Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Nortasun agiriaren fotokopiarik ez, mesedez

Gari Araolaza 2012/09/29 21:14
Geroz eta zabalduago dago, edozein tramite egiterakoan nortasun agiriaren fotokopia eskatzea edo egitea. Kontua da ez duela ezertarako balio, ez duela ezer frogatzen fotokopiatutako dokumentu batek.

Sakeleko telefonoa berrizteko, kreditu txartel bat eskatzeko, hainbat eskaera egiteko... azkenaldian beti eskatzen dena da nortasun agiriaren fotokopia. Zertarako? Ba, ezertarako, nere ustez.

Izan ere, zer ziurtatzen du fotokopia batek? Faltsutzea oso-oso erraza da eta gainera berez ez omen da delitua, ez bait duzu dokumenturik faltsutzen (fotokopia bat ez da dokumentu ofizial bat). Adingabekoek ere diskoteketan sartzeko faltsutzen dituzte eta!

Adibidez, telefono linea berri bat kontratatu nahi badut, ziurtatu behar dut ni naizela eskabidean jartzen dudan pertsona eta nire datuak zuzenak direla. Horretarako, nahikoa da eskabidea bete eta telefono konpainiaren ordezkariak nire nortasun agiriarekin datuak alderatu eta gero nire aurpegia eta sinadura konfirmatzea.

Aldiz, nire nortasun agiriaren fotokopiak hemendik hara ibiltzean eta "dokumentazio" horrekin "dena frogatutzat" ematen baldin badugu, oso erraza da nire identitatea ordezkatzea. Honen adibide bat:

Hornidura elektriko bat aldatzeko, komertzial autonomo bati nire nortasun agiria eskaneatuta bidali nion epostaz. Komertzial horretaz fidatuko naiz, baina handik-hona ari dira lanean, gaur hemen eta bihar han, eta pertsona horrek nire nortasun agiri eskaneatu hori erabili dezake auskalo zertarako. Auto bat nire izenean erosi eta kreditua kontratatzeko adibidez. Horixe da Javier de la Cueva abokatuak behin ezagutu zuen kasua, ongi azaltzen du bere Ni se le ocurra solicitarme copia digital de mi DNI o pasaporte.

Aste honetan berriz eskatu didate fotokopia. Eman egingo diet, badakidalako zer gertatuko den bestela. Asteak emango ditut 10 pertsonarekin eztabaidan, beraien prozedura hori dela eta ez dela, eta abar. Ez ote dute halako batean prozedura hau aldatuko? Ea norbait hasten den.

Klip.me, Kindle-ari zukua ateratzeko tresnak

Gari Araolaza 2012/09/22 08:14
Kindle-ak gauza gehiagorako balio du, ez liburuak bakarrik irakurtzeko. Amazon erabiliz, irakurri behar duzun 80 orrialdeko Word dokumentu hori kargatu dezakezu Kindle-an, baina Klip.me erabilita, baita webguneak eta RSSak ere!

Hemen ere Mikeli eskerrak eman behar, berak eman bait zidan Klip.me-ren berri, eta Kindlea erosteko arrazoi garrantzitsua izan zen.

Mikelek Send to Kindle aukera azaldu zuen. Horri esker, gure nabigatzailean botoitxo bat ezarri, eta webgune bat bisitatzerakoan lasai irakurtzekoa iruditzen bazaizu, klik egin eta minutu batzuen buruan zure Kindle-an izango duzu. Chrome-rako gehigarri bezala eta Firefox-erako bookmarklet moduan dago botoi hori. Mikel berak ongi azaldu zuen bere Send to Kindle artikuluan.

Mikelek aipatutako zerbitzu hau hacker txinatar batzuek sortutako Klip.me webguneak eskaintzen du.

Niretzat Klip.me-ren zerbitzu gustokoena RSS zerbitzua da. Honi esker zure aukerako webguneetako nobedadeak automatikoki etorriko zaizkizu egunean behin, eta lasai zauden une batean erraz irakurtzeko aukera izango duzu ( RSS zer den ).

Laburtuta, RSS-ak Kindle-ra bidaltzeko:

  • Sartu Google Reader-en eta harpidetu hainbat RSS iturritara.
  • Joan Klip.me webguneko RSS zerbitzura eta baimendu ezazu zure Google Readerrera sar daitezen.
  • Konfiguratu zure Kindle-aren eposta, zein ordutan eta nola jaso nahi dituzun zure RSS-etako nobedadeak.
  • Listo!

RSS eta Send to Kindle zerbitzuaz gain, Klip.me-ko lagunek beste bi aukera dituzte, norbaitentzat interesgarri izan daitezkeenak:

  • Google Calendar-eko zitak Kindle-ra bidaltzeko aukera
  • Evernote-rekin lotzeko sistema

Eibarren garraio publikoa hobetzeko ideiak

Gari Araolaza 2012/09/20 10:20
Mugikortasunaren Europako astea omen da honako hau. Eibarko Udalak ez du eskumen handirik garraio publiko kontuetan, baina badaude hainbat pauso eman ditzakeenak garraio publikoa bultzatzeko, laguntzeko, errazteko.

Aspaldi buruan neukan ideia hauek bildu eta publikatzea, eta Liza lagunak bere blogean idatzi duenarekin ( Eibarren mugikortasuna hobetzeko neurri erraz eta merkeak ) berotu eta hor doaz. Ea norbaiti baliagarri zaion ideia hauetakoren bat.

1. Trafiko araudia betearaztea

Tontakeria dirudi, baina Eibarren hau esan beharra dago. Tamalez, gure trafiko arduradunen erantzuna honakoa izaten da "Eibarrek hain geografia zaila duenez, eskuzabal jokatzen dugu".

Hau absurdua da. Normalean, baliabide bat (aparkatzeko tokia, bideak, pasalekuak eta abar) zenbat eta urriago izan, arauak zorrotzagoak eta betetzeko exijentziak handiagoak izan beharko lukete. Pentsatzen dut AEBn ez dagoela gaizki aparkatzen duten autoekin arazo handirik, terrenoa sobran dute. Baina Eibarren? Eibarren ez bada trafiko zainketan zorrotz jokatzen, non?

Bestalde, arauak ez badira betearazten, arauak betetzen dituzten hiritarrak dira kaltetuenak. Toki batean udalak aparkatzea debekatzen badu eta araua hautsi eta aparkatzen dutenak ez baditu zigortzen, praktikan aparkaleku pribatu bat jarri die. Aldiz, arauak errespetatzen dituztenentzat aparkatzeko toki bat gutxiago izango da.

Argi dago Eibarren ez dugula aparkatzeko toki gehiegi. Hori horrela, ez du zentzurik autoek trabarik egiten ez duten hainbat tokitan aparkalekua debekatzea, batez ere gero ez bada betearazten. Zertarako debekatu, gero ez bada betetzen?

2. Autobus geltokiak eta zamalanen guneak zaintzea

Aurreko proposamenaren zehaztapen bat da hau, kasu partikularra. Autobus geltokietan autoak aparkatzeko ohitura hori kendu behar dugu, noizean behinkako kanpaina batetaz aparte. Noizko errespetatuko dira autobus geltokiak?

Berdin zamalan guneekin. Ehundaka gune daude eta aldiz ez dira errespetatzen, eta benetan zamalanetara datorrenak kale erdian gelditu beharra du. Zertarako jartzen dira orduan?

3. Geltokien izenak zehaztu eta estandarizatzea.

Norbaitek esaten didan bakoitzean "Untzagara" iritsiko dela autobusean, inoiz ez dakit Egogainen izango den, Untzaga dorrearen alboan, jubiletxearen aurrean ala San Juan kalean. Untzaga dena da eta ez dago jakiterik non jarri behar garen autobusa ez galtzeko.

Bilbobusen autobusetan arazo hau "konpondu" dute. Autobus barruan datorren markagailuan hau jartzen du (gutxi gora behera, buruz nabil) "Eibar centro-Untzaga-Egogain-Hotel Arrate". Ondo! horrela ez dute hutsik egingo!

Udalari dagokio geltokiak "estandarizatu", egoki izendatu eta dabiltzan garraio konpainiei informazioa pasatzea.

4. Autobus geltokiak zaintzea

Denek dute aterpea, lanbro-herri honetarako egokia? Seinaletxo batekin zehaztuta dago geltokiaren izena? Ordutegiak eta pasatzen diren lineen informazioa jartzeko tokirik badute?

5. Oinezkoen guneetan autobusak baimentzea

Asteburuetan erdialdea itxita gelditzen da. Kaltetuenak garraio publikoa erabiltzen dutenak dira. Geltokiak tokiz aldatu, geltoki batzuek anulatu, bidaiak luzatzen dira eta abar.

Nere proposamena da gertuko lineentzat oinezkoen gunea zabaltzea, Calbeton kalean garajea duenarentzat bezala. Europan oso normala da hirien zentru historikoetan autobusak pasatzen ikustea, ba hemen ere. Poliki-poliki, kontutan izanda oinezko gunean daudela, baina pasatu daitezela barrutik.

Garraio publikoa hobesten da horrela, abantaila bat ematen zaie erabiltzen dutenei, autobusak hiri erdian utziko dituelako. Gainera, lurzorua pribatizatzen duten tabernetako terrazen zabalkundea mugatuko litzateke, noizean behin autobusa pasatu behar delako.

6. Planifikazioa

Gaur egun ez dago dirurik, baina gauzak aurrez planifikatzen badira etorkizuneko hainbat obraren norabidea zehaztu daiteke. Sarritan pentsatzen dut epe luzerako planifikazio hori falta dela edo behintzat ez dela kanpotik ezagutzen. Gaur egun eginezinak diruditen gauzak agian pausoka-pausoka...

Honetan oso adierazgarria da San Juan kaleko geltokiaren kasua. Udaletxe atzetik derrepentean eraman zuten San Juan kalera, ez dakit nolako planifikazioarekin, baina porlanez eginako geltoki probisional horrek han jarraitzen du. Zein zen plana? Ez genekien Ardantzako geltokiaren obrak ez zuela tokirik utziko?

 

Pixka bat pentsatuta seguru beste 20 ideia bururatzen zaizkigula. Udalean norbaiti axola dio honek denak? Baietz pentsatu nahi nuke.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.