Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Luzuero (309 m), Bizkaiko mendebaldeko begiratokia #100mendi #61

Asier Sarasua 2018/03/31 12:35
Luzuero (309 m), Bizkaiko mendebaldeko begiratokia #100mendi #61

Luzuero (309 m), Zierbena, Bizkaia

100 Mendien Lehiaketako 3. urteari ekiteko, Luzuerora (309 m) igo ginen, gaztelaniazko Punta Lucero izenez ere ezaguna. Bilboko itsasadar sarreran dagoen lurmutur eta tontorra da Luzuero, Zierbena eta Muskiz gainean kokatua. Serantes (452 m) garaiagoa dauka alboan.

Zierbenako Aldapa (La Cuesta) auzotik ekiten zaio igoerari (nahiago bada, beheragotik, Zierbenako portutik bertatik). Ibilbide labur eta erraza da, zabala eta ondo seinalizatua, haurrekin egiteko ere egoki-egokia. Inguru guztia belardi eta otadiak dira, itsaso gaineko ikuspegi ederrarekin. Abra alde batera, Muskizko hondartza bestera.

Luzuero (309 m)

Bilborako sarrera izanik, Abra osoa dominatzen da Luzuerotik. Hori dela eta, garrantzi estrategikoa izan du historian zehar, eta gerrako azpiegitura ugari ere ikus daitezke Luzueron (lubakiak, kanoiak, gotorlekuak, kuartelak, eta abar).

Azpiegitura militar horiek hainbat garai eta berrerabilpen ezagutu dituzte. XVI. mendean ezarri ziren lehenengoak, eta karlistaldietan lubaki ugari eraiki ziren. Lubaki horiek berrerabili egin ziren, ondoren, Gerra Zibilean, Bilboko Burdin-Hesia egituratu zenean. Luzuero puntu estrategikoa izan zitekeen Francoren aurkako gerran. Behin gerra galduta, Franco bera izan zen Luzueron azpiegitura militar garrantzitsuak eraiki zituena. Izan ere, aliatuen eraso baten beldur ziren frankistak, eta horiei aurre egiteko zenbait azpiegitura ezartzen hasi ziren Kantauriko kostaldean zehar.

Kuartela nahiko luze egon zen martxan eta oraindik ere zati bat nahiko egoera onean dago. Ibilbide honek, beraz, naturaz gozatzeaz gain, gure historian barneratzeko aukera ere emango digu. Bitartean, Bizkaiko eta Cantabriako kostaldearen ikusmira ederra izango dugularik.

Luzuero (309 m)

 Luzuero (309 m)

Hauxe izan da gure aurtengo lehenengo mendi puntuagarria, 100 mendien lehiaketako 61garrena. Ehun mendien araudia oso erraza da, XX. mende hasieran sortu zenetik ia-ia aldatu ere egin ez dena (hemen 1930ekoa). Garrantzitsuena:

  • 100 mendi ezberdin igo behar dira, 5-10 urte bitarteko epean.
  • Egunean bakarra igo daiteke asko jota; eta urtean 20 gehienez.
  • Mendi-tontorrera heltzean, zure klubeko txartela laga behar duzu gailurreko postontzian, zure datuekin.
  • Federatuta egon behar zara.

Lehiaketa deitzen zaio, baina gutxi du ohiko lehiatik. Izan ere, ez duzu beste inoren aurka lehiatzen, ez dago saririk, ezta benetako epailerik ere. Nork bere buruari jarritako erronka besterik ez da, helburu bakarrarekin: mendizaletasuna eta naturzaletasuna bultzatzea, eta Euskal Herriko txoko eta bazterrak ezagutzea. Behin 100 mendiak igota, gainditutako erronkaren poza da lortzen duzun gauzarik garrantzitsuena.

Puntuagarriak diren mendien katalogo bat dago (berriki eguneratua); Euskal Herriko 800 mendi-kaxko (gehientsuenak), eta inguruko lurraldeetako beste dozenaka batzuk (batez ere Pirinioetakoak) biltzen ditu. Horietako zeintzuk, noiz eta zelan igotzen dituzun, hori ez dizu inork zehazten; zure esku dago.

"Le peuple migrateur" (2001) eta "Fly Away Home" (1996), hegaztien migrazioari buruzko dokumentala eta filma

Asier Sarasua 2018/03/25 16:30
Hegaztien migrazioan oinarritutako 2 pelikula. "Le peuple migrateur" (2001) dokumentala, euskarazko azpitituluekin ikusi daitekeena, eta horren oinarri izan zen "Fly Away Home" (1996) filma, benetako istorio batean oinarritutako pelikula.

Munduko 7 kontinenteetan eta 4 urtez milaka grabazio ordu egin zituen lantaldeak, 90 minutuko dokumental harrigarri hau sortu ahal izateko. Denbora horretan, hainbat hegazti espezieren migrazioak jarraitu zituzten, urtean zehar egiten dituzten joan-etorriak grabatuz munduko ingurunerik ikusgarrienetan: poloetan, itsaso zabalean, Amazoniako oihanetan, basamortu eta ordokietan,...

Hegaztien migrazioa naturak ematen duen fenomeno harrigarri eta ikusgarrienetakoa da. Urtero-urtero, udaberrian eta udazkenean, mundu osoko milaka espezietako milioika txorik bidaia luzea abiatzen dute, bizirik iraun ahal izateko. Horretarako, milaka kilometro egingo dituzte, arriskuz betetako txango batean, batzuetan iparralderantz, hurrengoan hegoalderantz.

Dokumentala egiteko, narrazioa eta alderdi zientifikoa albo batera laga zituzten, eta irudiek eskaintzen duten indarrean oinarritu. Ia-ia testurik gabe, oso-oso gertutik ateratako irudiak dira dokumentalaren muina, gizakiak gutxitan gozatu dezakeen ikuspegia eskainiz ikusleari. Horretarako, hegaztietako asko produkzio-taldeak hazitakoak ziren, animaliak jaioberritan ohitu zitezen grabazio-ekipoetara.

Animaliak oinarri dituzten dokumental eta pelikula guztietan bezala, oriangoan ere hortxe geratuko zaigu dilema etikoa, ezta? Noraino erabili eta derrigortu ditzakegu animaliak gure asmoetarako. Hala ere, ezin uka, dokumental honek sekulako irudi ikusgarriak eskainiko dizkigula eta naturarekiko maitasuna (eta ezagutza) zabalduko dizkigula.

Dokumentalaren oinarrian, Bill Lishmanen bizipenak, "Fly Away home" (1996)

Film horren inspirazio nagusietako bat Bill Lishman (1939-2017) artista, naturzale eta asmatzaile kanadiarraren esperientzia izan zen.

Lishmanek hegazkin ultrarinak pilotatu eta diseinatzen zituen. 1988an lortu zuen bere etxean hazitako antzara talde bat gidatzea bere ultrarinarekin (horretarako bereziki egokitutako tramankulua). Eta 1993an antzaren migrazioa bideratzea lortu zuen, sekula aurretik migratu ez zuen antzara talde bat bere ultrarinari jarraikiz eramanez Canadatik AEB hegoladeraino.

Lishmanek eta bere familiak antzarekin bizitako istorio horretan oinarrituta pelikula gozo bat egin zen 1996an, Fly Away Home, Oscar sarietarako izendatua izan zena eta etxeko txikiekin ikusteko egoki-egokia.

 

Inpronta

Aurreko bi pelikulak egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da hegazti (eta ugaztun) espezie batzuek daukaten berezko ezaugarri bat, etologian inpronta (imprinting, ingelesez) izenez ezagutzen dena.

Hegaztien ikasketa-prozesuaren etapa labur bati dagokio eta Konrad Lorenzek deskribatu zuen lehenengoz, antzarekin egindako lanen ondorioz. Lorenz ohartu zen antzarakume batek, jaio eta segituan, bere amatzat hartzen duela mugitzen den eta soinuak emititzen dizkion lehenengo izakia (edo objektua).

Ahate edo antzara kumeak jaiotzean, ikerlari austriarrak jatorrizko ama beste izaki baten bidez trukatzen zuen, eta konturatu zen txitak ordezko amari jarraitzen zitzaizkiola; amatzat hartzen duten hori kumeen gidari izango da hortik aurrera. Inpronta edo eragin sakona utziko du betiko. Horrela, txorikumeak jaio eta ikusten duten lehenengo biziduna pertsona bat baldin bada, edonora jarraituko diote pertsona horri, bere ama bailitzan.

Gorago aipatu ditugun bi ikusentzunezkoak egiteko, teknika hori erabili izan dute (edo ezaugarri horretaz baliatu dira) zuzendariek. Etxean hazitako hegaztiak dira film horietako protagonistak, ume-umetatik gizaki batzuei jarraitzeko agindu genetiko horri, inprontari, jaramon eginez gizaki horiei munduko mutur batetik bestera jarraitzeko prest daudenak.

Britainiar Uharteetako mapa soziolinguistikoa. Hedadura eta erabilera. Hizkuntzak eta dialektoak.

Asier Sarasua 2018/03/25 13:56
Britainiar Uharteetako mapa soziolinguistikoa. Hedadura eta erabilera. Hizkuntzak eta dialektoak. Britoia(k), gaelikoa(k), normandiera(k)... Orduak pasa daitezke mapei eta datuei begira ;)
Britainiar Uharteetako mapa soziolinguistikoa. Hedadura eta erabilera. Hizkuntzak eta dialektoak.

Britainiar Uharteetako hizkuntzen mapa

Twitterren topatu eta Twitterren bertan zabaldu nuen hau. Orain blogera dakarkit, haizeak eraman ez dezan ;)

British and Irish Lang Maps erabiltzaileak zabaldu zuen mapa honek erakarri egin ninduen. Britainiar Uharteetako hizkuntzen mapa da (edo mapak dira). Bertako hizkuntza eta dialektoen hedadura eta erabilera-datuak (mapa handiago ikusteko, egin klik ondoko maparen gainean).

3 taldetan banatu daitezke hizkuntzak, 3 jatorri linguistiko ezberdinekoak:

  • ingelesa eta eskoziera (ingelesaren dialektoa-edo).
  • hizkuntza zeltak (5 hizkuntza ezberdin Britainiar Uharteetan).
  • oil hizkuntza, normandiera (Kanaleko Uharteetan oraindik ere mintzatua).

Mapak aztertzean, uste dut kontuan hartzeko pare bat kontu badaudela. Hasteko, koloreek ez dutela balio berbera hizkuntza guztietan (berde batek %70 adierazten du batzuetan eta %3 bestean). Bestalde, Irlandako mapa ere kontuz aztertu beharrekoa da, mapa nagusian ezagutza adierazten baita (oso datu altuekin) eta aldameneko mapa txikitxoan erabilera (arras ezberdina). Bestalde, aipagarriak dira manxera eta kornubiera berpizteko saioak. Hizkuntza horiek desagertuta zeuden, baina hizkuntzak berreskuratzeko ("berpizteko", zehatzagoa litzateke) ahaleginean dabiltza azken urteotan. Milaka hiztun gutxi batzuk dituzte dagoeneko, eta hizkuntzak eskola pribatuetan txertatzea ere lortu dute. 

Hizkuntza zelten inguruan

Garai batean Europako zati handi batean mintzatuak, (hemen Kristo Aurreko mapa historiko bat) gaur egun Britainiar Uharteetan (5 hizkuntza) eta Bretainian (bretainiera) egiten da.

Hizkuntza zeltak 2 taldetan banatzen dira:

Erabilerari dagokionez, euskararen pareko egoeran dago galesa, gutxi gora-behera, bai hiztun-kopuru zein erabilera aldetik. Irlandera ere nahiko hedatuta dago hezkuntzan, baina erabilera-datuak oso txikiak dira. Eskoziako gaelerari dagokionez, nahiko bizi dago mendebaldeko uharteetan, baina orotara oso hiztun gutxi ditu, eskualde bakan batzuetara mugatuta (egoera hori, gainera, gutxienez duela 4-5 mendetik dator). Bretainierari dagokionez ere, hiztunak galtzen jarraitzen du eta hiztun gehienak adinekoak dira (14.000 haur dira bretainieraz ikasten dutenak). Amaitzeko, gorago aipatu ditugu manxera eta kornubiera, behin hil ondoren, berreskuratzeko saiakeretan ari diren bi hizkuntzak zeltikoak.

Informazio gehiago Euskarazko Wikipedian:

Hizkuntza zeltikoak, egoera, hedadura, hiztunak

 

Normandiera (Oil hizkuntza) Mantxako Uharteetan

Bukatzeko, berezia da Erresuma Batuaren mugetan Oil hizkuntza edo normadiera ere mintzatzen dela. Oraindik bizirik dago Mantxako Kanaleko Uharteetan (Jersey, Guernesey eta Sark). 3.000 hiztun inguru dira.

Oïl hizkuntzak (Langues d'oïl) galo-erromantze hizkuntza taldearen izendapen linguistiko eta historikoa da. Garai batean Galia moduan ezagutzen zen eremuan mintzatu izan den hizkuntza (edo hizkuntza/hizkera taldea) da, gutxi gora-behera Frantzia erdi eta iparralde gehiena eta Belgikako Valonian. Oïl hizkuntzen lekua frantsesak hartu zuen (zeina, halaber, oïl hizkuntzetako bat den) hizkuntza ofizial eta nagusi gisa.

 Normandiera, Oil hizkuntza, Kanaleko uharteetan

 

 

Matraillako eta belarrondokuak, takateko eta gaztaikuak

Asier Sarasua 2018/03/10 19:35
Belarrondokua, matraillakua, zartatekua, plastatekua, betondokua, gaztaikua, kaskarrekua, takatekua, hagiñetakua, ikubilkadia, ipurdikua, kokotekua, okozpekua, ostikokadia. Eta, blastiau, berotu, zapuztu, saldia emon, egurra emon, pasaria emon,...

Hau zala eta bestia zala, takatekuak emoteko izenak agertu jataz parian azken egunotan, eta honaxe ekarri dittut. Izan be, makinatxo bat dira Eibarren bertan darabiguzen izenak (zer esanik ez beste eskualde eta euskalki batzuetakuak be aintzat hartuko bagenduz). Hamentxe batzuk.

Eta orokorraguak (golpear, vapulear, apalizar):

Adari-topekia Eibarren (Ojanguren)

Adari-topekia Eibarko zezen-plazan. 1920 inguruan. Indalecio Ojanguren (Guregipuzkoa.eus).

...............................

Goiko irudixa, Mundo Deportivo.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Bai, biharrian be jardun genduan horretaz. Baina ... Asier Sarasua, 2018/05/09 21:24
Eta Mutiola lehen "Barrencalle" izena zekan??? ... Oier Gorosabel Larrañaga, 2018/05/09 19:33
Gráficas Eguren inprimategiko produktuen itxura ... Luistxo Fernandez, 2018/05/03 09:19
eskerrik asko Haritz! Asier Sarasua, 2018/04/20 17:20
Txango eta erreportaje politak! Haritz, 2018/04/16 10:47
Eskerrak zuri, Martin! Gutxitan ateratzen dizkiet ... asier, 2018/04/11 15:57
Bikainak, irudiak eta azalpenak. Eskerrik asko, ... Martin, 2018/04/10 09:13
Oso ona Asier. Eskerrik asko. Serafin, 2018/02/07 21:09
konatu gehiago liburuari buruz laburpen dexente ... ANO nimo, 2017/12/18 08:34
hau ez da merezi duen laburpena manue, 2017/12/18 08:33
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018