizazio maila baxukoak) eta Eibarko txorroteko ura jarri, eta sujetuari frogarako eskaini zaizkio. Sujetuak erantzun behar du esanez txorroteko ura zein botilatan dagoen.

Uraren esperimentua - botilak

Botilak A, B, C letrekin izendatu dira eta hauxe da uren ausazko banaketa:

  • A: Montes de Leon
  • B: Font Agudes Montseny
  • C: Eau de Eibar (Gipuzkoako Urak)

Hiru botilak tenperatura berdinean eskaini dira eta 8 ordutan tapoiak irekita mantendu ditugu.

Froga bi pausotan egin da:

  • Abuztuak 31 ostirala, hozkailuko tenperaturan
  • Irailak 3 astelehena, bulegoko inguruko tenperaturan

Bi frogen artean ez da ura eta botilen artean trukaketarik egin, nahiz eta hau ez zaien sujetuei ziurtatu. Helburua zen konfirmatzea ea hotz eta naturalaren artean zapore ezberdintasunik nabaritzen zen.

Aztertutako taldea, 23 eta 58 urte arteko 10 gizonezko eta 3 emakumezko.

Emaitzak:

Ur hotzarekin:

12 sujetuk egin zuten froga, eta 4 pertsonako 3 taldetan zatitu ziren iritziak, txorroteko ura A, B, eta C botiletan zegoela esanez.

Ur naturalarekin

12 sujetuk egin zuten froga (aurrekoetatik baja bat eta pertsona berri batek) eta 5-ek C botilan zuzen kokatu zuten txorroteko ura, 6 sujetuk oker kokatu zuten eta 1-ek ez zuen galdetegia erantzun.

Emaitzen taula

 Uraren esperimentua- Emaitza taula

Ondorioak

  • Esperimentu motzegia da eta txiripaz azertatzeko aukerak altuegiak dira, baina hala ere joera batzuk erakusten dituela iruditzen zaigu, eta nagusiena da Gipuzkoako Urak enpresak lan ona egiten duela.
  • Ez dirudi sujetu ertain bat botilako eta txorroteko ura ezberdintzeko gai denik. Kontutan izan behar da asmatzeko motibatuta zeudela sujetu hauek, eta nahi beste froga egin zituztela erabaki bat hartu arte. Baldintza errealetan (poteo ondorengo afari batean, beste mila zaporerekin nahastuta adibidez) inork ez dituela ezberdinduko esatera ausartuko gara.
  • Tenperaturak maila batean errazten du zaporeak ezberdintzea. Ur hotzaren kasuan, badirudi alde organoleptikotik lasai asko ordezkatu dezakela txorroteko urak ur botilatua.
  • Ikerketa lerro honetan lehenengo pausoa besterik ez da hau eta komeni da gaia sakonago aztertzea froga zabalagoak eginez, bai populazio eta bai ur mota gehiagorekin.
  • L. sujetuak lehenengo froga pasatu du eta oraingoz badirudi ur botilatua eta kanilekoa ezberdintzeko gai dela. Hala ere, berak aldarritako gaitasun hauek konfirmatzeko esperimentu gehiago egitea gomendatzen dugu.

Emak Bakia

Gari Araolaza 2018/09/05 18:35
1926-ko Man Ray-ren film baten izena da, pelikula esperimental, artistiko eta surrealista bat. Emak Bakia etxea Lapurdin dago eta han grabatu zuen filma Man Ray-k.
Emak Bakia

Emak Bakia etxea

Man Ray oporretan gonbidatu zuten Biarritz ingurura eta etxearen izenaren esanahiak lotu zuen itxura batean. Horregatik jarri zion euskarazko izen hori filmari.

Filma aitzindaria da, pentsatzen dut garai hartan ez zitzaiola askori bururatuko asmatu berri zegoen zinemarekin esperimentu artistikoak egitea. Autoreak "zine-poema" moduan hitz egiten omen zuen filmaz, eta horixe da filmaren funtsa. Irudi geometriko, hipnotiko eta kuriosoak azaltzen dira bertan.

Emak Bakia filma

Vimeon (eta hementxe bertan) osorik ikusi daiteke filma:

Emak Bakia . Man Ray . 1926 from rbtal on Vimeo.

Oskar Alegriaren dokumentala

Filmaren izenaren haritik tiraka, Oskar Alegriak dokumentala egin zuen 2012an. Ia gidoirik gabe eta kasualitateari bidea utziz egindako filma da. Dokumentalaren helburua etxe hori aurkitzea zen, baina bidean beste sorpresa batzuk aurkituko ditu. Oso kuriosoa da dokumentala, etxearen bilaketako tentsioa ondo mantentzen du eta tartean pertsonaia interesgarri asko elkarrizketatuta ikusiko ditugu.

Gehiago dokumentalaren webgunean

Emak Bakia etxea

Kontuz, hemendik aurrera spoilerrak!

Behin bi filmak ikusita, emozio pixka bat bazuen etxera gerturatu eta ezagutzeak, baina etxea aurkitzea ere txiripa izan da. Pareko hondartzan geundela goraka begiratu eta... "aiba, horrek Emak Bakia dirudi!". Eta horrela bidezihor batetik igo eta kanpotik ikusi genuen etxea.

Gaur egun aeronautika enpresa bateko enpresa batzordea da etxearen jabe, eta afiliatuek opor-leku moduan erabiltzen dute. Tokia bisitatu nahi baduzu, Oskar Alegriari baino lan gutxiago emango dizu etxea aurkitzeak, OpenStreetMap-en ondo gordeta bait dago.


Ikusi mapa handiagoa

Beste kuriositate bat, alboko etxeak Emak Bakea izena du eta alokatu daiteke egun batzuk pasatu, ezkontza bat edo beste edozein ospakizunetarako.

Hementxe Emak Bakia etxearen argazkia:

Emak Bakia etxea

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.