Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Freebase, Wikipediatik haratago

Gari Araolaza 2007/06/28 08:49

Oraindik "alpha" bertsioan, baina ikusi duguna ikaragarria da. Gonbidapenez sartu behar da, nik duela bi hilabete eskatu nuen eta pasa den astera arte ez zait etorri.

Honez gero badakizue Wikipedia zer den: artikuluetan egituratutako informazio entziklopedikoa, auzolanean sortua. Ez dago egitura zehatzik, nahiz eta zenbait etiketa jakin erabiltzen diren zenbait gauza etiketatzeko.

Freebase datu basea da. Creative Commons eta Public Domain moduan dauden edukiak hemendik eta handik hartu, eta modu egituratuan aurkezten ditu. Norberak kargatu dezake edukia, laguntza handiekin. Adibidez, Eibar taldearen fitxan futbol zelaia gehitu nahi badugu, baliteke norbaitek aurretik futbol zelaiak gehituta izana, eta hura azalduko zaigu aukeran "Ipurua" jartzen dugun momentuan.

Edukia kargatzeko API izugarri irekiak, baita edukia berrerabiltzeko ere. Nahi izanez gero, edozein web aplikazio garatu daiteke Freebase-ren datuetan oinarrituta.

Ikusi beharko dugu nola doan aurrera, baina interesa baduzue, egin gaur bertan sarrera eskaera.

Freebase

Eguneraketa 2007/08/23: Gaurtik aurrera Freebasen sartzeko ez da gonbidapenik behar. Denontzat irekita.

Ez behartu loturak leiho berrian

Gari Araolaza 2007/06/15 12:25

Mesedez, web garatzaile eta eduki kudeatzaileei eskaera: ez zabaldu loturak nabigatzailearen leiho berri batean, ez egin target="_blank" .

Zergatik?

  • Erabiltzaile aurreratuek, beraiek erabakitzen dute noiz zabaldu leiho berri bat, eta normalean ez da leiho berria izaten, fitxa bat baizik (Firefox-ekoa eta azkenaldian Internet Exploderrak ere).
  • Oinarrizko erabiltzaileen kasuan, gehienek ez dakite Windowsen bi aplikazio batera irekitzeko modurik dagoenik ere, ez dakite atazen barran klik egin eta Word-etik Excelera pasatzen. Erabiltzaile horiei leiho berri bat zabaltzeak nahastea bakarrik sortzen die. Askotan leiho berriak zaharra osorik estaltzen du eta atzerako botoia galtzen dute (estatistiken arabera Atzera botoia omen da Interneteko erabiltzaile arrunt batek egindako kliken %50a)

Honen atzean nire ustez garbi dago kontrolaren kontua. Telebistan programa bat ikusten hasi eta daukagun aukera bakarra kanala aldatzea da. Sarean guk daukagu kontrol osoa eta guk aukeratzen dugu zein kanal (webgune) erabili nahi ditugun eta zein ordenetan joango garen webgune barruan eta bai noiz aldatzen dugun. Zergatik behartu erabiltzaile bat leiho berria zabaltzera?

Asko entzuten dudan beste arrazoi bat da "baina erabiltzaileak nire webgunetik joango dira eta ez dira itzuliko". Hau ez da horrela. Atzera botoiari klik eginez erraz iritsiko da jatorrira erabiltzaile arrunta.

Bestalde, zer ari zara erabiltzailea zure webgunera lotu nahian? Nahi badu joango da eta ez da inoiz itzuliko, eta nahi badu egunero etorriko da zure webgunera. Horixe da Interneten abantailetako bat erabiltzaileentzat. Ez daude zure webgunera lotuta eta zuk lana egin beharko duzu berriz etorri daitezen. Zure zerbitzua edo edukiak interesgarriak diren neurrian itzuliko dira. Mugaraino eramanda galdera tranposoa (baina pixka bat pentsatu): Googleren bilaketa emaitzak automatikoki leiho berri batean zabaltzen dira?

Oraindik okerragoa da leiho berri bat zabaldu, eta gainera JavaScript bidez leihoaren tamaina zehaztea, a posteriori (ez jatorriko orrian). Horrek eragiten dit adibidez efektu oso desatsegina Eitb.com-en webgunean, bideo bat ikusi edo audio bat entzutera noanean, Firefox osoa aldatzen bait dit tamaina berri horretara.

Salbuespenak:

Beti bezala, zenbait salbuespen badaude:

  • PDF, Word eta antzerako dokumentuetara loturak: Hauek bai, komeni da leiho berrian zabaltzea, nabigatzailea ez diren beste aplikazioak zabaltzen dituztelako, eta askotan dokumentua irakurri eta ixtean nabigatzailea itxi dezakegulako. Akabo Atzera botoia eta ingurunea.
  • Lotutako webgunea mahaigaineko aplikazio baten antzekoa denean. Hau da adibidez GMail edo Google docs-en kasua. Mahaigaineko aplikazio baten antzekoa zabaltzen ari gara kasu honetan.

...eta publizitatea (bannerrak) nire ustez ez dira salbuespena.

Eguneraketa: Hemen gaiarekin lotutako loturak Links in new window

Botoitis

Gari Araolaza 2007/06/06 15:54

Euskal Interneten proiektu askotan nahastuta nago, onerako eta txarrerako. Azkenaldian botoi bat jartzeko eskaera etorri zait bide desberdin askotatik. Botoi horrekin webgune batetako albisteak, artikuluak edo nobedadeak beste webgune batetara joango dira. Ez dut botoia jartzeko asmorik, eta iritzia eskatu didaten guztiei azaldu diet.

Ez dut nahi, beharrik ikusten ez dudalako, badudalako lehendik webgune horretara albisteak bidaltzeko ohitura, eta horretarako ez delako botoirik behar. Gainera, botoiak jartzen hasiz gero, ehunka botoi jarriko nituzke, beste hainbat webgunetakoak eta ez da plana nire bloga botoi hutsez beteta egotea.

Botoiaren benetako efektua propagandakoa da, helburu den webgunearen propaganda, eta uste dut horrek berdintasuna apurtzen duela. Zergatik jarri webgune horri propaganda eta ez beste inori?

Bestalde, webgune horren inguruan komunitate bat antolatu da, eta hara! komunitate horren partaide izateko, ditxosozko botoia jarri beharra omen dago. Eta orain arte formalki antolatu gabeko komunitate partaide sentitu garenok zer? Botoirik ez badugu jartzen, ez gara komunitate horretako partaide? Ez dugu merezi aipamenik ere ez?

Bukatzeko, ez dut zalantza izpirik ekimenaren bultzatzaileak guztiz intentzio onenarekin dabiltzala, eta merito handia dutela euskal Internet komunitatearen alde hainbeste lan egiteagatik, eta "ni pagado ni agradecido" esango dute agian. Baina begira, nire aldetik horrela ikusten dut. Noski, jarraituko dut nire burua komunitatearen barnean sentitzen eta kolaboratzen, zerrendan ateratzen ez banaiz ere.

Deskonferentzia Yahoon

Gari Araolaza 2007/06/03 01:51

Gure ibilbide amerikarra bukatzeko gaur eta bihar Yahoon gaude, informazio geografikoarekin lotutako WhereCamp-ean .

Bi lagunen artean antolatu dute, Yahoo-ri astebururako ikastaro gela batzuk eskatu, babesle batzuk ere bilatu, eta listo, Internet bidez propaganda egin ondoren. Goizean, lehenengo orduan, bilera orokorra. Interesatzen zaizkigun gaiak azaleratu, ordutegi bat jarri eta aurrera! Dena modu desantolatu-koordinatuan.

Partehartzaileak, lehenengo mailakoak. Yahoo eta Google bezalako enpresetako hackerretaz aparte, handik eta hemendik etorritako beste jende interesgarri ugari. Denak ikasteko eta erakusteko prest, lotsarik gabe jeiki, denon aurrean jarri eta mila proiektu azaleratzen ari gara horrela.

Kontaktuak ere oso onak, pentsa Tagzaniaren konpetentzia diren enpresakoen lagunak ere egin gara eta informazio interesgarri piloa trukatu dugu, baita dauzkagun arazo amankomunak sakonki aztertu ere. Eta hori dena, Yahoo-ren toki zoragarri honetan!

Argazkiak biltzen ari gara hemen: Flickr - wherecamp

Bihar bukatzen da hau. Aireportua 15 minututara daukagu, sartu eta denboraren tunelean sartuta, astelehen iluntzean azalduko gara Loiun, hemen kargatutako pilekin lanera. Ideia piloa daramagu, ez dakit hegazkinean kabituko garen.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.