Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Satorra ikusi dugu (eta oso itxura onarekin)

Asier Sarasua 2014/08/26 22:07

Satorra (Talpa europaea) animalia ugaria da Euskal Herrian. Hala ere, animalia lotsatia izaki (nagusiki gautarra eta lur azpian bizi dena, gainera), ez da hain erraza ikustea. Ez bizirik, barrena.

Azkenaldian ikusi ditudan gehienak hilda zeuden, zapalduta, zanpatuta eta erdi-ustelduta. Aste honetan ikusi dugunak, ostera, itxura ona zuen. Orduan bertan bihotzekoa jota hil izan balitz bezala, koittadua.

Saguekin nahasten den arren, satorra beste talde batekoa da (sorikomorfoa, eta ez karraskaria), sateroak bezala. Haragijalea da eta lur azpian bizi da, dozenaka metro izan ditzaketen galerietan. Batez ere zizareak jaten ditu, baina baita beste edozein mamorro ere.

Beltza, 10-14 cm ingurukoa, begi txiki-txikiak, belarrigabea eta muturluzea. Muturtxo hori eta bertan dituen ile eta biboteak oso sentikorrak dira eta horien bidez mugitzen da.

Aurreko hankak oso zabal eta indartsuak dira, lurra zulatzeko ezinbestekoak.

Lur azpiko karrajuetan barrena habia egiten du, orbela eta belarrak erabilita. Oso gutxitan ateratzen da lur azalera, hain ezagunak diren sator-zuloak eginez. Zulo horiek bikotea aurkitzeko erabiltzen dituzte, edo beste animaliak batzuk ehizatzeko ("tranpa" horietan jausten diren animaliak ere jaten ditu).

Asteburuan behatutako hegaztiak (Aralar eta Mendixur)

Asier Sarasua 2014/08/24 22:40
Asteburuan egindako irteeretan ikusitako hegaztien zerrenda. Zapatuan Aralarren (Nafarroa) eta domekan Mendixurren (Araba).

Aralar (2014/08/23)

Atzo Aralarrera joan ginen. Kotxea Albin laga, Unako putzutik Hirumugarrietara igo, eta Igaratzatik barrena Guardetxera eta atzera berriro Albira. Mendiko espezie tipikoak ikusteko aukera izan genuen, eta harrapakari eder parea ere egokitu zitzaizkigun pare-parean, gabiraia eta belatz handia.

  • Saia (G. fulvus) +20
  • Zapelatza (B. buteo) 1
  • Belatz handia (F. peregrinus) 1, Hirumugarrietan
  • Gabiraia (A. nissus) 1 arra
  • Udako txirta (A. trivialis) 1
  • Buztanikara (M. alba) 1, Unako putzuan
  • Tuntuna (P. modularis) 5
  • Buztangorria (P. ochruros) 4
  • Buztanzuria (O. oenanthe) 3
  • Pitxartxar nabarra (S. rubetra) 1, Mendiaundi
  • Pitxartxar burubeltza (S. torquata) 2
  • Zozoak (T. merula)
  • Txantxangorriak (E. rubecula)
  • Kaskabeltzak (P. major)
  • Beleak (C. corone)
  • Belatxingak (P. graculus)
  • Txontak (F. coelebs)
  • Txokak (C. cannabina)
  • Mendi txirriskila (S. citrinella) 6

Mendixur (2014/08/24)

Gaur, berriz, Ulibarriko urtegi inguruan igaro dugu eguna, eta etxeruzkoan kuku txikia egin dugu Mendixurren. 10-15 minutu eskas, eta eguzkia kontra genuela, baina hegazti gutxi batzuk ikusteko astia eman digu.

  • Koartza gorria (A. purpurea) 1
  • Lertxuntxoa (E. garzetta) 2
  • Murgila (P. cristatus) ++
  • Amiamokoa (C. ciconia) 1
  • Antxeta mokogorria (C. ridibundus) 1
  • Ubarroia (P. carbo) 5
  • Kopetazuria (F. atra) +++
  • Uroiloa (G. chloropus) 1
  • Murgilari arrunta (A. ferina) ++
  • Ahate gorrizta (N. ruffina) 1
  • Basahatea (A. platyrrynchos) +++
  • Ipar-ahatea (A. strepera) ++
  • Kuliska iluna (T. ochropus) 1
  • Kaskabeltza, zozoa, txantxangorria, txorrua, enarak eta okil berdea.

 

 

 

 

Plaiaundiko Parkean (Txingudi) behatutako hegaztiak 2014/08/21

Asier Sarasua 2014/08/23 10:25
Herenegun Plaiaundira (Irun) egindako bisitan behatutako hegaztien zerrenda.

Aurrerago ere aipatu izan dut Plaiaundiko Parke Ekologikoa blog honetan. Txingudiko badian kokatuta, Irunen, Euskal Herrian hegaztiak ikusteko tokirik onenetakoa da (eroso eta egokiena bai, ziurrenik, Salburuarekin batera), eta Urdaibaiko Biosferarekin batera garai batean euskal kostaldean ugari ziren paduren eredu garrantzitsuena.

Aste honetan berriro izan naiz seme-alabekin. Oraindik ez da hasi bene-benetako migrazioa, baina hegazti-parrasta polita ikusteko aukera izan genuen. Eta baita koipu inbaditzaile bat ere, ea-ea eskuekin ukitzeko distantziara.

  • Txilinporta (T. ruficollis) +10 (kume eta guzti)
  • Ubarroi handia (P. carbo) 7
  • Lertxuntxo txikia (E. garzetta) +30
  • Lertxuntxo handia (E. alba) 1
  • Koartza (A. cinerea) 16
  • Beltxarga (C. olor) 1
  • Basahatea (A. plathyrrynchos) +20
  • Ipar ahatea (A. strepera) 3
  • Zertzeta (A. crecca) 1
  • Uroiloa (G. chloropus) 2
  • Kopetazuria (F. atra) 7
  • Txirritxo handia (C. hiaticula) 8
  • Harri-iraularia (A. interpres) 4
  • Txirri arrunta (C. alpina) 2
  • Kurlinta bekainduna (N. phaeopus) 4
  • Kurlinta buztanbeltza (L. limosa) 1
  • Kuliska txikia (A. hypoleucos)
  • Kuliska iluna (T. ochropus) 1
  • Kuliska zuria (T. nebularia) 2
  • Kuliska bernagorria (T. totanus) 1
  • Bernagorri iluna (T. erythropus) 1
  • Kaioa hankahoria (L. michaellis
  • Antxeta mokogorria (L. ridibundus)
  • Martin arrantzalea (A. atthis) 4
  • Enara azpizuria (D. urbica)
  • Buztanikara (M. alba)
  • Belea (C. corone) 2
  • Txepetxa (T. troglodytes) 1
  • Sasitxoria (H. polyglotta) 1
  • Eulitxori grisa (M. striata) 1
  • Txantxangorria (E. rubecula) 2
  • Zozoa (T. merula)
  • Hormatxoria (P. domesticus)
  • Txonta (F. coelebs) 2

 

 

Empordako padurak eta Parke Naturala (Girona)

Asier Sarasua 2014/08/20 15:11
Rosses eta Empuriabrava turistikoen artean, Kataluniako 2. hezegunerik garrantzitsuena aurkituko dugu, Empordako Parke Naturala (izen ofiziala, Els Aiguamolls de l'Empordà) . Naturzale eta ornitologoarentzat paradisu ederra.

Empordako (Girona) Parke Naturala (Parc Natural dels Aiguamolls de l'Empordà) Fluviá eta La Muga ibaien inguruan dagoen padura-sistema da. 4824 hektarea ditu eta Kataluniako 2. hezegunerik garrantzitsuena da (Ebroren Deltako Parkearen ostean). Garai batean Rosesko itsasgolko osoa hartzen zuen hezegune-sistema honek, Rosesen hasi eta Palseraino, Fluvià eta Ter ibaien artean. Hala ere, gizakia gutxinaka padurak idortuz joan zen, lehenengo nekazaritzarako eta, ondoren, 60. hamarkadatik aurrera, zerbitzu turistikoak eraikitzeko. 1976an herritarrek eta ekologistek hasitako kanpaina bati esker, hezegunearen zati bat salbatzea lortu zen eta 1983az geroztik babestuta dago.

Rosesko golkoa. Iparreko muturrean (ezkerretara) Cap de Norfeu (Roses); hegoaldekoan Montgrí (L'Escala). Bien artean urmael-sistema zabala.

Parke Naturala

Uda partea Gironako kostaldean igarotzen duen turistari, kosta egingo zaio pentsatzea gunerik turistikoenen artean, jendez eta etxez inguraturik, horrelako harribitxia egon daitekeenik. Naturaz gozatzeko aukera egoki-egokia, gehienbat txorizalea bazara.

Naturgunea ondo antolatuta eta zainduta dago, eta ederto seinalizatuta. Oinez zein bizikletaz ibilbideak egin daitezke eta txoriak ikusteko hamaika behatoki aurkituko ditugu urmael gehienetan. Zenbait tokitara ezin da bizikletaz sartu, baina egun pasa joan nahi bada, bizikleta erabiltzea aholkatuko nuke.

Padurak aurkitzea ere erraza da. Bisitariak hiruzpalau aukera ditu:

  • El Cortalet. Hauxe da gune nagusia, urmael gehienak ere bertan daude eta harreragunea ere hantxe dago. Sant Pere Pescador eta Castelló d'Empuries artean dago eta erraz aurkituko duzue. Ondo seinalizatuta dago. Parkina ordaindu egin behar da (5 euro eguna). Harreragunetik bertatik 3 ibilbide abiatzen dira, parkeko gune nagusietara: Mas del Mata-ra (PDF), Les Llaunes hondartzara (PDF) eta L'Estany Europara (PDF).
  • Estany Europa. Empuriabrava alboan, La Muga errekaren bazterrean. Hezegune-sistema txikiagoa, baina hau ere oso aberatsa. Cortaletetik joan daiteke (oinez edo bizikletaz, 4 km), edo Empuriabravan bertan kotxea utzita (200 m).
  • Vilaüt. Izen bereko auzoan, Pau herri aldamenean. Barrurago dago eta abifauna apur bat ezberdina da. Kotxez baino bizikletaz iritsiko zara errazago, mendi-bideetatik joan behar delako.
  • Ter eta Daró ibaiak. Natur Parketik kanpo daude, Baix Empordà eskualdean, baina babestuta daude (Natur Parkeko zati izateko zain). Ez dira hain ikusgarriak, baina bizikletaz ibiltzeko inguru aproposa da (Torroella de Montgri-tik abiatuta).

Natur Parkeak ez dauka ganorazko webgunerik, Facebook orri xixtrin bat besterik ez, baina informazio apur bat aurkituko duzu ondorengo orrialde eta dokumentuetan:

 

Fauna

Fauna aberatsa dauka. Ornogabe, anfibio eta narrastietatik hasi, eta ugaztunetaraino. Ipurtatsa, erbinudea eta katajineta ugariak dira; zer esanik ez azeria eta azkonarra. Gainera, azken urteotan igaraba eta adarzabala ekarri dituzte (berriro) parkera.

Txorizaleentzat ere, jakina, disfrutatzeko tokia da. Are gehiago euskaldunontzat, gurean gutxi ikusten diren hainbat espezie aurkituko ditugulako. Han aurkitu ahal izango ditugu, besteak beste: Europako lezkari eta benarriz espezie gehientsuenak, ahate eta zertzetak (Anas querquedula zein Anas crecca), harrapakari asko (Pandion haliaetus, Circus aeroginosus eta Falco vespertinus, adibidez), uroiloak eta uroilandak, karraka (Coracias garrulus), pratinkolak, eta dozenaka hankaluze eta limikola (Charadrius dubius, Charadrius alexandrinus, Calidris minuta, Calidris temminckii, Calidris alpina, Philomachus pugnax, Tringa ochropus, Tringa glareola, Pluvialis squaterola, eta abar).

Ingurune bereziki ona da, adibidez, ardeidoak (eta zikoniformeak oro har) ikusteko. Goiz bakarrean ia espezie guztiak ikusi nituen, eta ikusi ez nituenak ere inguruan zebiltzan: txori zezena, amiltxoria, amiltxori txikia, lertxuntxo itzaina, lertxuntxo karramarrozalea, lertxuntxo txikia, lertxuntxo handia, lertxun gorria, lertxun hauskara, amiamokoa, beltzarana, mokozabala eta flamenkoa. Izugarria.

Ikusitako espezieen zerrenda osoa hurrengo post baterako utziko dut. Bitartean, hurrengo bisitaldia planifikatzen hasiko naiz. Ahal bada udaberrian; apirila-maiatzeko pasean eta ur gehiagorekin, ikusgarria izan beharko da.

"Senillosa behatokia" (Mas del Matá ingurunean). Garai bateko arroz-biltegia txori-behatoki bihurtuta. Egun, Parkearen ikurretako bat.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017