Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Kingbird Highway, the biggest year in the life of an extreme birder" (K. Kaufman, 1997)"

Asier Sarasua 2018/02/14 16:50

Txorizale gazte baten ametsak biltzen ditu liburu honek. 1973. urtean, 18 urte zituela, Kenn Kaufmanek erabaki zuen bere bizitzako urte bete hegaztiak behatzen igarotzea. Big Year izenez ezagutzen den lehiaketan parte hartu eta ordura arteko errekorra gainditzea, AEBen ahalik eta hegazti espezie gehien ikusiz. Lortuko ote zuen aurreko marka gainditzea? Urte betean 650 hegazti-espezi ezberdin ikustea Estatu Batuetako 49 estatu kontinentaletan?

Kaufman gaztearen asmoak bazuen alderdi berezi bat, gainera: autostopa eginez bidaiatu zuen urte betez, Estatu Batuetako mutur batetik besteraino, harat-honat, errekor hori gainditu nahian. Kansasen hasi eta Californiaraino; Floridatik Montanara; Carolinatik Alaskara. Zubipeetan eta baso erdian lo egintez. Urte osoan 1.000 dolar bakarrik gastatuz.

Errekor bat gainditzeko asmoz abiatu zen gaztearen asmoekin hasiko da liburua, baina Big Year bezalako antzeko lehiaketen inguruko kezkarekin amaituko, txorizaletasuna zerrendatze hutsa baino askoz gehiago delako. Eta guztiaren gainetik, txoriak eta txoriak. Hegaztienganako pasioa eta maitasuna aurkituko dugu liburu honetako orrialde bakoitzean. Ornitologia betirako aldatzen ari zen garai baten argazkia ere bai, 1970. hamarkadan gauza asko aldatu baitziren txorizaleen mundutxoan (batez ere Estatu Batuetan).

Txoriburuontzat erabat gomendagarria (besteentzat,... beharbada ez).

Kingbird Highway
Kenn Kaufman
(Houghton Mifflin, 1997)

 

"Kingbird Highway", Kenn Kaufman (Houghton Mifflin, 1997)

Hitzaurretik.

People always called us "birdwatchers". (...) Nothing could have been simpler than "birdwatching". An activity by that name would have required nothing more than one person, alone, watching birds, any birds. (...) But in the early 1970s, we were not birdwatching. We were birding, and that made all the diference. We were out to seek, to discover, to chase, to learn, to find as many different kinds of birds as possible - and in friendly competition, to try to find more of them than the next birder. (...) People have always looked at birds, but the hobby and sport of birding really developed in the twentieth century. It developed gradually (...) but there was one brief period when birding went through revolutionary changes. Improvements in communication and in travel made it possible for people to seek birds from coast to coast, and birding changed from a mild local pastime to a continent-wide craze. It is only now (...) that we can see how far-reaching and thorough the changes were. Birding for the 21st century was born in the brief period from 1970 to 1975. This is a story about that time. I was fortunate enough to be traveling thorougout North America, in pursuit of birds, during that formative era. It was a good time to be on the road, a good time to be very young, a good time to learn and travel and grow while we played this great new game called birding.

.......................

Now revered as one of North America's top birders, Kenn Kaufman hit the road at age sixteen and spent a year crosscrossing the country to see as many birds as he could, in a birding competition known as a "big year." In what has become a classic among birders, this memoir chronicles the subculture of birding in the 1970s and a teenager's search for his place in the world. In a new afterword, Kaufman looks at the evolution of bird-listing since his own big year.

Kingbird Highway is an utter delighy. That one of our foremost field guide writers could also write a true, lyric tale of such a high order almost defies the laws of nature... I would follow Kenn Kaufman down Kingbird Highway as far as he wanted to take me on and on.

- Gary Nabhan -

Kingbird Highway is more that a good road story, for Kaufman found something greater than his intended goal. He learned about what is actually important in life.

- Mark Bittner - 

 

Gari-lanak Antzuolan (2003ko uztailaren 12an): gari-ebaten, gari-jotzen eta gari-garbitzen

Asier Sarasua 2018/02/07 14:20
Anelkar elkarteak antolatuta, gari-jotzea ("gari-jotia", gure hizkeran) egin zen Antzuolan 2003ko uztailean. Jaialdi hartako argazki, bideo eta kartelak ekarri ditut hona.

1960. hamarkadara arte, gariak sekulako garrantzia zeukan Euskal Herriko baserrietan eta familietan, baina oso denbora laburrean, 10 urte eskasean, Gipuzkoa eta Bizkaiko baserri gehienetatik desagertu zen, raus.

2003ko uztailean antzuolarrek garai bateko ohiturak eta lan-moduak berreskuratu nahi izan zituzten. Urtean zehar garia erein, jorratu eta zaindu egin zuten; eta uztailean, arratsalde bakarrean, ebaki, tolestu, jo eta garbitu (berez, egunak behar izaten dira lan horiek egiteko, baina erakustaldi honetan dena arratsalde berean egin zuten).

Anelkar elkarteak antolatu zuen, 2003ko uztailaren 12an, Antzuolan. Haraxe joan ginen, eta ikaragarri gustatu zitzaigun. Baserri bateko soroan garia ebaki zuten (igitaiak eta gurdi moztaile berezi bat erabilita) eta, gero, tolestu egin zuten (azaoak egin, mutxurioak egin, metak pilatu,...); jasotako garia gurdi gainean herrira jaitsi zuten; eta amaitzeko, plazan jo (matxaka izeneko gari-jotzeko makinan eta txangetean) eta garbitu egin zuten.

Prozesu osoa erakutsi ziguten, hiruzpalau ordutan, Antzuolako dozena bat baserritar edadeturen artean, auzolanean, betiko ohiturari jarraituz. Ondoren galafaria ere izan ei zen, nola ez, baina horra ez ginen gelditu ;)

Materiala:

 

Gari-ebaten

Gari-jotea Antzuolan (2003)

Garia igitaiez ebaten zen, baina Antzuolan gurdi moztaile berezi hau ere ikusi genuen lanean.

Gari-jotea Antzuolan (2003)

Azaoa egiten, gari-txorta, horretarako kakodun ziri berezia erabiliaz, txabera. Lastozko kapelak ere oso ohiko izaten ziren lan hauek egiteko orduan; izan ere, gari-lanetarako eguraldi beroa behar delako (egoki ebaki eta jotzeko). Zenbat eta beroago, orduan eta errazagoak dira gari-lanak.

Gari-jotea Antzuolan (2003)

Behin gari-azaoak eginda, bostekoetan ipintzen ziren (edo hamarrekoetan, hamabostekoetan tolestuta). Ondoren, azaoak besaraka hartu eta metatu egiten ziren gari-soroetan, zenbait egunez, eguzki galdatan lehortu zitezen. Azaoak gari-metetan tolesten ziren normalean; bestela, egoerak behartuta, mutxurixo (mutxurio) izeneko metatxo txiki behin-behinekoetan ere pilatzen ziren batzuetan. Behin garia zenbait egunez eguzkitan lehortuta, prest zegoen jotzeko. Goiko argazkian, gari-azaoak jaso eta gurdiratzen, plazara eramateko, jotzera.

Gari-jotzen, "gari-jotia"

Gari-jotea Antzuolan (2003)

Goiko argazkian, garia matxakarekin jotzen, gari-jotzeko makinarekin. Gari-jotzearen helburua da gari-aleak galburutik askatzea. Gari-jotzea, hainbat mendez, eskuz egiten zen, jakina, txanketian (txangetean) izeneko teknika erabilita, harlosa baten aurka. XX. mende erdirako gari-jotzeko makinak hasi ziren zabaltzen Euskal Herriko eskualde guztietan. Askotan zenbait baserritarren artean erositakoak ziren, auzokideen artean, eta txandaka erabiltzen zituzten; txandaka eta auzolanean.

Gari-jotea Antzuolan (2003)

Garia eskuz jotzen, "txanketian" (txangetean). Azaoa eskuekin ondo oratu, eta harlosa baten aurka jotzen zen, gari-aleak edo galgarauak (gari-garauak) askatu arte.

Garia garbitzen

Gari-jotea Antzuolan (2003)

Behin garia jo ostean, gari-aleak edo galgarauak garbitu egiten ziren, haizearen bidez garauak eta hondarrak (lasto-printzak, ahotza/alkotza, zikina...) banatuz. Jatorriz eskuz egiten zen: garia airera botatzen zen eta haizeak hondarrak eraman egiten zituen (arinagoak), garia (astunagoa) behera jausten zen bitartean. Prozesu hori ere mekanizatzen joan zen XX mendean zehar, argindarra eta gari-garbitzeko makinak agertu ahala; makina horiek, azken batean, haizea eragiten dute, garauak eta zikinak (lastoa, ahotza, zikinkeria txikiak...) bereiziz. Gari-garbitzea edozein unetan egin zitekeen; ezz derrigor garia jo eta berehala. Aurreko lanak auzolanean egiten baziren ere (ebagi eta jo), gari-garbitzea, askotan, baserri bakoitzak berea egiten zuen. Argazkian, Antzuolako gazteak, garia makinaz garbitzen.

Iturburuk 40 urte bete dittu

Asier Sarasua 2018/02/04 12:52
Oin dala 40 urteko erretrato batzuk agertu jataz paper zaharren artian. Iturburu ikastolia jasotzeko lanak dira, Estixan. 1976-1977 bittartian eraiki zan; 1978ko urtarrilerako hantxe genden ehundaka umemoko, ikastola barrixa estreinatzen. 40 urte bete dittu, azken egunotan, Iturburuko ikastoliak.
Iturburuk 40 urte bete dittu

Iturburu eraikitzen

Oker ez banago, 1976-1977 negukuak izan bihar dira argazkixok (bilduma osua Flickrren gehittu dot). Ahaztuta neukan, baina hara memorixia zer dan, ointxe etorri jata burura: gogoratzen dot aittakin igo nitzala obrak ikustera negu horretan. Ez dot askorik gogoratzen, 7 urte eukiko nittualako, baina gogoratzen dittut makinak biharrian; eta gogoratzen dot ikastolako gurasuen artian zeguan ilusiñua.

Jende askon laguntziakin eta biharrakin eraikittako ikastetxia izan zalako Iturburu, ordura arteko ikasgelak txiki geldittu eta gero. 1960an sortu zan Juan Antonio Mogel ikastolia, Euskal Herriko lehenenguetakua. Hasiera batian dozena erdi umekin hasi zan, baina 1970. hamarkada erdirako ehundaka giñan ikasliak, eta herrixan ez zeguan lekurik gu guztiok sartzeko. Halaxe erabagi zeben Iturburu eraikitzia, Estixa izeneko parajian, Arrajola gaiñian.

Iturburuko ikastola eraikitzen (1977)

1977-1978ko neguan estrenau genduan Iturburu, oin dala 40 urte

1977-1978 ikasturteko neguan igo giñan lehenengo ikasliak Iturburura. Irailerako egon bihar ei zan amaittuta ikastetxe barrixa, baina obrak amaittu ezinda, ehundaka ikaslek ikasgela probisionaletan hasi bihar izan genduan ikasturtia (gure gelakuak, esate baterako, Markeskuako monjak lagatako gela zahar jausi biharrekuetan).

Esango neuke abendu inguruan zabaldu zala Iturburu (ezin zihatz-zihatz esan). Oindiokan guztiz amaittu barik zeguan, jakina: autobusak Arrateko bidian lagatzen ginttuan; bidetxingor batetik gora eitten genduazen, oinez, azkenengo 200 metruak. Jolastokixa be amaittu barik zeguan, frontoia aterperik barik (ez dakit hasiera-hasieran frontoirik be ba ete zeguan), eta gelak be ez zeguazen guztiz amaittuta,....  Baina guri kristona iruditzen jakun ikastetxe barrixa. Autobusez igo biharra, mendixan bertan ikastia, basoz inguratuta, sekula amestu ezin geinkian jolastoki zabalakin,... paraisuan pareko zan guretako!

Hamentxe gaoz, lehenengo ikasturte haretan, 1978an, Urko atzian dakagula.

Iturburu Ikastola, 3. mailako gela, 1977-1978 ikasturtea

Gure gelakuak urte bi besterik ez genduzen bertan egin, baina ez dakaguz ahaztutzeko. Nahiz eta gu, egixa esateko, "Itziokuak" sentidu izan garan beti, EGBko urterik gehixenak (8tik 6) bertan egin genduzelako. Baina ze, Iturburu guria be izan zan, zatitxo bat besterik ez bada be!

Estixa toponimuaz

Ikastetxiari "Iturburu" izena ipini jakon, baina ez dago garbi zegaittik. Orduko guraso eta irakaslien artian galdetuta be, ez dau inork gogoratzen. Tokixan berezko toponimua ez dalako Iturburu, Estixa baizik.

Gure belaunaldittik gorako guztiak ezagutu izan dabe Estixa. Haur eta gaztien jolastokixa izan zan belaunaldiz belaunaldi. Arrajola gaiñian, oinez igotzeko moduan, zelai haundiren batzuk ei zekazen, eta baitta itturriren bat be. Perretxikotara, afariketetara, txorittara, lorak batzera, bihurrikerixetara,... gure guraso eta aittitta-amamen kuadrillak haraxe juaten ziran jolasera sarri-sarri.

Estixa eremu zabaleko toponimua da. Esan gura dot, ez dala zelai edo basotxo bat. Neurri batian, gaur egungo Iturburutik beherako zati haundi bat da Estixa, ixa Mirafloreserainoko guztia (gaur egun pinuz josittako ingurua).

Eibarko mapa toponimikorako jasotako dokumentuen artian, "Estiaga" topau genduan 1846ko dokumentu batian; ahoz Estixa esan izan jako, bai aspaldi, behintzat (Estiaga > Estiaa > Estixa garapenak ez daka sakretu fonetiko haundirik, Elorriaga>Elorrixa edo Madariaga>Madarixa moduan). Euskaltzaindian arabera, ez dago arrazoirik toponimo hori Z-az idazteko; Estiaga da, horretara, onartutako forma estandarra.

Eibarko ikastolaren historia txikia, 1960-1994 liburuan be (Imanol Laspiur, 1995) agertzen da azalpen txiki (txiki-txiki) bat ikastolia eraikitzeko erosittako parajiaz.

  • Agiri gehixenetan agertzen da "edificio a edificar en la zona de Estixa".
  • Amazabalegi basarrikuak saldu zittuen lurrak ziran: "olabarrico-solua" (zati bat, 3537 m2), eta "albercaldia" (zati bat, 24.271 m2). Hau da, ez zeben saldu ez Estixako zatirik, ez Iturburu izeneko lurrik.
  • Aurreko lurrekin batera, ikastoliak lortzen dittu: "Lubarri-barrenako iturburuan jaiotzen diren urak biltzeko eskubidea, han bertan kutxeta bat egiteko".

Hortaz, Estixa da toponimo nagusixa; Iturburu izango zan toponimo txiki bat, izatekotan, solobarrenen baten zati bat (azken agiri horretan aittatzen dana, esate baterako). Baina jakinda "iturburu" ez dala Eibarko euskeran erabiltzen dan berba arrunt bat, ez nitzake harrittuko gurasoren batek asmautako izena balitza, bertako leku-izen edo toponimo bat baino.

Iturburuko ikastola eraikitzen (1977) 

Iturburuko ikastola eraikitzen (1977)

 Iturburuko ikastola eraikitzen (1977)

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Bai, biharrian be jardun genduan horretaz. Baina ... Asier Sarasua, 2018/05/09 21:24
Eta Mutiola lehen "Barrencalle" izena zekan??? ... Oier Gorosabel Larrañaga, 2018/05/09 19:33
Gráficas Eguren inprimategiko produktuen itxura ... Luistxo Fernandez, 2018/05/03 09:19
eskerrik asko Haritz! Asier Sarasua, 2018/04/20 17:20
Txango eta erreportaje politak! Haritz, 2018/04/16 10:47
Eskerrak zuri, Martin! Gutxitan ateratzen dizkiet ... asier, 2018/04/11 15:57
Bikainak, irudiak eta azalpenak. Eskerrik asko, ... Martin, 2018/04/10 09:13
Oso ona Asier. Eskerrik asko. Serafin, 2018/02/07 21:09
konatu gehiago liburuari buruz laburpen dexente ... ANO nimo, 2017/12/18 08:34
hau ez da merezi duen laburpena manue, 2017/12/18 08:33
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018