Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Etorkinak iristen ari dira sarera

Gari Araolaza 2009/02/16 18:14

Agian sarean hasi nintzenean webik ez zegoelako edo zuzenean tresnaren erabilera hori zela ulertu nuelako, hasieratik nire sareko jarduna aktiboa izan da. Lehenengo egunetik bidali nituen mezuak posta zerrendetara, foroetan parte hartu nuen, argazkiak kargatu... han eta hemen arrastoa uzten joan naiz sarera lotuta daramadan 15 urte hauetan. Zer esango dizuet, zure izena Googlen bilatu eta zerbait azaltzen bada, lagunek friki bat zarela uste dute.

Facebook sarean gure inguruko milaka pertsona sartu direnetik aldiz, jende asko azaldu da inguruan. Orain arte sareko turistak, bisitari pasiboak ziren, sarean ibili bai baina inon ere ez zutenak arrastorik uzten. Ez argazkirik Flickren, ez komentariorik foroetan, ezer ere ez. Ez genekien sarean zebiltzan ala ez.

Eta orain bai. Orain jende hau Facebook-en ikusten duzu, bideo bat bidaltzen, komentatzen... beraien arrastoa uzten. Nire inguruko jende ezagun askorekin gertatzen ari zait, zerbait komentatzea ez da jadanik frikien kontua. Bada, ongi etorri etorkin guztiei, ordua zen! 

Geocaching: altxorraren bila

Gari Araolaza 2009/02/12 10:11
Asteburuan egiteko plan bat hemen, haurrekin edo besterik gabe ibilalditxo baterako aitzakia.

Urtarrilaren 31an aurkitu genuen lehenengo aldiz Geocache bat, Zumaian izan zen. Izugarrizko ilusioa egin zigun artapalo erabiltzaileak ezkutatutako altxorra aurkitzeak. Niri ilusio handia egin zidan, eta zer esanik ez 6 eta 3 urteko haurrei. Baina hara iritsi aurretik Zumaian ibilaldi txiki bat egin behar izan genuen, altxorra aurkitzeko beharrezko pausoak emanez.

Lehenago, gabonak aldera, Arraten zegoen geocache baten bila ibili ginen, baina ez genuen aurkitu, agian norbaitek handik kendu zuen edo guk ez genuen aurkitzen jakin. Auskalo.

Zer da Geocaching-a?

Denborapasa bat, joko bat. Norbaitek toki batean altxor txiki bat ezkutatzen du. Gero tokiaren koordenatuak publikatzen ditu Interneten eta beste erabiltzaile batzuk hura aurkitzen saiatzen dira.

Zer da altxor hori?

Normalean tupperware motako ontzi bat, busti ez dadin ondo itxita. Han barruan papera eta arkatza egoten da, eta altxorra aurkitzen dutenek beraien izena, eguna eta komentarioren bat idazten dute.

Batzutan jostailu edo detaile txiki bat egoten da. Hartu daiteke, baina beti ere hurrengoarentzat beste zerbait utziz. Gero, berriz ere altxorra ondo ezkutatu eta prest dago hurrengo datorrenarentzat.

Kontuz ibili behar da jokoan parte hartzen ez duen inork ez dezan altxorra nabaritu, askotan altxorra lapurtu edo tokitik kendu dezaketelako.

Gero etxean, Geocaching webgunean utzi abisua, tokian egon eta aurkitu duzula eta abar. Altxorra gorde duenak gustora irakurriko du ziurrenez.

Nork jokatu dezake? Doan da?

Edonork jokatu dezake joku honetan, bai altxorrak ezkutatzen eta baita aurkitzen ere. Horretarako nahikoa da Geocaching webgunean doan izena eman eta hango pausoak jarraitzea.

Behar den gauza bakarra GPS bat da. Denbora librea eta ondo pasatzeko gogoa edukitzea ere komenigarria da. Haurrentzat ere oso plan ona da. Gure Andonik (6 urte) badaki GPS-aren norabideei jarraitzen, eta oso ondo pasatzen du altxor bila, berak esaten digu "handik!" eta gu atzetik joaten gara.

Beste helburu batzuetarako aitzakia

Benetan uste dut beste gauza batzuetarako aitzaki ona dela Geocaching-a. Adibidez:

  • Toki berriak ezagutzeko.
  • Turismoa erakartzeko. Ikaragarria zenbat jende pasatu den Zumaiako geocachetik. Papera ere agortu da!
  • Haurrek ibilaldiak egin ditzaten aitzaki moduan. Altxor bila ez dira oinez nekatzen.
  • Mendian orientatzen ikasteko.
  • Aspaldiko lagun horiekin elkartzeko.

30 urte ondoren, Jaimito itzuli da

Gari Araolaza 2009/02/06 09:35
Bai, txisteetako Jaimito. Hainbeste urtetan non ibili ote da?

Denok izango duzue buruan txikitako txisteetako Jaimito. Jaimitoren txisteetan beti zegoen irakaslea, kaka, txiza edo maliziarik gabeko berdekeriaren bat.

Hainbeste urte pasatuta, Jaimito gure etxera sartu da 6 urte dituen Andonik ekarrita. Jaimito gora eta Jaimito behera. Oraindik koordinatu gabeko txisteak dira, puzkarra, kaka edo horrelako hitzen bat aipatu eta horrekin bakarrik barrea eragiten du Jaimitok.

Nondik atera ote da hainbeste urteren ondoren? Ziurrenez ez da inoiz joan, eta beti hor egon da, 6-8 urteko neska mutilen ahotan. Kuriositatea dut, ea historioak pixka bat hobetu eta berrikuntzarik ikusten dugun, edo duela 30 urte kontatzen ziren txiste berdinak diren.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.