Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Euskaldun bat Katalunian, konparatzen

Asier Sarasua 2015/08/11 16:55
Euskalduna Kataluniara doanean, ezinbesteko du konparatzen hastea. Derrigorrezko, berezko. Zertan garen berdin, zertan ezberdin. Batzuetan jakinminez, besteetan harrotasunez, askotan enbidiaz. Gaur goizean gertatu zait, adibidez, 5 ohar mental hartu ditudala jaiki eta armosatu bitartean.
Euskaldun bat Katalunian, konparatzen

Senyera, Vulpellac (Empordá, Girona)

1.- Sinboloak ez ei dira garrantzitsu. Bai zera! Eta Katalunia sinboloz beteta dago. Goiz erdirako ikusi dituzu 10 samarreta independentista eta hamaika senyera. Etxeak eta kaleak; eraikin ofizialak eta entitate pribatuak; bide-bazterrak eta biribilguneak. Dena dago senyeraz josita, lepo. Izan estelada edo izan izarbako, ez dago herri sarrerarik bere senyera barik. Gurean, azkenaldian, ez ote garen lotsatzen ikurrina ateratzeaz; folklorismo hutsa delako aitzakiaz.

2.- Banderen legea zintzo betetzen dugu euskaldunok, alajaina! Hemen, ostera, (Gironako herri txikietan, behinik behin), ez da ageri inon piperpotorik. Legeari zirkin egiten dionik bada, bai; edo intsumisioa lege bihurtzen duena.

3.- Kafetegira sartu, kafetxoa eskatu. Atzetik Afrika erdialdeko gazte bat. Sartu bezain azkar hizkuntza hegemonikoan mintzatu da. Bon dia. Un cafe amb llet. Integratu behar duenak badaki zein den integraziorako hizkuntza, zein hizkuntza hegemonikoa. Bon dia.

4.- Euskaldun honek, bien bitartean, egunkaria hartu du. Azalean gai bakarra: 27ko hauteskundeak, 11ko Diada, eta independentziarako bidezidorra. Barruan, iritzi-zutabeen artean, "Basquitis" izenekoa. Tesia, labur-labur: euskaldunak ondo konpontzen dira Espainiarekin. Ez dute nahi independentziarik, eta ezta Kataluniarena ere. Traidore hutsak dira. Garai batean begiradak Mediterraneotik Kantaurira zuzentzen zituzten; gaur egun ez da halakorik.

5.- Tabernatik irtetean, bi magrebtar ate alboko mahaian jarrita. Kafea ez, tea eskatu dute. Egunkaria dute eskuetan eta euretako bat adi-adi ari da irakurtzen azala. Tabernako egunkari guztiak katalanez daude. Hori bai hizkuntzan murgil egitea.

Eta, horrela, goiza, konparatzen. Nahiezta.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017