Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Hiru marisorgin ikusi nituen oso denbora gutxian

Asier Sarasua 2012/09/24 11:35
Kasualitatea edo garaia izango, baina joan zen ostiral arratsaldean 3 marisorgin edo mantis ikusi nituen, bata bestearen ostean. Ezin uka ederrak direnik.

Marisorgina Mantodea ordeneko espezierik ezagunetarikoa da. Matxinsalto edo txitxarren lehengusua dirudi, baina erabat deigarria da, bere buru handi, begi borobil eta beso luzeekin. Euskaraz marisorgina du berezko izena; gaztelaniaz santateresa eremu askotan, baina izen zientifikoa da gehienok ezagutu eta erabiltzen duguna Mantis religiosa.

Europa osoa bizi da eta 5-7 cm luzera du. Bakarka bizi dira, ugalketa sasoian izan ezik. Urtebete bizi dira eta urte horretan zehar 5-6 muda izaten dituzte. Berdeak edo arreak izan ohi dira, azken muda egin duen ingurunearen arabera (belarra, lastoa, orbela...).

Mito ugari sortu dira marisorginaren inguruan. Pozoitsua dela, kaltegarria dela (muerte ere deitzen diote Espainiako eskualde batzuetan), emeak arra jaten duela ernalketa ostean... Ez, ez da pozoitsua, eta ezta arriskutsua ere. Kontuz hartzen badugu ez digu ezertxo ere egingo. Eta emeak arra jaten duela ere, gerta daiteke, baina gehienetan ez da horrelakorik gertatzen.

Ez dira ugari-ugariak, baina Euskal Herrian sarri ikusten dira. Batzuetan erraz-erraz ere bai. Ostiral arratsaldean, esate baterako, 3 ikusi nituen. Bata (arrea) Bidebarrieta kaleko denda baten eskaparatean; handik 200 metrora beste bat, elizako horman itsatsita (berdea eta handi-handia); etxera heldu eta hirugarrena kotxearen autoan lasai-lasai errezatzen.

Marisorgina (Mantis religiosa)

 

Marisorgina (Mantis religiosa)

 

Marisorgina (Mantis religiosa)

Azoka ekologikoa Urkizun

Asier Sarasua 2012/09/21 10:10
Egunotan nekazaritza ekologikoa izan da hizpide Eibarren, pare bat hitzaldi eta mahai-inguru tarteko. Bihar (larunbata) azoka antolatu dute Urkizun eta etzi mendi-irteera, Mandiola bailarako baserri-lurretan barrena.

Bihar, larunbata, Eibarko I. Azoka Ekologikoa izango dugu. Urkizuko parkean izango da, goizeko 9etatik aurrera. Gutxinaka bada ere, produktu ekologikoen ekoizpena goraka doa, eta horrekin batera produktu ekologikoak kontsumitzen ditugunona.

Nekazaritza ekologikoa aste guztian izan da hizpide Eibarren. Debemenek, Biolurrek eta Aza ta Porrua kontsumo-taldeak antolatuta, hitzaldiak eta aurkezpenak izan dira egunotan. Biharkoan azokaren txanda izango da. 30 mahai egongo dira Urkizun. Ogia, barazkiak, gazta, sagardoa... guztiak ere euskal produktu ekologikoak. Ingurumena kaltetzen ez duten prozesuak erabilita.

Azokarekin batera haurrentzat tailerrak ere izango dira (ogigintza eta sukaldaritza ekologikoarena). Gainera, etzi (domeka, irailak 23) mendi-irteera interesgarria ere egingo da, Eibarko naturguneak ezagutzeko, Legarretik hasi eta Urkoraino, Abontza errekan barrena (Arrajola barrenetik gora).

Epe ilun eta luze baten ostean, badirudi gure baserritarren etorkizuna zertxobait argitzen hasi dela. Gazteak berriro hasi direla plazako produktuak erosten eta bertoko produktuak kontsumitzeko gogoa ernetzen ari dela. Ea egia den. Horren adierazle izan daiteke Aza ta porrua kontsumo-taldea. Hemendik aurrera Rialtoko merkatu plazan egongo ei dira, astelehen, eguazten eta barixakuetan. Animo!

"Perdona" (Lourdes Oñederra, Begi Ertzetik)

Asier Sarasua 2012/09/11 09:35
Egunotan antzinako paper zaharrak begiratzen eta garbitzen jardun dut. Tartean hainbat artikulu eta prentsa-errekorte. Horietako bat dakart hona, Lourdes Oñederra irakasle eta euskaltzainak idatzia (Egunkarian? duela 10-12 urte?). Orain arte ikuspegi baikorragoa neukan euskararen egoeraz, baina azkenaldian etsipenak harrapatu nau; Oñederrak orain dela hainbat urte aurreratu bezala. Ez, ez zuen larregi exajeratzen: "aro formulaikoa" zain dugu. Benetan mugitzen ez bagara, behintzat.

"Perdona"
Lourdes Oñederra, Begi Ertzetik

Pero no sé euskera - esaten ziguten lehen apal-apal, euskaraz hasten ginenean. Orain batzuek (askok?) "Puedes hablas castellano, por favor? erantzuten dute , guk "Egunon" hitza bukatu orduko. Eta azkenerako "por favor" horren doinua ez da izaten mesedea eskatzen duenarena, kokoteraino dagoenarena baizik.

Uda alferra omen da, baina ikasturte akabua ere bada eta noizbait ekin beharko zaio, beranduegi ez bada, "kontzientzia azterketa" edo beste batzuek "autokritika" deitu zuten horri. Ez naiz ari lortu ez denaz, eman ez digutenaz: emanari, lortuari atera (ez) zaion etekinaz baizik. Izan ere, ez dirudi egoerak hobera egingo duenak (alderdi nazionalistak hasi dira botere esparrua galtzen). Optimista jarrita, presta gaitezen txarrera egin ez dezan.

Zerbait gaizki egin dugu euskararekin. Kontra zeudenak ez daude alde. Alde ez zeudenak ez dira hurbildu. Alde zeuden askok ez dute ikasi. Ikasi zuten batzuek ahaztu egin dute. Zekiten zenbaitek ez dute egiten... Euskara ez da normaldu. Gizartean axola duten gauzak ez dira euskaraz gertatzen-esaten-idazten.

Kontua ez baita bakarrik zenbat garen, nor garen baizik. Hizkuntza batek osasuntsu iraun dezake hiztun gutxirekin komunikazio-beharrak betetzen baditu. Bost axola Jaurlaritzako paper satinatuetako estatistika trinufalistek. Bost axola horrek, gure ikasleei euskara ez bazaie "gustatzen", gazteleraz erosoago badabiltza pasiloetan... Ez dago euskararen beharrik, batez ere ez dago euskararen gogorik.

Zer egin dugu ofizialtasunarekin, elebitasunarekin, diru laguntzekin, diru bilketa masiboekin? Harrotu, puztu eta dena konpondu balitz bezala jokatu. Euskara geure buruak sendotzeko erabili dugu, diferentziak nabarmentzeko.

Ez dugu jakin hiztunak seduzitzen. Ez didate balio umeek lanpostua izan dezaten badaezpada matrikulatzen dituzten horiek, are gutxiago politikoki beldurtuek, ez batzuek ez besteek ez dute hizkuntza bazkatuko eta handitzen ez den hizkuntza txikitu egiten da eta, urteak gorabehera, hil.

Hizkuntz heriotzazko ikerketan bada "aro formulaikoa" deitua, hizkuntzak salbaziorik ez dueneko faraiaren etiketa: esamolde fosilduak, zenbait kantu eta errezu, besterik ez da gelditzen. Aurtengo udan, erabilera sinboliko horiena datorkit burura: txoko bat udako ikastaroetan (batik bat euskarari buruz aritzeko), jazz emanaldien aurkezpenetako diskurtsu elebiduna eta hondartzako haurrekikoa... Exajeratzen ari naiz. Ados. Baina oso-oso gutxi ari naiz exajeratzen.

Arrate Egunak lagatako 5 erretrato

Asier Sarasua 2012/09/09 22:50
Atzo, irailak 8, Arrate Eguna ospatu genduan eibartarrok. Urteko jairik onenetakuak, gutako askondako. Berezixak dira. Ikasturte hasieran; mendixan; zelai txiki samarrian; dan-danok alkarrekin (nausi eta gazte, txiki eta haundi, gorri eta zuri, gaupasero eta erromes). Hamentxe, atzoko egunak lagatako 5 flashazo gure Polaroid zaharrakin.

Urtiak pasau ahala, Arrate Eguna ospatzeko modua aldatzen joan naiz, baina modu guztietara gustatzen jata, bakillaua moduan: gabaz, egunaz, lagunekin, familixiakin, oinez igota, oinez jaitsitta, dantzan, barriketan, eta saltsa berdian. Momentu honetan, seme-alaben inguruan antolatzen dogu eguna. Euren lagunekin, euren lehentasunekin, euren ritmora.

Atzo goiz samar hasi genduan. Umiak oinez igo zeben goraiño, pausuetatik, giro onian, lagunekin. Goixan jende asko. Bero. Baina beti dago txokotxoren bat lasaixago eta freskuago egoteko, sardau-botillia eskuan.

Ezpata-dantzia ikustera ez giñan heldu, penia. Konplexu barik, tradizional bihurtu dan dantzia, Kezkan eskutik. Leirek be aittatu dau ointxe bertontxe (eta argazkixak Dantzan.com-en).

Kerizpian bazkaldu ostian, arratsaldian betiko egitaraua: bertsolarixak, dantza-solte lehiaketia eta erromerixia. Umiak azken horren zain, jakiña. Guk aurten dantza gitxi (edadia...), baina seme-alabak hartu dabe gure ordezkua.

Eibar dantzari belaunaldi barrixa

Aurtenguan Kupela egon da Eibarren. Eibarko girorako arin-arin eta fandango larregi, baina tira.

Kupela

Gehixenetan, erromerixiakin amaitzen da jaixa, baina aurten zapatua izanda, gabian be parrandarako aukeria egon da. Eta jende ugari txosnen inguruan.

Arrateko zelaixa topera

Umiak edozerrekin jolasteko prest beti, eta txolotak pilatuta (Jaixak herrixak herrixandako!) Olinpiadak hasi ziran laster.

Salto

Baina aurtengo izarrak eMePebo5t izan dira. Euren kontura izan zan gabeko kontzertua, eta badirudi jarraitzailiak be ugaritzen dakezela. Gaztetxuenen artian, behintzat, duda barik! ;-)

eMePebo5t, noiz hasiko zain eMePebo5t Fan Kluba

Kontzertua hasi orduko, guretako berandu. Pare bat kantu entzun, eta 12xetako autobusian beherutz. Jota, leher-lehen eginda, baina zelako pozik jaitsi ziran txikixak! Gitxittan ikusi dittut hainbeste disfrutatzen. Egun borobila izan zan.

Tira, ba, beste urtebetez Arrate Egunaz disfrutatzeko aukeria euki dogula, eta ondo bete dogula eginkizunori. Urtero lehentasun barrixak bilatzen; azkenaldixan, umien gusto eta gogora egokittuta, baina halan da be, Arrate beti Arrate.

Nevadako pospolina

Asier Sarasua 2012/09/01 22:40
Egunotan paper zaharrak garbitzen jardun dut. Eta hara non, 1995. urtean Ameriketatik ekarritako irudia. Nevada Bell konpainiaren 1995. urteko telefono-gida. Azalean, pospolina.

Nevadako pospolina

1995. urtea Ameriketan igaro nuen, Nevadako UNR unibertsitatean. Bi semester izan ziren, EHU eta UNR unibertsitateen artean dagoen lankidetza hitzarmen bati esker, bekak egoten baitira euskaldunak hara joateko eta hangoak hona etortzeko. Izan ere, Renoko Unibertsitatean dago Basque Studies Center ezaguna eta harreman estua dago bi unibertsitateen artean.

Makinatxo bat euskaldun elkartu ginen bertan, hainbat jatorri eta arlotakoak, eta oroitzapen izugarriak ditut han igarotako denboraldiaz. Esperientzia zoragarria izan zen. Nire kasuan zoologian doktoradutza egitera joan nintzen (tira, hastera), baina hori baino askoz gehiago izan zen hango esperientzia. Han ezagututako jendea, campuseko giroa eta bizimodua, hango eta hemengo euskaldunen arteko erlazioa, basque restaurant-ak eta jaiak, Basque Studies-eko liburutegian lan egitea, Nevadako desertu amaigabea...

Aste honetan paper zaharrak berrantolatzen eta garbitzen jardun dut eta garai hartako makinatxo bat ere agertu zaizkit. Tartean hauxe. Ez esan ederra ez denik (bai, bale, bukoliko-pastoril samarra, eta zapia gaizki ipinita, ezta @txargain? baina dena ezin da!).

1995. urteko Nevada Bell telefono-konpainiaren listina da.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017