Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Gure neskak, 2008-2015

Asier Sarasua 2016/02/21 22:50

Gure neskak, 2008-2015

 

Gure neskak, 2008-2015

Hegazti negutarren jarraipena, 2015-2016 #SACIN

Asier Sarasua 2016/02/14 16:50
Eibar inguruan neguan ikus daitezkeen hegaztien laburpen moduko bat.

Iaz azaldu nuen hobeto metodologia, baina labur-labur esateko, 10*10 km-ko kuadrikula bat aukeratu behar da (nire kasuan Eibarkoa, WN4080 laukia) eta bertako hegaztiak behatu/kontatu behar dira, horretarako 500 metroko 8 ibilbide zentsatuz. Nire kasuan, etxetik irten eta Kalamua tontorrera igotzen naiz, ia-ia zuzenean (beheko mapan, 8 transektuen kokapena).

Espezie batzuk gora-behera, iazko datuen antzekoak izan ditugu aurten ere, guztira 307 txori, 36 espezietakoak. Aurten ere txantxangorria izan da errege, aztertutako 16 ibilbideetatik ia-ia guztietan agertu delako. 

Honatx iazko eta aurtengo datuen laburpena:

  2014/15 2015/16
Ubarroia 2 0
Koartza 0 1
Basahatea 10 9
Sai arrea 0 7
Zapelatza 2 3
Uroiloa 0 1
Kaio hankahoria 0 35
Etxusoa 13 7
Okil berdea 5 1
Okil handia 0 1
Haitz-enara 2 0
Negu txirta 22 14
Buztanikara horia 0 5
Buztanikara zuria 0 4
Txepetxa 14 22
Tuntuna 2 0
Txantxangorria 33 29
Buztangorria 0 1
Pitxartxarra 1 0
Zozoa 25 8
Birigarroa 3 8
Birigarro hegagorria 3 0
Karraztarroa 4 1
Txioa 1 4
Erregetxo bekainzuria 3 9
Buztanluzea 3 9
Amilotx mottoduna 8 5
Pinu-kaskabeltza 6 8
Amilotxa 0 3
Kaskabeltz handia 27 14
Garrapoa 1 1
Katanarra 2 2
Eskilasoa 3 3
Belea 15 20
Erroia 0 2
Hormatxoria 29 17
Txonta 15 28
Txirriskila 0 1
Kardantxiloa 1 18
Tarina 0 4
Lorebatzailea (gailupa) 3 2
ESPEZIEAK 29 36
ALE KOPURUA 258 307

 

SACIN transektuak

Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Kepa Altonaga, 2011)

Asier Sarasua 2016/02/10 15:20
Larresoroko Seminarioko zuzendari eta irakasle izandako Arnaut Abadiak (Bithiriña, 1843) "Eskualduna" aldizkarian idatzitako artikuluen antologia. Euskarazko dibulgazio zientifikoaren aitzindari.
Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Kepa Altonaga, 2011)

Kepa Altonaga eta Asisko Urmeneta, liburua eskuetan

Askotan, gaur egungo euskaldunok pentsatzen dugu dena gure sasoian asmatu dela: euskara batua, euskarazko prentsa, euskarazko dibulgazioa zientifikoa... Baina hara non, bapatean, orain dela 170 urte jaiotako abade baten idazkiak irakurtzen ditugun eta zapla!, konturatzen garen, gure aurretik ere izan dela, jakina, euskarazko aldizkaririk eta izan dela aldizkari horietan euskarazko dibulgazio zientifikoa oso modu egoki eta taxuzkoan egin duen idazlerik.

Horixe ekarri digu Kepa Altonagak atondutako antologia honek, Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Pamiela, 2011) idazlanak.

Arnaut Abadiak (Bithiriña, 1843; apaiz, idazle eta irakasle, Larresoroko Seminarioko zuzendari) 700 artikulu baino gehiago idatzi zituen hogeitaka urtean zehar Eskualduna aldizkarian, nekazariei zuzendutako aholkuekin (baratzeaz, ongarri kimikoez, fauna eta floraz, gaixotasunen tratamentuez,...). Horien artetik, animalien ingurukoak batu zituen Altonagak (gehienak 1892-1895 bitartekoak), eta bilduma-lan honetan argitaratu, euskara batura nolabait samurtuta, eta Asisko Urmenetaren marrazkiekin.

Idazkiotan, nola ez ba, bada garai hartan oso hedatua zegoen pentsamoldea: animaliak gizakiaren mesederako daudela, badirela piztia amorragarriak, eta badirela animalia ongiegileak, gizakiarentzat mesedegarri direnak, azken batean. Hala ere, artikuluetako lerroen artean, natura ondo ezagutzen duen eta izugarri maite duen pertsona bat aurkituko dugu, hegazti, zomorro eta ugaztun txikien gora-beherak gertutik jarraitu eta aztertu dituen apaiz nekazariaren solasa. Guztia oso modu egokian izkiriatuta, hizkera bizi eta aberatsarekin, irakurlearentzat gozagarri.

Esan bezala, hori guztiori, orain dela 120 urte inguru. Gaurko blogari ziztrinontzat eredu.

Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Altonaga eta Urmeneta; 2011)

Har ogi-bihijaleak (1892ko abuztuan)

Badira hirur har-mota ogi-bihitik bizi direnak, eta laborariari kalte handia egin ahal dezaketenak, baldin uzten baditu bere bihitegian sartzera eta emendatzera. Har horiek, bertze guztiak bezala, heldu dira ihizi hegadun batzuen arrautzetarik. Hona nolakotsuak diren errule horiek. Lehen mota, eta orotarik gaixtoena da, marmutxa beltx ttipi bat, zorri larri baten heinekoa. Bizkarra estalia du, hegoak bezala zabaltzen ohi diren bi kusku gogorrez. Baina, kusku haien azpian ez du egiazko hegorik; ezin daiteke beraz aira. Ordainez, zalu darabiltza zangoak. Badu ere moko luze bat, ogi-bihiaren xilatzeko aski azkarra. (...)

Xoriak harjale (1892ko irailean)

Xorien artean badira anitz mota, har, euli eta jainko-oilorik baizik jaten ez dutenik. Ezagutzeko zein diren harjale horiek, aski diezue mokora behatzea. Mokoa mehe eta luxe duten guztiak harjale dira, eta geroztik laborarien aldeko. Izenak berak dio holakoetarik dela euli-xoria, begi ernea, eta xoko-ikertzaile xorrotxa. Orobat da ildo-xoria, lur itzultzen ari zarelarik ildoz ildo jarraikitzen zaizuna, alegerarik kantuz, bere buztan luzea beti goiti eta beheiti darabilela, eta noiznahi mokoaz biltzen duela non har bat, non xixare bat, haratxago arrautza bat. Nola ez aipa sagar-xoria, bere buru beltx, bizkar eta hego urdin, papo eta sabelpe horiekin? Xori ttipia, baina kume-egile handia, hogeietaraino dituenez geroz aldian, ardurenik sagarrondo zahar zenbaiten barnean, nondik heldu baitzaio izena. (...)

(gau)Enarak (1892ko irailean)

Mintzo gara xori edo hegadunez, zeren gauenara, nahiz den hegaduna, ez baita xoria. Ez du mokorik, baina saguak bezalako aho bat, hortzekin; luma ordez, ilez du gorputza estalia; hegoak aldiz, ez lumarik, ez ilerik gabe, larru huts. Ez du arrautzarik erruten, baina bere iduriko kumeak sortzen ditu; kume horiek ez ditu ahotik ahora bazkatzen, baina bai bere esneaz hazten. (...)

Nola bizi jan gabe? (1892ko urrian)

- Erran dizut sagarroiak, gauenarak eta bertze ihizi batzuek, lo daramatela negu guztia, batere jan gabe. Baina, ez dakit sinetsi nauzunez.

- Bai sinetsi, ez sinetsi; ote dakit nihaurek zertan naizen?

- Banuen holako zerbaiten beldurra. Erran dizut, bizkitartean, ehun eta ehun aldiz ikusia izan dela gauza hori.

- Egia diozu; baina, hitz eman ere duzu erranen zenuela nola ote ahal daudekeen ihizi horiek negu osoa, jan gabe. Hori jakin beha nago, zure erranaren osoki sinesteko.

- Oroit baitzinen, beraz, horretaz? Ez dukezu ere ahantzi, hitz hori ematearekin, erran nizula ez nekiela hainbat nola obratuko ahal ote nuen. Ez zela gauza bat erraxa.(...) Gaitezen, beraz, has. Baina, hotz ari da. Jar gaitezen lehenik supazterrean, han eginen dugu solas. Nik hartzen dut xokoa. Zu, nagusia zaren bezala, eman zaitez hor erdi-erdian. (...) Ederkiago zara hor. Sua dugu hitz. Nik xoko honetarik ematen dizkiot bi egur, zuk erditik emaiozu haize. (...) Badakizu ere gorputzak nahi duela izan hein bat bero: hotzak hil dezake gizona, goseak bezala, eta lasterrago. Gorputzak behar duen bero hura heldu zaio janariak eta hatsak haren barnean egiten duten sutik. Ezen, soinekoek ez ohi dute berorik ematen, baina, bai barnetikako beroa kanpoko hotzetik begiratzen. Eta nola suari behar baitzazkio berritu egurra eta airea, orobat gorputzak behar du noizetik noizera jan, eta ardura hatsa hartu, beroaren eta indarraren berritzeko. Bertzenaz, alhagiarik gabeko sua bezala, ahulduz lihoake gizona, hil ere liteke, ez balitz ordu delarik artatua. (...)

 

 

"Burbunak eta etsayak", Hernaniko ondare natural eta linguistikoa

Asier Sarasua 2016/02/05 12:40
"Natura, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa,... zenbat gai interesgarri, eta zelako egoki kontatuta, arin eta artez. Beste askorentzat eredu izango dugu 'Burbunak eta etsaiak'. Bejondeizuela!"

"Burbunak eta etsayak" dokumentala ikusita, garbi geratzen da batzuetan ez dela behar diru kopuru izugarririk lan bikainak egiteko. Askoz lanabes egokiagoak direla zaletasuna, bihotza eta gai interesgarriak transmititzeko bokazioa.

Natura, ondarea, euskara, herri identitatea, transmisioa,... gai
potolo eta interesgarri asko aipatzen dira, oso modu egokian kontatuta, arin, kalitate teknikoz, soinu eta irudi onarekin, eta animalia-landareen irudiekin hornituta. Ez da ezer falta! ;)

Lan bikaina egin dute, beraz, proiektu honetako arduradunek, Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek. Filologoa da lehenengoa, Dobera Euskara Elkartean  aritutakoa; biologo eta irakasle bigarrena, Aranzadiko kide. Bien arteko harremanak egoki funtzionatu du ondare naturala eta kulturala uztartzen dituen proiektu honetan. Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea izan dira bultzatzaile, Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren babesarekin. Irudi-grabazioan eta post-produkzioan, berriz, Joxan Ruiz (Truk HD) eta Jon Mari Beasain. 

Ikusentzunezkoa DVD formatuan dago salgai (5 euroan, Doberan eta Aranzadin), eta hainbat tokitan ere aurkeztu(ko) da. Hemen duzue trailerra:

Herritarren artean harrera bikaina izan du proiektuak. Ereñotzun aurkeztu zen lehenengo, eta bete egin zen aretoa. Gero Hernanin eta Durangoko azokan ere aurkeztu zen. Dokumentala beste herri batzuetan zabaltzeko asmotan ere badabiltza (interesatzen bazaizu, jarri harremanetan eurekin!), eta azpitituluak ere badituzte, euskara batuan, gaztelaniaz eta ingelesez. 

Proiektua hedatzeko asmoz, berba batzuk eskatu zizkidaten, eta hauxe bialdu nien. Uste dot ondo laburbiltzen duela zer eragin didan Iñakiren eta Eñauten lanak: "Natura, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa,... zenbat gai interesgarri, eta zelako egoki kontatuta, arin eta artez. Beste askorentzat eredu izango dugu 'Burbunak eta etsaiak'. Bejondeizuela!"

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017