Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Bloglines saldu dute

Gari Araolaza 2005/02/06 09:06

Atzo gauean jakin nuen eta asteburua izan arren albistea korrika dabil batetik bestera : Mark Fletcherrek lortu du berriz ere bere asmakizun bat enpresa handi bati saltzea.

Kasu honetan Bloglines izan da, eta AskJeeves-i saldu dio. AskJeeves ez da oso ezaguna hemen inguruan, baina bilaketak eta galderak egiteko sistema da, mundu amerikarrean nahiko arrakasta duena.

Bloglines aldiz, gure blog/feed irakurgailu maiteena da Joxe Aranzabalek aipatu zuen behin eta Erabili.com-en ere azaldu zuten nola ibili.

Mark Fletcher argia

Tresna ikaragarria asmatu du Markek bere Bloglines-ekin. Beti galdetzen genion geure buruari nola demontre ordaintzen zen sistema. Orain ikusi dugu: salduta.

Mark Fletcherren aurreko asmakizuna YahooGroups izan zen. Hobeto esateko, 1997an OneList sortu zuen, gero eGroups izango zena eta 2000. urtean Yahoo-ri saldu zion tresna osoa.

Mark-en jarduna asko jarraitzen dugu bere Wingedpig (txerri hegaduna) blogean, nahiz eta guk nahi baino gutxiago idazten duen.

Garbitu spama Gmail-en bidez (1)

Gari Araolaza 2005/02/04 15:47

Azkarregi esplikatu dudala kexatu dira, eta hona hemen azalpen argiagoak:

Funtsean egin behar dena da mezuak irakurri aurretik, Gmail-etik pasatzea. Bidean, Gmail-ek spam iruditzen zaizkionak bazterreratuko ditu eta guk ez dugu zabor hori jasoko.

Has gaitezen:

  1. Pausoa: GMAIL helbide bat lortu

    Gmail helbideak lagunen gonbidapenez lortzen dira. Gmail helbidea duen norbait ezagutzen baduzu, eskatu berari eta berak bidaliko dizu gonbidapena. Nik ere oraindik badauzkat zenbait gonbidapen, nahi baduzue.

    Gonbidapen hori e-postaz iristen da orain daukazun helbidera. Mezu horretan dagoen lotura batean klik eginik, Gmail-en webgunera joan eta izena eman ahal izango duzu.

    Hori egindakoan, utzi egun batzuk horrela, eta egin aproba batzuk, mezuak bidali eta irakurriz nabigatzailearen bidez. Ikasi nola antolatu daitezkeen mezuak etiketen bidez, egin bilaketak eta abar. Aztertu sistema pixka bat, eroso sentitu arte.

(Jarraituko du)

Faxen segurtasuna

Gari Araolaza 2005/02/04 12:20

Ez dakit nor izan zen esan zuena faxak segurtasun gehigarriren bat zuela e-postaren gainean. Sarritan jasotzen ditugu sinatuta eta matasello batekin fax bat bueltatzeko eskaerak. Alferrik. Lantokian ez dugu faxik.

Akaso, ezin al da fax bat faltsifikatu? oraintsu jakin dugu preso batek gartzelatik ihes egin duela fax bat faltsifikatuz .

Hurrengoan soluzio erraza:

  • Eskaneatu sinadura eta enpresaren mataselloa
  • Jaso dokumentua rdf, word edo dena delako formatuan eta dokumentu horretan itsatsi sinadura eta mataselloa
  • Bidali e-postaz eta besteak inprimatu dezala

Listo!

Bihurri on-line

Gari Araolaza 2005/02/03 18:33

Teknosexual berri bat dugu gure artean, transformazio handia jasan duena: Ernesto Ezpeleta "Bihurri" aizkolari eibartarra.

Webgunea zabaldu berri du, baina ez edonola: munduko errekor batekin, aizkoran. Abadiñoko feria izan da tokia.

Guztira 3 ordu 7 minutu eta 48 segundu behar izan ditu 5,00 metro perimetroko pago egurtzarra mozteko, 4.797 aizkorakada emanez.

Ez da ezagutzen honelako beste markarik. Esan daiteke munduko errekorra izan dela beraz.

Hau da, hau. Duela bi aste ordenagailua nondik piztu ere ez zekien. Orain etxera iristen denean seguru egiten duen lehenengo gauza piztea dela, albistea ikusteko bere Bihurri.com webgunean.

Zorionak eta ongi etorri Teknosexualen artera!

Spam guztia garbitzen Gmail-en bidez

Gari Araolaza 2005/02/02 12:10

Aspaldi otu zitzaidan, eta beste ingles edo amerikar bati ere irakurri nion, baina gaur arte aplikatu gabe. Eta merezi du!

Thunderbird edo Mozilla ederrak dira spama garbitzen. Desabantaila bakarra da, mezu guztiak deskargatu beharra dagoela, gure programak spama zein den erabaki eta ezabatzeko. Lantokian ez da hain arazo gogorra, ADSLarekin, baina modemaz dabilenak badaki zertaz ari naizen. Bestalde, Thunderbird-ak ere lanak dituela azkenaldian datorren spam guztia garbitzen.

Gaur egin dut bi pausotan gauza azkarra:

  1. Nire Eibar.ORG-eko korreo guztia birbidali nire gmail helbidera.
  2. Thunderbird (edo zuen Mozilla, Outlook edo dena delakoa) konfiguratu mezuak Gmail-etik har ditzan pop protokolo bitartez.

...eta listo! Orain beharrezko mezuak bakar bakarrik datoz, eta edonondik kontsulta dezaket nire korreoa Gmail bidez, eibar.org-en web sistema normaltxoa erabili beharrean!

Portzierto, Gmail helbideak erregalatzeko dauzkat. Nahi duenak eska dezala.

Solaris open source bihurtu dute

Gari Araolaza 2005/02/01 20:36

Gaurtik aurrera Sun-en Solaris sistema kode irekikoa izango da.

Solaris da gaur egun dagoen UNIX sistema indartsuena. Windows, Linux edo Mac-OS ezagutuko dituzu agian. Solaris hori da, beste sistema mota bat, UNIX-en familiakoa eta orain arte zerbitzari handietan nagusi zena.

Kontua da Solaris oso garestia zela, eta Linuxa lekua kentzen ari zitzaiola. Azkenean Sun handiak erabaki du Solaris-en barne kodea erakustea, garatzaileek berarekin lan egin dezaten eta zenbait kasutan kodea kopiatzeko eskubidea izango dute.

Proiektuak OpenSolaris izena du.

Aldaketak fabrikante handien artean

Pauso ikaragarriak gertatzen ari dira software librearen inguruan. Lehenengo IBM hasi da Linux gomendatzen, eta orain beste enpresa erraldoi hau beraien kodea banatzen.

Honen atzean zer dagoen? ba, konturatu direla beraien negozioak izan behar duela hardwarea saltzea, eta ez hainbeste programak. Microsoften alderantzizkoa beraz. Luzarora nork asmatuko duen... hemendik zenbait urtetara esango dugu.

Kasualitatez iritsi da nire eskuetara 1992 urte inguruko aldizkari baten fotokopia. IBM-ren OS/2 sistema aipatzen da han, Microsoft-en Windows 3.1-ri irabaziko ziola eta abar. Orduko teknosexualek Windows baino sistema hobea zela zioten... tokitan gelditu dira.

IBM horrekin hasi zen ikustean edonork fabrikatzen zituela berak asmatutako PCak (askoz merkeago gainera, klonikoen garaia orduan hasi zen) eta softwarean Microsoft zela jaun eta jabe. Horregatik sortu zuten OS/2-a, UNIX-aren gauza onenetan oinarriturik eta Windows-ekin bateragarria. Orduan ere itxura ona zeukan estrategiak.

Prospektibarik nahi baduzue, joan nire auzokide Prospektiba blog-era. Auskalo zer gertatzen den datorren urtean, Ogrosabelek berak ere Linux-a uztea erabaki duenean.

Azalpenen bat ere eman beharko...

Gari Araolaza 2005/02/01 02:00

Zer da hau? egun batetik bestera idazten jarri eta aurkezpenik ere ez...

Gari naiz. Internetaren euskal munduan ibili bazara ezagutzen gara, hemen inguruan nabil eta, azkeneko urteetan. Eibar.ORG Elkartean eta CodeSyntax enpresan batez ere.

Bart lorik ezin egin eta bloga izan behar nuela erabaki dut, eta hementxe nago. Goizean kafe orduan txorakeria batzuk egin ditugu argazki kamerarekin eta hor goikaldean duzue emaitza, Maite Etiam-en esku finetatik pasa ondoren.

Aitzakia Anjel Lertxundik eman dit, bere herenegungo zutabean

Teknosexuala

anjel lertxundi

Irakurle, metrosexuala baldin bahaut, jakik ez hagoela modan, hirea fashion itxura oso iraupen laburreko lorea izan dela. Moda-modan egon nahi baduk, teknosexualena duk orain modernitatearen gailurra. Emaiek berriro askatasuna hire paparreko ileei, etzak sosik gastatu kremak erosten, eskura ezak ostera ere hire ar itxura, bihur hadi teknosexual, eta eskura itzak, atzo goizeko metrosexualen kremen ordez, trepeta teknoak: azken orduko ordenagailu eta segapotoa, iPod-a lepotik zintzilik

Ez duk aski. Hona, halaber, modan egon nahi baduk, jarraitu beharreko diziplina: kirola egin; jana zaindu; ar itxura eskuratu, baina, ororen gainetik, teknologia berrien zale itsua izan. Blog bat zer den ez balekik, edo Sustatuk ematen dituen aholku teknologikoak ulertzen ez badituk, hireak egin dik.Teknosexualen sexua ere birtuala ote den, horixe ez diat jakiterik izan.

Laster arte.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.