Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Santa Kurutz ermita Eibarren

Gari Araolaza 2009/01/30 07:34
Toki bat aukeratu beharko banu, gustora eta lasai egoteko, ez nuke gehiegi pentsatuko. Eta ez dut asko pentsatu ere azkeneko urteetan. Santa Kurutz ermita da tokia.

Eibartarrok sarritan entzun behar izaten dugu Eibar zatarra dela. Edozein aukera erabiltzen dute aurpegiratzeko, lotsatzeko moduko zerbait balitz moduan edo herri baten interes edo balioa neurtzeko faktore bakarra balitz bezala.

Baina hori horrela balitz ere, gezurra da Eibar zatarra denik. Eibarrek txoko ikusgarri asko ditu, eta baita estetika tradizionalaren parametroetan zatarrak izan daitezkeen beste inguru asko ere, Jose Roncok bere "Tailer hiria" liburuan erakutsi zigun moduan.

Baina estetika tradizionalari jarraitzen badiozu ere, baduzu zer bisitatu Eibarren: Sosola nekazalturismoa , Arrate , Armagintzaren museoa , baserri auzoak edo beste txoko guzti hauek.

 Nire gustoko txokoa aldiz, hauxe da:

Argazkiak.org | Santa Kurutz ermita, Eibar © cc-by-sa: garaolaza

Irudi osoa 360 gradutako argazkian

Santa Kurutz ermita Gorosta bailaren tartean dago, muino txiki batean. Autoa gidatzen ikasi nuenetik errekurtso erraza izan da, arratsalde tonto bat neukanerako, eta hara eraman izan ditut tokia ezagutzen ez zuten lagun asko. Tartean neskalaguna, hainbeste aldiz, azkenean han ezkontzea erabaki genuela.

360 graduko argazkiak egiten ikasi nuenean ere, hara joan nintzen aproba egitera. Martin lagun alemaniarra etortzen zenean ere hara joaten ginen denborapasa.Beste eibartar batzuk ere ados daudela dirudi, adibidez Mendicute edo Asier Sarasua.

Tokiak niretzat daukan karga pertsonalaz aparte, toki ederra da, are gehiago duela zenbait urte konpondu zutenetik. Autoz ia bertararte iritsi daiteke, eta Arraterako bidean geldialdi polita da. Handik ikusmira ederra dago, batetik Arrate eta Karakate mendia ikusten dira, parean Aizkorri eta jarraian Egoarbitza, Udalaitz eta Anboto. Gertuan, ermitari laguntzen bezala, Urko mendia. Pinuek uzten dutenean Eibarko hiriguneko nahastea ikusten da.

Santa Kurutzeko jaia maiatzaren 3an ospatzen da eta inguruko baserritarrak elkartzen dira meza, dantza, kirol joko eta omenaldiekin

Hauxe da Debabarreneko nire txokorik gustokoena zozketarako partehartzea.

Espoiler.tv : telebista ikusteko

Gari Araolaza 2009/01/29 22:31
Telebistarekin jarraitzen dut. Internet bidezko telebistara engantxatu naiz eta jadanik ez dut ia telebista tradizionalik ikusten.

Gainera, duela egun pare bat Espoiler.tv-rekin topo egin dut. Espoiler telebista gida bat da. Telesailen gida bat, edozein kanaletan ematen dituzten telesailak jarraitzen dituzte, edo egia esateko, AEB-tako telebista kanal horietan.

Egunero zein programa emango duten erakusten du Espoiler.tv webguneak, eta bide erraza ematen du Googlen deskargatzeko bidea aurkitzeko, eta azpitituluen webguneetan azpitituluen fitxategiak bilatzeko. Noski, telesail gehienak ingelesez dira, eta nire kasuan behintzat, oraindik azpitituluak behar ditut, nahiz eta geroz eta gehiago ulertzen dudan. Ea egunen batean azpititulurik gabe irakurtzeko gai naizen.

Lehen gauza erraza bazegoen, orain webgune honekin errazago!

Espoiler.tv

Hernan Casciariren proiektua

Gidoigilea da Hernan Casciari, telebistaren munduan nahiko ezaguna, eta telebista eta blogen inguruko gauza interesgarriak idazten ditu bere blogean. Berak sortu du webgunea eta lagun batzuekin batera eguneratzen dituzte fitxa guztiak.

Nola ikusi telebista mota hau

  • Bittorrent sistemarekin dabilen programaren bat behar duzu material hau saretik deskargatu ahal izateko. Windowsen Ares da azkenaldian gehien aipatzen dena. Ezarri horietako bat ordenagailuan, eta hasi filmak deskargatzen.
  • Filmak normalean ingelesez datozenez, nahi baduzu azpitituluak deskargatu ditzazkezu. Espoiler webguneak ematen du horretarako aukera ere.
  • Filmak azpitituluekin ikusteko, VLC programa izan daiteke egokia. Bideoa eta azpitituluen fitxategia ireki eta listo!

Azpitituluen inguruan gehiago Azpitituluak euskaraz webgunean.

 

The IT Crowd

Gari Araolaza 2009/01/22 05:58
Umorezko telesail ingelesak gustatzen bazaizkizu (Gazteak, Sugebeltza, Fawlty towers eta horrelakoak), hau ikusi behar duzu.
IT Crowd

Barre asko egin dut telesail hau ikusita, aspaldian egin ez nuen bezala. Protagonistak enpresa batetako informatika departamentua dira, ingelesez I.T. (Information Technologies).

Itxura denez bi denboraldi eman dituzte Channel 4 katean, eta Espainian Canal Plusek eman omen du ere. Orain Torrent sareetan deskargatu ditzakezu bi denboraldiak, bakoitza 6 kapitulurekin: IT Crowd .  Ingelesez ikusi dugu gaztelaniazko azpitituluekin, eta ondo pasatu dugu etxean!

Nola askatu PDF fitxategiak

Gari Araolaza 2009/01/20 11:12
Osakidetzaren aurkako purrustada bat zen hau, baina saiatuko gara alde positiboari begiratzen.

Osakidetza: Enplegu Publiko Eskaintza

Gertuko bat dabil Osakidetzaren EPE-ra aurkezteko prestatzen. Oraingoan galde-erantzunen sail handi bat ikasi behar du eta horietatik 100 azalduko dira azterketan. Deskargatu ditu Osakidetzaren webgunetik galdera horiek PDF txukun batean eta saiatu da inprimatzen. Ezin. PDF dokumentua babestuta dago eta ezin da inprimatu. Pantailan irakurri bai, baina inprimatu ez. Horrelako aukera zoragarriak eskaintzen ditu PDFak.

Dokumentuan irakurri daiteke:

Lehen argitalpena : 2008ko abendua
©.Osakidetza. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa
Internet: www.osakidetza.euskadi.net
Maquetazioa eta inprimaketa: Editorial MAD Eduforma
PSP: 5,49 euro, BEZ barne
LG: SE-7302-2008
ISBN: 978-84-89342-90-3
No está permitida la reproducción total o parcial de este libro, ni su transmisión
por ningún procedimiento informático o electrónico, incluida la fotocopia, grabación
magnética o cualquier almacenamiento de información y sistema de reproducción,
sin permiso previo por escrito de los titulares del Copyright o los derechos.

No comment.

Askatu zure PDF fitxategiak

Zer esanik ez, askatu dugula Osakidetzako PDF petral hori. Orain inprimatzen utziko digu. Baina zer gertatuko da truko hauek ez dakizkiten herritarrekin? Gero irisgarritasunaz hitz egingo dugu.

Baina guri berdin zaigu: hona hemen bi aukera interesgarri PDFekin sarri ibiltzen bazara:

  1. PDF tresna ugari
  2. Free PDF Unlock Online (hau erabili nuen atzo Osakidetzakoa askatzeko)

 

Ogien eta arrainen miraria

Gari Araolaza 2009/01/09 23:39
Badago SGAE eta ingurukoek esaten duten gezur bat (beste batzuen artean), bereziki erridikulua iruditzen zaidana. Gezur horren arabera 1000 pertsonak deskargatu badu diska bat P2P erabiliz, horrek esan nahi du 1000 diska gutxiago saldu direla. Edo beste modu batera esanda, P2P-rik ez balego, jendeak 1000 diska horiek erosiko lituzkeela.

Gaiak jarraitzen du, beste modalitate batzuetan:

Gu Gira diska: 20.000 kopia

Eguerdian entzun dut irratian Elkar eta Radio Euskadik ateratako "Gu Gira" diskak 20.000 kopiaren muga gainditu duela. Esatariak esan duenaren arabera, gaur egungo teknologiek kopiatzea errazten dutenez  esan genezake 20.000 kopia horiek garai bateko 40.000 saltzearen baliokideak direla. Hau da, 20.000 pertsonak erosi du diska eta beste 20.000 pertsonak kopiatu egin du.

40.000ko kopuru hau Benitorenaren errekorretik nahiko gertu omen dago. Benito Lertxundik orkestrarekin grabatutako diskaren 50.000 kopia saldu zituen. Gertu gaude beraz. Oraintxe noa diska horren bila PizzaTorrent bilatzailera, ea laster iristen garen Benitoren errekorrera!

Brothers in Arms: 40 kopia

1985ean erosi genuen etxean Dire Straits taldearen Brothers in Arms diska (binilozko LPa). Aurretik taldearen zuzeneko diska ongi errepasatuta geneukan, kasete batean grabatuta, noski!.

Hala ere, garai hartako "zailtasun teknikoak" gainditzea lortu genuen itxura denez, eta kalkulatzen dut 40 lagun ingururi atera geniola kopia kasetean. Anaia eta bion inguruan denek zekiten diska hori etxean genuela, eta behin eta berriz eskatzen zizkiguten kopiak. Kasetea eman eta hurrengo egunean bueltatzen genien grabatuta.

Ruperren kantuak zioen bezala "Baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi"

Gazako mapa eraikitzeko laguntza bila

Gari Araolaza 2009/01/07 09:29
Palestinarrik edo Gaza ezagutzen duen norbait baduzue inguruan? Une latz hauetan mapekin ere lagundu genezake.

Mikel Maronek egin du deia. OpenStreetMap erabiliz Gazako mapa on bat ahal den azkarren ateratzea pentsatu dute, bere garaian Bagdadekin egin zen moduan. Bereziki garrantzitsua gaur egungo krisia kudeatzen lagundu ahal izateko. Informazio gehiago Mikel Maronek berak:  Gaza OpenStreetMap

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.