Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Baserriak eta GPS-ak, nola lotu

Gari Araolaza 2018/08/29 18:30
Google bezalako enpresen interes ekonomikoetatik kanpo egoteagatik, herriguneetatik kanpo dauden etxe edo baserrien kokapena eta iristeko bidea GPS-etan ez dira azaltzen. Baina badago soluzioa.
Baserriak eta GPS-ak, nola lotu

Maps.me routing to a basque farm or "baserria"

Azkenaldian hainbat proiektu martxan jartzen ari dira baserrietarako bideen informazioa bildu eta publikatzeko, baina iruditzen zait gehienak oso irismen txikikoak direla.

Entzun dudan azkena, Leitzaldean baserrien mapak metroko mapa moduan adierazteko ekimena. Ekimen polita eta kuriosoa, baina ibilbide praktiko motza izango duena nere ustez. Sentitzen dut baina ez dut imajinatzen anbulantziako gidaria edo garraio agentziakoa mapa horietan begira.

Hau aspaldi konpondu gabeko kontua da. Adibidez, izango dira 10 urte Gasteizko suhiltzaileekin kontu hauetaz aritu ginela soluzio libre baten bila (eta bazegoen orduan ere, artean proiektua nahiko gordin egon arren). Baina garai hartan ere, suhiltzaileek ez zuten alboko eraikinean zeuden udaltzaingoaren mapekin bat egiteko modurik itxura batean, "beharrak eta datuak desberdinak zirelako" (sic).

Nire ustez arazo nagusia da udalak BERE datubasea sortu nahi duela, aldundiak BEREA, trafiko zuzendaritzak BEREA eta abar. Bakoitzak bere beharrak omen ditu, ez direnak bestearekin bateragarriak eta teknologia desberdinetan jarduten dutenak. Ziurrenez horrela jarraituko dugu administrazioan filosofia honekin jarraitzen duten bitartean. Ondo da, beraz gaiarekiko kezka pixka bat dugunok soluzio libreekin jarraitu beharko dugu Googleri baserrietarako bideenganako interes komertziala pizten zaion arte.

(Salbuespenak badaude, Gipuzkoako B5M zerbitzuaren kasua hau da, eta beraiei esker duela urte batzuk lortu ziren Gipuzkoako baserri eta etxe izen guztiak eta hortxe daude OpenStreetMap-en kargatuta. Adibidez hortxe duzue Zestoako Linatzeta goikoa baserria, mapan ondo kokatuta.)

Kontu honek gaur egun konponbide erraza du, bi pausotan egitekoa:

1-Jarri datuak mapan

Hauxe da lehenengo pausoa. OpenStreetMap-en kontua sortu eta kargatu bertan etxe izenak, falta diren bideak, bidezihor, iturri eta biribilguneak. Izen ofizialak, izen historikoak, izen "alternatiboak" edo beste hizkuntza batzuetako izenentzat tokia ere badago. Hasieran zaila dirudien arren, oso erraza da eta entretenigarria.


Ikusi mapa handiagoa

2-Erabili Maps.me aplikazioa telefonoan

Maps.me gomendatzen dut telefonoan, gaur egun hori delako soluzio erraz eta erabilgarriena, baina badaude OpenStreetMap-eko datuak erabiltzen dituzten beste aplikazio batzuk, baserri izen bat bilatu, kokatu eta bertarako bidea GPS bidez emango digutenak.

Maps.me aplikazioarekin, behar ditugun inguruneetako mapak deskargatzen dira (etxean wifiarekin adibidez) eta gero mendian edo kalean gabiltzanean ez du sarerik behar. Oso erabilgarria da atzerrian telefono daturik gabe ibiltzeko eta baita mendi punta batean telefono estaldurarik ez dugunean. Izan ere, mendiko ibilbide, iturri, pista eta bidezihorren informazio oso zabala ematen du Maps.me aplikazioak.

Hemen adibidez Linatzeta goikoa baserrirako bidea:

Maps.me routing

Zergatik soluzio libre hau?

  • Datuak betirako libreak izango direlako, formatu eta aplikazio askotatik irakurri ahal izateko moduan, erauzi, filtratu eta beste tratamendu bat emateko erraztasunak ematen dituelako
  • Akatsak edonork zuzendu ditzakelako
  • Datuak gure hizkuntzan (bereziki euskaraz) jartzeko modua izango dugulako
  • Geografia ikasteko aukera emango digulako

Eskatu laguntza

Zure herriko baserri izen eta bideak kargatu nahi badituzu eta ez badakizu nola, eskatu laguntza lasai: @garaolaza edo gari (abildua) eibar.org

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.