Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Eboluzioaren teoria Carl Saganek azalduta

Gari Araolaza 2018/10/31 14:20
Japoniako karramarroen historia entzun nion Carl Sagani telebistan eta une horretan derrepente ulertu nuen eboluzioaren teoria.
Eboluzioaren teoria Carl Saganek azalduta

Samurai karramarroaren irudia, fair use: Amusing Planet

Samurai batzuen legendarekin hasten da Carl Saganen saioa (Cosmos-eko kapitulu bat), nola haur-enperadore batekin batera itsasoan hondoratu ziren. Ordutik, inguru hartan harrapatzen dituzten karramarroen oskolek samurai aurpegi itxura omen dute.

Txiribuelta handia da kontuaren funtsera iristeko, baina nerabe nintzela txundituta gelditu nintzen historiarekin. Orain YouTuben aurkitu dut bideo zatia (YouTubek ez dit utzi hemen jartzen).

Aldaketak datoz eboluzioaren teorian?

Aspaldi entzuten ari nintzen epigenetikaz. Honen arabera, guraso baten kanpoko faktoreek edo kasu, bizipenek (adibidez gerra batetako estresak edo dieta batek) informazio genetikoa transmititzen den moduan eragin dezakete eta ondorioz seme eta alaben ezaugarriak definitu ditzakete.

Ez daukat idearik ere ez genetikaz baina ikerketa honen emaitzekin harrituta gelditu naiz. Badirudi zizare mota jakin baten esperman memoria epigenetikoaren informazioa detektatu dutela. Ikerketa berria da eta adituen filtroak pasatu beharko ditu, baina ate berri bat irekitzen duela iruditu zait:

Study documents paternal transmission of epigenetic memory via sperm 

Euskaldunon jatorriaz genetika erabiliz

Eta azkenekoa, oraintxe ezagutu dudan hitzaldi baten bideoa, euskararen jatorriaz, Eneko Iriarte geologo ikerlariarena. Ikerketaren emaitzen arabera, baliteke gaur egungo euskaldunon jatorria Mediterraneo ekialdetik itsasoz etorritako neolitikoko nekazarietan dagoela. Bideo luzea da baina interesgarria. Euskaldunon jatorriaz Eneko Iriarte

 

Euskal rock banda handiena

Gari Araolaza 2018/10/24 08:55
Euskal rock talde handiena osatzen ari da iparraldetik bultzatuta, eta ez da supergroup bat deitzen dioguna. Talde handiena da.
Euskal rock banda handiena

Esker mila. Euskal rock banda handiena

Euskal rockaren omenez antolatzen ari da taldea eta helburua da 1000 partaideko talde bat lortzea, 2019ko uda aldera 11 kantuko kontzertu bat jotzeko. Gazteak eta zaharrak, hasiberriak eta profesionalak, txikiak eta handiak... denak elkarrekin jotzen.

Gutxi gorabehera Catalunyan egin zuten honelako bat egitea da plana. Bideoarekin emozionatu nintzen eta horrelako batean egoteko gogoa piztu zitzaidan. Ba hementxe dugu aukera!

Noiz? Nola parte hartu?

1000 musikarien talde bat sortzea ez da egun bateko kontua. Horregatik lana aspaldi hasita dago, eta lehenengo elkartzea hemendik hilabetera izango da, 2018ko azaroak 24an Baionan. Ordurako bakoitzak etxean kantu bat prestatu behar du: Niko Etxarten "Euskal rock and roll" kantua.

Izen ematerako formulario bat eta bideo txiki bat bidali behar da, eta ahotsa, gitarra, baxua eta bateria onartzen dituzte.

Gehiago hemen: Esker 1000-ren webgunea

Podcastak hor daude: irratia nahieran

Gari Araolaza 2018/10/20 14:30
Podcast bat Interneteko audio emankizun bat da, periodikoki banatzen dena eta nahi dugun unean entzun dezakeguna.
Podcastak hor daude: irratia nahieran

Pocket Casts-en pantaila irudia

Irrati programa bat bezalakoa da podcasta, baina nahieran entzutekoa, ondo datorkizunean. Ez da ahaztu behar bideo bidezko emisio askori ere podcast esaten zaiela, baina jatorrian podcast audioa da.

Podcastek ia 15 urte dituzte, hain zuzen Appleren iPod-aren garaian egin ziren ezagun, 2004an. Hortik datorkio izena, "broad-cast" edo "emisio" hitzaren ordez, "pod-cast". Nire kasuan beti izan ditut presente, irratian kolaboratzen nuenean ere saioak grabatu eta podcast formatuan ematen nituen, baina duela gutxi engantxatu naiz telefonoko aplikazioei esker. Izan ere, horixe falta zitzaidan, telefonoan eroso entzun ahal izatea.

Noiz entzutekoak dira podcastak?

Ondo datorkizunean edo gustoa duzunean, horixe bait da abantaila nagusiena.

Normalean etxean gauzak egiten nagoenean, irratia jarri beharrean aukeratutako programa horiek entzuten ditut. Horretarako lagun ezinbestekoa da bluetooth bozgorailua. Ez dut orain arte JBL GO baino hoberik aurkitu. Txikia, arina, indartsua, erabilterraza, soinu kalitate oso ona eta... merkea! 

Autoan noanean ere lagun oso onak dira podcastak. Horretarako baina, telefonoaren soinua autoaren bozgorailuetatik ateratzeko zure modua aurkitu behar duzu, kable bidez, bluetooth edo horrelakoren bat.

Eta noski, aurikularrak jarri eta oinez edo garraio publikoan zoazenean ere entzun daitezke podcastak, edo ohean loak hartu aurretik (alferrik nere kasuan, 5 minutu ez dut esna irauten eta).

Podcast-erako telefono aplikazioak

Ordenagailutik ere entzun daitezke podcastak, baina telefonoz erosoagoa da. Aplikazio bat beharko duzu horretarako, eta hamarnaka aurkituko dituzu bilaketa txiki bat eginda.

Duela gutxi arte Podcast Republic erabili izan dut. Baina azkenaldian aplikazioaren diseinua aldatu dute eta ez zait lehen bezain erabilterraza iruditzen. Horregatik beste baten bila hasi eta Pocket Casts aukeratu dut.

Pocket Casts-ek diseinu erabilterraz eta bisuala du eta erraz kudeatzen dira programak, emankizunak eta harpidetzak. Ez da doakoa, 4 Euro ordaindu behar dira, baina diru gutxi iruditzen zait horrelako erabilpena emateko.

Zein funtzionalitate ditu Pocket Casts-ek?

  • Harpidetzak kudeatzeko modu erraza.
  • Entzun ditugun eta entzuteke dauden saioen kontrola, zatika zerbait entzun eta geroago erraz jarraitzeko modua.
  • Audioen abiadura azkartu edo geldotzeko aukera. Oso interesgarria dominatzen ez ditugun hizkuntzetan dauden podcastekin erabiltzeko.
  • Medioetako aplikazio propioek baino bateria gutxiago jaten du, eta gainera entzuten gauden artean beste telefonoa beste aplikazioetarako erabili daiteke.
  • Saioak wifian gaudenean automatikoki deskargatzeko aukera.
  • Sleep funtzioa: Lotara goazenean denbora jakin baterako martxan utzi daiteke, bakarrik itzali dadin.

Zer entzun daiteke?

Hainbestetan bezala, euskaraz ez dago halako eskaintza handia, baina badago zer entzun:

  • Euskadi Irratiko programak, batzuetan programa osoak eta bestetan aukeratutako korteak.
  • Info7 irratiko programak.
  • Xerezaderen artxiboa (entzuteko literatura).
  • Tropelaren podcasta (txirrindularitza).
  • France Bleuren euskarazko saioa.
  • Irrati libreetako hainbat programa (Eguzki irratikoak adibidez).

Eta beste hizkuntzetan, ia edozerri buruzko programak aurkituko dituzu:

  • Radio Euskadiko programak (Roge Blascorena edo La mecánica del caracol).
  • RNE, Radio Clásica edo Radio 3-eko programak.
  • Buenafuenteren Nadie sabe nada (umore inprobisazioa).
  • NPR-ren Radio Ambulante (Hegoamerikako historiak dramatizatuta, aste honetan gomendatu didate).
  • ...

 

Beti bezala, podcast aplikazioarekin laguntza behar baduzu, laguntzeko prest.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.