Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Iurgi Arginzoniz, FON eta Gramofon

Gari Araolaza 2014/06/27 09:42
Hainbat gauza ikasi genituen atzo Iurgiren hitzaldian egon ginenok: garapen arina, negozio ikuspegi zabal eta internazionala, gaitasun teknikoa eta hori apaltasun naturalarekin.

Atzo arratsaldean BETORren ekitaldian Iurgi Arginzoniz izan genuen. Hurrengo egunotan publikatuko dugu ekitaldiko bideoa, laburpen eta dokumentazioa, baina handik ateratakoan lankideekin (Mikel eta Josu) konpartitutako batzuk hauek dira:

  • Denok garapen arinak egiten ditugula saltzen dugun garaian, Iurgi etorri eta erakusten digu nola sortu honelako trasto bat urtebetean. Pentsa dezagun honelako teknologia garatzeko gai den euskal enpresa batengan eta esaidazue zeinek egingo duen hori urtebetean eta dozena-erdi pertsonako garapen taldearekin.
  • Nolako ikuspegi internazionalarekin egin duten lan: Espainia bai, baina mundu osoan lanean. Fabrikazioa Taiwanen, diseinua New Yorken, eta abar.
  • Negozioetarako FON-eko nagusiaren gaitasuna eta abilezia.
  • Sorpresa, jakitean I+G eta prototipoaren garapena Getxon egin zela, bi pertsonak eta bi hilabetez. Asko dugu ikasteko, dudarik gabe.
  • Ze garrantzitsua den enfokea. Gauza gutxi egiten ditu Gramofonak, milaka feature eta aukera gabe, sinpletasuna enpresaren helburuetara zuzenduta eta ahalik eta erabiltzaile gehienengana iritsi ahal izateko.
  • Pena, Euskal Herria galtzen ari dena Iurgi Madrilen edukitzeagatik. Beno, inbertsio modura hartuko dugu, etortzen denerako. ;-)

Mutrikuko olatu energia zentrala ezagutzen

Gari Araolaza 2014/06/22 10:55
Duela pare bat hilabete azkenean izan nuen Mutrikuko olatu zentrala ezagutzeko aukera. Ez galdu aukera, urte osoan hilean behin izango bait da horretarako modua.

Askok pena handia dugu 2006. urtean hasi ziren Mutrikuko portu berriaren lanengatik, baina gutxienez energia berriztagarriak frogatzeko pauso garrantzitsu bezala gelditu da tokia.

Orain, hainbat urteren ondoren zentrala kudeatzen duen EVE-k bisitatzeko aukera eman du eta orain hilean behin tokia ezagutzeko aukera dago.

Zentralaz

Zentrala, olatuekin energia sorkuntza ikertzeko azpiegitura esperimentala da, Europako lehenengoa ez bada, bai bere estiloko lehenengoa. Hau dela eta, bere helburu nagusia ez da produkzioa, baizik eta energia sorkuntza mota berri honen baliagarritasuna frogatu ahal izatea, bide batez akatsak egiteko aukera izan eta horietatik etorkizunerako ikasteko.

Gure itsasoaren olatu jarduna oso aldagarria denez (konparatu aurtengo neguko ekaitzak, atzoko itsaso barearekin adibidez), garrantzitsua da hainbat urte jarraian aztertu ahal izatea, ea zenbat eman dezakeen x urtetan, zein arazo sor daitezkeen eta abar. Eta horretan ari dira.

Horregatik ez dute zentzu askorik zentral honi potentzia aldetik egiten zaizkion kritikek, eta hala ere ez dut uste gutxi denik:

Instalatuta dagoen potentzia 296 KW-koa da. Hau da egoera idealetan, olatu komenigarrienak dauden egunetan (ziurrenez ez handienak) lortu dezakegun potentzia maximoa. Gure etxe bakoitzean maximoa 3 edo 4 KWtan egoten denez, kalkulatu dezakegu gehienez-gehienez 100 etxetarako argindarra eman dezakela momentu onenetan. Urte guztian zehar gertatzen diren gorabeherekin (aberiak, olatu falta, olatu gehiegi eta abar), kalkulatzen da 600.000 KWh-ko energia ematen duela.

Hala ere, elektrizitate sorkuntzan ohituta gaudenerako zentral txikia da. Adibidez Oiz mendiko haize errotek 26 MWko potentzia dute (hau da, 26000 KW Oizen vs. 296 KW Mutrikun), hau da, Oizkoa Mutrikukoa baino ia 100 aldiz handiagoa da.

Potentziaz eta energiaz:

Nola erlazionatzen dira aipatutako 296 KW (potentzia, ahalmena une jakin batean), 600.000 KWh (energia, urte bukaeran lortutako agregatua) hauekin?

Zenbat ordu ditu urte batek? 24 x 365 = 8760 ordu

Urte osoan zentrala topera ibiliko balitz (olatu idealenak urte osoan, aberiarik ez eta abar):  296 KW x 8760 ordu = 2.592.960 KWh

Beraz, 2.5 miloi KWh lor genitzazke kasu idealean baina 600.000 KWh lortzen dira. Horrek esan nahi du, kasu idealenean egin lezakenaren %23a dela lortzen den energia. (datuen iturria, Wikipedia)

Beraz, pentsatzen dut EVEko teknikarien lanak horretan datzala orain: ehuneko hori handitu eta bide batez geldiuneak eta efizientzia-galerak zergatik gertatzen diren aztertzean, instalazio hauen bideragarritasuna neurtzeko eta teknologiaz ikasteko. Ez dezagun ahaztu oker egindakoetatik ikasten dela gehien.

Bisitaz

Esan bezala, orain bisitatzeko aukera dago. Normalean hilabeteko azken asteburuan izaten dira, eta tokiak eta instalazioak merezi du. Noemi gidaren azalpen interesgarriek ere bai.

Niretzat ikaragarriena portu berriaren tamaina da. Argazkiek ez dute benetan adierazten nolako tamainako tokia den. Kantauri itsasoko olatuetaz babesteko egindako egiturak honek, 450 metro zabaleran eta altueran 17 metro inguru ditu. 

Bisita Mutrikuko portuaren historia ezagutuz hasten da eta gero sorgailuen gela barrua ikusten da, horretarako prestatuta dauden bideo eta azalpen panel batzuek lagunduta. Zirrara handia sortzen du han barruan zaudela olatuek turbinetan sartzean eragiten duen zarata eta bibrazioak.

  • Bisita egutegia Mutrikuko Udalaren webgunean
  • Izen ematea Mutrikuko Turismo bulegoa
  • Gidaria: The Basque Way, Noemiren enpresa. Benetako euskal esperientziak eskaintzen ditu kanpotarrentzat: zesta puntan jokatu, arrain enkantera, pintxo dastaketak, soziedadean afariak historia ibilaldiak eta abar, ingelesez eta alemanez ere bai.

 

Mutrikuko babes dikea 2011an.

Hondartza eta babes dikea, 2011. urtean.

Mutrikuko babes dike aurreko plaza

Babes dike aurreko plaza ikusgarria

Mutrikuko energia sorgailu bat

Ezarrita dauden 16 energia sorgailuetako bat.

Hainbat turista Noemiren azalpenak entzuten

Noemiren azalpenak entzuten, zentral barruan horretarako prestatuta dagoen gelan.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.