Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Hegaztien nazioarteko eguna asteburuan, aprobetxatu

Asier Sarasua 2014/09/30 20:25

Egun bat ez ezik, hegaztiek asteburuan ospatzen dute euren nazioarteko eguna. Urriko lehenengo asteburuan izan ohi da (aurten urriaren 4-5), migrazio-garaia puri-purian dagoenean, eta hegaztiak ikusteko urteko sasoirik onenean.

Datozen egunotan, gure inguruko natur talde gehienek hainbat ekitaldi antolatu dituzte hegaztien mundua ezagutarazteko (hitzaldiak, bisita gidatuak, erakusetak, behaketak, irteerak...). Ugatzak, Itsasenarak, Salburuako Atariak, Urdaibai Bird Centerrek, Txingudiko Ekoetxeak, Arkamurkak, SEOk... milaka aukera eskaintzen dizkizuete. Eguraldi ona ei dator txoritarako. Aprobetxatu!

Eta asteburua bitartean, hona hemen zergatik maite ditugun txori eta hegaztiak.

 

Gipuzkera/bizkaiera mugako "haura" hori

Asier Sarasua 2014/09/26 20:25

Hirugarren mailako erakusleen artean, bi forma dira nagusi euskaraz: mendebaldeko 'ha' eta ekialde zabaleko 'hura' (bere aldaerekin, 'gura/kura', Aezkoa-Erronkari bitartean, adibidez). Baina bizkaierak eta gipuzkerak bat egiten duten Debabarrenean, bada beste forma berezi bat 'hura' erakuslearentzat: 'haura'.

Elgoibar inguruan oso indartsua dena (Mutrikun, Mendaron eta Deban), baina auzoerrietan ere erabiltzen dena, batez ere Deba Ibarreko Soraluzen eta Bergara-Antzuolan, eta baita Azkoitia-Azpeitian ere.

Zer ote "haura" hori? Ez dakit, baina beti pentsatu izan dut ez  ote den horrelako zeozer:

  • Bizkaian: Ha
  • Gipuzkoan: Hura
  • --> Mugan: ha+hura > haura

Beharbada hau/hura arteko analogia moduko bat ere izan daiteke. Edo hasierako "(h)a" hori beste zeozer ote? Auskalo. Dakienak emango digu argibiderik.

Bitartean, datu gutxi batzuk bere hedaduraz eta indarraz. Ahotsak.com proiektuko Ahozko Tradiziozko Corpus zoragarriak datu esanguratsuak ematen dizkigu. Hara, "hura" erakuslearen fitxari dagokion laburpena, bere aldaerekin eta formen hedadura geografikoarekin:

  • Mutriku-Mendaro-Elgoibar-Soraluze-Bergara-Antzuola: Haura formaren gunerik indartsuena: haura %85-100 inguru; ha %0-15.
  • Alboko Eibar, ostera, askoz bizkaitarragoa da (ezaugarri dialektologiko gehienetan bezala): ha %92; haura %8
  • Haura formaren agerpen gutxi batzuk daude, era berean, Deba ibarreko Elgetan, Arrasaten, Oñatin, eta baita Urolaldeko Zumaian ere.
  • Azkoitian eta Azpeitian datu gutxiegi dago Corpusean ondorioak ateratzeko, baina han ere erabiltzen dute (hare forma). Bertako informanteek esan didatenez, horixe da herriko forma nagusia, eta Zestoaraino iristen da.

Hemen, adibiderako, Antzuolako Juliana Arangurenen berbak (orain 10 urte grabatutakoak, 2004ko irailaren 29an, Itziar Alberdik egindako grabazioan):

Bizkaiko kostaldetik beste bi ohar egin dizkidate. Oier Txikillanak Eibartarrak zerrendan aipatu zuen (handik dator gaia) Lekeition forma indartu moduan (edo) erabiltzen dela "hauri". Gerora, Ana Moralesek Twitter bidez aipatu dit Bermeon ere izenorde enfatikoa dela "hauri" (eta "haura"?). Aritz Abaroaren iritziz "horixe"-ren ordezkoa-edo da "hauri".

Paboi handiaren (S. pyri), Europako tximeleta handienaren beldarra

Asier Sarasua 2014/09/08 19:55

Paboi handia izeneko sitsa da Europako lepidoptero edo tximeletarik handiena. Saturnia pyri du izen zientifikoa, 15 cm inguruko zabalera du, eta Europa hegoalde osoan bizi da, nahiz eta leku guztietan ez den erraz aurkitzen.

Beldarra ere halakoxea du, handi-handia, 16-18 cm bitartekoa. Joan zen astean ikusi genuen Urkuluko urtegian. Laranja edo berde kolorekoak izan daitezke, tanto urdinekin.

Polita benetan!

Eta bideo laburra:

 

Eta zuk, badaukazu ilerik eskuetako erdiko falangeetan?

Asier Sarasua 2014/09/07 20:51

Genetistek aztertzen dituzten milaka eta milaka karaktereen artean, bada bat MPH deitutakoa. Middle Phalangeal Hair (MPH) edo mid-digital hair indizea da, eta eskuetako erdiko falangeetan ilerik baduzun neurtzen du (hau da, 4 atzapar luzeetan, hatz lodiak ez duelako erdiko falangerik).

Ez omen dago erabat garbi ezaugarri horren oinarri genetikoa zein den; ezta ere giza populazioen azterketarako erabilgarri ote den. Baina munduan zehar hainbat neurketa eta ikerketa egin dira, populazio bakoitzaren MPH indizea aztertuz. Zenbat diren iletsu, zer proportziotan, zein atzaparretan gehiago, sexuen araberako aldeak, eta abar. Ile bakarra izatea (edo hobeto, folikulo bakarra), nahikoa da MPH+ izateko.

Nik askotan begiratzen diet nire atzaparren erdiko falangeei, eta hortxe daude, ondo iletsu. Bigarren hatzean izan ezik, beste hiruretan ileak ditut erdiko falangeetan (eskumako zein ezkerreko eskuetan). Eta hortxe imajinatzen zaituztet, zuek ere, atzaparretara adi-adi begira... Eta, zer? ilerik bai?

MPH +

Munduan zehar oso proportzio ezberdinak aurkitu dituzte. Afrikan eta Asian oso gutxi dira MPH+ direnak; Europan askoz gehiago, nahiz eta proportzioa oso aldakorra den populazio eta herrialdeen arabera.

Inoiz inon entzun edo irakurri dudanaren arabera, badirudi Euskal Herria dela (beste lurralde batzuekin batera) MPH+ tasa handiena duen lurraldeetako bat. MPH+ garenok, hortaz, ez gara bape originalak gure inguru honetan.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017