Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Udazkeneko irakurketak: Oilarraren promesa, Savolta, Tunela, Hiriart eta beste

Asier Sarasua 2016/12/30 22:20

Liburuak irakurri eta amaitu ahala, saiatzen naiz, labur-labur bada ere, liburuak laga didan inpresioa 4-5 lerrotan zirriborratzen. Azkenaldian ez dut hartu tarterik iruzkin horiek blogera ekartzeko eta, tira, udazkeneko uzta nahiko oparoa izan denez, hona hemen azken asteetan irakurritako liburuen inguruko iruzkin edo ohar batzuk, guztiak elkarrekin eta labur bada ere.


Odessa, Forsyth"Odessa", Frederick Forsyth (Plaza y Janes, 1973)

Mundu gerra amaitu ondoren, Alemaniako nazi eta SS-ko kide askok ihes egin zuten; izena aldatu zuten eta bizitza zibilari ekin zioten inolako zigorrik gabe. Thriller eta espionaje trama baten bidez gai horri heltzen dio F. Forsythek. Kazetari bat "Rigako Harakinaren" atzetik hasiko da, eta begi bistan utziko digu gerrako hiltzaile askoren inpunitatea. Nola lasai asko bizi izan ziren, 80-90 urtera arte, batzuk Ameriketan, baina beste asko baita Alemanian bertan ere.

.............................

Justin Hiriart"Justin Hiriart", Fructuoso eta Harriet (Erein, 2015)

Gregorio Muro Harriet eta Francisco Fructuosok 80ko hamarkadan egindako balea-arrantzaleei buruzko serieko bost albumak integral batean atera zituen Erein argitaletxeak orain dela urte bete. Igor Leturiak aipatu zuen moduan, luxu handia da euskal komikigintzaren klasiko handi hau horrelako edizio oso batean izatea. Zoragarria! Ez galdu! 

...........................

Farenheit 451"Fahrenheit 451", Ray Bradbury (1953)

Zein gertu gauden liburu honetan irudikatzen den etorkizun konformista tristetik. Fahrenheit 451º: liburuek su hartzen duten tenperatura. Duela 65 urte idatzia, gero eta hurbilago daukagun gizarte eredua deskribatzen digu idazleak; massmediek eta botikek narkotizatutako gizarte eredua. Etxeetako hormetan pantaila erraldoiak daude, TV baino youtube estiloko "pastillak" ikusten direlarik gau eta egun; kotxeak gero eta bizkorrago doaz, nora joan ez duten arren; ez dago inon libururik (hasieran debekatuta zeudelako, baina dagoeneko benetan jendeak irakurri nahi ez dituelako); hausnartzea eta baita berba egitea edo pentsatzea ere ezohiko bilakatu da. Zoriontasuna ia "derrigorrezko" bihurtu duen gizarte bat, baina konformismo triste batek erabat estalita bizi dena.

..........................

Tunela, Sabato"El túnel", Ernesto Sábato (1948)

Liburu beldurgarria, gogorra. Kapitulu laburrez osatua, depresioaren tunelean harrapatuta dagoen protagonistak kontatuko digu nola eta zergatik hil zuen bere bikotekidea. Protagonista horren bakarrizketaren bidez pertsonaia sobera analitiko, biolento, inseguru eta korapilotsu bat aurkituko dugu, Sabatoren esku arinek bikain deskribatua. Liburu existentzialista eta psikologikoen artean katalogatuta aurkituko duzu, baina gaur egungo ikuspegitik, emakumeen aurkako biolentziaren inguruko eleberri bat dela azpimarratu behar da; depresioaren eta analisi psikologikoen gainetik, horixe da nagusitzen den gaia. Kontakizun latza, pertsonaia gorrotagarria,... baina, hala ere, liburua ezin askatuta ibili naiz pare bat egunez. Ahazten ez diren liburu horietako bat. Gaztelaniaz irakurri dut; euskaraz ere badago.

.................................

Nemesis, Jo Nesbo"Nemesis", Jo Nesbo (RBA, 2009)

Polizia eleberri entretenigarria, ohiko idazkera lau eta prebisibletik pixkat aldentzen dena, Nesboren lanetan ohitura den bezala. Traman gertatzen diren txiribueltak larregikoak dira kasu askotan, baina 520 orrialdeetan barrena interesa mantentzen laguntzen dute. Laburbilduz, polizia eleberri eskandinabiar tipiko bat, nahiko ondo harilkatua eta entretenigarria.

 

 ..............

Oilarraren promesa"Oilarraren promesa", Joan Mari Irigoien (Elkar, 2003 / Gero, 1976)

Espekulazio urbanistikoa errealismo magikoaren printzekin zipriztinduta eta saga historiko txiki baten inguruan harilkatuta. Tarteka Babilonia edo Poliedroaren ostoak gogoratuko digu, baina askoz maila apalagoko lana da "Oilarraren promesa. 1976an argitaratua lehenengoz, 2003ko edizio eraldatuan (Elkar) irakurri dut nik. Esan bezala, espekulazio urbanistikoa da eleberriaren erdigunean dagoen gaietako bat, Azpil izenez bataiatutako Altza delarik urbanismo zoroak jan nahi duen auzoa/herria. Horrekin batera, "handien" prepotentzia eta zapalkuntza salatzeko nahia ere ageri da orrialdeetan barrena, baita Frankismoaren eta Euskal Herriaren nolabaiteko metafora bat ere. Borroka nahiaren aldarri bat ere badago, nahiz eta borroka galdua izan hasieratik. Beharbada, "eusteari" buruzko gogoeta bat da. Eutsi beharra; itxaropenari eta borrokari eutsi beharra (inozente samarra).

........................

La verdad sobre el caso Savolta"La verdad sobre el caso Savolta", Eduardo Mendoza (1975)

Trama sozial-poliziala 1917ko Bartzelona burges/anarkistan. Eduardo Mendoza gazteak idatzitako lehenengo eleberria, irakurri dizkiodanen artean, beharbada onena. Javier Miranda izeneko gaztea da protagonista. Abokatu baten bulegoan hasiko da lanean eta bere eskutik XX. mende hasierako giro soziala eta politikoa ezagutuko ditugu (anarkismoa, grebak, eskaera sindikalak, gizarte erabat hierarkizatua, burgesia katalana,...). Trama sozial horrekin batera, trama poliziakoa ere badago (zenbait hilketa gertatzen dira) eta baita maitasun historia naif samar (pare) bat ere. Hari kronologikoari muzin eginez, Mendozak txatalka aurkeztuko dizkigu gertaerak, horretarako hainbat ahots eta forma narratibo erabilita. Amaiera erdizpurdikoak zertxobait zapuzten du funtsean oso eleberri interesgarria iruditu zaidana.

............................

NonNonBa"NonNonBa", Shigeru Mizuki (Astiberri, 2010)

Shigeru Mizuki marrazkilari ezagunaren kontakizun autobiografikoa, bere txikitako urteetan zentratua (1930eko hamarkada Sakaiminaton, Japonia hegoaldeko herri txiki bat). Nostalgia, samurtasuna eta umorea nahasten ditu, kontakizun itxuraz xume baina sakon batean. Liburuan zehar pertsonaia baten oihartzun etengabea izango dugu, NonNonBa-rena, Shigeruren etxe ondoan bizi zen amona xaharrarena. Berari esker, Japoniako kondairen eta izpirituen berri izango du Shigeru umeak. NonNonBak aurkeztuko dizkion pertsonaia fantastiko horiek erabat baldintzatuko dute Shigeruren bizitza, ez soilik umezarokoa baizik eta baita bere lan guztiarena ere. Azken asteotan irakurri ditudan beste komiki batzuen mailara heldu barik (Etxea, Hiriart edo Persepolis), baina hau ere gustatu zait.

.............................

Nafarroako-artizarra

"Nafarroako artizarra", Joxemari Iturralde (Elkar, 1984).

Erramun euskaldun judu bilakatuak, dagoeneko zahartuta dagoelarik, bere bizitzaren historia kontatzen die Aixa eta Jonah seme-alabei. Euskal literatura modernoaren hastapenetako lan ezagunenetako bat (Elkar, 1984), ziurrenik horixe da gaur egungo ikuspegitik gordetzen duen xarma nagusia.

 

..........................

Mecanoscrit del segon origen

"Mecanoscrit del segon origen", Manuel de Pedrolo (Edicions 62, 1974)

Literatura katalanak eman duen eleberririk ezagun eta arrakastatsuenetakoa, salmenta aldetik marka guztiak gainditu dituena (horretan eragina du gazteen artean duen harrerak). Zientzia fikziozko eleberria, 1974an argitaratua (aspalditxo, beraz). Etorkizun apokaliptiko bat aurkezten digu: extralurtarrek gure planeta suntsitu dute eta gizaki gehien-gehienak hil dituzte. Alba (14) eta Didac (9) gazteak bakarrik geratzen dira eta eleberrian zehar ikusiko dugu nola lortzen duten aurrera ateratzea hurrengo urteetan zehar. Liburuak hutsune handi-handiak ditu: egoera gehienak ez dira sinesgarriak, idazleak ez du inongo xehetasunik eta deskripziorik ematen (ez inguruneaz, ez gertaeretaz, ez pertsonaien sentimenduetaz,...), pertsonaiak ere ez daude ondo eraikiak,... eta, hala ere, gustura irakurri dut eta esango nuke "funtzionatzen duela". Horretan zeresana du, liburuaren erritmoak eta antolaketa bereziak (beti berdin hasten diren 300 parrafotan), eta lanak iradoki nahi duen berpizkunde nahia. Katastrofearen aurrean, inolako loturarik gabeko 2 gaztek mundu berri bat eraiki nahi dute, arrazismorik gabea (Didac beltza da), berdintasunean (protagonista emakumea da), eta tabu sexual eta erligiosorik gabe. Hautsi ditzagun orain arteko arauak eta hasi gaitezen berriro (liburuaren amaieran argiago ulertzen da mezu hori). Hori dela eta, ulergarria da oraindik ere gazte katalanen artean duen harrera. 

................................

Txernobilgo Ahotsak, Svetlana Aleksiebitx"Voces de Chernobil", Svetlana Aleksiebitx (2006)

Sariak gainbaloratuta daudela. Baina ze lan puska nobel saridunarena. Demasa Txernobilgo Ahotsak. Historia ofizialaren ordez, ezkutuko lekukoei eman die ahotsa kazetariak; gertakizunen kronikaren ordez, sentimenduei eman die lehentasuna Aleksiebitxek. Forma aldetik ere, idazleak bere burua erabat ixiltzen du, eta Txernobilgo katastrofearen biktimen ahotsen transkribatzaile huts bilakatzen da. Horrela ezagutuko ditugu suhiltzaileen, "likidatzaileen", zientzilarien, kazetarien, militarren, gaixoen eta politikoen lekukotasunak. Eta, batez ere, gaixoen eta hildakoen guraso, seme-alaba eta alargunen negarra. Txernobilek mundua, historia, neurria eta gizakia bera aldatu zituelako. Oso-oso liburu gogorra, Txernobilek Ukrainian eta Bielorrusian utzi duen egoera bezain bestekoa.

.............................

X hil da (Alaine Agirre, Elkar)"X hil da", Alaine Agirre (Elkar, 2015)

Maitasun tristura dolu beldur obsesibo baten bariazio musikalak. Prosa ederrez jantzia, idaztea zer den menperatzen duen idazle baten eskutik; sintaxi eraginkorra, berba doiak, erritmo musikala; lirikotasunerako (eta irudietarako, sinonimiarako...) joera ondo aukeratuaz. Liburu gordin eta intentso bat.

 

..........................

 

Ondorengo hiru liburu hauen iruzkinak lehenago ere ekarri ditut blogera, zabalago. Hala ere, iruzkinak irakurri ez bazenituen, ona hemen laburtuta, oso liburu interesgarriak begitandu zaizkit eta.

 

Zu, Lertxundi"Zu", Anjel Lertxundi (Erein, 2015)

Pankreako minbizia diagnostikatu zioten Zu-ri, Lertxundiren emazteari, 2012ko uztailean. Gai latz horretatik abiatuz, lan ederra sortu du Lertxundik. Liburu sakona, hari asko josten dituena, baina gehienbat mezu nagusi bat zabaldu nahi duena: oinaze eta minaren aurrean ere aurrera jo beharra. Izan ere, Zuk asko du oinaze eta minetik, eta badu beste horrenbeste hausnarketatik. Baina badu, baita ere, itxaropenetik; eta bizipozetik; eta bitalismotik. Eta badu, gainera, maitasunetik, maitasun historia ederra aurkituko dugulako orrialdeetan barrena. Liburu arin eta alai bat? Ba, ez. Baina bai liburu eder bat, barruraino sartuko zaizuna. Iruzkin luzeagoa orain egun batzuk: "Zu", Anjel Lertxundi.

...........................

Etxea, Paco Roca"Etxea", Paco Roca (Astiberri, 2016)

.............................

Persepolis, Marjane Satrapi"Persepolis", Marjane Satrapi (2000)

Irango herriaren historia, 1975-1983 bitartean, idazlea bera den neskatila iraultzailearen begiekin ikusia. Maila ertaineko familia ezkertiar bateko alaba da Satrapi. 1969an jaioa, haur-gazte zela bizi izan zituen Iranek 70. hamarkada amaieran bizi izan zituen aldaketak. Sha diktadorea botatzeko iraultza, islamistak indartu eta boterera igotzea, Iraken aurkako gerra, eta abar. Familia ezkertiar batean jaioa, Satrapik ikusi zuen nola arxismoa eta punk musika hizpide izatetik, erdi arora igaro ziren herria eta etxea 6-8 hamar urte eskasean. Haur zela bizi izandako oroitzapenetan oinarrituta, garai haren kronika bikaina egiten du Satrapik. Laztasuna umorez eta zorroztasunez kontatua. Erabat gomendagarria. Iruzkin luzeago orain aste batzuk blogean: "Persepolis", Marjane Satrapi.

........................

Eibarren neguan ditugun hegaztien bila #sacin

Asier Sarasua 2016/12/28 13:30
Eibarren neguan ditugun hegaztien bila #sacin

Okila

Urteroko ohiturari jarraituz (2014, 2015), aurten ere egin dut nire mendi-ibilalditxoa hegazti negutarren bila. SEOk (Sociedad Española de Ornitología) kudeatzen duen programa bat da, aspalditik egiten dena. Neguan zehar 2 irteera egin behar dituzu, aurrez zehaztutako ibilbide zehatz batean zehar, eta ikusten dituzun hegazti guztiak apuntatu behar dituzu (15 minutuko eta 500 metroko 8 trantsektotan).

Milaka lagunen artean jasotako datuekin hegazti negutar arrunten gora-behera poblazionalak jarraitzen eta aztertzen dira (SACIN, Programa de seguimiento de aves comunes en invierno).

Nire urteroko ibilbidea Sautsin hasten da, Aasua errekan barrena Mandiola aldera igotzen da, handik Santa Kurutz eta Usartzara, eta Kalamuan amaitzen da.

Neguko lehenengo irteera Gabonak bueltan egiten dut, eta bigarrena otsailean. Hauexek dira atzo aurkitu eta zenbatutako hegazti espezieak:

Eibar, WN4080 laukitxoa (2016/12/27)

10 basahate (Anas platyrhynchos)
2 abendu (zapelatzak, Buteo buteo)
1 uroilo (Gallinula chloropus)
16 etxuso (Columba livia domestica)
1 okil handi (Dendrocopos major)
3 okil berde (Picus viridis)
1 gabillara txiki (belatz gorria, Falco tinnunculus) Eme bat, Itturruan.
1 eskilaso (Garrulus glandarius)
8 belabaltz (Corvus corone)
4 pinuko txinbo (pinu kaskabeltza, Periparus ater)
4 txinbo gangordun (amilotx mottoduna, Lophophanes cristatus)
14 burubaltz (kaskabeltz arrunta, Parus major)
2 okil-txori (garrapoa, Sitta europaea)
1 katanar (gerritxoria, Certhia brachydactyla)
8 txepetx (Troglodytes troglodytes)
1 pinu-txori (erregetxo bekainzuria, Regulus ignicapilla)
1 txirixo (txioa, Phylloscopus collybita)
1 txinbo burubaltz (Sylvia atricapilla)
17 txantxangorri (Erithacus rubecula)
1 txinbo karkar (pitxartxarra, Saxicola rubicola), eme bat Azpirin.
16 zozo (Turdus merula)
1 birigarro (Turdus philomelos)
1 garaztarro (Turdus viscivorus)
1 buztanikara hori (Motacilla cinerea)
16 neguko txitxi (txirta, Anthus pratensis)
25 paranda (txonta arrunta, Fringilla coelebs)
2 kardantxilo (karnaba, Carduelis carduelis)
3 hormatxori (txolarrea, Passer domesticus)

Interesgarriena beheanzkoan etorri zen, Urko magaleko pagadian (Urkoko barrankoan) 27 pagauso (C. palumbus) ikusi nituenean. Badirudi gurean kumatzen hasi direla berriro pagausoak, ehiztarien presioa jaisten hasi bezain azkar.

"Zu", Anjel Lertxundi (Erein, 2015), ontsa bizitzeko bidia

Asier Sarasua 2016/12/27 23:20
"Ontsa hiltzeko bidia" idatzi zuen Joan Tartasek 1666. urtean. Lertxundiren lanak ere heriotza du gai nagusi, baina Tartasek ez bezala, "ontsa bizitzeko" manuala laga nahi izan du idazle oriotarrak. Bizitzak (gehiago edo gutxiago) berezko duen sufrimenduaren aurrean, gure mundualdi labur hau zukutu eta gozatzeko bidia.
"Zu", Anjel Lertxundi (Erein, 2015), ontsa bizitzeko bidia

"Zu", A. Lertxundi (2015)

Pankreako minbizia diagnostikatu zioten Zu-ri, Lertxundiren emazteari, 2012ko uztailean. Ia-ia hasierako unetik, idazlea apunteak eta oharrak hartzen hasiko da, nahiz eta ez duen uste sekula liburu bilakatuko denik. Hasiera hartan moleskine pribatuko ohar solte ziren haiek, baina, liburu forma ederra hartu zuten handik eta hilabeteetara, Lertxundik Zu (Erein, 2015) aurkeztu zuenean.

Lau ardatz nagusitan kiribilkatuz garatzen du lana Lertxundik. Batetik, gaixotasunaren prozesua kontatuko digu, idazlearen familian duen eragina, ospitalerako joan-etorriak, kimioak sortutako gora-beherak,... Bestetik, hausnarketarako tarte zabala ere hartzen du idazleak, bizitzaz eta heriotzaz sakon jarduteko. Gainera, literatura unibertsalean heriotzaren gaia nola landu izan den ere erudizioz eta trebetasunez txertatuko du testuan zehar. Eta, amaitzeko, liburua osatzeko darabilen 4. ardatza, liburuaren sortze-prozesuaren ingurukoa da, zeharka eta tarteka bakarrik aipatzen duena, baina idazlana borobiltzeko erreminta aproposa iruditu zaidana.

Liburu sakona da, huntaz eta hartaz luze mintzo dena, baina esango nuke mezu nagusi bat zabaldu nahi duela, ozen, Lertxundik: oinaze eta minaren aurrean ere aitzin jo beharra. 

Izan ere, Zuk asko du oinaze eta minetik, eta badu beste horrenbeste hausnarketatik. Baina badu, baita ere, itxaropenetik; eta bizipozetik; eta bitalismotik. Eta badu, gainera, maitasunetik, maitasun historia ederra aurkituko dugulako orrialdeetan barrena, hasieratik amaierara. Ia hitzik erabili barik, tonu batere erromantiko edo ñoñorik gabea, baina maitasun historia ederra dena.

Alderdi literariotik ere erakargarri egin zait eleberria. Idazleak 1. pertsona eta 3.a tartekatzen ditu kontakizuna osatzeko eta nire gusturako ederto josten ditu gorago aipatu ditugun 4 lerro narratiboak. Azken batean, Lertxundik txatal laburrez osatzen duelako bere kontakizuna, blog edo eguneroko baten estilora, baina adabakinak ondo josiz eta ehundura sendoa lortuz. Lertxundiren prosan ohiko denez, idazleak esaldi eta parrafo gogoangarriak ere utziko dizkigu, horretarako prosa joria esaldi xume eta gardenekin tartekatuta, betiere hitz doiak aurkituz.

Liburuan bada, hala ere, garapen moduko bat idazkeran, edo horrela iruditu zait. Hasieran ikusle eta kontatzaile da, gehienbat, Lertxundi. Amaierarako, ordea, hausnarketak pisu handiagoa hartuko du eta, gainera, batzuetan badirudi bere heriotzaz ere badiharduela idazleak. Azken atal horietan aitortzatik ere asko du lanak.

Liburu arin eta alai bat? Ba, ez. Baina bai liburu eder bat, barruraino sartuko zaizuna.

Eibarko irakurle taldean izan genuen Anjel Lertxundi eta han jaso nizkion berba batzuekin amaituko dut: "Jardun naiz bizitzaren aldarri bat egiten. Bizitza goza daiteke baita trantze txarretan ere. Hasieran ez nuen asmorik argitaratzeko; azkenean, nolabait, emazteak bultzatuta egin nuen aurrera. Testua osatzeko orduan, saiatu naiz hainbat lerro lantzen; aipu literarioak zuzenean ekarri ditut, disimulu gabe txertatuz, ekarri nahi nuelako mendebaleko literaturak sufrimenduaz izan duen ikuspegia. Lana izan da narratibidadea eta hausnarketa uztartzea. Han aritu naiz, testua loditu eta flakatu".

Lehenago ere asko esan da liburu honetaz. Hemen esteka batzuk:

Anjel Lertxundi Sautrelan.

"ZU" liburuaren aurkezpen ekitaldia. Anjel Lertxundi from Erein argitaletxea on Vimeo.

"Persepolis", M. Satrapi (2000), Irango historia hurbilaren kronika bikaina

Asier Sarasua 2016/12/09 11:42
Iran, 1975-1983 bitartean; idazlea den neskatila iraultzailearen begiekin ikusi eta kontatua; umorez, zorrotz, latz.

Irango herriaren historia, 1975-1983 bitartean, idazlea bera den neskatila iraultzailearen begiekin ikusia. Horixe da Persepolis (Satrapi, 2000-2004), dagoeneko klasiko handi bihurtu den liburu eder hau.

Maila ertaineko familia ezkertiar bateko alaba da Marjane Satrapi. 1969an jaioa, haur-gazte zela bizi izan zituen Iranek 70. hamarkada amaieran bizi izan zituen aldaketak. Sha diktadorea botatzeko iraultza, islamistak indartu eta boterera igotzea, Iraken aurkako gerra, eta abar. Umearen ikuspegi xalo bezain zorrotzarekin eta marrazki baita xume bezain adierazkorrekin, lan ezinbestekoa utzi digu autoreak.

Familia ezkertiar batean jaioa, Satrapik ikusi zuen nola marxismoa eta punk musika hizpide izatetik, erdi arora igaro ziren herria eta etxea 6-8 hamar urte eskasean. Haur zela bizi izandako oroitzapenetan oinarrituta, garai haren kronika bikaina egiten du Satrapik. Laztasuna umorez eta zorroztasunez kontatua. Eta guztia ere, bertatik bertara, Iranen jaiotako emakume musulman pertsiar baten begiradapetik.

Berandu nator festara, badakit. Izan ere, Persepolis, azken 10-15 urteotako komikirik ezagun eta irakurriena izan da. Esate baterako, sarean begira, ikusi dut 2005ean aipatu zuela Igor Leturiak eta 2008an Katixa Agirrek, besteak beste. Baina inoiz ez da berandu lan onak irakurtzeko, eta behin klasiko bihurtuta egokitu zait niri txanda. Izan ere, Persepolis dagoeneko klasiko bilakatu delako eleberri grafikoen artean, Maus, Pilula urdinak edo Safe area Gorazde bihurtu diren moduan.

Persepolis frantsesez argitaratu zen aurrena, 4 liburukitan banatuta (2000-2004); gerora, hainbat hizkuntzatara itzulita, 2 liburutan batuta ere lortu daiteke: haurtzaroa batzen duena lehenengo (1975-1983) eta gaztaroa hurrengoan (1983-1988). Nik neuk lehenengoa irakurri dut oraingoan. Banoa bigarren zatia erostera.

Pelikula ere egin zuten 2007an.

Margari Olañetak agur esan detsa Eibar rebistiari

Asier Sarasua 2016/12/07 17:37
Margari Olañetak agur esan detsa Eibar rebistiari

Eibar, 2016ko azarua.

Egoibarran webgunian aurreratu zeben oin dala egun batzuk eta gaur DVen be badator albistia. Margari Olañeta jubilau egin da, eta Eibar rebistian arduria laga dau 14 urteren ostian.

Eibar rebista ezaguna Pedro Zelaiak sortu zeban 1952an, hasiera batian "orri parrokial" moduan, baina beti be gure herriko gaixen inguruko informaziñua zabaltzeko asmuakin. Zelaiak hasittako bidia Jose Mari Kruzetak eta Margarita Olañetak jarraittu dabe azkenengo 20 urtiotan.

Rebistian ale guztiak sarian ikusi leikez, Egoibarra.eus webgunian.

Hamendik aurrerakuak ez ei dira oindiokan argittu, baina rebistiak aurrera egingo ei dau. Bittartian, zorionak eta eskerrik asko Margari, egindako lan guztiagaittik!

.................................

Egoibarrako eta DVko albistietik hartuta:

Margarita Olañetak 14 urtez eraman du Eibar aldizkariaren koordinazioa eta ardura osoa, gogoz eta kemen handiz eraman ere. Azken ale honetan kaleratu duen agurrean eskerrak ematen dizkie aldizkariaren kolaboratzaileei eta eibartar guztiei, aldizkariak lehen aldiz kaleratu zenetik hona herritarren babesa eta onespena izan duelako. Aldi berean dio proiektuak segida duela; aldizkariak, hemendik aurrera ere, argia ikusten segituko duela.

La revista 'Eibar', un patrimonio cultural de nuestra ciudad, debate su futuro tras la baja de su directora, Margari Olañeta, al frente de la publicación a lo largo de los últimos 14 años. Esta publicación local nació el año 1952 como hoja parroquial. Su promotor, el sacerdote Pedro Celaya, expuso en ese primer número lo que sería su vocación: «Procurará responder a su título, Eibar, abarcando en su contenido diversas facetas de la vida eibarresa y buscando su sabor local». Ahora, en el último número, su directora, Margarita Olañeta anuncia su baja de la dirección, después de haber coordinado la publicación a lo largo de 14 años con gran tesón e ilusión. En el editorial de despedida que figura en el último número agradece la labor de las personas que han colaborado con ella durante ese tiempo y también tiene palabras de agradecimiento para el pueblo de Eibar por la acogida que le ha brindado a la revista durante décadas, a la vez que confirma la continuidad del proyecto. «No me resta más que agradecer a este pueblo tan generoso la acogida que han brindado a la revista hasta el día de hoy, ininterrumpidamente».

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017