Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

ETB audientzia galtzen

Gari Araolaza 2008/05/26 12:45
Azken bi asteotan igande gauetan txintxo ikusi ditut Hermanos de Sangre telesailaren 4 kapituluak. Atzo ez dut ikusi.

Gerrako filmak gustatzen zaizkit, eta aliatuen inbasioa da gai interesgarri horietako bat. Horregatik hasi nintzen Hermanos de Sangre ikusten, duela bi aste. Horregatik, eta batez ere, publizitaterik gabe ematen dutelako.

Kaskoak jantzita ikusi ditut hasierako 4 kapituluak (bina astero), emozioz eta tentsioz beteta. Gustora! Andrea ere harrituta zegoen hain berandu arte telebista ikusten gelditu nintzelako (normalean loak hartzen dut telebistari begira hamar terdietan).

Atzo ez nuen ikusi, eta hemendik aurrera ere ez dut ikusiko ETB2an. Atzo Steven Seagal "zoragarriaren" filma bat jarri ziguten ordu horretan eta nire gustoko telesaila 23:40tara pasatu zuten. Tumatxa!

Pentsatu nuen VHS zinta baten bila hasi eta grabatzen jartzea, baina gero hobeto pentsatu nuen. Ordenagailua piztu, bilaketa azkar bat egin, eta 5 minutuan martxan neuzkan hurrengo 6 kapituluren deskargak Transmission BitTorrent bezero bidez.

Agur ETB2. Zapping egin dut. Transmission 1 - ETB2   0

Konjeladoreko musika

Gari Araolaza 2008/05/18 09:21
Musika aldetik nahiko gusto zabalak baditut ere, kontua da 80. hamarkadan gelditu nintzela preso. Egia esan, asko kostatzen zait gaur egungo musikan gustokoak aurkitzea. Zer egingo diogu.

Baina azkenaldian 80. hamarkadako hainbat talde itzultzen ari da. Sorkuntza aldetik ezer gutxi, betiko kantuak jotzen, baina katxe aldetik jeitsi direnez ere, horrek aukera ematen du bere garaian ikusi gabekoak ikusi ahal izateko. Denetik ikusten da. Batzuetan gustoagatik jotzen jarraitzen duten taldeak eta beste batzuetan beraien karrera diruagatik artifizialki luzatzen eta luzatzen saiatzen ari direnak.

Atzo gauean ASIAren momentua izan zen, Bilboko Santana 27 aretoan. Duela 26 urte Donostiako belodromoan jo zuten 12.000 pertsonaren aurrean. Garai haietan supergroup bat izan zen, beste talde batzuen errautsetatik sortutakoak, besteak beste  Yes, King Crimson, Emerson, Lake & Palmer, Uriah Heep, U.K., Roxy Music, Wishbone Ash and The Buggles (akordatzen?  Video killed the radio star ) Atzokoan ez ginen 1.000 pertsonara iritsiko, eta ni baino gazteagoak ( 37 urte) oso gutxi, baina zein ondo pasatu genuen, kantu zaharrekin.

Kuriositate pixka bat duzuenontzat, hona hemen orain dela 25 urteko bideoa. YouTuben beste bideo piloa aurkituko duzue, besteak beste MTVk zuzenean eman zuen lehenengo kontzertuaren bideoa, Asia in Asia . Ikustekoa da bideo horretan Geoff Downes tekladu jolearen sintetizadore andana.

 

Robotak: maitasuna eta gorrotoa

Gari Araolaza 2008/05/16 07:21
Bilatzaileen robotetaz ari naiz, sareko web orri guztiak bisitatzen dituzten horietaz. Beharrezkoak dira, baina arazo asko sortzen dituzte ere.

Azken bi egunetan webgune hau askoz hobeto dabil, ez dakit nabaritu duzuen. Plonera pasatu ginenetik errendimendu arazo handiak izan ditugu. Kontua da lehendik eduki asko zegoela, blog asko, sarrera asko, eta blog bakoitzak etiketa asko. Horrek orri kopuruan eragiten du. Googlek 18.000 orri baino gehiago indexatuta ditu eibar.org webgunean eta hori, sarbidea mugatuta dugula toki askotara!

Eta Google ez da bakarra. Yahoo dago, eta MSN, eta Nsyght, Yodao, Gigablast, Kilomonkey eta ezagutzen ez ditugun beste ehundaka bilatzaile. Bakoitzak bere BOT-a (roBOT) dauka, etengabe webguneetan nabigatzen ari diren programa batzuk, dena irakurri eta indexatzeko. Klik egile nekaezinak dira robot hauek. Googleren robotak Googlebot izena du adibidez, eta Yahoorenak Slurp.

Denek jakin nahi dute zer dagoen Eibar.org-en, beraien emaitzetan erakusteko. Horrek ikaragarrizko karga eragiten du webgunean, jo ta su ari bait da zerbitzaria, edukia bilatzaileentzat prestatzen. Kontutan izan webguneko elementu guztiak direla dinamikoak, eskatzen diren momentuan sortzen direnak.

Soluzioak badaude eta Erralek martxan jarrita ditu, Squid bezalako katxe kudeatzaileak adibidez. Squid-ek webguneko elementuak gordetzen ditu, berriz sortu beharrik ez izateko. Kontua da bilatzaile hauek ez dabiltzala orri bisitatuenetan, portadan erakusten direnetan bakarrik. Barru-barruan sartzen dira, lotura absurduenean ere klik eginez, eta hori absurdua denez, inork ez du lehenago bisitatu, eta ez da katxean egoten.

robots.txt, soluzio radikala

Herenegun erabaki genuen modu tenporalean behintzat robotei sarrera debekatzea. Horretarako robots.txt fitxategia erabiltzen da. Fitxategi horretan robotei esaten diegu webgunearen zein zatitan sartu daitezkeen eta zeinetan ez. Hau ez da erabiltzaile arrunten aukera bat, webguneen administratzaileen esku dagoena baizik. robots.txt fitxategiak egiten ikasi hemen

Azkar nabaritu dugu eragina. Atzo eta gaur ondo nabigatu daiteke webgune honetan. Hau beste gauza bat da.

Baina, bizi gaitezke robotik gabe?

Ez dut uste. Beharrezkoak dira. Jendea Googlera joan eta bilaketa egiten du, eta zure webgunea ez badu aurkitzen, ez zara existitzen. Beraz, robots.txt-a aldatu eta gaurtik aurrera Googleri sartzen utzi diogu. Izan ere Google bidez dator webgune honetako bisitarien erdia, eta beste webgune batzuetan ehuneko hau oraindik handiagoa da.

Ez zaigu neurria gustatzen, Interneten neutralitatearen aurka doa eta. Baina momentu honetan beste soluziorik ez dugu, eta hau ere nahikoa izango den ezin dugu jakin. Ikusiko dugu egun pare batean nola doan gauza, eta epe ertainean jarraitu beharko dugu soluzio bila.

Bisitariok nabaritu duzue aldaketa?

Musika hil zen eguna

Gari Araolaza 2008/05/06 09:28
Lehendik ere nahikoa argi ez bazegoen, MSN Music-etik musika erosi dutenek datorren irailetik aurrera ikasiko dute modu gordinean zer den DRM-a.

The day the music died artikuluan oso ongi azaltzen du gaia Mark Pilgrim hackerrak.

DRM-dun musika erosten duen edonork garbi izan behar luke, arazoa berdina bait da iTunes-en musika erosten baldin baduzu. Mark-en parrafo bat hemen:

Orduan, zer gertatuko da 2008ko abuztuaren 31an? Egun horretan, Microsoftek zenbait zerbitzari itzaliko ditu. Zerbitzari horien lan bakarra MSN Music webgunetik erositako kantuen balidazioa egitea da. Pertsona hauek ("biktimak" hemendik aurrera) ez dute segituan nabarituko. Biktimak ordenagailu berri bat erosi edo sistema eragilea berritzen dutenean, edo beraien disko gogorra izorratu eta berria jartzen dietenean konturatuko dira. Une horretan - erositako kantuak ordenagailu berri edo beste disko batera pasatzen dituztenean - Microsoften musika jogailuak (iTunesen antzerakoa, baina Microsoftena, Applerena izan beharrean) Microsoften balidazio zerbitzarietara deia egingo du, kantu horiek legalki erosi ziren ziurtatzeko. Dei honek huts egingo du, zerbitzari horiek ez dutelako erantzungo, Microsoftek nahita itzali dituelako. Microsoften jogailuak erabakiko du (modu okerrean baina di-da batean) kantu horiek modu ilegalean deskargatu dituela eta biktima pirata bat dela, eta ez ditu joko. Kasu honetan, ezkerreko eskuak badaki eskuinekoa zer egiten ari den: biek behatza erakusten dizute.

Kontutan izan: DRM-arekin erosten duzun musika, ez da zurea. DRM-aren jabeak nahi duen arte izango duzu eskutan.

 

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.