Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Jarraitu sorbeltz bikote honen gora-beherak, habian jarritako webcamari esker #txoriak

Asier Sarasua 2018/05/15 21:10

Esperientzia polita Jerezko (Andaluzia, Espainia) ikastetxe bateko hau. Webcama ipini dute euren ikastetxeko teilatupean, sorbeltz habia batean gertatzen dena jarraitzeko eta ikasgelan aztertzeko. Liburuek diotena ikastea baino eraginkorragoa, ala?

Kamera horri esker 24 orduz jarraitu ditzakegu Youtuben sorbeltz-bikote baten ibilerak, arrautzak nola zaintzen dituzten, ar-emeen arteko zirriak, habiako sartu-irtenak,... Sorbeltzen habiak leku ezkutuetan egoten dira eta ez da erraza bertatik bertara aztertzea. Kamera honi esker, ostera, sorbeltzen portaera aztertzeko aukera paregabea daukagu. Oharra: Youtubera sartzen zaren unean txoriak ez badaude habian, bota pixkat atzera eta aurkituko dituzu.

Nabarmentzekoa zein goxo zaintzen duten elkar, nola deitzen dioten elkarri eta nola laztantzen diren. Hegoen luzeera handia ere garbi ikusten da; begira noraino heltzen zaizkien, hegaldirako erabat moldatuta dagoen espezie baten ezaugarri behinena.

2012. urtean hasi zuten Jerez de la Fronterako ikastetxean sorbeltzak ezagutzeko programa hau. Harrezkero, urtero urtero ekimen gehiago antolatu dituzte sorbeltzen inguruan, "ezagutzen dena hobeto zaintzen delako". Emaitzak berez etorri dira: 5 urtean sorbeltzen kolonia sendotu egin da (bi bikotetik zazpira igaro dira, eta 7 kumetik 25era). Aurten webcama jarri dute SEO elkartearen laguntzarekin.

Sorbeltzei jarraipena Jerezgo ikastetxe batean

Sorbeltz arruntak eta sorbeltz arreak

Irudietako horiek sorbeltz arreak dira (Apus pallidus), Andaluzia aldean nahiko ohiko direnak, Euskal Herrian ez horrenbeste. Gurean, berriz, sorbeltz arruntak (Apus apus) dira herri guztietan aurkituko ditugunak. Duela egun batzuk etorri dira Afrikatik bueltan eta Euskal Herrikoak ere habia prestatzen eta arrautzak zaintzen daude une honetan (geroz eta zailagoa duten beharlekua, Iñaki Sanz-Azkue biologoaren artikulu honetan ondo azaltzen den moduan).

Sorbeltzak hegazti ezagunak dira, udaberria eta giro ona iragartzen dutenak, udako soinu dira bere krrrriiiii-krrriiiii-krrriiiiiii garraxiak... Beharbada horregatik jaso ditu hainbeste izen Euskal Herrian zehar. Txoriak.eus-en makinatxo bildu ditugu: Abijoi, Ainhara beltz, Apeztxori, Arrantxori, Artxilloi, Belentzario, Beltxijoi, Bentzajo, Brintzario, Elai beltz, Elizelai, Eliztxori, Enara beltz, Enara handi, Erlai, Ermitario, Hegabera beltz, Irrigo, Kañabra, Kanpantxori, Kataka, Kirrillo, Kirriskillo, Kirrizkarro, Kriku, Martin, Mitxigu, Sorbeltz, Txenara beltz, Txio, Txirri, Txirribirri, Txirrin, Txirriño, Txirrio, Txirritxaldo, Xoribeltx, Zirringilo, Zirrizkilo.


Okil beltzaren (Dryocopus martius) hedatze ikusgarria Euskal Herrian, Eibarrera heldu arte!

Asier Sarasua 2018/05/12 14:55
Okil beltzaren (Dryocopus martius) hedatze ikusgarria Euskal Herrian, Eibarrera heldu arte!

Okil beltza (Dryocopus martius), Alastair Rae, CC-BY-SA

Azkenaldian hegaztien inguruko albiste gehienak oso kezkagarriak dira, espezie eta populazio gehienek beheranzko joera bizkorra daukatelako azken urteotan (asteotakoak dira, esate baterako, 3 albiste hauek, antzandobien %95a desagertu dela EAEn, basoilo txikia ia-ia desagertu dela Euskal Herritik, edota urtean 600.000 enara gutxiago daudela Espainian). Hala ere badaude egoera kezkagarri horretan euren populazioak eta eremu geografikoak zabaltzen dituzten espezieak. Adibiderik aipagarriena okil beltzarena da, gu gazte ginela Pirinioetan bakarrik ikusten genuena, eta orain egun batzuk Eibarren bertan aurkitu duguna!

Okil beltzaren zabaltze harrigarria

Orain hamarkada gutxi batzuk arte okil beltza (Dryocopus martius) mendi garaietako espeziea zen gure inguruan, 2 populazio bereizi zituelarik, Pirinioetakoa eta Europako Mendietakoa. Zuberoa eta Nafarroara joan beharra genuen hegazti hau ikusteko. 1985eko EAEko atlasean diote (hemen lana PDFan) bere presentzia Gipuzkoan anekdotikoa dela (Aralarreko baso batean behin ikusia). Eta ez dago beste zitarik Bizkaian eta Araban.

Harrezkero, baina, eremua zabalduz joan da eta azken urteotan izugarrizko hedapena izan du, naturan gutxitan ikusten den horietakoa. Aralarretik barrena Gipuzkoara zabaltzen hasi zen lehenengo, mendirik mendi eta basorik baso (2001eko Gipuzkoako Atlasean 4 kuadrikulatan aipatzen da, Leitzaranen eta Aralarren). Arabarantz hedatu zen ondoren, eta azken urteotan Bizkaian ere gero eta ohikoago bilakatu da. 1985ean EAEn anekdotikoa izatetik, 2013an 39 kuadrikulatan aurkitu zuten ("Black woodpecker Dryocopus martius recent range expansion leads to the coalescence of the two former distribution areas in northern Spain", PDF). 2013ko albiste honek ere ondo azaltzen du hedatze-fase hori (Itsasenara Elkartearen blogean).

Okil beltzaren mapa 2013

2013ko mapa, Gainzarain eta Fernández-García. Bi populazio historikoen artean (Europako Mendietakoa eta Pirinioetakoa) zubi-lana egiten duten hainbat lurralde hasi da okupatzen okil beltza, gehienbat Gipuzkoa eta Arabako mendilerroetan.

2013tik hona izan duen hedatzea are bizkorragoa da. Gehienetan pinadi eta pagadi helduei lotuta hedatzen da, baina badirudi bere behar ekologikoak ez direla uste genuena bezain zorrotzak (edo ondo egokitu dela azkenaldian "utzita" dauden pinu landaketetara) eta apurka-apurka ia-ia eskualde guztietara ari da zabaltzen.

Mendilerro nagusietan ohiko bilakatu da (Aralar, Aiako Harriak, Aizkorri-Aratz parkea, Arabako mendilerroak, Urkiolako parke naturala...), eta dagoeneko kostalderantz ere zabaldu du bere eremua. Donostian edo Baionan bertan ikusi dute, esate baterako, eta ezaguna da Bilbo ondoko okil bikote honen istorioa, txorizaleek bere ibilerak zuzenean jarraitu ondoren ehiztari batzuek kumatze-garaian erahila. Euskal Herrian ez ezik, inguruko lurraldeetan ere antzekoa izan da zabalkundea, bai Burgosen zein Landetan.

Zabalkunde bizkor hori ederto irudikatzen du Ornitho.eus webgunean jasotako datu bildumak: dagoeneko EAEko 70 kuadrikula ingurutan daude behaketak.

Okil beltza EAEn

Okil beltzaren presentzia EAEn Ornitho.eus webgunearen arabera (2018ko maiatzean).

Ez daukat datu zehatzik, baina esango nuke Nafarroa hegoalde idorra, Arabako lautada eta Errioxa, eta Aturri inguruko eremu lauak direla okil beltzik gabeko lurralde bakarrak gaur egun Euskal Herrian (ikus banaketa orokorra eBird-en datuen arabera). Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldeko eskualdeetan ere falta zen orain gutxira arte (pagadi gutxi, inguru industrializatu eta humanizatua...), baina hor ere gero eta arruntagoak dira behaketak. Esate baterako, Eibar moduko ingurune txiro eta industrializatuan!

Okil beltza Eibarren lehenengoz

Eibartik gertuen Debagoieneko eta Durangaldeko aipamenak genituen orain gutxira arte. Urkiolatik jaitsita, Mallabian ere ikusi izan da azken urtean, besteak beste.

Eta hara non, duela pare bat aste Eibarren ere agertu den. J.M. Altuna txorizaleak 2 ale aurkitu zituen apirilaren 21ean Unbe gaineko basoetan, Galdaramiñoko maldetan. Biharamunean igo nintzen ni ere, eta hantxe zegoen okil bikotea, pinudi txiki batean.

Hara ba albiste pozgarria! Orain dela 20 urte ezta amestu ere egingo ez genuena: Pirinioetako okil beltz ederra Eibarko mendietan! Ongi etorri laguna!

Okila Galdaramiñoko pinudi batean

Galdaramiño magaleko pinudia. Bertan ikusi dugu pare bat aldiz okil beltz bikotea. Ezin esan habia bertan ote daukan edo mendiaren beste magalean, Elgeta-Bergara aldean, baina zalantzarik ez okil beltza honezkero Debabarrenera ere hedatzen hasi dela.

Eibarko kale-izen zaharren (eta "barrixen") eskugida moduko bat (1980 ingurukua)

Asier Sarasua 2018/05/02 20:17
"Relación de nuevos nombres de calles de Eibar".

Etxeko paper zaharren artian 1980 ingurukua izan bihar dan "txartel" bat topatu dot. Sasoi horretan aldatu zittuan udalak Eibarko kale-izenak. Frankismo sasoian ipinittako izen batzuk kendu, eta barrixak ipini jakuezen.

Kasu batzuetan toponimo zaharrak berreskuratu ziran (Artegieta, Mutiola,...); beste batzuetan, pertsona-izen barrixak aukeratu ziran, neurri bateko kontsentsu politikoz (eta Frankismo sasoiko beste batzuk kenduta, Carlos Larrañaga, Justo Oria, Esteban Orbea,...).

Izendegi aldaketia "traumatiko" samarra izan bihar ei zan orduko eibartarrendako (nik neuk ez dot gogoratzen). "Bizi guztiko" izenak kendu eta izen barrixak ikasi bihar. Aukera komertziala ikusiko zeben Salaberrianekuak, eta hamengo txartel edo eskugida txikixa kaleratu zeben.

Eibarko kale-izen zaharrak 01

Eibarko kale-izen zaharrak 02

30-40 urte igaro dira harrezkero. Eta oindiokan jarraitzen dogu Dos de Mayo (eta Generalisimo?) esaten. Bittartian, 1980 inguru horretan "kendutako" kale-izenak gainbegiratziak hausnarketa txiki baterako tartia be emoten dau: Plaza de los Mártires (de la tradición!), Avda. (sic) del Generalísimo, Amaña C, E, F eta G... Amañan benetako izenik biharko ez balitz moduan; eta abar.

Seme-alabekin eitteko moduko ariketia, zerrendiori gainbegiratziana. ;)

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Bai, biharrian be jardun genduan horretaz. Baina ... Asier Sarasua, 2018/05/09 21:24
Eta Mutiola lehen "Barrencalle" izena zekan??? ... Oier Gorosabel Larrañaga, 2018/05/09 19:33
Gráficas Eguren inprimategiko produktuen itxura ... Luistxo Fernandez, 2018/05/03 09:19
eskerrik asko Haritz! Asier Sarasua, 2018/04/20 17:20
Txango eta erreportaje politak! Haritz, 2018/04/16 10:47
Eskerrak zuri, Martin! Gutxitan ateratzen dizkiet ... asier, 2018/04/11 15:57
Bikainak, irudiak eta azalpenak. Eskerrik asko, ... Martin, 2018/04/10 09:13
Oso ona Asier. Eskerrik asko. Serafin, 2018/02/07 21:09
konatu gehiago liburuari buruz laburpen dexente ... ANO nimo, 2017/12/18 08:34
hau ez da merezi duen laburpena manue, 2017/12/18 08:33
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018