Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Ipini aurpegia euskarari", Euskararen egunean Eibarren

Asier Sarasua 2013/11/27 18:35
"Ipini aurpegia euskarari", Euskararen egunean Eibarren

Ipini aurpegia euskara

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, ekitaldia izango da udaletxeko patioan euskaren alde. Eibarko Udalak antolatuta, eta Eibarko hainbat elkarteren, ikastetxeren eta eragileren parte-hartzearekin, “Ipini aurpegia euskarari” izango dugu.

Parte hartu nahi duten guztiei bakarkako argazkia aterako zaie argazki-mosaiko erraldoia osatzeko. Euskararen inguruan dituzten pentsamendu, sentimendu eta asmoak 10-12 hitzetan idazteko ere eskatuko zaie (etxetik idatzita ekar daiteke).

  • Eguna: abenduak 3
  • Ordua: 9:00-19:30
  • Lekua: Udaletxeko patioa
  • Argazki guztiekin mosaiko erraldoia osatuko da.

Parte hartzaileek idatzitako mezuak anonimoak izan daitezke eta Twitter eta Facebook bitartez ere zabalduko dira. Azkenik, beste batek idatzitako mezutxoa irakurriko du jendeak txandan-txandan eta megafonia bitartez entzungo da Untzagan.

Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, hobeto! Zeu ere etorri! Bakarrik, familian, seme-alabekin, koadrilan… Eman aurpegia euskararen alde!

Euskararen Eguna Eibarren

Eibarren 2009an hasi zen Euskararen Eguna herri mailan ospatzen. Urte hartan Juan San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak liburuen jendaurreko irakurketa egin zen. Ordutik, hainbat izan dira antolatu diren ekitaldiak: Kantu kantari kalejira (2010), Mintzodromoa (2011) eta iaz Toribio Etxebarriaren jaiotzaren 125. urteurrena zela-eta, besteak beste, berak idatzitako Flexiones verbales y Lexicon del euskera dialectal de Eibar lanaren jendaurreko irakurketa eta mahai-ingurua (ikus argazki batzuk).

"Gudari zaharraren gerra galdua" (R. Saizarbitoria, Erein 2000)

Asier Sarasua 2013/11/23 22:15
Gai eta argumentu klasikoa, klasikoen artean. Gerra, maitasuna eta galera. Hala ere, maisuki kontatua, erakargarria, hasieratik harrapatzen zaituena (are gehiago eibartarra edo elgetarra bazara, Intxorta delako eleberri laburraren erdigunea).

Gudari zaharraren gerra galduaGudari zaharraren gerra galdua
Ramon Saizarbitoria
Erein, 2000

Gerra Zibilean gazte zela, Intxortako gudan hanka galdu zuen agure zahar donostiarra notarioarengana hurbildu da, gerrako elbarri izanik pentsioa jaso ahal izateko agirien bila. Donostiako notarioarenean hasi eta Intxorta magalean amaitzen den eleberriak izenik gabeko gudariaren oinazearen berri ematen digu, Intxortatik Intxortarako bidaia biribilean.

40 urte igaro arren, gerran (eta gerran galdutakoan) baizik pentsatu ezin duen gudariaren gogoetak; gogoeta etengabe eta errepikakorrak, buruko mina sortu artekoak. Gerra galdu zuen; baina baita hanka ere, eta esan daiteke bizitzeko gogoa edo ahalmena ere galdu zituela Intxortan (izenburuan bertan iradokitzen den bezala). Baita gazte maitea ere, orrialdeak aurrera joan ahala jakingo dugunez.

Eleberri laburra (edo ipuin luzea, nahiago bada), 100 orrialde eskasekoa. Bera bakarrik ez ezik, Gorde nazazu lurpean (Erein, 2000) bilduman ere argitaratu zena. Gordina bezain ederra, esan dudan moduan, Saizarbitoriak maisuki kontatua. Kafe beroa eskuetan duzula, euri-tantak leiho-joka, ordu t'erdiko jarrialdian irentsi eta gozatzekoa.

Ondo txegosteko gehiago beharko duzu.

Horrelakoa zen Zarautz orain dela 2000 urte

Asier Sarasua 2013/11/18 20:10
Gizakiok sekulako ahalmena daukagu gure ingurua eraldatzeko (eta kakazteko).

Ideia bat bestearekin lotuz, Twitterreko txio-truke txiki batek beste irudi hau ekarri dit gogora: Zarautz da, orain dela 2000 urte inguru (Mollarri ingurutik begiratuta, barrenean Getariako San Anton). Arkamurka Taldeak antolatutako erakusketa bateko kartela da, Andoni Ruiz Etxeberriak egina.

Zarautz, duela 2000 urte inguru

Bai, horrelakoa zen, gutxi gorabehera, Zarautz orain dela 2000 urte ingurura arte: itsasoa, dunak, eta padura zabala bere ostean (gaur herria dagoen tokian). Garai hartan hasi zen gizakia ingurua eraldatzen: lehenengo herrixka txiki bat eraikiz hondartzaren beste muturrean, ondoren herria gutxinaka handituz, eta beti etengabe dunei eta padurari lekua janez, batez ere azken 200 urteotan (egungo nagusiek ondo oroitzen dute trenbidearen hegoaldean padura zati zabal samarrak zeudela oraindik ere 1940-1950 inguruan).

Gizakiak bere ingurunea moldatzeko (eta kakazteko) ahalmen itzela daukala!

"Arragueta kalian", edo mozkorren kantuak haurrentzat

Asier Sarasua 2013/11/06 21:45
Hementxe, 8 urteko semearekin, mozkor-giroko kantu eder bat ikasten, alkohol eta pornografia ukituekin, besteak beste. Inoiz ez ditu hain gustura egin etxeko lanak!

Iaz ere aipatu nuen eta aurten errepikatu egin da: grazia egiten dit, gaur egungo mundu hiper-arautu eta zuzenean, nola irakasten dizkieten 7-8 urteko haurrei mozkorren abestiak. Pozik gainera, Eibarko kantu zaharrak gorde eta transmititzea garrantzitsua delako, zelan ez.

Aurrekoan "Hiru gizon ilustre" izan zen, hiru eibartar mozkorren gora-beherak kontatzen dituena. Aurten "Arragueta kalian" ikasten dihardugu, erabat mozkortu ondoren (eta kalean erdi-biluztu ondoren), txixa-putzura jausi eta ia-ia ito ere egiten diren 4 atsoena.

Semeak ez zuen ezer ulertzen (irakasle batzuek ere bai ote?), baina azalpen egokiak eman ostean, gustura baino gusturago ikasi du abestia, zelako etxeko lan polittak!, eta sekulako gogoa dauka bihar gelakideekin komentatu eta abesteko. Adina ikusita, ziur nago elkarri tutulu-mendixa erakusten amaituko dutela... ;-)

Arragueta kalian
merienda haundixa,
lau atsoren artian
bost azunbre ixa.

Jarri ziradenian
mozkortuta ixa,
alkarri erakusten, maittia,
tutulu-mendixa*.

Batak baltza zuela,
bestiak zurixa,
jarrittako tokixan
egin zuten txixa.

Harek formatu zuen
Egoko ibaixa,
atzeruzka jausitta, maittia,
itto ziran ixa. (bis)

 

*Tutulu-mendixa: poxpolina, potxolina, monte de Venus (Tutulu, izatez, Eibarko mendi-kasko txiki bat da).

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017