Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Truxalak egin dittu

Asier Sarasua 2013/01/15 22:37
Bai, truxalak bota dittu gaur egun guztian zihar. Bota ahalian jardun dau, goixan-behian; garrantz jardun be!

Ba, horixe. Gaur ez dabela euririk egin. Truxalak egin dittu, zaparrada amaierabakuak. Euri zirin eta lanparra tarteka, baina euri-truxuak ixa beti, garratz jardun be; izan be, goixan-behian jardun dau goixetik gabera.

Egin ahalako eurixak jaso dittugu, eta zaldizko ederrak ikusi tarteka, haixe-boladak be makalekuak izan diralako.

Eta jakina, egunotan eurira egon danez, eta mangia jardun dabenez, ufala doia Maltzagan behera. Eurizarrak atertzen ez badau, kontuz bixarko ufalaldixakin.

Eurixa gaur? Bai zera!

 

"Baina zeren komunzki, hala eskribatzea, nola mintzatzea, nori berea iduritzen baitzaika hoberenik eta ederrenik (...), egizu zuk zeure moldera, eta zure herrian usatzen eta segitzen den bezala. Zeren halatan, ez litzateke euskara hain labur, eskas eta ez hertsi, nola munduak uste baitu, eta baitadauka, dela."

P. Axular, 1643

2012an iruzkindu ez ditudan 12 liburu (eta 1 propina)

Asier Sarasua 2013/01/14 22:01

Aspaldiko ohitura: liburuak ez dira azkenengo orrialdean amaitzen. Irakurtzen ditudan liburuen inguruan lerro gutxi batzuk idazten saiatzen naiz. Irakurritakoaz gogoeta egiteko balio dit, idazlana hobeto ulertzeko, ondorioak ateratzeko... eta ez hain erraz ahazteko (pelikulak eta liburuak ti-ta ahazten dituen horietakoa naizelako). Tarteka blog honetara ere ekartzen ditut gogoeta batzuk, baina gehienetan blok batean idatzitako 5-6 lerro izaten dira. Azken hilabeteotan zirriborratutako lerro horietako batzuk jaso, eta honaxe ekarri ditut, apur bat txukunduta (ez larregi). 2012an iruzkindu ez ditudan 12 liburu.

Jalgi hadi plazara (Itxaro Borda. Susa, 2007)

jalgi-hadi.jpg Itxaroren lanik ez nuen ezagutzen, ezta bere eleberri askotan protagonista den Amaia Ezpeldoi ikerlari pribatu amikuzarra(?) ere. Hutsune hori konpondu beharra neukan, eta udan Jalgi hadi plazara irakurri nuen, baita gustura irakurri ere.  Amaiak Ezpeldoik lau euskaltzainen desagerpena ikertu behar du (euskaltzaindiko Iparraldeko lau euskaltzainena, hain zuzen ere). Bere ikerketa horretan Iparraldetik Hegoaldera joango da, Bilbon eta Araban barrena, eta bidean hainbat pertsonaje bihurri eta interesgarri aurkeztuko dizkigu: Carmen adiskide eta maitale ohia, lagun transexuala, hertzain bat,... Guzti horren ondorio izango da "Air bag" filmaren antzeko Road Movie zoro, bizi eta barregarria. Dena ez da komedia izango, horraitiok. Itxaro Bordak hainbat gairen inguruko bere ikuspuntua emateko ere profitatuko du, besteak beste, euskal kulturaz, politikaz, izaeraz, hizkuntzaz, euskalkiez... eta, gehienbat, Iparra/Hegoa ezberdintasunetaz (eta hegoaldekook Iparraldeaz dugun ikuspegiaz, besteak beste). Libururako aukeratutako hizkuntza moldeak ere lotura du, neurri handian, aipatu ideiekin, baxenafarreraz (edo) idatzita baitago.

Bi anai (Bernardo Atxaga, Erein 1985)

bi-anai.jpgObaba unibertsoaren sorrera da, nolabait, Bi anai; honen ostean sortuko ziren Atxagaren beste hainbat lan, idazle gipuzkoarraren 80. hamarkadako ikur izango zirenak (tartean Obabakoak bera, noski). Giza kondizioa eta natura dira gai nagusia tragedia eder honetan. Paulo eta Daniel anaien gora-beherak kontatzen dizkigu. Hiru narratzaile bereziren bidez izango dugu gertatutako ezbeharraren berri; hiru narratzaileei esker, istorioa osatuz doa, ahots eta ikuspegi ezberdinetatik. Oso modu ezohiko, berezi eta lirikoan kontatua. Oso gustura irakurri dut. Ikus Kritiken Hemerotekan.

En tierras bajas (Herta Müller, 1982)

en-tierras-bajas2.jpg Herta Müller idazle ezagun eta goraipatuaren eleberria, lehenengoetarikoa. Müller errumaniarra da, baina suaboa (jatorri eta hizkuntza alemaniarrekoa, hartara).  Ipuin-liburuaren eta eleberriaren artean dabilen lan honek idazlearen haurtzaroko Errumaniara garamatza (1965-1970 ingurua). Herri txiki bateko eguneroko gordin eta zikina da Müllerrek osatu zuena; agonia amaigabea, ume baten ikuspegitik kontatuta. Autofikziotik hurbil, datu guztien arabera. Benetan bere haurtzaroko oroitzapenetan oinarritutako lana bada, bai haurtzaro goibela idazlearena! Izan ere, itxaropenari zirrikiturik ere ez dio uzten idazleak liburu osoan zehar. Estiloari dagokionez, gustatu zait. Hala ere, pasarte askok gehiago zuten poesiatik, prosatik baino, testua astun samarra, figuraz betea (eta tarteka ulergaitza) bihurtuz. Idazlearen lan gehiago irakurtzeko gogorik ez zait geratu, egia esateko.

Petirrojo (Jo Nesbo. RBA, 2008)

petirrojo_jo-nesbo.jpgHarry Hole polizia norvegiarra bere lanetik kendu dute eta artxibo lanetara bideratu, zigor modura. Neonazien inguruko txosten aspergarriak irakurtzen igaro beharko ditu datozen asteak. Baina hara non, batean aurkitutako ohar bat beste batekin lotuko du; eta gero hirugarren gertaera batekin... Norbaitek rifle berezi bat erosi du eta erabiltzeko prest dago; neonaziak ere zerbait gertatzen hasi dira; tartean, Mundu Gerrako boluntario batzuen gora-beherak ere jakingo ditugu, 1945 urrun hartan. Eta hori guztiori lotuz, Harry Hole polizia, bere ibilerak eta arazoak... Hasieran dena sakabanatuta, baina erditik aurrera, erritmoa bizitu ahala, piezak lotzen hasiko dira. Eleberri beltz eskandinabiar horietakoa. Hau, baina, norvegiarra da (ez ezagunagoak diren suediarren taldekoa). Beharbada horregatik, ez da hain odoltsua eta gehiago du thrillerretik. Oso gustura irakurri nuen, azkenaldian irakurri dudan mota honetako eleberririk onentsuenetakoa. Misterioa, historia, tramari ondo eusten dio, sinesgarria da... Gomendatuko nuke.

La trilogía de Nueva York (Paul Auster. Anagrama, 1996)

la-trilogia-de-nueva-york.jpg1985-1987 bitartean idatzitako hiru eleberri laburren bilduma. Ez dute lotura zuzenik (itxura batean), baina bai gai aldetik, eta idazleak keinuak egiten ditu, gainera, ipuinen artean loturak eginez (adibidez, pertsonajeen izenak errepikatuz, desberdinak izan arren, edo izen-abizenekin jokatuz). Polizia eleberri kutsuko hiru istorio dira, baina trama poliziakoa markoa besterik ez da 3 istorio psikologiko eraikitzeko, giza kontzientziaren barnean sartzeko eta Austerren lanetan beti-betiko diren gaiak lantzeko: bakardadea, heriotza, faltsukeria, egiaren eta gezurraren arteko muga lausoa... Keinuz eta izpilu-jokoz betetako egituraketa. Esaldi batekin geratu naiz: "me parece que siempre seré feliz allí donde no estoy". Esan bezala, 3 liburu dira. Hirugarrena zoragarria da: nola deskribatzen dituen giza sentimenduak, lagunen artekoa, bikotekidearekin duen harremanaren eboluzioa. Ez da liburu erraza, baina harrapatu egiten zaitu. Eta barren-barrenean itsasten. Abuztuan Sanxenxoko kafetegi batean azken orrialdeak irakurri ondoren, alboko dendara sartu nintzen. Blok bat erosi behar izan nuen. Gorria, noski.

Las batallas en el desierto (Jose Emilio Pacheco. Tusquets, 2009; jat.1981)

Ondo dago, gustura eta erraz irakurtzen da, baina oso "ezereza" da. Eleberri labur-laburra. Mexiko hiriburuko bizimoduaren printzak 1950eko ume-gazte baten begietan. Maitasun-istorio moduko bat ere, tartean, baina inora ez doana. Tira.

Agur, Euzkadi (Juan Luis Zabala. Susa, 2000)

agur-euzkadi.jpgLauaxeta berpiztu egingo da bere heriotzaren 60. urteurrenean, 1997an. Harriduraz ikusiko ditu Euskal Herrian gertatu diren aldaketak (aurrerapausuak eta atzerakadak). Gutxira, Julen Lamarain Berriako kazetariarekin egingo du bat (Zabala beraren printzak atzematen zaizkion pertsonaia). Lamarain 40 urteko krisialdian murgilduta dago, bananduta eta lanaz gogaituta. Biak batera Euskal Herriko bideetan barrena joango dira. Road Movie hori baliatuz, idazleak Euskal Herriaren inguruko gogoeta egin nahi du, nola aldatu den, norantz dihoan, hizkuntzan, politikan eta beste hainbat esparrutan. Asmoa ona da, eta gustura irakurri nuen, baina esango nuke ez duela bete-betean asmatzen. Gaiak ez daude borobilduta,  Road Movieak ez du jarraipen egokirik,... amaierako ustezko ustekabeak ere ez du eleberria salbatzen, lehenago ere atzematen delako bukaera. Saramagoren zita batzuek eman nahi diote eleberriari behar duen lotura, baina ez du lortzen. Edo ez zait iruditu, behintzat. Pena. (baina ez egin kasurik, jende gehienak dio ona dela).

Lehenago zen berandu (Arantxa Iturbe. Alberdania, 1995)

lehenago-zen-berandu.jpgArantxa Iturbek dozena bat ipuin bildu zituen liburu honetan, guztiak ere (azkena izan ezik) bikote erlazioen zirrikituetatik begira sortutako kontakizunak. Ipuin labur samarrak, arinak, konplexutasun eta artifizio estilistiko, narratibo eta linguistiko gutxirekin, baina oso ondo idatzitakoak eta garatutakoak, zorrotzak bezain finak. Eta oso errealak. Oso gustura irakurri ditut. Erraz; ia-ia irakurraldi bakarrean irakurtzeko modukoak. Disfrutatzeko literatura. Izan ere, umoretik ere badute, eta irribarrea ezpainetan irakurtzen dituzu, batzuetan irribarre hori bat-batean hoztu egingo zaizun arren. Laupabost aukeratzekotan, "Gehiago galderarik ez", "Argazkiek ez dute gezurrik esaten", "Maria eta Jose" laburra, eta "Baietz ile-kizkurra izan!".

Ni ez naiz hemengoa (Joseba Sarrionandia. Pamiela, 1985)

ez-naiz-hemengoa.jpgBlog estiloan idatzita, gartzelako egonaldian. Eguneroko bat. 3 gai nagusi: hizkuntza, literatura eta gartzela bera. Gogoetak, hausnarketak, ideia solteak... Harrigarria egin zait gartzelan idatzita egotea. Gustura, oso gustura irakurtzekoa. Kontrazalekoa ekarriz: "Ni ez naiz hemengoa" labirintuko egunkaria da. Irakurlearen bizitzan urtarriletik uztailera, inoiz amaitzerik nahi ez diren sei hilabetez luzatzen den egunkari jantzimina. Egunez egun, presoaren eguneroko bizitza era iraingarrian uztartuko da ezagupenak idazleari sortarazten dizkion ezinbesteko gogoetekin. Jipoien, gose greben, gogoan dutenek idazten dizkioten gutunen egunerokotasunarekin borrokatzen dira oroipenak, presakako apunteekin irakurlearen aurrean nabarmenegi uzten duten zaletasunak. Euskaraz sekula irakurri dudan libururik onenetarikoa. Zelako blogari ona litzatekeen Sarrionandia!

Koaderno gorria (Arantza Urretabizkaia. Erein, 1998)

koaderno-gorria.jpgZazpi urtez seme-alabak ikusi gabe dagoen amak berreskuratzeko saioa egingo du. Aitak lapurtu zizkion, eta orain jakin du Caracasen bizi direla, 13 eta 10 urte dituztela. Amak bere lagun bat bidaliko du, neska-mutilei amaren istorioa kontatzera (besapean, koaderno gorri batean, amaren gogoetak eta gertatutakoaren bertsioa daramatza). Idea, asmoa, trama... ondo daude. Eta gustura irakurri dut (zenbat eta aurrerago joan, gehiago; traman murgildu ahala, eta amaiera jakin nahian). Hala ere, ez nau erabat harrapatu, ez amaren koaderno gorriko gogoetak eta haurrenganako maitasun istorio sakonak (ez du lortu ni hunkitzerik), ez lagunak Caracasen egiten dituen gora-beherak (tarteka, hara-hona dabilela dirudi, ganora gutxirekin).

Rosettiren obsesioa (Ramon Saizarbitoria. Erein, 2001)

rosetti-ren-obsesioa.jpgIdazle donostiar baten ibilerak, Victoria eta Eugenia emakumeak konkistatu nahian. Bata poesia bidez erraz txunditu ondoren, bigarrena ez daki nola bereganatu, eta lehenari bidalitako testua berreskuratzen saiatuko da,... Rosettik egin antzera (Rosetti, XIX. mendeko idazlea; hildako maitearen gorpuarekin ehortzi zituen bere poema guztiak, baina gero damutu egin omen zen...). Istorio horren inguruan, literaturaz eta arteaz sakon jardungo dute liburuko pertsonaje nagusiek. Badakit oso ona dela, eta hori guztiori, baina hotz samar utzi nau. Iruditu zait 20-40 ipuin zoragarria litzatekeela, baina 200 orriko eleberri luze samarra. Barkatu, e?

Punto omega (Don DeLillo. Seix Barral, 2010)

punto-omega.jpgEz dakit liburua deskribatzen. Ez dakit, ezta ere, ea gustatu zaidan ala ez. Hori bai, barruraino sartu zaidala, hori seguru. Pentagonoan lan egindako gizon bat basamortu erdira erretiratu da; zinema-zuzendari gazte bat bertaratu egingo da, lehenengoari elkarrizketa egiteko asmoz. Hortik aurrera... filofofia dexente. Bizitza, denbora, gerra, gizartea... Eta ez dakidanez zer gehiago esan, horra 3-4 pasarte:

La verdadera vida no es reducible a palabras habladas ni escritas, por nadie, nunca. La verdadera vida ocurre cuando estamos solo, pensando, sintiendo, perdidos en el recuerdo, soñadoramente conscientes de nosotros mismos, los momentos submicroscópicos. Lo dijo más de una vez, Elster, de más de una manera. La vida ocurría, dijo, cuando estaba ahí sentado mirando una pared vacía, pensando en la cena. (27)

Está todo incrustado, las horas y los minutos, palabras y números por doquier, estaciones de ferrocarril, rutas de autobús, taxímetros, cámaras de vigilancia. Todo consiste en el tiempo, tienpo tonto, tiempo inferior, la gente minrando el reloj y otros artilugios, otros recordatorios. Esto es el tiempoo que se vacía de nuestras vidas. Las ciudades se construyeron para medir el tiempo, para apartar el tiempo de la naturaleza. (62)

Detrás de mí, la luz de su dormitorio se apagó, iluminando el firmamento, y qué raro resultaba, que medio cielo se aproximara, que todas aquellas masas incandescentes aumentaran en número, las estrellas y las constelaciones, sólo porque alguien acabara de apagar la luz en una casa del desierto, y lamenté que no estuviera él ahí, para oírlo disertar sobre el asunto, lo cercano y lo distante, lo que creemos ver cuando no vemos. (74)

Ese idioma raro y poderoso (Iban Zaldua. Lengua de Trapo, 2012)

idioma-raro-y-poderoso.jpgZalduak euskal literaturaz dihardu bere azken(aurreko) liburu honetan. Euskal literaturaren inguruko gidaliburu moduko bat da, azkarra eta umoretsua, baina baita zorrotza ere. Azpitituluak dioen bezala, dekalogo egitura dauka ("Once decisiones cruciales que un escritor vasco está obligado a tomar") eta horien inguruan mintzatuko da Zaldua, bide batez euskal literaturaren historia errepasatuz eta bere iritzia emanez (literaturaz ez ezik, gure historiaz diharduela ere esango nuke, aurreko batean Luistxok ere aipatu zuen bezala).

Euskal literaturaren historiaz esan dugu, baina batez ere azken 20-25 urteak eta gaur egungo egoera aipatuko ditu, gure historia... den bezalakoa delako (laburra eta eskasa, autoreak zuzen dioenez). Garaiotan, beraz, euskal idazleak hartu beharreko hamaika erabaki horien inguruan egituratu du saiakera idazleak, funtsean 3-4 direlarik: euskaraz idatzi ala ez, indarkeriaren inguruan berba egin ala ez, itzuli ala ez, tradizioa jarraitu ala ez...

Liburuak harrera ona izan du eta esango nuke askotxo aipatu izan dela (tira, neurrian, beste saiakera batzuekin alderatuta). Arrazoia, beharbada, hizkuntza bera izango da; gaztelaniaz idatzita egotea, alegia. Izan ere, Zalduak lehenago ere plazaratu izan ditu liburuko ideia zenbait, besteak beste Volgako Batelariak blog kolektiboan, zein Obabatiko tranbia liburu gomendagarrian (Alberdania, 2002), non 1988-2001 bitarteko euskal literaturaz diharduen (izenburuak Atxagaren "Obabakoak" eta Iturriagaren "SPrako tranbia" dakartza gogora). Hala ere, ez dira berdinak:

  1. azken hau landuagoa, luzeagoa, sakonagoa da (esango nuke punturen batzuetan errepikatu egiten dela);
  2. 10 urte beranduago idatzita dago eta horrek esperientzia zabalagoa ematen die, idazleari zein euskal literaturari berari;
  3. gaztelaniaz dago, eta gainera beste erregistro batean idatzita dago, umoretsuagoa, eta zorrotzagoa ere bai, agian.

Laburbilduz, euskal literaturaren gidaliburu umoretsu, arin eta egokia da hau. Gaztelaniaz idatzitakoa, baina ez dakit gehienbat espainolentzat ote den (Zamorako batek nahikoa erreferentzia izango ote du liburua ulertzeko?); beharbada, bere publiko potentzial handiena Euskal Herrian bertan dago, euskarazko edozein kultur ekoizpen ikusezina zaien horien artean. Hala bedi.

Olentzero da "Hator hator", eta Erregeak "Tadeo Jones".

Asier Sarasua 2013/01/06 22:10

Ondorengo lerroak ez dira kritika bat (badaezpada diot) azken urteotan inguruan jaso dudan inpresio baten inguruko hausnarketa xumea baizik. Izan ere, inpresioa dut Eibarko kabalgatak askogatik irabazten diola Olentzeroren kalejirari. Jende gehiago, deigarriagoa, umeentzat erakargarriagoa... Atzo ere bai, jakina.

Teorian, Olentzero hurbilagoa eta erakargarriagoa izan beharko litzateke Eibarko haur gehienentzat: bere kantuak ikasten dituzte, ipuinak entzuten, kopinak egiten... Eibarko kalejirako Olentzero berak ere (hainbat urtez berbera) oso ondo betetzen du bere lana. Baina hala ere, kabalgatak irabazten du.

Zergatik? Ez dakit. Edo bai, badut susmo bat. Olentzero oso "euskalduna" da,  badakizue, astoa, trikitilariak, baserritar jantziak... Erregeak, berriz, askoz berritzaileagoak: koloretsuak, dantzariz inguratuta, musika modernoena topera, karroza berria eta Lanbretta motorrak inguruan...

Laburbilduz: Olentzero da "Hator hator", eta Erregeak "Tadeo Jones".

Esan bezala, ez da kritika bat (ez antolatzaileei, are gutxiago Olentzeroren kalejirako parte-hartzaileei). Guk biekin disfrutatzen dugu, eta beharbada horrela izan behar dute, gainera, desberdinak. Tradizioak ere hortxe daude (aldatzeko bezain beste gordetzeko), eta antolatzaile bakoitzak ere bere irizpideak izango ditu (nahiz eta antolaketa bietan antzekoak ibili). Gainera, zeinek dio Tadeo Jones hobea denik? Tira, nire seme-alabek, baina... umeak dira, ez egin kasurik.

Gainera, Erregeek irabazten badute, baita Eibar Errepublikazalean ere, hala bedi. Herriak du hitza, #demokrazia, eta hori guztiori. Baina baldintza berdinetan ari dira lehiatzen Olentzero pottokoa bere asto Pantxikarekin eta MGB hirukotea bere 200 dantzariko sekitoa eta karroza berriarekin? Eta beste herri batzuetan ere antzeko kontuak bizi dituzue?

Tira, Errege eguneko bazkalondoan burutik pasatako kontuak, besterik ez.

Ahaztu aurretik. Hementxe gure alabaren koadrilak Erregeentzat sortutako eta atzo bertan euren aurrean abestutako bertsoa. Doinua, edozein ("Olentzero joan zaigu"k ere balioko dizue, beharbada):

Meltxor da lehenengua,
danetan zaharrena,
bigarrena da Gaspar,
ule gorriduna;
hurrengua Baltasar,
Afrika erdikua,
Bizarzurin laguna
ta Olentzerona.

 

A! Eta hementxe Tadeo:


"Hamaseigarrenean, aidanez", Anjel Lertxundi (Erein, 1983)

Asier Sarasua 2013/01/02 16:45
Dagoeneko 30 urte bete ditu euskal literaturako "klasiko" bihurtu den eleberriak. Andu Lertxundiren lanik onentsuena, 80. hamarkadako eleberri aipagarrienen artean sar daitekeena. Gaur egun ere, guztiz gomendagarria.

Beti irakurtzekotan (Institutuan ez zitzaidan egokitu), eta azkenean heldu zait ordua. Esan bezala, 80. hamarkadako libururik aipagarrienetakoa dugu Anjel Lertxundiren hau, Lertxundiren lan oparoaren artean ez ezik, euskal literaturaren historian ere lekutxoa duena. Oriotarraren lehenengo eleberria (edo), ipuinak nagusi izan omen ziren hamarkadan argitaratua (Narrazioak, Dudular, Obabakoak, Azukrea belazeetan...).

Eleberri laburra, argumentu xinple samarra duena, baina oso ondo egituratuta eta kontatuta dagoena. Ahots eta narratzaile ugari, egituraketa eta teknika narratiboa bikain erabiliak...

Goiz euritsu batean, Martzelinak presagioa dauka: "senarra gaur hilko zait". Hortik abiatuta, Martzelinaren istorioa kontatuko zaigu. 30 urte lehenago herrira iritsia, ezer gabe, herritarrek harrera hotz samarra (leun esatearren) eman zioten. Txutxumutxuak nagusi (irakurleari ez zaio garbi geratuko benetan zer eta zergatik), herriko gehienek ateak itxi zizkioten. Gizona aukeratzeko orduan ere ez zuen egokiena aukeratu, Domingo, zurrutero jokozalea. Ondoren ere ez zaizkio gauzak asko hobetuko: haurra galduko du, amaginarreba hil egingo da,... Martzelinaren drama pertsonalaren eskutik herriko giroa eta garaiko bizimodua ezagutuko ditugu (garai bateko euskal herri txiki bateko giro itxia), eta jokoaren zama azpimarratuko ("jokoa ez da errenta").

Kontalari nagusia idazlea da. Domingo protagonistaren senide bat, gertatutakoaren kronika modukoa egin nahi duena. Horretarako lekukoei emango die hitza, ahots eta ikuspegi kaleidoskopikoa iradokiz. Orain lehenengo pertsonan, orain hirugarrenean; orain idazlearen hitzetan, orain lekukoenean zuzenean. Hasieran lekukoak bakarrik agertuko zaizkigu, bakoitza bere bertsioa emanez; gero, narratzailea nagusitzen joango da.

Gabriel García Márquezen Crónica de una muerte anunciada gogoratzen digu hasieratik. Lehenengo parrafotik dakigu Domingo hil egingo dela, eta gertakizunen kronika modukoa emango zaigu. Ikuspegi ezberdinetatik, egia borobilik ez dagoelako; ez oso modu harilkatuan, gehiago adabakiz jositako errelatoa eginez. Baina azkenean collage horrek margolan osoa erakutsiko digu, eszena osoa irudikatuko (nahiz eta hari asko irakurlearen esku ere uzten dituen idazleak).

Artelan gogor bezain ederra.

Hasi urtia euskeraz... eta kitto! (1993-2013)

Asier Sarasua 2013/01/01 22:55
Urte Barri on, eta hori guztiori. Hara zer topau doten erretrato zaharren artian: mendigoizale paria Urko tontorrian oin dala 20 urte. "Hasi urtia euskeraz... eta kitto!!"

Urte Barri egunian Urkora igotzen dogu eibartarrok. Horixe da ohittura zaharra (tira, oin dala urte batzuetatik honakua, behintzat). Azkenaldixan, gaiñera, ...eta kitto! euskera elkartiak txorixua eta saldia be banatzen dau Ixuan, Urte Barri egunian Urkora igotzen dogun eibartarron artian.

Aste honetan, argazki zaharren artian, hara zer topau doten: 1993. urteko kartela eta erretratua. Esango neuke horixe izan zala ...eta kitto! elkartiak antolatutako lehenengo igoeria. Elkartia bera be jaixobarri (1992an), hauxe izan zan antolatu genduan lehenengo kontuetako bat.

Eta hantxe, Urko tontorrian, eibartar ausart bi, oxigeno barik (meritua, goizeko 8ak ziralako, gaupasa gogorran ostian).

20 urtera be, aldarri berbera: "Hasi urtia euskeraz ...eta kitto!"

Urte Barri egunian, Urkora (1993)

 

Urte Barri egunian, Urkora (1993)

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017