Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Hil da diskoa!

Gari Araolaza 2005/10/29 17:52

Atzo ere nire herriko aldizkarian irakurri nuen diskoaren defentsa. Ezin dugula pirateatu, gure artista txikien krisia eta hori dena. Bale, txintxoak izango gara.

Baina absurdoa iruditzen zaidana da diskoaren defentsa hori, industria bat hilko dela, ez dakit zenbat lanpostu galduko direla eta abar. Noski baietz, aurretik gertatu den bezala beste hainbeste kasutan. Pentsatzen dudana kokatzeko, nonbaiten irakurri nuen zerbait kontatuko dizuet: izotz saltzaileen historia:

Izotz saltzaileak

Lehen, etxeetan ez zegoen hozkailurik. Bostonen enpresa batzuk bazeuden, izotza blokeetan fabrikatu (auskalo zein prozedura erabiliz) eta zaldiz tiratutako gurdi batzuetan hiri guztian banatzen zutenak.

Halako batean norbaitek etxeko hozkailua asmatu zuen, eta pixkanaka izotz banaketa negozio hau krisian sartu zen. Enpresa hauek, ikusirik gutxiago saltzen zutela, taktika berriak frogatzen hasi ziren, diseinu erakargarridun gurdiak, prezio beherapenak eta abar. Alferrik. Urte gutxiren buruan inork ez zuen izotz gehiago erosi.

Enpresari hauek ez zuten beraien negozioa ulertu. Beraien produktua, bezeroek ordaintzearen arrazoia, ez zen izotza, hotza baizik. Bezeroak hotza nahi zuen, eta hozkailuak hori ematen zion (jakina, inbertsio baten ondoren) beste erosotasun batekin. Enpresa hauek hori ulertu eta hozkailu salmenta eta konponketan sartu izan balira, lanean jarraituko lukete. Are gehiago, zenbat eta hozkailu gehiago saldu eta beraien negozio orijinala erahil, orduan eta merkatu gutxiago galtzeko aukera izango zuketen.

CD Saltzaileak

Nik antzera ikusten ditut CD saltzaileak. Ez dute ulertzen jendeak benetan musika nahi duela, eta ez objektu borobil hori. Bai... badago fetitxismo apur bat batez ere biniloaren eta baita CDaren munduan, ("nik albuma nahi dut, libreto, testu, argazki eta guzti") baina ez da oso jarrera zabaldua, eta gero eta gutxiago. Are gehiago, ez da nire kasu partikularra (familia eta abar) baina ziur naiz geroz eta musika gehiago kontsumitzen dugula, baina musika kontsumitzeko modua aldatzen ari da.

Kontua da musikaren industria osoa horretara bideratuta dagoela, CDak saltzera, eta hori bukatzen ari dela, gure eskalan beiñipein.

Industria hori desagertu eta lanpostuak galtzeak pena emango digula? Bai ba, baina hori egunero gertatzen ari da. Alemanian lanpostu asko galdu dira guk hemen autoak fabrikatzen ditugunetik adibidez, eta beste sektore askotan lanpostu batzuk desagertu dira beste batzuk (gehiago edo gutxiago) sortuz. Eibarren lanpostu asko galdu dira azken 30 urteetan, eta Gasteizen asko sortu. Hori horrela da, eta musikaren industriak ere bere bide berriak aurkitzen ikasi beharko du.

Gainera, CD salmentaren industria ez dago sortzaile minoritarioentzat pentsatuta. Begira prozesua: grabazio garestiak Miamin, milaka kopia atera (hau da merkeena), promozio garestiak telebistaz-telebista, hegazkinak, kritikoei gonbidapen eta opariak, eta gero salmentaren zai, ahal dela stock guztia hustuz, almazenean erreferentzia zaharrek tokirik kendu ez dezaten eta abar. Hori dena da Ricky Martin, Bisbal eta Metallica bezalakoentzako negozioa. Milaka kopia saldu eta aberasteko.

Euskal CD saltzaileak

Ni ez nago musika industrian sartuta, eta horregatik datu zehatzik ez dut, baina zenbait inpresio bai. Agian erratuta nago, baina datuak ikusi ezean ezin dut besterik pentsatu:

Hemengo musikariak inoiz ez dira diska salmentarekin aberastu. Bakarren bat egongo da bai, baina orokorrean zuzenekoak izan dira beraien iturri nagusia. Profesionalak? oso gutxi, eta normalean beste jarduera batzuekin konpletatuta: musika irakasleak, grabazio teknikariak, estudioko musikariak besteekin kolaboratuz, musika instrumentu saltzaileak, berbena taldeak, psikiatrak... Pixka bat denetik, eta ez da pasa den urteko kontua. Inork imajinatu dezake orain dela 20-30 urte zenbat musikari ezagun profesional zeuden? Nik Errobi, Oskorri, Kortatu, Hertzainak, Itoiz eta horrelako beste lauzpabost esango nituzke. Gehiago ez.

Orduan, diska salmenta medio bat izan da beti, ez helburu bat. Medio artistiko bat izan da batetik, zure lana nolabait ezagutarazteko, bete beharreko formatu bat, eta bestetik promozio bide bat, diska publikatu eta kontzertuak han-hemenka emateko aukera.

Ba hori, garbi izan dezagun diskak medioa direla, ez helburua. Ez dezagun pentsatu Urdangarinen eta Bisbalen diska batek inolako zerikusirik dutenik. Ausardia pixka bat eskatzen diot euskal musika industriari, bide berriak asmatu eta frogatzen has dadin. Herriko talde ziklistak babesleak baditu eta elastikoan haien izenak badaude, zergatik ez herriko rock taldeen elastikoetan?

Beste adibide bat: lehengoan entzun nuen telefonoetarako soinuek (politono eta horiek) kasu askotan CD salmentak baino diru askoz gehiago ematen dutela egile eskubideen bidez. Pentsatzen dut Bostongo izotz saltzaileek ere zalantzak izango zituztela, ez zuten pentsatuko etxe guztietan hozkailua egongo zenik, baina bide hauek guztiak ireki beharko dira, eta negozioak diskoarengandik lotura galtzen joan beharko du.

Azken puntu bat: errealistak izan gaitezen. Gure tamainarekin ezin dugu espero milaka musikari profesional izatea. Hobe bestela izango balitz, baina txikiak gara.

El Mapamóvil

Gari Araolaza 2005/10/26 18:23

Luistxo animatu da Madrileko arrakastarekin eta gordeta zeukan bloga atera du, espainolez idatzi eta Espainian triunfatzeko. Ez ezazue blogaren goiburukoa galdu!

El Mapamóvil - Luistxo bloguea en español

WebDosBetan gaude

Gari Araolaza 2005/10/24 17:30

Web2.0 zer den azaltzea ez da erraza. Zenbait azalpen azaldu dira Sustatun, Web bi puntu zero

Horren inguruan jardunaldi bat antolatu da Madrilen eta han daude gaur Luistxo eta Josu. Informazioa ugari dago, WebDosBeta webgunean bertan eta baita beste toki askotan ere, Technoratin gehiago

Ehun bat teknosexual gela batean sartuta...

Ezetz Minid. Nik Bloglines!

Gari Araolaza 2005/10/19 13:30

Gaur Minid-ek dio berak Rojo erabiltzen duela azkenaldian RSS jarioak irakurtzeko.

Nik aspaldi frogatu nuen eta gaur beste buelta bat eman diot ea hobetuta dagoen edo... Keba.

Nik oraingoz Bloglinesekin jarraitzen dut. Interfaze garbia eta sinplea, letratipo irakurterrazak, eta feature arraroak erdi-ezkutuan. Askoz hobeto!

Gauza batek harritu nau. Diegok dio Bloglines no está mal, pero a la hora de organizar mis feeds no pude dar con las opciones de crear carpetas . Karpetak? Beste zerbaitetaz arituko da, nik oso erraz dauzkat eta, jario guztiak karpetatan antolatuta (nahiz eta erabileraren erabileraz nahiko nahaste daukadan).

Mutrikuko portua eta Diario Vasco

Gari Araolaza 2005/10/19 09:22

Oso gauza kuriosoa gertatzen da Mutrikuko Diario Vascoko korrespontsalarekin portu berriari dagokionean.

Portu berriaren beharra azpimarratzeko aukerarik ez du galtzen. Belaontzi zahar baten bisita izan zen duela zenbait hilabete, eta itsaso txarra zela eta programatua zegoena baino lehenago joan behar izan zuen. Bere kronika zen gutxi gora behera "el problema de siempre con el puerto obligó a que el barco tuviera que irse antes de tiempo". Berdin Ondarruko jaietan barku batzuk Mutrikun deskargatu izan dutenean (portu on bat bagenu...).

Aldiz, portuaren proiektu honen aurkako albisteak datozenean oso gauza kuriosoa gertatzen da. Beti prentsa oharrak ia telegrafikoki ematen ditu, eta gainera ia beti euskaraz, normalean dena gazteleraz egiten badu ere bere jarduna. Zalantzarik ez dut Aralar edo Hobetu Leike plataformak euskaraz helaraziko dizkiotela prentsa oharrak, baina kuriosoa egiten zait norma hori betetzea: alde gaztelaniaz eta kontra euskaraz.

Eta bukatzeko, antologikoa gaurko konposizioa. Albisteak dio: Debabarreneko Aralar Mutrikuko portua handitzeko Eusko Jaurlaritzak duen proiektuaren kontra eta ilustratzeko, hor ikusten da portuaren argazkia, olatu handi bat datorrela atzetik. Ez du aterako jendez lepo eginda azaltzen den udako argazki polit bat ez...

En fin... guk ere sarritan erosten dugu Diario Vasco eta zer egingo diogu ba. Merezi duguna daukagu.

Google Reader: RSS irakurgailua

Gari Araolaza 2005/10/08 08:32

Azkenean atera du Googlek RSS irakurgailua. http://www.google.com/reader/

Bloglines erabiltzen dugunontzat oso erraza da honelako tresnak frogatzea, normalean denek OPML estandarra erabiltzen bait dute feed-en zerrendak inportatu eta esportatzeko.

Horixe egin dut, nire Bloglines-era joan, Edit eta han behean Export Subscriptions aukeran klik egin. Horrela fitxategi bat deskargatzen da (normalean export.xml) eta horrekin Google Reader-era joan, eta import aukeran fitxategi hori kargatuta, minutu batean zure feed guztiak Googlen dauzkazu.

Lehen inpresioan espazio falta sumatu dut, Bloglines-ek ez daukana. Dena bata bestearen gainean dagoela ematen du. Ez dakit erabiltzaile arrunt batek (RSS, feed edo horrelakoak ulertzen ez dituenak esan nahi dut) zerbait ulertuko duen. Eta bista orokorra falta zaio, normalean hemen eta han klik egiten ibiltzen gara eta.

Hortxe utziko dut. Egun batzuen buruan ea inpresio hori aldatzen den.

Eguneraketa (2005/10/05): Espazio gutxi, post-ak banaka, sailka aukeratzeko modurik ez... Desastre hutsa Google Reader hau. Long live Bloglines!

Gainera, Mark Fletcher, Bloglines-en sortzailearen jarraitzailea naiz. Proiektu berriztaileak sortu eta saltzen trebea da Mark, baina oraindik ez dut ulertu zein onura ekarri dion Bloglinesi Askjeeves-ek erosia izateak. Mark Fletcher hau bera da duela zenbait urte eGroups Yahoo-ri saldu ziona. Berak dirutza irabazi zuen, baina zerbitzuak ez du 3 urtetan eguneraketa berezirik izan (diseinu apur bat, RSSak eta horrelako mantenua, baina Featureak, zero patatero).

Google Eibarren!

Gari Araolaza 2005/10/07 10:27

Atzo iluntzean gure enpresa alboan ateratako argazkia. Aukera ikusi nuen, autoa gelditu, eta hortxe daukazue. Sergey eta Larry ote datoz barruan? :-)

Google iritsi da Eibarrera

Envidia cochina

Gari Araolaza 2005/10/04 12:19

Telezaborraren diseinuak inbidia eman eta kopiatu egin diot.

Portzierto, "laranga" hori nirea zen eta berak kopiatu dit!

Eguneraketa: CSS-ekin lan egiteak abantaila horiek ditu. 2 minututan, Copy/Paste eta diseinu berria!

2005eko errore handienak webgintzan, Nielsenen ustez

Gari Araolaza 2005/10/04 10:43

Webguneak egiten ditugunontzat klasiko bat da Jakob Nielsen-en Top 10 Web Design Mistakes . Aurtengoan ere atera du 2005eko errore handienak webgintzan zerrenda.

Batzuentzat Jakob Nielsen radikal bat besterik ez da, eta agian arrazoia ere badute, baina bere lana hori da. Bere lana, purista izatea da, guk berarengandik pixka bat har dezagun eta ahal den guztietan erabiltzailearen alde egin dezagun.

Oso sarri gertatzen zaigu bezeroen aurrean, erabiltzaileak defendatu behar izatea. Bai, bezeroa bera da, baina sarritan ez da konturatzen bere gustoko erabaki asko webgunearen bisitari eta erabiltzailearen kontra doazela. Animazio bat nahi du, gauza orijinalago bat... Nahasmena normalean. Guk nahiago izaten dugu benetako bezeroarengan pentsatzea, kasualitatzen webgune horretara iritsi eta zerbaiten bila dabilen bezero horrengan.

Horregatik iruditzen zaizkigu garrantzitsuak Nielsenen gomendioak. Noski, gero nola aplikatzen ditugun, hori gure kontua da, eta kasu bakoitzean neurtzen dugu egin beharreko kasua, dena ez bait da zuria edo beltza. Baina saiatzen gara.

Arauak apurtzeko, aurretik ezagutu beharra dagoenez, hona hemen 2005eko errore handienak webgintzan .

  1. Irakurgarritasun arazoak: letra tipo txikiak, tamaina fijoak (erabiltzaileri aldatzeko aukerarik eman gabe) eta kontraste gutxikoak.
  2. Lotura ez estandarrak: testu batean ezin dugunean desberdindu zer den lotura eta zer ez, eta nire gerra pertsonala: loturak leiho berrian zabaltzearena. Nik erabaki nahi dut leiho berria noiz ireki. Bestalde, aurten gure kontura hartutako erabaki batekin ere ados dago Nielsen: PDFak leiho berrian.
  3. Flash: edo Flash-aren erabilpen okerra esan beharko genuke
  4. Weberako idatzi ez den edukia: irakurtzean, bla-bla-bla-bla entzuten duzunean zure garunean.
  5. Bilaketa txarra: webgune batean bilaketa jartzen dugunean.
  6. Nabigatzaile ez-bateragarritasuna: garai batean garrantzi gutxi izan du, Internet Explorer nagusi zelako, baina hau ere aldatuz doa. Onena estandarrak jarraitzea.
  7. Datu-orri deserosoak: luzeak, zailak, behar ez diren daguekin, beharrezko eremuak...
  8. Kontakturako informazio eza: erabiltzaileak konfidantza hartzen dute helbide fisikoren bat ikusi ezkero. "Bai, sarean gaude, baina aurpegi eta bulego eta telefono zenbaki bat ere badugu" esatea garrantzitsua da.
  9. Maketazio zurrunak: zabalero finkoko maketazioak, nabigatzaile handietan txiki eta txikietan handiegi ikusten direnak. Hor badugu zer hobetu.
  10. Argazkien anpliazio ezegokiak: "Argazkia handiago ikusi" lotura batean klik egin eta oso antzerakoa erakustea, benetan argazki handiagoa erakutsi beharrean.

2005eko errore handienak webgintzan zerrenda osoa.

Euskal Spama (eta 2)

Gari Araolaza 2005/10/03 15:19

Berriz ere eskatu gabeko spama euskaltzaleoi (eskatutakoa bada, ez da spama). Euskararen izenean bada denak balio du itxura batean, baita publizitate deklaratua ere:

   Subject:     [Publizitatea] Gipuzkoako Foru Aldundiaren     kultur agenda   Date:     Mon, 3 Oct 2005 15:00:20 +0200   From:     dokum@argia.com   To:     XXXXXXXXXX   XXXXXXXXX <xxx@xxx.xxx>    KULTUR AGENDA   (Urriaren 1etik 31ra)    KOLDO MITXELENA KULTURUNEA   (http://www.gipuzkoakultura.net/kmk.htm)    [...] 

Nola baja eman norberak izena eman ez duen "zerbitzu" batean? Ideiarik ere ez...

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.