Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Bizikletan Eibarren. Epikarik gabe

Gari Araolaza 2017/09/21 18:50
Ez dakit zenbat denbora iraungo didan sukarrak, baina azkenaldian ahal dudanean bizikletan joaten naiz lanera.

Banaka-banaka, uste baino jende gehiago dabil bizikletan. Pare bat elektriko ikusten ditut Azitainen gora, La Salleko ikasle batzuk, eta abar. Kontua da txirrindulariak ez duela destakatzen, ez du ataskorik sortzen, ez du aparkalekurik jaten eta ez du zaratarik egiten, baina adi-adi bazaude, hainbat txirrindulari ikusiko dituzu goizetan lanera doazela. 

Lizarralden artikuluari jarraituz kontu gehiago idatzi nahi izan ditut. Ea jende gehiago animatzen den eta apurka apurka masa kritikoa osatzen dugun.

Epikarik gabe diot, ez dudalako uste eguneroko erabilerarako superkirol edo arrisku-kirol moduan ikusi behar dugunik. Ez dugu Indurain izan beharrik. Ez genuke jarduera arriskutsu moduan hartu behar. Autobusa edo autoa hartzen duenak bezala lasai, horrela joan beharko genuke bizikletan Eibarren, bide batez Donostian, Bartzelonan, Holandan edo Belgikan egiten duten moduan.

Gainera Eibarren inspiraziorako Juan daukagu. Duela 25 urte baino gehiago Eibarren bizikleta garraiobide arrunt bezala erabili izan duen bakarrenetakoa da bera (baina agian hori bada nahikoa epikoa).

  • Kaskorik gabe (16 urtetik gorakoek bakarrik).
  • Printzipioz bizikleta arrunt batekin, kanbioak eta guardabarrosekin. Agian elektrikoan pentsatu behar, segun noraino igotzea tokatzen zaizun. Nik sarritan pentsatzen dut, baina oraindik garesti daude elektrikoak.
  • Kaleko arroparekin joan daiteke. Aldapetan indarrak neurtuta ez da asko izerditzen.
  • Eurirako arropa hartu beharko da. Oraindik ez dut esperientzia askorik honetan.
  • Aukera dagoenean eskailera mekanikoak edo igogailuak erabili.
  • Aldapa bat oinez igotzea ez da lotsatzekoa. Poliki-poliki.
  • Kale erditik joan, hori da legeak dioena hirigunean. Aparkatutako kotxeen ate irekierengandik babestu.
  • Segurtasun aldetik aukera hoberik ez badago, espaloian ibili. Poliki eta kontuz.
  • Sarritan autoan baino azkarrago joango zara. Zer esanik ez aparkatzeko denbora kontutan hartzen badugu: Azitaingo Industrialdetik Untzagara, 10 minutu egiten ditut. Untzagatik Azitaingo Industrialdera, 15 minutu (Debegesaren alturaraino).
  • Poligonora igotzeko Azitaingo errotonda ez erabili ahal dela. La Salletik hobeto. (Gainera gogoratu errepidera ateratzean kaskoa beharrezkoa dela)

Oraingoz hori da esateko neukana. Zalantzan bazaude edo zu ere bizikletan ibiltzen bazara, eman toke bat eta hitz egingo dugu.

Etxetik atera aurretik begiratu Kapilduiko radarrari

Gari Araolaza 2017/09/09 09:30
Kapilduiko radarrak prezipitazioen inguruan informazio baliotsua ematen digu, baina ez da oso ezaguna.
Etxetik atera aurretik begiratu Kapilduiko radarrari

Kapilduiko radarrak ematen duen irudia

Euskal Herriko eguraldi aldakorraren inguruan kexa entzuten da, batez ere udaberri edo udazken-antzeko garai hauetan. Goizetik gauera eguzki bizia, euria, txingorra eta elurra izaten diren egunak ez dira arraroak gurean. Kaletarrok ez dugu jakiten jakarekin, aterkiarekin edo manga motzean atera behar dugun kalera. Aldiz, arrantzale edo baserritarrek begiak altxatu eta segituan jakiten dute "euria dator" edo "hango puntako toki hartan elurra ari du".

Epe motzeko auto-meteorologia honetarako neretzat oso tresna baliagarria da Kapilduiko radarra.

Kapildui Arabako mendi bat da, Bernedon dagoena. Bertan jarri zuen Jaurlaritzak gure radar meteorologikoa eta gaur egun Euskalmetek kudeatzen du. Radarrari esker 150 kilometroko radioan une honetan gertatzen ari diren prezipitazioen berri izan dezakegu.

Radarrak 10 minutuero egoeraren argazki bat egiten du eta kolorez margotzen dizkigu euria, txingorra edo elurra ari duen tokiak:

Radarraren irudia 2017ko irailak 9ko goizean

Kontutan izan behar da irudiak ez dituela lainoak adierazten, prezipitazioak baizik. Hau da, lurralde osoa lainotuta egon daiteke baina euri tantarik ez.

Mapan Euskal Herriko lurralde guztien mugak marraztuta daude eta horri esker erraz situatu dezakegu gure kokapena. Zirkulu kontzentrikoen erdian dago Kapildui mendia.

Radarkapildui.com webgunea

Radarraren uneko irudia Euskalmeten webgunean ikusi daiteke. Baina norbaitek (partikular baten lana dirudi) pentsatu zuen (arrazoiz) ez zela aurkitzeko erraza eta erabilgarria, eta webgune bat egin zuen egun batean, Radarkapildui.com.

Webgune horretan modu azkarragoan ikusten da radarraren irudia, eta gainera historiko bat gordetzen du. Gainera irudiak txandakatuta animazio bat egiten du webguneak (azkenaldian ez dabil tresna hau tamalez) eta horrela eboluzioa ikustea oso erraza da:

Kapilduiko radarra - animazioa

Hauxe da gaur goizaldean goizeko 8:40 arte izan den eboluzioa. (Goian azaltzen den orduari 2 ordu gehitu behar zaizkio udan).

Nola erabili radarraren informazioa?

Esan bezala, epe motzeko informazioa ematen digu tresnak, azken orduetan izan den eboluzioa. Ez digu etorkizuneko prebisiorik ematen, baina irudien segidari begira erraz asma dezakegu noruntza joango den ekaitza.

Jakina da gure egoera meteorologiko arruntean eguraldia ipar-mendebaldetik datorkigula, gure haize nagusia hori bait da. Askotan entzuten da Galizia eta itsas aldetik etortzen zaizkigula normalean euriak. Beti ez da horrela izaten baina kasu horretan ere radarraren eboluzioak emango digu beharrezko pista.

Adibidez:

  • Asteburu honetan euria eta euria izango dugula esan digute. Noski, tarte batzuk izango ditugu ateri, baina noiz? Orain unean ateri dago, baina eutsiko dio guk umearekin osteratxoa egin bitartean? Ala hobe izango da beranduxeago?
  • Eibartik Azpeitira joan behar dut baina elurra emanda dago. Azkaraten oraintxe elurra ari du?
  • Goizeko 10ak dira eta Kontxako bandera ikustera joateko zalantzan gaude. Nesken ala mutilen txandan egingo du euri gutxiago?
  • Dantza erakustaldia dugu Untzaga plazan baina euri arriskua dugu. Amaitzeko denbora emango digu ala Markina aldetik badator euria?

Kasu hauetarako oso informazio interesgarria eman dezake Kapilduiko radarrak.

Kapilduiko radar antena. Jaurlaritzaren irudia.
Radarra antena gainean, Kapildui mendian

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.