Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Zorionak IKTeroei

Gari Araolaza 2007/01/26 17:51

Poz handia hartu dut jakitean IKTeroak izan direla Sareko Argiaren aurtengo irabazleak . Merezi dute benetan, zenbat dedikazio eta ardura, eta zenbat aldiz asmatu duten gauzak ongi egiten. Izan ere beste askok ez dugu lortzen beraiek lortzen duten dibulgazio helburua betetzea.

Sustatun irakurri dudan moduan, jende gutxi harrituko du albisteak

Zorionak eta jarraitu aurrera!

Democracy: telebista demokratikoa

Gari Araolaza 2007/01/24 10:03

Nik uste dut zer esan asko emango duela Democracy programak. Duela zenbait hilabete saiatu nintzen baina Ubuntun ez zen instalatzeko erraza. Orain bai, oso erraz eta azkarra iruditu zait ( sudo apt-get install democracyplayer eta sudo apt-get install libxine-extracodecs tekleatzea nahikoa izan da martxan jartzeko, nahiz eta oraindik nahiko sarri blokeatzen zaidan. )

Internet bidezko telebista

Democracy edo Democracy TV izena du trastoak, telebista kudeatzeko era demokratikoa eskaintzea bait da bere helburua:

  • Zuk nahi dituzun kanaletara harpidetu, nahi dituzun programak ikusteko aukera eginez.
  • Zuk kanal propioa sor dezakezu, bai zure bideo eta bai beste batzuenekin.

Democracy screenshot

Nola dabilen

Oinarria RSS jarioak dira. RSS bidez zenbait kanaletara harpidetzeko aukera duzu. Egunero, kanal horiek gainbegiratu eta interesatzen zaizkizun programak aukeratzen dituzu.

Democracy-k aukeratutako programa horiek deskargatzen dizkizu, atzeko planoan. Kasu batzuetan bideoak YouTuben daude, beste batzuetan Google Videon eta beste zenbaitetan BitTorrent P2P sistemaren bidez ere deskargatzen ditu. Democracy arduratzen da hortaz.

Gero, denbora hartzen duzunean edo lasai-lasai sofan eserita zaudenean, lehen aukeratutako bideo guztiak ikusteko momentua da. Pantaila osoan ikusi daitezke bideoak.

Norberaren telebista

Norberaren telebista kanala sortzeko ere erraztasunak ematen ditu Democracyk. Nahi den moduan egin daiteke: norberaren webgunean publikatuz, BitTorrent bidez eta abar. Democracy berak zenbait tresna eskaintzen ditu lan hauek egiteko.

Oraindik sare alternatiboa bakarrik

Oraindik sare alternatiboa da. Nik ez dut telebista kanal jeneralistarik ikusi, baina sarritan hauek interesgarriagoak izaten dira, eta nork daki, agian hasiko dira agertzen. Oraingoz, YouTube bezalakoek lortu dute kontrako bidea egitea, zapping-etan sarritan azaltzen bait dira YouTubeko bideoak, eta azken finean, Democracyn berdin-berdin jar dezakete beraien programak ordaindu ahal izateko publizitatea, ez?

Froga ezazu!

Gehiago pentsatu gabe, Democracy frogatzera gonbidatzen zaituztet, Windows, Mac OSX eta Linux-en erabiltzeko aukera dago eta software librea da! (noski...)

Eguneraketa: Democracyn ikusi dut nik Oscarretarako aukeratu duten Eramos pocos laburmetraia.

Orange: non dago %50eko deskontuaren eskaintza?

Gari Araolaza 2007/01/11 09:31

Ezaguna da Orange egiten ari den eskaintza : bizitza guztirako %50eko deskontua fakturan Euskalteletik etorritakoentzat. Enpresako telefonoak Orangera pasatzea pentsatzen ari garenez, hara deika ari naiz.

Telefonoz eskaini didate %50 hori. Eibarko Orangeko dendan ere esan didate (nahiz eta beraiek ezin dieten enpresei zerbitzua saldu). Baina nik paperean nahi dut eskaintza hori, beraien aldetik konpromezu bat izateko, eta zehazki ulertzeko zein kasu zehatzetan beteko den konpromezu hori, zein plan kontratatu behar den horretarako, noiz utzi dezaken Orangek bertan behera deskontu hori, eta abar.

Ez dago modurik. Faxez bidaltzen zutela, ez nuela faxik, emateko helbidea, bidaliko zutela, ez dute bidaltzen, berriz deitu dut, lagun batzuen faxa eman dut... eta eskaintza hori ez dator.

Norbaitek lortu du idatziz %50eko eskaintza hori? Nolako tongo itxura duen honek, ez?

Txarrenera ere engainatzen bagaituzte, gaitz erdi, hainbat denboran %50eko deskontuarekin ibiliko bait gara, baina inori ez zaio iruzurra sentitzea gustatzen. Ez dakit zer egin.

Eguneraketa: 18:30. Faxa iritsi da! Azkenean iritsi da faxa. Ni ez naiz abokatua, baina afizio pixka bat badiet kontratu eta klausulei, eta dokumentua oso irekia bada ere (ez da gehiegi zehazten), nahiko esplizitua dela iruditzen zait. Hain irekia da, esijentzia handia egin diezaiokegula. Orange busti da beraz.

Autoa: berria ala bigarren eskukoa?

Gari Araolaza 2007/01/04 15:59

Ez, ez noa autoa erostera. Kontua da buruan dudan ideia bat konkretatu eta antolatu dudala, eta hori azaldu behar dut.

Nik nahiago bigarren eskukoa

Oraingoz behintzat. Autoak ikaragarri gustatzen zaizkit baina ez nago auto berri baten prezioa ordaintzeko prest. Auto berri bat ordaintzea kapritxoa iruditzen zait, ekonomikoki ez bait dago hori justifikatzen duenik. (Ondo da, onartzen dut, agian bigarren eskukoa ere ez da oso jasangarria baina berriekin inola ere ez.)

Ondorengo grafikoak asmatu ditut nire ideia adierazten dutenak:

autoaerosi

Lehenengo grafikak autoaren fidagarritasuna denborarekin alderatuta adierazten du. Auto berria da fidagarriena eta denbora aurrera joan ahala matxurak, izorratutako edo higatutako pieza eta elementuak izango ditugu. Sinplifikatzeko, denbora eta kilometroak batera doazela pentsatuko dugu. Grafika irudikatu dudan moduan, gutxi gora behera zuzen bat izango da, denbora aurrera doan neurrian fidagarritasuna gutxitzen doana. Puntu jakinen batean zuzen horren malda gutxitu eta ia horizontala izango da, izan ere 20 urteko auto bat eta 25ekoa alderatuta, fidagarritasun antzerakoa izango bait da.

Bigarren grafikak autoaren prezioa denborarekin alderatuta adierazten du. Kasu honetan, jakina da auto batek lehenengo bi urteetan galtzen duela balio gehien. Askotan esaten da auto saltokitik atera eta etxera eramateagatik bakarrik autoaren balioa asko jeisten dela. Kasu honetan malda ikaragarria du prezio erorketak. Momentu jakin batetik aurrera, denbora ez da hain garrantzitsua autoaren balio ekonomikoa zehaztean, hau da, ia berdin zaigu autoa 6 edo 7 urtekoa izatea. Zati hori adierazteko zuzen bat jartzea pentsatu dut, prezioa pixkanaka behera joango bait da. Balio galera malda askoz txikiagoa da beraz.

Nire teoria

Nire teoria da, autoa erosten duenak puntu jakin hori aurkitu behar duela, bere dirua modu onenean erabiltzeko. Puntu jakin hori da, balio jeitsieraren malda geldotzen den puntua. Batetik, autoaren fidagarritasuna berriarekin alderatuta ez da askoz gutxiagokoa, eta bestetik prezioaren zati handiena jeitsi da.

Nire autoak

Nik bi auto erosi ditut nire bizitzan. Biak erosi ditut bi urte eta 20.000-40.000 Km ingururekin, eta oraingoz ongi joan zait

Hala ere nork daki. Agian egunen batean aberastuko naiz eta auto berri eder bat erosteko kapritxoa izango dut, eta xahutuko dut diru pixka bat!

Zer iruditzen zaizue? tontakeria eta denbora galera bat da hau dena, ala arrazoi pixka bat badut?

Vocento ere RSSekin

Gari Araolaza 2007/01/02 17:17

Aizkenen!

Vocentok ere RSS jarioak martxan jarri ditu.

Bi urte izango dira Eibar.ORG-en Diario Vasco eta El Correo-ren Eibarko edizioen jarioak ematen genituenetik, screen scraping apur bat erabiliz. Tristea da baina kasu askotan Internet bidez herriko informazioa jasotzeko aukera bakarrenetakoa izaten da.

Noticias de Gipuzkoaren Debabarreneko edizioaren RSS jarioa Erralek sortu zuen, eta oraingoz hor egongo da martxan. DV eta Correorenak laster desagertuko dira Eibar.ORG-en zerbitzaritik. Aldatu loturak jario berrietara beraz!

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.