Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

#asmoberri - 2014an irakurriko ditudan euskarazko 14 liburu

Asier Sarasua 2013/12/25 22:30
Urte berri, asmo berri. Hementxe, 2014. urtean irakurriko ditudan euskarazko 14 liburu.

#Asmoberri, pil-pilean sarean eta telebistan. Nik ere egin dut nirea: erdarazko liburu bakoitzeko, euskarazko bi irakurriko ditut, gutxienez. Tartean, aspaldi-aspaldi mesanotxean zain ditudan zenbait! Heldu da zuen ordua, madarikatuok!

  • Bala zeru urdina (Xabier Aldai)
  • Itzalen itzal (Juan Garzia Garmendia)
  • Kartografia (Rikardo Arregi)
  • Euzkadi merezi zuten (Koldo Izagirre)
  • Camembert helburu (Jon Alonso)
  • Hamaika pauso (Ramon Saizarbitoria)
  • Lagun izoztua (Joseba Sarrionandia)
  • Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan (Hasier Etxeberria)
  • Gorrotoa lege (Jon Etxaide)
  • Aihen ahula (Daniel Landart)
  • Urregilearen orduak (Pako Aristi)
  • Ur uherrak (Aingeru Epaltza)
  • E pericoloso sporgersi (Pello Lizarralde)
  • Gure gauzak SA (Ur Apalategi)

Ea "zor historiko" batzuk ordaintzen ditudan ;-)

Liburu bat amaitu osterako 15 galdera

Asier Sarasua 2013/12/21 18:59
Eibarko irakurle-taldean ondorengo galde-sorta banatu digute. Hementxe doaz, liburu bat amaitu ostean, zure buruari egiteko moduko 15 galdera. Izan ere, liburu baten irakurketa ez delako amaitzen azkenengo orrialdean, ondoren egiten dugun hausnarketan baizik.
  1. Sinesgarria da istorioa?
  2. Interesa mantentzen du istorioak?
  3. Argitaratzea justifikatuta dago?
  4. Ideia originala da?
  5. Argumentua eta gidoia ondo garatuta daude?
  6. Elkarrizketak errealistak dira?
  7. Badu balore literariorik?
  8. Eta erabilitako hizkuntza nolakoa da?
  9. Pertsonaien psikologia ondo irudikatuta dago? Beraien ekintzak horren ondorioa dira?
  10. Pertsonaiaren batekin identifikatu zara?
  11. Hedadura egokia da?
  12. Istorioak giza izaera, historia, herrialdea edo ohiturak hobeto ezagutzen lagundu dizu?
  13. Uste duzu liburu honen irakurketak eguneroko bizitzan edo hobea izaten lagunduko dizula?
  14. Idazleak bere pertsonalitatea proiektatzen du fondoan (pentsamenduan) edo forman (teknika literarioan)?
  15. Zer izan da atseginena eta gutxien gustatu zaidana?

Baina garrantzitsuena: gustatu zaizu? eta gozatu duzu?

"3 Mariak" (Arantxa Urretabizkaia, Erein 2010)

Asier Sarasua 2013/12/12 10:25
Eibarko irakurle-klubean abenduan irakurri eta landutako liburua.

3 Mariak
Arantxa Urretabizkaia
Erein, 2010

Maria Txurik 79 urte ditu eta alargun geratu da. Hainbat urte seme-alabak hazten igaro ondoren, azken urteotan gizon gaixoa zaintzeaz arduratu behar izan da. Senarra hil eta tanatorioan dela, txikitako lagun bat agertuko da, Maria Gorri, hainbat urtez herritik kanpo bizi izandakoa. Nola ez dakitela ere, biak elkarrekin bizi izatera joango dira, Gorriren gurasoena izandako etxera. Zaharrak dira, bai, baina ez daude prest heriotzari exerita itxaroten geratzeko. Bizitzeko gogoz daude eta proiektu asko gauzatzeko asmoarekin. Besteak beste, 3. Maria aurkitzea, Marihandi.

Zahartzaroa du gai nagusi eleberriak, baina baita beste hainbat gai ere: adiskidetasuna, tolerantzia, askatasuna... Zahartzaroa bere aje guztiekin erakusten digu Urretabizkaiak, zaharra hitzaren apologia konszientea eginez; baina batez ere bizipozaz dihardu eleberriak. 80 urterekin (baita 50 edo 70ekin ere, gehituko dut nik) erronka berriak aurkitzeko beharraz. Izan ere, baikortasunez blai dago 3 Mariak. Istorio samurra baina indartsua; samurra neurrian, tarteka topiko eta goxokeriak ere badituen arren.

Pertsonaia ederrak sortu ditu, gehienbat bi pertsonaia nagusiak (Txuri eta Gorri), ondo perfilatuak, liburuan zehar garatuz doazenak (batak bestearengandik hartuz). Mutur samarrekoak, esango du norbaitek; baina egokiak, erantsiko nik. Egia da, agian, beste pertsonaia osagarriek (Kalok eta Laidak, gehienbat) karrank egin izan didatela tarteka (hain dira perfektuak eze...), baina eleberriko giro goxora ondo egokitzen dira.

Esango nuke Urretabizkaiak ondo aurkezten dituela gure aittitta-amama izan diren belaunaldikoen bizitzak, gogoetak eta sentimenduak, XX mende hasieran jaio eta orain gutxi ezkutatu zaigun belaunaldi horren arima. Horrekin batera, hala ere, zaharra izateko beste modu berri bat ere aldarrikatzen du XXI. menderako.

Estilo xumea erabiliz idatzia, idazkeran zein teknika narratibo aldetik, ahots bakarraren bidez eta kontakizuna modu kronologikoan antolatuz. Era gardenean. Protagonista da kontalari, eta bere bizitzako urte bat kontatzen du, gutxi gora-behera, alargun gelditu zenetik 80 urte bete artekoa, azken orrialdea 2000. urteko urtarrilaren 1ean kokatuz. Milurteko berria; garai berria; asmo berriak. Esan bezala, guztia ere modu xume eta garbian kontatuta.

Istorioak ez du beste munduko ezer: bi atsoren eguneroko bizitza besterik ez da. Gainera, liburuak duen hari nagusietakoari (3. Mariaren bilaketa) nahiko leku txikia ematen dio idazleak liburuan, eta amaiera ere bitxi samarra (niretzat oso egokia) ematen dio. Eta, hala ere, Urretabizkaiak ondo eusten dio erritmoari eta tentsioari, hasieratik amaierara arte. Beharbada horixe da liburu honen merituetako bat: istorio xume-xume bat erakargarri egiten duela inolako etxafuegorik erabili barik.

Laburbilduz: erdi-derrigorrez irakurri dudala liburua (Eibarko irakurle-kluberako), ez baitzegoen nire hurrengo irakurketen zerrendan, baina ezusteko polita izan dela. Adjektiboren bat ipini beharko banio eleberriari, atsegina litzateke. Gustura irakurtzen den liburu atsegingarria.

Oharra: Urretabizkaia Eibarren izan da aste honetan bertan, irakurle-klubean, liburu honetaz berbetan. Oso gustura egon ginen guztiok (tira, ni bai behintzat).

Oharra 2: Urretabizkaiari elkarrizketa Uberan.

Ohar mentala: esan Arantxari 1999an ez zela pelikularik jaisten Internetetik, eta bideorik ere nekez ikus zitekeela sarean.

Gaur sei hilabete

Asier Sarasua 2013/12/04 22:10
Gaur sei hilabete operatu ninduten. Tunelean argi gutxi oraindik, baina tunela aurkitu dut, gutxienez.

Ekainak 4 zituen. Goizeko 9ak Mendaroko ospitaleko erlojuan, eta ni prest, ustez nahiko erraza zen operaziorako: eskuineko sorbaldako tendoi bat konpondu beharra. Ustez, diot, bidean arazo txikiak pilatzen joak direlako: lesioa uste genuena baino handiagoa eta ebakuntza luzeagoa, gorputzak ere behar bezala erantzun ez, ondoren kapsulitis demasa, atrofia, ezker besoan ere tendinitisa... Tira, aste batzuetako kontua zena 6 hilabete luzatu dela eta oraindik ez dakigula zelan (eta noiz) bukatuko den.

Luze egin dira 6 hilabeteok, luzeegi. Baina gauza asko ikasteko aukera ere eman dit. Ikasi dut zer den slap lesio bat eta zer kapsulitis itsaskorra; ikasi dut zer diren tendinosisa eta sindrome subakromiala; eta ikasi dut gorputzean badirela trigger point minberak. Ikasi dut non dauden deltoidesa eta bizepsaren zati luzea, non supraespinoso kabroia eta infraespinoso kabroiagoa, non pektorala eta pektoral txikia. Ikasi dut subeskapularrak zer min eman dezakeen, non denik ere jakin ez arren. Fisiologia master txiki bat.

Ikasi dut, gainera, pazientzia izaten, gauzak gorputz erdi-elbarrituaren erritmora egiten. Lasaiago eta presarik gabe. Eta ikasi dut egonean egoten.

Ikasi dut osasuna eta ondo egotea baloratzen. Eta zaintzen gaituzten sendagile, erizain eta fisioen lana are gehiago baloratzen. Ordaindu behar diren zergekin kexatzen diren haiei esango nieke denboralditxo bat igarotzeko osasun-zentro batean. Eta gaixotasuna bere neurrian sufritzen: askoz okerrago daude makinatxo bat.

Ezker beso gauzaeza erabiltzen ere ikasi dut, beso bakarraz (eta ezkerraz) moldatzea ezinezkoa zela uste nuenean. Zenbat truko txiki ikasi ditudan eguneroko bizimodua ahalik eta erosoen igarotzeko.

Eta ikasi dut blogeko mezuak ezker eskuz eta pazientzia handiz telefonoan bertan idazten. Azken hau bezala, aurreko guztiak bezala, Mendarora egunero egindako autobuseko joan-etorrietan mugikorrean idatzita.

Internetek ingurutik isolatzen omen gaitu. Hala diote batzuek. Nire kasuan, behintzat, telefonoa, tableta eta sarea salbabidas txikia izan dira ekaitzaldi txiki honetan. Isolatu? Bai zera.

Gaur sei hilabete operatu ninduten. Tunelean argi gutxi dago oraindik, baina tunela aurkitu dut, gutxienez. Aste honetan horra gora heldu naiz, sekulako poza. Ikurrina ipintzekotan egon naiz nire Everest tontorrean! 

Maricón

Asier Sarasua 2013/12/02 21:45

Maricón! Oraindik ere, 10-12 urteko mutilen artean horixe: Maricón! Futbolean jokatzen ez duenari, antzerkia edo dantza egiten duenari, desberdina denari: Maricón! Hezikidetza eta berdintasunaren aroan ere, Maricón! Pirritx eta Porrotxen gizarte-eredu koloretsuan hazitako haurren artean ere, Maricón! Urrun dago umeen arteko jolas eta txantxa izatetik. Pentsarazi beharko liguke. Sema-alabak nola hezten ditugun. Zenbat lan oraindik. Maricón!

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017