Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Etxea", Paco Roca (Astiberri, 2016), liburu eder bat

Asier Sarasua 2016/11/17 22:10

Hau da hau! Paco Rocaren liburu bat irakurtzen dudanero negarrez amaitzen dut!

Izan ere, Roca (Valentzia, 1969) artista hutsa da egunerokotasun arrunteneko egoerak eta elkarrizketak erabiliz, ia edozein istorio modurik hunkigarri eta sarkorrenean adierazteko. Artista bat.

Halaxe iruditu zitzaidan Zimurrak gogoangarriarekin eta oso antzekoa orain gutxi irakurri nion Los surcos del azar (2013) lanarekin. Alzheimerra eta zahartzaroa zituen hizpide hartan; gerra zibila eta memoria bigarrenean.

Oraingoan Etxea (La casa, Astiberri, 2016) aurkeztu digu, bere azkenengo lana. Familia, denboraren joana, haurtzaroko oroitzapen familiarrak, aitaren heriotza,... gai eta sentimendu unibertsalak landu ditu, modu xume bezain ederrean.

Aurreko lan askotan bezala, bere bizipen eta sentimenduak hartzen ditu oinarri Rocak, eta berriki hildako aitaren figuraren inguruan josten du liburu zoragarri eta hunkigarri hau, aitarekin eskutik helduta egin nahi izan duen azkenengo bidaia bailitzan.

Fitxatik hartuta:

Kontakizun honetako protagonista diren hiru neba-arrebak familiaren etxera itzuli dira, aita hil eta urtebetera. Hura saltzeko asmoa dute, baina oroitzapenei aurre egin beharko diete, botatzeko trasteren bat hartzen duten bakoitzean. Beldur dira ez ote diren iragana alboratzen ari; aitaren oroitzapena, baita eurena ere. Urteen urteez, oroigarri eta oroitzapenez bete du jabeak etxea, bere bizitzaren lekuko isila den etxe hori. Era berean, etxearen irudikoa da jabea. Beti elkarrekin bizi izan diren bikoteen antzera. Eta hala, han bizi dena behin betirako desagertzen denean, etxearen barrukoa gelditu egiten da, hautsak hartuta, jabea noizbait itzuliko ote den.

Kontatzea. Ilustratzea. Transmititzea. Rocak modu ikaragarrian eta ezin hobean menperatzen dituen jarduerak. Lehenengo orrialdetik hasita, gainera, zoragarria baita hitz bakarra erabili gabe, nola kontatzen digun 12 biñetatan ia-ia historia oso bat.

Gorago esan dudan moduan, Rocak gai unibertsalak dakartza La casa honetan, baina bere esperientziaren gertutasunetik samurtasunez kontatuta. Aitaren heriotza, senideen arteko hartu-eman betiko eta betirakoak, eta, gehienbat, denboraren joana. Komikia amaitzean balirudike 600 orrialdeko eleberri luze eta sakon bat irakurri duzula, hain da zabala kontatutakoa eta hain sendoa barruan uzten dizun aztarren malenkoniatsua.

La casa Paco Roca 03

La casa Paco Roca 04

La casa Paco Roca 02

1948ko pilota finala: Gallastegik 22 - Atanok 6 [bideoa]

Asier Sarasua 2016/11/01 20:20
Nere aitxitxa Antoniok 1948an Bergarako frontoian grabautako irudixak. Gallastegik Atanori finala irabazi zetsanekua (22-6). Pelotamano.com webgunian montaje txiki bat egin dabe, pelikuliari argazki batzuk gehittuta. Hementxe.

Hortxe Gallastegi jo-ta-apurtu; hortxe Atano nahi-tta-ezin. Pelotamano.com webgunian 1948ko finaleko irudixak hartu dittue eta, argazki batzuekin dotoretu ostian, hemen ikusgai.

Nere aitxitxa Antonio Sarasua teknofilo hutsa zan. Artista haundixa izatiaz gain, teknologixazale amorratua zan. Beran lehenengo soldatiakin (edo soldatekin) argazki-kamara bat erosi zeban, oindiok 16 urte zekazela, 1928 inguruan. Gerra ostian tomabistasa lortu zeban, pelikulak grabatzeko. Kolorietako lehenengo telebistia be beran etxian ezagutu neban; eta lehenengo Betamax grabagailua, eta lehenengo VHS grabagailua,... 90 urte betetzekotan be, hortxe jarraitzen zeban gabeko ordu txikixetan telebista saiuak grabatzen.

Berari eskerrak, familixako dozenaka pelikula-ordu daukaguz, eta baitta milaka argazki be.

Etxian grabautako irudixekin batera, baina, sasoiko hainbat ekitaldi grabau zittuan. Eibarko jaixak, bizimodua, sasoiko kultura eta kirol munduko zenbait kontu,... eta pelota partiduak! Ez zan alperrik izan munduko pelotari onenan laguna. Migel Gallastegina, jakina!

Super8 eta Super16 formatuetan grabautako irudi guztiak Euskadiko Filmategian laga zittuan hil baino pixkat lehenago, edozeinen esku egon zeittian. CC-by-sa, aupa aitxitxa! ;)

Hantxe dagoz, bestiak beste, Gallastegik eta Atanok 1948xan jokatutako finalan irudixak. Hortxe Gallastegi jo-ta-apurtu; hortxe Atano nahi-tta-ezin. Pelotamano.com webgunian finaleko pelikulako irudixak hartu (aitxitxak grabautakuak) eta, argazki batzuekin dotoretu ostian, sarian ipini dittue.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017