Ikasitakoa desikasten ikasten
Mikroformatuak itzuli dira!
Euskal SEOn irakurri dut behingoz Google hasi dela mikroformatuak irakurri eta prozesatzen.
Mikroformatuak zer diren
Mikroformatuak edo microformats, HTML kode zatiak dira. Gure webgunean idaztean kode zati hauek erabiltzen baditugu Google bezalako robotentzat informazio gehigarria ematen ari gara, informazio egituratua, gero bilaketak eta konparaketak egiteko balioko duena.
Erabiltzaile arruntek ez dute ezer berezirik nabarituko. Aldiz, programa bereziren batekin webgunea irakurtzen duen batek, datu zehatz asko aterako ditu orri horretatik.
Gure aspaldiko lagunak dira mikroformatuak. Blogean idatzi izan dut gaiaren inguruan:
- Yahoo eta Microsoft ere mikroformatuen alde.
- Mikroformatuak agenditisa konpontzera
- Nire bisita txartela mikroformatuan
- Mikroformatuen egilea
Geroago, gure inguruan Teketen ibili da gaia bultzatzen. Ordurako nik esperantzak galduta nituen apur bat, ez niolako gauzari aurrerapenik ikusten, baina Teketenek tresna politak egin zituen mikroformatuen inguruan. Hainbeste, microformats.org webgunean ere publikatu diotela mikroformatuen ideia eta Twitter lotzen dituen proposamen bat: Microblogging Nanoformats
Googlek mikroformatuak bultzatzea izugarrizko albistea da. Kontutan izan datubase batetik sortzen bada zure webgunea, oso erraza da mikroformatuak sortzea, eta onura handiak jaso daitezke zure edukiari bisibilitatea gehituz. Ez izan alferra eta aztertu pixka bat gaia.
Oraingoz, nire hCard txartela jarri behar dut berriz ere nire blogean.
Irakurri osorik Googleren blogean: Introducing Rich Snippets
Español ala Castellano?
Hizkuntza bakoitza, bakoitzaren hizkuntzan
Hori da lehenengo erregela. Norberak bere hizkuntza azkar aurkitzeko komeni da bere hizkuntzan azaltzea. Ez dugu jarriko:
Ingelesa | Frantsesa | Gaztelania | Alemana | Euskara
Baizik eta:
English | Français | Español | Deutsch | Euskara
Elementu gutxi direnean ordenak ez du gehiegi axola. Bakoitzak bere hizkuntza azkar aurkituko du.
Erregela honen salbuespena da hizkuntza aukera asko dauzkagunean. Kasu horretan komeni da hizkuntza guztien izenak hizkuntza bakarrean egotea eta alfabetikoki ordenatzea, erraz aurkitu ahal izateko.
Español da izen internazionala
Español eta castellano hitzak baliokideak dira, sinonimoak. Aldiz, joan hegoameriketako edozein tokitara eta ikusiko duzu nola denek español esaten duten, berdin Mexicon edo AEBn. Europan zehar ere gaztelania ikasteko "Clases de Español" irakurtzen duzu han eta hemen.
Badirudi beraz munduan zehar español dela hitza, eta bihotzari begiratu gabe horixe da termino neutroena. Hizkuntza aukera hauek egitean ideologia alde batetara utzi beharko genuke, baina jarraituko dugu pentsatzen: ideologiari begiratzen badiogu?
Ikuspegi abertzale espainola
Hemen zalantza gutxi dago. Espainol sentitzen direnek uste dut nahiago dutela España eta español hitzak erabiltzea. España, España! esaten dute libre sentitzen direnean futbol partiduetan eta la defensa del español manifestuetan.
España integradora
Castellano hitza bultzatzea Espainia integratzeko saiakeretan kokatzen dut nik, edo hala azaldu zigun gutxienez batxilergoko Lengua y Literatura Española ikasgaiko irakasleak, "ya que el catalán, el gallego y el vascuence también son lenguas españolas". Gure burua ez gutxiesteko eta Espainian integratuak senti arazteko castellano hitzaren erabilpena bultzatu omen zen.
Ikuspegi abertzalea
Aldiz, ikuspegi abertzaletik lotsa edo beldur bat sentitzen da España eta español hitzen inguruan, batez ere ikuspegi abertzale basko edo ez euskaldunetik. "En el resto del estado" edo "castellano" bezalakoak ia derrigorrezkoak dirudite Radio Euskadin edo ETB2an. Vaya Semanitakoak ere egin zituzten horren inguruko txisteak.
Baina zergatik lotsa edo errezelo hau? Ikuspegi abertzale batetik oraindik zentzu gehiago luke España eta español hitzak erabiltzeak, kanpoko zerbait, gurekin loturarik ez duena izendatu ahal izateko, ez?
Are gehiago ikuspegi abertzalea euskalduna bada: gure hizkuntza euskara da, eta menu batean español hitzean klik egiten duenak berak izango du (norbaitek izatekotan) konplexu edo lotsa apurra, ez? Zenbat eta abertzale erradikalagoa izan, orduan eta lotsa gutxiago eman beharko luke español hitza erabiltzeak. Norbait lotsatzen bada, berak jakingo du zergatik lotsatzen den eta zergatik nahiago duen castellano hitz itxuraz neutroagoa.
Ondorioz, aukera garbi daukat nik eta horixe erabiltzen dugu: ESPAÑOL da erabili beharreko hitza.
Telesailekin txoratuta
Hauek denak BitTorrent bidez deskargatzen ditut eta azpitituluekin ikusten ditut gauetan, telebistan zer ematen duten zai egon gabe:
- Band of Brothers. Bigarren mundu gerrako paraka batzuk Normandiatik Alemaniarako bidean. Kalitate oso ona.
- Generation Kill. Hau ere belikoa. Irakeko gerrakoa, marine talde bat Bagdaderako bidean.
- Lost. 4. denboraldia.
- Prison Break. 1 eta 2. denboraldiak. Jarraitu behar dut hurrengo denboraldiekin
- IT Crowd . 1, 2 eta 3. denboraldiak. Umore ingelesa. Enpresa batetako informatika saila.
- The Wire. Polizia telesaila. Oraintxe ari naiz 1. denboraldia bukatzen. Oso ona, poliki-poliki doa baina tentsioa mantenduz. Gozatzen ari naiz.
Telesail horietako edozein izango duzu aukera ona.
- Nahi dudan orduan ikusten ditut
- Publizitaterik gabe
- Azpitituluekin ikusten ditut. Ingelesa ikasten ari naiz beraz.
- Ikusi nahi ez ditudan programekin zapping tontoa egiten orduak emateko tentazioari ihes egitea lortzen dut.
Gehiago hemen: Espoiler.tv