Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

2015. urtean irakurritako liburuen zerrenda

Asier Sarasua 2016/01/25 19:45

Ezagun da: zerrendazale naiz. Azken egunotan argitaratu ditudan aurreko bi zerrenden ostean (2015ean ikusitako hegaztiena eta igotako mendiena), postrerako, azken 12 hilabeteetan irakurritako liburuena (aurreko urteetakoak: 2010, 2011, 2012, 2013, 2014).

Aurtengoa urte flojotxoagoa izan da liburuei dagokienez, kalitatez zein kantitatez (beste zaletasunentzat denbora hartu dut, sorbalda-bizkarreko kontuek ere ez didate lagatzen eroso irakurtzen...). Baina, hala eta guztiz ere, tira, une gozo batzuk eman dizkit literaturak, eta idazle/liburu on-on batzuk ere igaro dira nire eskuetatik (komikiak azpimarratuko nituzke, beharbada).

Hemen zerrenda, urteko artxiborako:

  • ***The Brooklyn Follies, Paul Auster (Faber, 2005). 'I was looking for a quiet place to die. Someone recommended Brooklyn, and so the next morning I traveled down there from Westchester to scope out the terrain...'.
  • ***Sargori, Pello Lizarralde (Pamiela, 1994). Berrirakurria; aspaldi blogean (gor)aipatuta.
  • Apirila, Iñigo Aranbarri (Susa, 2014).
  • Fikzioaren izterrak, Ur Apalategi (Susa, 2010).
  • ***La maravillosa vida breve de Óscar Wao, Junot Diaz (Mondadori, 2008). Familia dominikar baten gora-beherak, 3 belaunaldiz, República Dominicana eta New Jersey artean. Txioa.
  • Un novio para mamá y otros cuentos, Gerall Durrell (Espaebook, 1994).
  • Estrella distante, Roberto Bolaño (Anagrama, 1996). Txioa.
  • La pista de hielo, Roberto Bolaño (Anagrama, 1993).
  • ***El hombre en su castillo, Philip K. Dick. (1966). Txioa.
  • Una muerte solitaria, Craig Johnson (Siruela, 2013). Polizia eleberria, Wyomingeko negu latzean girotua, euskaldunak eta cheyeneak protagonista.
  • Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia, Karmelo Ayesta (Utriusque Vasconiae, 2014).
  • Las alas de la esfinge, Andrea Camilleri (Salamandra, 2009). Montalbano inoiz baino txakurrago, krisi existentzialean, bikotekidearekin muturtuta eta adin-krisian. Liburua, aldiz, irribarre batekin irakurtzen da, ironiaz beteta baitago.
  • Back to leizarraga, Kepa Altonaga (Pamiela, 2015). Blogean.
  • Dumitru, Koldo Izagirre (Erein, 2014). Blogean.
  • ***Zimurrak, Paco Roca (Astiberri, 2014). Txioa eta blogean.
  • Atlas of Bird Migration: Tracing the Great Journeys of the World's Birds. 2011, Jonathan Elphick (Editor).
  • ***Zapatos italianos, Mankell (Tusquets 2007). Txioa.
  • Black is beltza, Muguruza, Cano, Alderete (Talka, 2014).
  • Orube abandonatuak, Garazi Kamio (Elkar, 2014). Blogean.
  • Zesarren papiroa, Ferri eta Conrad (Bruño, 2015).
  • Isaac el pirata (1). Las Américas. C. Blain (Norma, 2003).
  • Hilen logika ezkutua. Jabier Muguruza (Erein, 2014). Txioa.
  • ***¿Para qué sirven las aves?, Antonio Sandoval (Tundra, 2013). Blogean.
  • Ancho mar de los sargazos, Jean Rhys (1966). Txioa.
  • Ibilbide ornitologikoak Gipuzkoan zehar, Jose Riofrío (GFA, 2012).
  • Gabriel Aresti BioGrafikoa, Adur Larrea (Erroa, 2015). Txioa.
  • Cleveland. Harvey Pekar (Gallo Nero, 2013). Txioa.
  • Corto maltés: bajo el sol de medianoche, Canales  eta  Pellejero (Norma, 2015). Txioa.
  • Antropologo bat Marten, Oliver Sacks (EHU, 2003; 1995 jatorrizkoa).  Oliver Sacks neurologoak zazpi kasu klinikoren bitartez aztertzen ditu neurologian izan daitezkeen hainbat paradoxa.
  • El aragonés en el siglo XXI, José Ignacio López Susín (coord.) (Fundación Gaspar Torrente, 2013). Blogean.

 

Urtean zehar irakurritako liburuen jarraipena egiteko, oharrak gordetzeko eta irakurketak beste irakurle batzuekin partekatzeko, Goodreads erabiltzen dut. Euskaldunontzat ez da bereziki egokia, euskarazko liburu batzuk ez direlako bere datu-basean agertzen, baina tira, bere zera dauka. Urtea amaitzean laburpen bat ere egiten dizu, infografia xinple baina adierazgarri honen bidez (goiko irudia ere bertatik atera dut).

Goodreads 2015

 

Felipe Gonzalez: "Gora Euskadi askatuta!"

Asier Sarasua 2016/01/23 15:40
Felipe Gonzalez, Eibarko Astelena Frontoian (1976/02/15). Laster dira 40 urte.

Historia ezaguna da, baina ez horregatik interesbakoa, are gehiago autodeterminazioaren marra gorriak hizpide direnean, bai gaur eta bai bihar, hedabide guztietan.

1976. urtea, otsailaren 15a (laster 40 urte). Eibarko Astelena Frontoia. PSOE legeztatu berri, hauxe du bere lehenengo mitina 40 urtean. Kalean giroa bero, baita liskartsu ere. Barruan beroago, jendez lepo, gainezka, 4 hizlarien berbak entzuteko zain, Internazionala eta Eusko Gudariak abesten dituzten bitartean. Benigno Baskaran dago oholtzaren erdian, Eibarko sozialisten burua eta erreferentzi historiko ezinbestekoa. Bere alboan bi gazte sutsu, hurrengo urteetan zeresanik emango dutenak: Alfonso Guerra eta Felipe Gonzalez.

Azken hori ahots barik dago, baina hartu du mikrofonoa. Sutsu ekin dio: "Herri hau izan da diktadurak gogorren zapaldu duena; herri hau izan da diktaduraren aurka gehien borrokatu duena. (...) Gora Euskadi! Gora Euskadi askatuta!".

40 urte joan dira; beste hainbat gauza ere joan direla ematen du.

Hemen hitzaldiaren zati bat entzungai, Eibarko Udaleko Egoibarra Batzordeak online jarritakoa (goiko argazkia ere bertatik atera dut).

Pasarte horren transkripzioa:

Que duda cabe que este pueblo ha sido el pueblo más oprimido por la dictadura. ¡Quién puede dudar eso! Quién puede dudar que es el pueblo que más ha luchado por zafarse del yugo de esa dictadura.
Nadie puede dudarlo y todo el mundo rendimos homenaje a esa lucha.

Pero no olviden que la dictadura es la dictadura de todo el estado; no es una dictadura para Euskadi. Es también una dictadura para Andalucia, es también una dictadura para Cataluña, es también una dictadura para Galicia. Es también una dictadura para los mineros de Asturias.

Compañeros: imposibilitado de seguir utilizando la garganta, sólo puedo decir: ¡Gora Euskadi!  ¡Gora Euskadi!  ¡Gora Euskadi askatuta!

Euskadi será socialista o no será libre. Sólo el socialismo traerá la libertad a Euskadi y al resto de los pueblos. ¡Viva el socialismo!

 

..............

Esan bezala, audioa eta argazkiak Egoibarra.eus webgunean daude ikusgai (ez dut aurkitu kreditu gehiagorik bertan).

2015eko Koko-dantzak (Eibarko aratusteak)

Asier Sarasua 2016/01/15 07:50
Laster datoz 2016ko koko-dantzak. Bittartian, hementxe 2015eko bideo eta argazkixak. Motorrak berotzeko. Aratustiak otsailan 5eko asteburuan; koko-dantzak aurreko asteburuan, urtarrilak 30ian.

Sartu gara negu erdixan, eta badatoz laster Aratustiak. Eibarko koko-marruak be hasi dira honezkero aurtengo koko-dantzak gertatzen; umiak be badabiz kaldereruetako kantu eta dantzak ensaiatzen.

Girua berotzeko, hementxe iazko koko-dantzen erretratuak (betiko moduan, ni pixkat atzeratuta, aste honetan antolatu eta sareratu dittut 2015eko koko-dantzen argazkixak). Kasualidadez, Kezka dantza-taldiak be atzo bertan sareratu zeban iazko dantzen bideua, dron baten bittartez jasotako irudixekin.

Polittak dira koko-dantzak. Lan ona egin dau Kezka dantza-taldiak "tradiziñua sortzen" ;)

Eta hementxe Kezkalarixen bideua (leku beretsuan grabauta). Ederra!

Irudixak: Jose Antonio Roige. Ediziñua: Eire Vila.

 

100 mendien lehiaketa

Asier Sarasua 2016/01/06 22:10

Antza denez, 1915. urte inguruan antolatu zuten zenbait mendizalek lehenengo mendi-lehiaketa Euskal Herrian. Urte betean 15 mendi ezberdin igotzeko erronka jarri zioten euren buruei. Tontorretan ohiko diren postontzietako lehena ere orduan ipini zuten, Anboton, mendizaleen igoerak nolabait ofizialdu edo neurtzeko asmoz. Handik gutxira, Bilboko eta Eibarko mendizaleek bultzatuta, 100 mendien lehiaketa jaio zen. Eta mende bat geroago ekin diogu guk erronkari, amaitu berri den 2015ean.

Ehun mendien araudia oso erraza da, 100 urtean aldatu ere egin ez dena (hemen 1930ekoa). Garrantzitsuena:

  • 100 mendi ezberdin igo behar dira, 5-10 urte bitarteko epean.
  • Egunean bakarra igo daiteke asko jota; eta urtean 20 gehienez.
  • Mendi-tontorrera heltzean, zure klubeko txartela laga behar duzu gailurreko postontzian, zure datuekin.
  • Federatuta egon behar zara.

Jaizkibel-Allerru (545 m)

Allerru tontorrean (Jaizkibel, 545 m), Deporreko txartela betetzen, postontzian lagatzeko.

Lehiaketa deitzen zaio, baina gutxi du ohiko lehiatik. Izan ere, ez duzu beste inoren aurka lehiatzen, ez dago saririk, ezta benetako epailerik ere. Nork bere buruari jarritako erronka besterik ez da, helburu bakarrarekin: mendizaletasuna eta naturzaletasuna bultzatzea, eta Euskal Herriko txoko eta bazterrak ezagutzea. Behin 100 mendiak igota, gaindituta erronkaren poza da lortzen duzun gauzarik garrantzitsuena.

Puntuagarriak diren mendien katalogo bat dago: Euskal Herriko 800 mendi-kaxko (gehientsuenak), eta inguruko lurraldeetako beste dozenaka batzuk, batez ere Pirinioetakoak. Horietako zeintzuk, noiz eta zelan igotzen dituzun, hori ez dizu inork zehazten; zure esku dago.

Hernio (1.070 m)

Hernio (1.070 m) tontorrean, barrenean Errezil.

Esan bezala, 2015eko urtarrilean ekin genion erronkari, asmo eta kopuruak garbiegi izan barik, proba modura, osasunak eta sasoiak zer aukera emango ziguten jakin barik,... Baina oso esperientzia polita izan da lehenengo urteko hau. Asko disfrutatu dut (edo dugu, gehienetan familiarekin joan naizelako), mendi/eskualde berriak ezagutzeko aukera eman digu, eta 20 tontor zapaltzera heldu gara. Hauexek:

Osasuna lagun, hasi berri den 2016 honetan beste 20 igotzeko asmoa daukagu. Ea lortzen dugun!

Zabalaitz (1.254 m)

Zabalaitzetik (Aizkorri, 1.254 m) beherantz, Arantzazurantz, Gorostiaranen barrena.

Ehun mendien lehiaketa

Euskaldunok mendiei lotuta bizi izan gara historian zehar, baina mendizaletasuna nahiko moda berria da, XX. mende hasieran sortua, baserri giroan baino hirietan. Bilbo eta Eibarko mendi taldeak izan ziren aitzindarietako batzuk, esate baterako; industria indartsu zegoen eremuetako klubak.

Hiriak handitu eta industrializatu ahala, kirola egiteko ohitura ere hedatu zen euskaldunen artean. Industria-giro goibeletik ihes egin eta aire librean ariketa fisikoa egiteko premia. XX. mende hasieran sortu zen, eta gutxinaka zabaldu zen gizarte osora, gehienbat lan-baldintzak hobetu ahala (lan-ordu murritzagoak, "zapatu ingelesa", lehenengo oporrak,... hau da, langileek aisialdirako astia "lortu" ahala).

Mendietako postontzien kontua ere garai beretsukoa da; aurrenekoa Anboton ipini zuten, 1915ean, mendi-lehiaketak sustatu eta jendea mendira animatzeko. Gorago esan dudan moduan, 15 mendiko lehiaketa antolatu zuten orain dela mende bat, eta laster Ehun Mendien Lehiaketa izatera pasatu zen, 1918. urtean (10, 20 eta 50 mendien lehiaketak ere sortu zituzten 1915-1930 bitartean).

Mendizaletasunaren lehen urte haietako aitzindarien artean, eibartarrok ere izan genuen gure lekutxoa, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik eta, gehienbat, Indalezio Ojanguren "Kajoitxo" handiarengatik. Bera izan zen 100 mendien lehiaketa burutzea lortu zuen lehen gipuzkoarra 1926an (aurreko guztiak Bilboko mendi taldeetakoak izan ziren), eta ondoren beste 6 aldiz ere borobildu zuen ehunekoa.

100 urte geroago, hementxe gaude gu ere, helburu eta asmo berdinekin, mendian gora-ta-behera. Indalezio! Argi ibili, hire errekorra gaindittu bihar juagu eta!

Indalezio Ojanguren, Astxikin.

Indalezio Ojanguren Kajoitxo, Astxiki tontorrean. Atzean Alluitz. Argazkia: guregipuzkoa.net.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017