Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Nahi gabe, Wikipedian laguntzen

Gari Araolaza 2008/10/20 16:06
Ez naiz Wikipediaren langile fina. Toke bat edo beste egiten diot noizean behin, baina oraintxe konturatu naiz, nahi gabe ere egin daitekeela lan Wikipediarekin.

Duela zenbait hilabete Euskadi Irratiaren estudioetan izan nintzen, teknologia berrien inguruko kolaborazioa egiten. Hasi aurretik sakeleko telefonoa hartu eta Manu Etxezorturi argazkia atera nion estudio barruan. Gero Flickr-en kargatu nuen:

Manu Etxezortu

Hara non, norbaitek argazki hori aukeratu duen Wikipediako Euskadi Irratiari buruzko artikulua ilustratzeko. Zein eta argazki hori!

Ez ote da sarean hoberik egongo?

Lizentzia kontua

Uste dut aukeraren arrazoia garbia dela: argazkia Creative Commons BY lizentziarekin publikatu nuela. Lizentzia horri esker edozein proiektutan erabili daiteke argazkia, beti ere nire izena aipatzen baldin bada.

Orduan, nire alferkeria gaindituz eta nik jakin gabe ere, Wikipediarekin kolaboratzen ari naiz. Ez da polita?  ;-)

Flickr edo Argazkiak.org

Klik txiki bat da, argazkia lizentzia libreekin eskaintzea. Flickr-en hori egin daiteke argazki bakoitzean zehaztuz.

Argazkiak.org-en kasuan, webgunean kargatzen diren argazki guztiak dira libreak, eta beste edonon erabili daitezke, beti ere bertako Creative Commons-aitortu-partekatu (BY-SA) lizentzia errespetatzen baduzu.

Argazkilari entziklopedista

Honetan pentsatuz, azken egunotan bisitatu ditudan tokietan filosofia hori erabili dut, eta artxibo modura atera ditut zenbait argazki, familiako argazkietaz haratago: azken egunotako argazkiak Norbaitek behar baditu zerbaiterako, hor dauzka, beti ere lizentzia errespetatuz!

YTB: YouTube Telebista

Gari Araolaza 2008/10/14 22:35
Euskaltelek kablearen abiadura mega batetara igo zuenetik kanal berria dugu etxean.

YTB edo YouTube telebista da, egia esan YouTube, EuskalTube edo beste edozein bideo webgune. Gai bat aukeratu, bilaketa egin eta gero erlazionatutako bideoak ikusiz orduak pasa daitezke YouTuberekin. Gure seme alabek ederki ikasi dute tresna manejatzen, pantaila osora, noski!


Argazkiak.org | Youtube telebista © cc-by-sa: garaolaza

Dinosaurioen liburu bat ikusten ari ginen eta han azaltzen ziren nola jaiotzen ziren arrautzetatik. Antzerako zerbaiten bila krokodilo baten jaiotza aurkitu nahi izan dugu YouTuben; dordokatxoak ikusi ditugu jaiotzen eta ondoren txakurkume polit-politak. Afal ondoren klasikoetara jo dugu: Chip eta Chop (edo Chip n'Dale) katagorrien ipuinak.

Nahi duzun programa, nahi duzun unean!

Egile eskubideen zenbait kuriositate

Gari Araolaza 2008/10/11 00:30
OpenStreetMap-eko mapak sortzeko lege aldetik pixka bat irakurri eta ikasi behar izan dut. Hona hemen ulertzeko zailak diren zenbait kuriositate.

Ez naiz abokatua, baina azkenaldian sarri tokatu zait gai hauek argitzea. Gaur bertan Zabaldun, Gasteizko mapa librea euskaraz albistean.

Zergatik ez dituzu udalaren/aldundiaren/jaurlaritzaren mapak kopiatzen?

Horixe da OSM proiektua erakusten dudanean jendeak esaten didana. Ezin da. Hori ez da librea. Mapa edo kaletegi horiek jabe bat dute, askotan erakunde publikoa, baina ez beti. Erakunde publikoek oso gutxitan argitzen dute zein erabilera baldintza baimentzen dituzten. Hau da, fotokopiatu dezaket? Nire enpresako katalogorako erabili dezaket mapa zati bat? Bizikletan ibiltzeko liburu bat egin dezaket mapa horiekin eta gero saldu?

Normalean ez dugu jakiten erabilera horiek baimenduta dauden ala ez. Eta dakigunean, normalean erantzuna ezetz da. Copyright-Eskubide guztiak gorderik izaten da normalena.

Baina, datu horiek erakunde publikoarenak badira, denonak dira, ez?

Ez dakit. Baliteke, baina nortzuk gara "denok"? Extremadurako enpresa batek Jaurlaritzaren mapak erabili ditzazke negozioa egiteko? ala bakarrik EAEkoek?

Teorian bai, den-denonak izan beharko lukete, eta nik hori defendatzen dut. Denon diruarekin egindako lanak, denok nahi dugun moduan erabiltzeko modua egon beharko litzateke.

Errepideekin gertatzen den moduan. Errepidea denok ordaindu dugu, eta inori ez diote esaten "zertarako behar duzu errepidea?" edo "errepidetik ibil zaitezke, baldin eta irabazi asmorik ez baduzu". Gauza jakina da errepideek ekonomian onurak sortzen dituztela. Orduan, informazio geografikoak ez? Zergatik gorde lizentzia itxiekin?

Diario Vascok igande tonto askotan bi orri osoko artikuluak sortzen ditu Eustateko zenbait daturekin, "Gipuzkoa zahartzen doa" edo "Hirukoiztu da etorkinen kopurua" edo horrelako artikuluak. Ez dakit zergatik egin daiteken hau informazio estatistikoarekin eta ez informazio geografikoarekin edo Euskalmeten eguraldi informazioarekin.

Legeen kasua

Baina lege zirrikitu bat badago. Hona hemen Espainiako jabego intelektualaren legearen 13. artikuluak dioena:

"Artículo 13. Exclusiones
No son objeto de propiedad intelectual las disposiciones legales o
reglamentarias y sus correspondientes proyectos, las resoluciones de los
órganos jurisdiccionales y los actos, acuerdos, deliberaciones y dictámenes
de los organismos públicos, así como las traducciones oficiales de todos los
textos anteriores."
http://civil.udg.es/normacivil/estatal/reals/Lpi.html

Kasu batzuetan ez dago egile eskubiderik beraz. Orduan Udal batek ordenantza bat publikatzen duenean kaleen izendegiarekin, kale izendegi hori besterik gabe edozertarako erabili daiteke.

Orduan, udal batek bere webgunean kaletegi bat publikatzen duenean, kasu horretan gaudela esan genezake? Zalantza asko ditut, baina noiz edo behin erabili izan ditut, legeari modu askean kasu eginez.

Datuak erakunde ofizialarenak ez direnean

Askotan, erakunde publiko batek datu batzuk publikatzen ditu (mapak, kaletegiak, mapa webguneak eta abar) eta datu horien egile eskubideak ez dira erakundearenak. Erakunde ofizial horretako arduradunari bost axola egile eskubideak. Norbaiti erosi, publikatu eta listo.

Adibide oso arrunta: Udal batek herriko kaletegia jarri nahi du udal webgunean. Enpresa bati enkargua egiten diote, datuak (kaleen izenak, helbideak, zerbitzuen kokapena) ematen dizkiote, enpresa horren datuak zuzentzeko denbora hartzen dute udal funtzionariek. Gero, enpresa horrek webgunean kaletegia jartzen dio martxan udalari. Baina ez dio lana saltzen, alkilatu baizik. Hau da, urtero hainbesteko bat ordaindu beharko dio enpresa horri datu horiek "alokatzeagatik".

Pentsa dezakegu enpresa horrek lan ona egiten duela datuok eguneratuta mantentzen, eta horrela da. Kontua da datuak jadanik ez direla udalarenak. Udalak erabakitzen badu egun batean enpresa horrekin kontratua etetea, ezer gabe geldituko da, datuok enpresarenak izango dira eta.

Soluzioa oso erraza da: udalak enpresa horrekin kontratua egiterakoan gai horiek zehaztea, datuen jabegoa udalarena izango dela eta abar. Baina inori ez dio axola gai honek, eta ez da ezer egiten.

Eta aireko argazkiek egile eskubiderik dute?

Bai. Normalean aireko irudiak (ortofotoak) enpresa espezialduei erosten zaizkie, baina erosketa horiekin ez dira eskubide guztiak erosten. Enpresa horiek ez dira inozoak eta eskubide jakin batzuekin lotzen dituzte.

Orduan, ezin ditugu besterik gabe kopiatu. Norbaitenak dira eta ez dugu baimenik.

Eta kalkatzea? Bada, hori ere ezin da besterik gabe egin. Argazkien jabeak baimena eman behar du horretarako. Adibidez OSM proiektuan Yahooren aireko irudiak erabiltzen ditugu, Yahook horretarako baimena eman du eta. Argazki zaharrak dira erabili daitezkeenak, ez dira gaur egun Yahooren mapetan azaltzen diren berdinak. Zerbaitegatik da hori.

Kalkatzearena ulertzen zaila izaten da, baina adibide bat jarriko dut. Demagun Atxagaren liburu bat hartu eta osorik kalkatzen dugula eta gero hori publikatzen dugula. Balio du?  ;-)

 

Hau dena, OpenStreetMap proiektuan lan egiteagatik.OpenStreetMap (OSM) proiektuaren helburua benetako munduko mapa libre bat osatzea da. Horretarako, Wikipediaren estilora milaka erabiltzaile ari gara gure mapa zatitxoa marrazten. Esan bezala, ez naiz abokatua eta zuzenketaren bat egin behar bada, gustora hartuko dut.

Segmentazioa: estatistikak zatitzen

Gari Araolaza 2008/10/02 16:05
Uztailean idatzi nuen webgune batetara sartu eta hurrengo 10 segunduen inguruan. Luistxok kontraesana azaleratu zidan, eta arrazoia zuen.

Emango dizkiozu 10 segundu artikulu honi? izena zuen artikuluak, aurrez irakurri nahi baduzu.

Luistxok azaleratzen duenaren arrazoia segmentazio ezan datza. Hara non, ni ere adibidea ematerakoan jeneralizazioaren tranpan erori nintzen! Izan ere, eibar.org ez da webgune homogeneo bat (ba ote dago munduan benetan homogeneoa den zerbait?), eta oso idazle eta irakurle desberdinak izan ditzazkegu.

Batetik (adibidez), Volgako batelarien jarraitzaile finak. Jende ilustratua eta irakurtzeko gogoz iristen dena. Irakurlego fidela gehienetan. Testuak sakonki irakurtzen dituzte eta hortik zenbakiak.

Bestetik (adibidez), Erralen parakaidistak, "mi nombre en japones" Googlen bilatu eta bertaratzen direnak. Horiek denbora gutxi egingo dute webgunean, okerreko tokira iritsi direla ikusten dutenean.

Orduan, garbi dago eduki eta bisitari hain desberdinak izanda, portaera ere desberdina izango dela normalean.

Segmentazioaren garrantzia

Interneteko analitikan dabiltzan aditu guztiek errepikatzen duten leloa: edozein datu aztertzean segmentazioaren garrantzia.

Demagun webgune batetan 20 eta 60 urteko pertsonen bisitak identifikatzen ditugula (erabiltzaileen adina jakin ahal izango bagenu, noski. Oraingoz ezin da)

Webguneak bete beharko ditu batetik 20 urtekoen beharrak, eta bestetik 60 urtekoenak. Baina inolaz ere egingo ez genukeena da, 40 urtekoentzako webgune bat, "media" hori delakoan.

Beraz, datuak aztertu, ondorioak atera eta egin beharrekoa planteatzean, onena bi taldeak bereizi eta bakoitzarentzat soluzio espezifikoa aurkitzea.

Niri ez badidazue sinesten, irakurri Avinashi: Segment absolutely everything

Buletinen lehen eguna

Gari Araolaza 2008/10/01 09:54
Zure webgunerako albiste buletin bat jarri behar duzula eta zer egin lehenengo egunean, audientziarik gabe?

Buletina martxan jartzeko unean tentazio handia izaten da, hor nonbaitetik e-posta helbide mordoa bildu eta hain interesgarria den zerbitzu eder honetara harpidetzeko.

Eutsi tentazioari!

Benetan. Hobe da jendea banaka-banaka izena ematen joatea. Beraien kabuz izena eman duten 100 pertsonaz osatutako buletin zerrenda batek urrea balio du, benetan! Horiek dira zure erabiltzaile baliotsuenak!

Aldiz, baimenik gabe harpidetu ditugun 2000 erabiltzailez osatutako buletin zerrendak ez du asko balio. Ez dakigu 2000 pertsona horietatik zenbatek bidaltzen gaituen spam karpetara, zenbatek letxe txarrez hartzen dituen gure mezuak (publizitate negatiboa). Azken finean, ez dakigu 5, 10 edo 100 erabiltzailek diren balio dutenak.

Gainera, aizu!  Hori spama edo zabor-posta da!

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.