Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

2013an irakurritako liburuak

Asier Sarasua 2014/01/26 19:05

Urteroko estriptis literarioa, aurreko 12 hilabeteetan irakurritakoen zerrenda. Aurrekoetan bezala (2010, 2011, 2012), aurtengoan ere denetik dago: irakurle-taldean landu ditugunak, han eta hemen gomendatu dizkidatenak, Armiarmatik jaitsitako klasikoak... 90. hamarkadako euskal literaturari tartea egin nahi izan diot (ipuin-liburuei, bereziki). Oro har, gustura egoteko moduko aukeraketa.

Oraindik ere paperean gehitxoago, baina digitalak ugaritzen. Euskaraz erdiak pasatxo; gaztelaniaz besteak. Kopuruz, iaz baino gehiago (honek izan du eraginik); astean liburu bat, batez beste. Gehiena fikzioa (eleberriak nagusi; ipuinak ere dexente). Saiakera eta poesia, juxtu-juxtuan ale bakanen bat.

Hara ba, 2013ko uzta.

Euskaraz

  • ***Twist (Harkaitz Cano, Susa 2012). Blogean
  • Eulien bazka (Hasier Etxeberria, Susa 2003).
  • Mala stranako ipuinak (Jan Neruda, 1877; Armiarma). Txioa
  • Mateo Falcone (P. Merime, 1830; Armiarma). Latza benetan. Ohorea. Baina ohorea Kortsikan bakarrik ulertzen den gisara. Latza, korsikako labarrak eta makisa bezain latza. Ona.
  • Argiaren erreinua (Joseba Lozano, Alberdania 2011). Aurreiritziz beteta hasi nuen, baina ondo idatzita dago. Codigo Davinci moduko bat.
  • Tangerko ametsak (Jon Arretxe, Erein 2011)
  • Negu bat Mallorcan (George Sand, 1839; Armiarma) Aspergarria, zeharo.
  • Metamorfosia (Franz Kafka, 1915) Ze ona.
  • Txokolatezko dinamita (Mikel Taberna, Susa 2001) Txioa
  • Bazko-arrautzak (Mikel Hernandez Abaitua, Elkar 1995) Blogean
  • Iturrino handia (Hasier Etxeberria, Susa 2007)
  • ***Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe, Susa 2013) Blogean
  • Kcappo, tempo di tremolo (Pako Aristi, Erein 1985) Txioa
  • Abuztuaren 15.eko bazkalondoa (Joxe Austin Arrieta, GAK 1979; Elkar) Blogean
  • ***Gauza txikien liburua (Pako Aristi, Erein 2004)
  • Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Joseba Sarrionandia, Pamiela 1985) Poesia liburu batekin hasi nahi duenak, ez du hau aukera txarra.
  • Sugeak txoriari begiratzen dionean (Bernardo Atxaga, Erein 1984) Ipuin eder tristea.
  • Euri kontuak (Jose Luis Otamendi, Susa 1999) Blogean
  • ***Sartu, korrontea dabil (Ixiar Rozas, Erein 2001) Gustatu zaizkit Rozasen tonua, istorioa,... eta batez ere, begirada.
  • Odolaren sua (Irene Nemirovsky, Alberdania 2012) Txioa
  • Odolaren usaina (Mikel Antza, Susa 1987) Blogean
  • Sisifo maite minez (Laura Mintegi, Txalaparta 2001)
  • Atoiuntzia (Edorta Jimenez, Susa 1990) Blogean
  • Mussche (Kirmen Uribe, Susa 2012)
  • Tango Urdina (Aitziber Etxeberria, Erein 2003)
  • Euli-giro (Uxue Alberdi, Susa 2013) Txioa
  • ***Gudari zaharraren gerra galdua (Erein, 2000) Blogean
  • Bränskint (Goizalde Landabaso, Txalaparta 2011) Mikroipuin erdipoematu gogoetaeragileak; lupaz sortu, ironiaz bete eta zorrozkiloz onduak.
  • 3 Mariak (Arantxa Urretabizkaia, Erein 2010) Blogean
  • Alkasoroko benta (Mikel Taberna, Susa 2013) Blogean

 Gaztelaniaz

  • Historia del Sahara y su conflicto (Alejandro García, Catarata 2010). Saharako injustizia historikoa ezagutzeko sarrera egokia.
  • Robinson Crusoe (Daniel Dafoe, 1719) Ba, bere aje guztiekin (egitura, estiloa, errepikapen asko, zatika idatzita bezala, moralista, eta abar), gustura irakurri dut.
  • Moby Dick (Herman Melville, 1851) Astunaaaa.
  • Bartleby el escribiente (Herman Melville, 1853). Aurrekoak baino askoz izen gutxiago, baina on-ona da.
  • Zalacain el aventurero (Pio Baroja, 1908) Kostunbrista eta abar, baina erritmoa dauka eta gustura irakurri dut.
  • Cuentos de la alhambra (Washington Irving, 1832).
  • ***Ganar a cualquier precio (Hamilton & Coyle, Planeta 2013) Brutala. Blogean
  • Los reyes de lo cool (Don Winslow, Mondadori 2012) Salvajes ezagunagoaren prekuela; eta hobea. Droga giroa 1960-1980. Erritmoa eta akzioa. Gustatu zait. 
  • Yo robot (Isaac Asimov, 1950) Bigarrengoz berrirakurtzen, gazte denborako oroitzapenak...
  • ***Leon el africano (Amin Maalouf, Alianza 1999) Ona, oso gustura irakurri dut. Leon afrikarraren (1488-1554) biografian oinarrituta, garaia eta paisaiak ezagutzeko aparta. Gomendagarria.
  • Exploradores. La historia del yacimiento de Atapuerca (José María Bermúdez, Debate 2012)
  • ***Atapuerca. Un millón de años de historia (Juan Luis Arsuaga eta beste, Plot 1998)
  • Ronda del Guinardo (Juan Marsé, Plaza y Janés 1984). Polizia batek neska gazte bat komisariara darama, hilotz bat identifikatzera. Aitzakia hutsa Marseren betiko unibertsoa zirriborratzeko (Gerra osteko Bartzelona, Ginardoko auzoa, etorkinak, marjinalitatea...). Si te dicen edo Rabos eleberrien antzeko giro eta egitura, baina asmo gutxiagoko lana.
  • ***Bartleby y compañia (Enrique Vila-Matas, Anagrama 2000) Metaliteraturaren inguruko metaliteratura. Ber bi.
  • Praga mortal (Philip Kerr, RBA 2013) Mundu Gerrako Alemanian girotutako polizia eleberria. Erritmo eta bizitasun aldetik ez da ikusgarria; gainera, egoera batzuk ere (eta hainbat elkarrizketa) pixkat fortzatuta daude. Baina nazien garaiko anbientazio (ez hain sinesgarri) horrek, bere zera dauka. Tira.
  • La voz del violín (Andrea Camilleri, Salamandra 1997) Montalbanoren 4. liburua. Ondo dago.
  • Un giro decisivo (Andrea Camilleri, Salamandra 2003) Beste hau, ostera, pse.
  • Shakespeare nunca lo hizo (Charles Bukowski, Contraseñas 1999) Gutxitxo da, baina garaia eta pertsonaia ezagutzeko onak. Idazleak Europan barrena egin zuen bidaia baten errelatoa.
  • ***El porqué de las cosas (Quim Monzó, Anagrama 2005) Bikaina. Zorroztasuna, malaletxea, irribarrea eta mina dosi egokian. Txioa
  • Hace cuarenta años (Maria van Rysselberghe, Panorama 2012). Ez, niretako ez.
  • ***Detectives salvajes (Roberto Bolaño, Anagrama 2000). Liburu handia.
  • El lápiz del carpintero (Manuel Rivas, 1998) Gerra zibilaren osteko errepresioa. Herbal Guardia Zibilaren oroitzapenak gidari, preso ezkertiar talde baten ibilerak kontatzen ditu. Liburuak une ederrak ditu, benetan ondo lotu eta hunkigarriak. Hala ere, amaieran, "arintasun" sentsazioa hutsi dit; gaiak askoz gehiago eman zezakeelako inpresioa.
  • ***Plomo en los bolsillos (Ander Izagirre, Libros del KO 2012) Blogean
  • La trampa de miel (Unni Lindell, Siruela 2011). Polizia eleberri eskandinabiar txukuna, erritmo eta trama biziarekin. Gauza batzuk sinesgaitzak, baina harrapatzen zaituen horietakoa. Irakurle kluberako aukeratutakoa.
  • ***Los amigos de Eddie Coyle (George Higgins, 1970). Coetzee-ri irakurri nion, hauxe zela bere idazle gustukoenetako bat. Hau bere lehenengo eleberria, Estatu Batuetako eleberri beltzaren eredua irauli omen zuena, elkarrizketek duten indar eta bizitasunagatik (Tarantino gogoratuko dizute). Eta egia da. biziak dira, oso. Ondo bideratuak, benetakoak, naturalak...
  • Mátalos suavemente (George Higgins, 1974)

Nola esaten da "crecederas" euskaraz? - #laguntza

Asier Sarasua 2014/01/19 18:35
Denok jakingo duzue (Hegoaldean, behintzat) zer diren "krezederak". Badakizue, hazten ari zarela, iluntze partean hezur eta giharretan sentitzen den min bizi hori. Gehienok izan genituen umetan; seme-alaba gaztetxoak ditugunok zuzen-zuzenean jasaten ditugu gauero. Eta hala ere, topatu ezinik nabil nola esaten zaien euskaraz. Zuk laguntzerik?

Izan ere, oraingoan hiztegiak ez dira oso lagungarri. Hasteko, euskarazko hiztegi orokorretan ez dator. Ez Elhuyarrek, ez Harluxetek, ez Adorez 5000 hiztegiak... ez dut inon aurkitu.

Bestalde, kasu honetan gaztelania ere ez da lagungarri:

  1. RAEk ez dakar "crecederas" (ez, behintzat, guk nahi dugun adierarekin), eta sareko hiztegiek ere ez dute batu. Arrunkeria linguistiko horietako bat izango da (gaitz edo min horri dolor de crecimiento deritzo, berez).
  2. "Crecederas" horrek, gainera, gauzak pixkat gehiago nahasteko, badu 2. adiera bat: "paperas" (hazizurriak, paperak,  listu-guruinen hantura).

Herri-mailako hitza izanik, herri mailako hiztegietara jo dut. Hantxe aurkitu dut pista moduko bat, non eta gure herrian, jakina, Toribio Etxebarriaren lexikoi bikainean:

  • hazigurenak (hazikurenak). iz. (TE). Crecederas.
    Juan zan astian, hazigurenak euki destaz etxeko txikixenak.

BAAAINA oharrengatik jakin daiteke, "krezedera" horiek ez direla hazteak haurrei hezurretan sortutako minak, gorago aipatutako paperak edo hazizurriak baizik (eztarri aldeko guruinak edo gurenak puztearen ondorioa, alegia).

Euskaltzaindiak ere jasota dauka hazikurenak, beste hainbat aldaerarekin batera (haziguren, asikun, asikontxo, osingoren... baita hazizurri ere). Azkuek ere hainbat berba eta aldaera batu zituen, baina guztiak ere paperekin zerikusia dutenak (guruinak hazte edo puztearekin).

Amore emateko prest nengoela, Labayru hiztegira jo dut eta Kontxo! Azkenian! oihukatu dut... "mal del crecimiento" ikusi dudanean. Baina hara!, hor aipatzen direnak ez ote dira hazizurriaren sinonimoak, guzti-guztiak? (saguak, lepaminak...). Hizkuntzen arteko interferentzia gertatu da? Gaixotasun bateko lema bestera hedatu da? (hizkuntza bietan, gainera).

Gauzak horrela, kontua da, oraindik ez dakidala gaur iluntzean zer esan behar diedan seme-alabei. "Lasai, hazigurenak dira" esanda, zuzen ibiliko ote naiz?

Eta, zuek,... laguntzerik? Zelan esan izan duzue etxean?

Eguneraketa: Twitter bidez jaso dut hazi-min esaten diotela hainbat tokitan. Hori bai, hori badago Orotarikoan (ez beste hiztegietan).

Europan jokatzeko talde bi - #eibarpool

Asier Sarasua 2014/01/14 19:38
Eibarrek 75 urte beteko dittu datorren urtian (ez herrixak, futbol taldiak baizik). Ospakizuna antolatzeko batzordia hasi da biharrian, eta zerekin hasiko? Historixako hamaikakorik onena aukeratzen. Talde "idealak", badakizue.

Holaxen egin dabe, bai. Eta talde bat baino, bi: zaletuen artian talde bat aukeratu dabe; batzorde "tekniko" batek beste bat. Ño! Ezin esan talde txarrak diranik. Baietz Europan lehiatzeko gauza izan! Orduan bai Eibarpool!

Hamaikako popularra:

Garmendia; Iñaki Altuna; Karmona; Olaizola; Aitor Arregi; Bixente Oiarzabal; Oscar Artetxe; Luluaga; Gomez de Segura; Jose Eulogio Garate; Txutxi Hidalgo (entrenatzaile: Alfonso Barasoain).

Hamaikako teknikua:

Almunia; Javier Olaizola; Agustin Gisasola; Antonio Ansola; Alberto Ormaetxea; Diego Alvarez; Xabi Alonso; David Silva; Pizo Gómez; Jose Eulogio Gárate; Barkero (entrenatzaile: Mendilibar).

"Alkasoroko benta" (Mikel Taberna, Susa 2013)

Asier Sarasua 2014/01/14 00:08
"Alkasoroko benta" (Mikel Taberna, Susa 2013)

Alkasoroko benta, Mikel Taberna, 2013

Alkasoroko benta
Mikel Taberna
Susa, 2013

Lesaka eta Bera artean dago Alkasoro. Denetik saltzen da hango bentan, eskuinean baitauka denda eta ezker aldean taberna; beraz, handik igarotzen dira biztanle guztiak, oraintxe ez bada geroago. Bentako semea da Martin Irazoki, nobela honen kontalaria, 50eko hamarkada amaieran jaioa, gaztaroko hogei urteen berri emango diguna, eta gisa horretan herri oso baten erretratua (sinopsitik).

Mikel Taberna nafarraren azkenengo lana, lehenengo eleberria, nolabait Txokolatezko dinamita ipuin-liburu hari (Susa, 2001) jarraipena ematen diona. Aurreko hura gustatu zitzaidan, baita hau ere.

Martin Irazoki gaztearen eskutik Alkasoroko (eta inguruko) bizimoduaren gora-beherak ezagutuko ditugu: 50. hamarkadako Euskal Herriko giroa, 60ko industrializazioa eta bizimodu aldaketa, 70. hamarkadako aldaketa politiko eta soziala,... Alkasoro ez ezik, Irun eta Iruñea ere bisitatuko ditugu, Bordatxon hasi eta Bordatxon amaitzen den istorioarekin.

Garai bizia; aldaketa garaia. Euskal Herri tradizionala atzean geratzen hasten den sasoia. Eta Martin Irazokik ematen digu aldaketa horren berri. Eleberriak ere horrela egiten du, nolabaiteko kutsu kostunbristarekin hasiz, baina gutxinaka ukitu politiko eta sozialagora joaz, urteak igaro ahala. Ni neu "antzinako Euskal Herri" haren zale naiz, eta gustura irakurri ditut lehenengo atalak, baina esango nuke liburuak hobera egiten duela amaieran, eta liburuaren zatirik onenak azkenengo bi kapituluak direla, bukaerako ezustekoak barne (pare bat bai, barrena).

Esan bezala, protagonista bera da kontalaria, lehen pertsonan dago idatzita liburua, eta errealitatetik oso hurbil sumatzen ditugu kontakizunok. Tabernaren unibertso hurbila (Alkaiaga, Bortziriak eta Bidasoa), beste izen batzuekin damaigu idazleak (Alkasoro, Seierriak eta Urrabia), baina irakurleak berehala jartzen ditu mapan, lekuak ez ezik, baita hainbat gertaera eta pasarte ere (Taberna ere imajinatu dezakegu, Irazoki bezala, Alkasoron jolasean, futbolean edo zurrutean).

Hizkera bizia, landua, nafar ukituz hornitua, oso erakargarria eta eleberriari zoragarri doakiona. 'Doinu naturala' aipatu du Asurmendik. Horixe da! Naturala ez ezik, eraginkorra ere bada, kontakizunerako doi-doia (tira, Zalduari ez zitzaion horrenbeste gustatu, eta arrazoi punttua ere badu, baina ezeiozue kasu handiegirik egin).

Liburua 10 kapitulutan dago banatuta. Neurri batean ipuin itxura dute, istorioak hasi eta buka, eta derrigorrezkoa da "Txokolatezko dinamita" hura gogora ekartzea. Orduko ipuin-bildumari iruzkina egiteko orduan, hauxe zioen Aingeru Epaltzak duela 10 urte inguru: "pena bakarra hartu dut, “Txokolatezko dinamita”ren osagaiekin zer-nolako nobela puska idatz zitekeen pentsatzean". Ba, hauxe da dinamita eleberri bihurtua, edo.

Ipuin-liburuak aldarri, oro ez baita eleberri

Asier Sarasua 2014/01/04 12:50
Azken asteotan nire buruari jarritako betebeharra: (niretzat) erdi-ezezagunak ziren zenbait idazle eta ipuin-liburu irakurtzea. Hortxe aurkitu ditut zenbait lan gomendagarri. "Bazko-arrautzak", "Atoiuntzia", "Euri kontuak", "Mala Stranako ipuinak", "Odolaren usaina" eta "Txokolatezko dinamita".

Bazen behin Eskual Herriko xoko xoragarri batean eleberriak baizik leitzen ez zituen putiko lerden txoil xarmanta. Axierrek, hori baitzitzaion izen, ipuinen bat ere leitzen zuen pitian-potian, bai baitzekien zoin edjerrak ziren "Obabakoak" eta "Narrazioak", zoin gustagarriak "Neguko zirkua", "Fikzioaren izterrak" eta bertze horrenbertze... eta biziki goraipatiak ere bazituen zonbait ipuin-liburu bere kaieran.

Baina derragun garbi: eleberrizale urdea bertzerik ez genuen gure gaztea. Aukeran eleberriei egingo zien moko eta ipuinak lajako zoko.

Alta, egun batean miragarria agertaratu zitzaion eta eztiki erran: "datozen ordu eta egunetan, datozen aste eta hilabeteetan, jalgi itzazu ipuin-liburu zonbaitzu denboraren armairu ezkututik. Xerka fite eta bizi, altxor eta pitxi! Oroz gain, orain 15, 20, 25 izkiriatu haiek, denborak bazter utzi dizkizunak. Ikusiren duzu zoin liluragarri eta kitzikagarri diren, eleberri aunitzen gaindi". Eta horrela egin zuen Axierrek, urde baitzen baina urde zintzo, eta bai baitzekien zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak.

Halaxe aritu zen, bada, 87tik 95era, 99tik 90era, denboraren makinan pinpoil eta zilipurdika, ea zer aurkituko ipuinen kutxetan, altxor edo zeren. Eta zer kausituko? Liburu gustagarriak ez ezik, baita ondorengo iruzkinak ere (iruzkin labur baina mirakulosoki bikainak, bidenabar erranik).
 

Bazko-arrautzak (Mikel Hernandez Abaitua / Elkar, 1995)

Bazko arrautzakEz nituen ezagutzen, ez idazlea ezta liburua bera ere ("Narrazio tailerra" bikaina salbu), eta hara! asko gustatu zait. Bere txikitasunean (6 ipuin, 120 orrialdetan barreiatuta), ipuin-liburu ederra. Ipuinei zeozer eskatzen diet, azaltzen ez dakidan "zeozer", eta hauek badute zeozer hori. Zeozer baino gehiago. "Begiak" kafkianoa asko gustatu zait; "Zakar poltsak saltzen ditut" are gehiago; eta azkenengo biak dira onenak, "Heriotzaren pabilioia" eta "Bazko-arrautzak" bera. Fantasia, absurdua, Kafkaren oihartzunak... eta hala ere, errealitatetik hurbil, egia/gezurra dikotomiarekin jolastuz eta bien arteko muga hautsiz.

 

Atoiuntzia (Edorta Jimenez / Susa, 1990)

AtoiuntziaHasierako ipuinak XX mende hasieran edo erdialdean girotuta daude. Antzinako usaina dakarte, baina ez naftalina usainik. Usain gozo, gazi eta gordina baizik. Benetakoa. Ondoren, denborak bezala, ipuinek ere aurrera egiten dute eta modernoagoak datoz, 70-80 urteetako girora heldu arte (Bizkaia industrializatua, droga giroa...). Denak ere itsaso bazterrean girotuta, Bizkaiko portu batean, izan Bilbo edo izan Mundaka. Galduta dabiltza protagonistarik gehienak, noraezean itotzekotan. Ipuin gaitzak, askotan kriptikoak, gehienetan akabera bakoak,  elipsiz joriak. Ez errazak baina halere esfortzua merezi dutenak. Badaude abenturazkoak ("Yeregi"), zein historikoak, are ukitu fantastikokoak ere ("Sugaar"), baina kresalez bustitako giza erlazioen inguruan harilkatuta guztiak.

 

Euri kontuak (Jose Luis Otamendi / Susa, 1999)

Euri kontuakAtmosfera goibel batek besarkatzen dituen 20 ipuin labur (are oso labur), euriak bakarrik sor dezakeen giro malenkoniatsuan. Errealistak, eguneroko gertaeretan oinarritutakoak, izan gerra garaian, 50-60 hamarkadetako Euskal Herrian edo 90eko giro politikoan; hori bai, gehienak gatazka politikoan trabatuta, baina batez ere giza kondizioa erretratatzen dutenak. Xabier Mendiguren editoreak "herri-saminaren poeta fina" deitu zion Otamendiri. Samina barra-barra aurkituko duzu ipuinotan, bai. Samina, mina, hutsunea, beharra... Guztia ere artez kontatuta, braust, tapakirik gabe. Bestalde, azpimarratzekoa da hizkuntza estilo propioa sortzeko egindako ahalegina. Tira, ahalegina ez ezik, baita lorpena ere: aberatsa bezain doia, dotorea, lexiko landuduna, adjetibazio ugarikoa,... Larregikoa, apika, baina berea eta lortua. Badira gehiago eta gutxiago gustatu zaizkidanak. Nabarmenduko nituzke, besteak beste, "Ardoa baino ez", "Musuzapia", "Agurra"... Esan bezala, saminak eta malenkoniak goitik behera harrapatutako euri-giroan idatzita. Liburuari amaiera ematen dion esaldiak laburbil dezake atmosfera hori: "Enekok zain behar zuen arkupeetan. Eguerdira artekoa elkarrekin emango zuten. Bizi-bizi ari zuen, hoztu egin zuen negu kiskali hartako giroa eta Aritzek kalean gora jo zuen aterpe bila". Otamendi berak aterperik aurkituko ote zuen?

 

Odolaren usaina (Mikel Antza / Susa, 1987)

Sinesgaitza egiten zaigun arren, Mikel Antzaren bilduma honetako ipuin guztiek benetako gertakizunak dituzte oinarri. Bortxa, biolentzia, erailketak... odola! Guztiak ere idazleak egunkarietatik jasotakoetan oinarrituta. 7 ipuin biltzen ditu; niretzat onenak: "Bederatzigarren biktima", "Zurrumurrua oinetan" eta "Komix".

 

Mala stranako ipuinak (Jan Neruda / Ibaizabal, 2001)

Mala Stranako ipuinak1990ko hamarkadara ez ezik. XIX. mendera arte joan gara oraingoan, "Mala Stranako ipuinak" liburuaren bila. Jan Neruda idazle txekiarrak 1877an idatzitako ipuin-bilduma, Fernando Reyk oso ondo itzulia eta sarean lor daitekeena (bertan irakurriz edo osorik jaisteko aukerarekin). Ipuin ederrak, idazkera patxadatsu bezain bizian idatziak. Izan ere, horixe da azpimarragarriena ipuin hauetan: ipuinen erritmoa aldi berean dela patxadatsu eta bizi. Ipuin geldoak dirudite, eta idazkera "lasaian" daude idatzita, baina irakurri ostean esaten duzu, koño! Esango nuke Neruda honen kontaera ez dela bere garaikoa, gaur egungoa baizik. Gomendagarria, erabat. Nire irakurgailuan markatuta gelditu direnak? "Rysanek jauna eta Schlegl jauna", "Eskalea mixeria gorrira bidali zuen emakumea", "Doktore zaputza" eta "Aurten Arimen Egunean idatzia".

 

Txokolatezko dinamita (Mikel Taberna / Susa, 2001)

Txokolatezko dinamitaTabernaren lanak aurten jaso du oihartzunik handiena, ziurrenik, "Alkasoroko benta" (Susa, 2013) eleberria dela eta. Baina Alkasoroko unibertsoa orain dela 13 urte plazaratu zigun idazle beratarrak "Txokolatezko dinamita" honi esker. XX. mende hasiera-erdiko Nafarroara garamatza Tabernak, 8 ipuin labur ederri esker ("Amuarraina eta aingira", "Bota xoxa!", "Hontxa"...). Gehienetan Urrabia ibaiaren (Bidasoa kamuflatua) kantua entzuten dugu orrialdeetan; beste batzuetan Egarena. Bortzirietatik Iruñea eta Lizarrara joango dira pertsonaiak, pertsonaia ustez arruntak, hezur-haragizkoak, xumeak. Kontakizunak eta gertaerak bezalaxe, hauek ere xumeak.. eta, hala ere, unibertso moduko bat sortzea lortzen dutenak. Zenbait pertsonai, gainera, kukuka azalduko zaizkigu ipuin batean eta hurrengoan, orain protagonista, hurrengoan "figurante", mundu horri batasun modukoa ematen. Lehen pertsonan kontatuta daude ipuinok, sarri askotan haur edo gazteen begiradapean, ez baina ikuspegi xalo edo samurregiarekin. Idazkera ere gustagarria, berea, eta kontakizunak eskatzen duenerako eraginkorra. Hortaz, Taberna irakurri ez baduzu, gomendatu egingo nizuke; eta "Alkasoroko benta" gustatu bazaizu, nola ez.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017