Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"El reloj de Mr. Darwin" (Juan Luis Arsuaga, 2009)

Asier Sarasua 2012/12/30 18:35
2009. urtean "Darwin urtea" ospatu zen mundu osoan (bere jaiotzaren 200. urteurrena eta "On the Origin of Species" liburuaren 150. urteurrena). Data horren harira, Juan Luis Arsuaga paleontologo ezagunak liburu interesgarria argitaratu zuen Darwinen bizitzaz. Darwin gogoan baina, gehienbat, eboluzioa hizpide.

Charles Darwin (1809-1882) artista hutsa izan zen, genio bat. Zientziak tarteka-marteka ematen dituen izen handietako bat, historia aldatzen duten horietakoa, Galileo, Newton edo Einstein, adibidez. 1859. urtean argitaratutako "On the Origin of Species" liburuak mundua aldatu zuen, gure espezieaz eta bizitzaz ordura arte genuen ikuspuntua irauliz.

Alde batetik eboluzioaren kontzeptua erabat errotu eta finkatu zuen (lehenago ere gai hori zientzilarien artean aipatu izan zen arren); bestalde, eboluzio hori eman zedin beharrezko mekanismoa adierazi zigun: hautespen naturala (bere liburuak, izan ere, horixe du benetako izenburu: "On the Origin of Species by Means of Natural Selection"). Baina hori baino askoz gehiago ere egin zuen Darwinek. Espezieen eboluzioaz gain (berak espezieen transmutazioa deitzen dio) eta gizakiaren jatorria mahai gainean jartzeaz gain, beste hainbat gai eta lan ere plazaratu zituen eta diziplina mordoa landu, besteak beste, botanika, etologia, geologia, paleontologia... Betiere zehaztasun eta metodo zientifiko paregabearekin.

Juan Luis Arsuagak (Madril, 1954) ondo azaltzen ditu horiek guztiak 2009ko lan honetan (Darwinen jaiotzaren 200. urteurrenean argitaratua). Bere bizitza eta lana azaltzen ditu; modu dibulgatiboan, baina oinarri eta zehaztasun zientifiko egokiarekin. Egia da liburua batzuetan ez dagoela ondoegi egituratuta, eta kontzeptu batzuk errepikatu egiten direla, baina hala ere lan gomendagarria da, oso gustura irakurtzen dena eta eboluzioaren gaia eta Darwinen joan-etorriak ezagutzeko aukera ona eskaintzen duena. Izan ere, Arsuaga bera ere dibulgatzaile bikaina da (gaztelaniaz eta gai hauetaz onentsuenetakoa, nik uste); hor daude, besteak beste, El collar del Neandertal eta beste hainbat lan, edo Atapuercako aurkikuntzen inguruan idatzi dituen hainbat liburu dibulgatibo. Gogoan izan bera dela Atapuercako aztarnategiko zuzendaria, paleontologoa eta giza eboluzioan espezialista handia.

Charles Darwinen bizitza kontatu ahala (non, noiz eta nola bizi izan zen), batez ere haren lana eta pentsaera azaltzen dira liburu honetan (kasu honetan, gainera, neurri batean berdinak dira lana eta pentsaera, karga ideologiko handiko liburuak izan zirelako garai hartarako). Zientzilariaren argitalpenen zerrenda izugarri luzea da, baina 4 lan dira oinarrizkoak eta Arsuagaren lan honetan azpimarratzen direnak: The Voyage of the Beagle (1839), On the Origins of Species (1859), The Descent of Man (1871) eta Autobiography of Charles Darwin (1887).

Horrela, eboluzioaren ideiaren sorreraz eta garapenaz mintzatuko zaigu Arsuaga, Darwinen hitzen bidez, gehienetan. XIX. mendean zehar nola joan zen pizten eta zabaltzen eboluzioaren inguruko ideia, Darwinen aurretik nola aipatu izan zuten gaia, Darwinen ekarpena (eboluzioaren kontzeptua finkatzeaz gain, eboluzioa gidatzen duen mekanismoa adieraziz, hautespen naturala eta baliabideengatik bizidunek egin beharreko borroka Malthusen ideiak oinarri), eta era berean, harrezkero eta XX. mendean zehar, nola irakurri eta moldatu den Darwinen teoria (teoria sintetikoa, neodarwinistak, eta abar).

Bide horretan, izen asko azalduko zaizkigu euren ekarpena egiten, bai XIX. gizaldikoak (Cuvier, Malthus, Lyell, Lamarck, Wallace, Huxley...), zein XX.ekoak (Lorenz, Mayr, Dobzhansky, Goldschmidt, Dawkins, Gould...). Zein da bakoitzaren ekarpena? Nola uztartzen dira euren ideiak Darwinen ideiekin? Nola ikusi eta ulertu behar dugu Darwin XXI. mendean?

Amaitzeko, gaur egungo ideia eta zalantza nagusiak ere aztertzen ditu. Oraindik ere, eta gezurra badirudi ere, asko-asko dago ezagutzeko eboluzioaz eta eboluzio hori gidatzen duten mekanismoez. Geneen erregulazio-mekanismoak, isolamendu reproduktiboa nola gertatzen den, espeziazio sinpatrikoaren koxka, karaktere ez adaptatiboen inguruko zalantzak, hautespen sexualaren papera, deriba genetikoaren garrantzi maila, saltazionismoa eta oreka puntuatua (bai? ez? zer mailatan?), Kanbrikoko eztandaren arrazoiak (eta harrezkero fillum berririk azaldu ez izana), anagenesia vs. kladogenesia, eta abar.

Laburbilduz, eboluzioaren inguruko oinarrizko ikuspegia izateko liburu polita. Eta baita Darwinen figura hobeto ezagutzeko eta aldarrikatzeko ere. Oinarri zientifiko sakonekoa, baina nahiko modu errazean kontatua.

Esan bezala, Darwinen ideiek mundua aldatu zuten; mundua eta gizakia ikusteko modua aldatu zuten. Darwinik gabe ere, beste norbaitek ekarriko zuen eboluzioaren ideia mahai gainera, seguru (izan ere, beste ahalegin batzuk ere izan ziren garai beretsuan). Baina Darwin izan zen ideia horiek ongien jaso, aztertu, landu eta plazaratu zituena. Gainera, horretarako garai egokiegia ez zenean:

  1. erlijioak zuen zama izugarriarengatik,
  2. data paleontologikoak oraindik oso urriak zirelako (gaur ere ez dira izugarriak, baina atera kontuak duela 175 urte),
  3. eta karaktereen transmisio genetikoa ezezaguna zelako (garai hartan ziharduen Gregor Mendelek bere probak eta teoriak garatzen, baina bere lana ez zen ezaguna).

Lana pazientziaz egin zuen. Datu-kopuru izugarria batuz eta hari guztiak ondo lotuz (jakin bai bazekien gizartearen zatirik handiena kontra izango zuela). 1838 ingururako bere ideia nagusiak prest zituen, baina gutxinaka joan zen, hariak ondo lotuz eta ideiak gutxinaka plazaratuz eta kontrastatuz. "On the Origin of Species" liburuaren lehenengo bertsioa 1844an idatzi zuen, baina 1859ra arte ez zuen argitaratu, badaezpada (dena lotu arte); eta lan horretan animalien eboluzioa (etengabeko aldaketak) aipatzen den arren, gizakiaren eboluzioaz ez dio larregi (zeharka ez bada). Gizakiaren jatorriaz 12 urte beranduago hitz egin zuen ("The descent of man", 1871), eboluzioaren gaia ordurako nahiko onartuta zegoenean.

Bai, gizakia ere animalia da, beste forma guztiak bezala, jatorrizko aitzindari baten aldaketaz eta eboluzioz sortutakoa; eta seniderik hurbilenak tximinoak ditu. Are gehiago (Darwinek zehaztu zuen moduan): gizakia ez dator tximinotik, beste tximino bat besterik ez da.

"Idazten ari dela idazten duen idazlea" Iban Zaldua (Elkar, 2012)

Asier Sarasua 2012/12/07 19:35
Iban Zalduaren azkenengo liburua izan dut esku artean egunotan. Literatura hizpide duten 22 ipuin laburrez osatutako bilduma erakargarria. Gomendagarria, esate baterako, Durangon egingo duzu osteratxo horretan zureganatzeko.

Idazten ari dela idazten duen idazlea
Iban Zaldua
Elkar, 2012

Iban Zalduak ipuin-liburua argitaratu du duela aste batzuk, Idazten ari dela idazten duen idazlea.

Ni ere, Aritz Galarraga bezala, Zalduaren fana naiz aspalditik (Gezurren eta Traizioen sasoitik). Gustatzen zait, irakurlea nola erabiltzen duen, hara eta hona, haizeak orbela bezala, ezustekoak eta txiribueltak emanda (batzuetan larregi, egia da; derrigortuta bezala, bukaeran beti triplemortala ematera). Gustatzen zait,  ipuinak sukaldatzen dituenean, nola botatzen dizkien beti korailakada bat fantasia eta pare bat kilo ironia.

Zalduak harrapatu egiten gaitu, gainera, gu moduko batek kontatutako ipuinak direlako; gure istorioak direlako. Kasu honetan, esate baterako, Carrefourrera garamatza, edo Irakurle Klubaren berri ematen, edo Ikastolako gurasoen artean kokatzen... eta euskaldunon eguneroko burukominak, inkoherentziak eta moral bikoitza islatzen dizkigu, berriro. Hori bai, konplexu eta dramarik gabe. Are gehiago, askotan galtzailearen edo antiheroiaren figura baliatuz.

22 ipuin bildu ditu ipuin-liburu (ezen ez ipuin-bilduma) honetan. Betiko estiloan, baina literatura ardatz nagusi eta ia bakar hartuta. Idazleak, itzultzaileak, irakurlea... dira protagonista. Eta sariketak, kritikak, argitaletxeak, liburu-dendak eta irakurle klubak eszenario nagusi. Gustura, erraz eta irribarrearekin irakurtzeko 22 ipuin. Gehien gustatu zaizkidan batzuk aipatzearren, beharbada, Potroak, Bazkaria, Liburu denda perfektua, Izozki denda, Miraria...

Orain aste batzuk E.A. Poe-ren Kontakizunak irakurri nuen. Gustatu zitzaidan, baina orduan ere aipatu nuen euskal idazleen artean ere ipuin-bilduma gomendagarriagorik aurkituko nukeela. Boutade txiki bat, nahi baduzue. Baina egia da. Poe baino, nik neuk lehenago gomendatuko nioke nire inguruko ia edozeini Zalduaren azken hau. Durangoko osteratxorako, esate baterako.

Murakami gustatzen zaion irakurle baten aholkua eta iritzia onartzen baduzue, behintzat. Glups!

Irakurle kluba Eibarko liburutegian

Asier Sarasua 2012/12/06 10:40
Ez da bene-benetako Irakurle Kluba izango, baina oso antzerako ekimena antolatu du Eibarko Udal Liburutegiak datozen hilabeteetarako. Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duen programa bati helduz, "Idazlearekin berbetan" jarri du abian. Urtarriletik apirilera 4 liburu irakurri, aztertu eta komentatuko dira, idazleekin eurekin batera.

Orain arte gaztelaniaz bakarrik zegoen Irakurle Kluba liburutegian. Euskarazko antzeko zerbait ere egiten du ...eta kitto! elkarteak.

Oraingoan, EIE elkartearekin laguntzarekin, udal liburutegian euskarazko liburuak ere irakurri eta komentatu ahal izango ditugu. Hurrengo lauretan, behintzat, idazlea bera ere bertan egongo da. Liburutegiak liburua ere lagatzen dizu, nahi baduzu.

Atzo eman nuen izena eta dagoeneko Twist (Harkaitz Cano, 2011) ere etxean daukat. Horixe da-ta urtarrilaren 8rako irakurri beharreko liburua. Aspaldi liburutegian hartzekotan, baina beti "hurrengorako" laga izan dut. Oraingoan ezin ihes egin.

Canoren ostean beste hiru etorriko dira, hurrengo beste 3 hilabeteetan:

  • Otsailak 5: Joseba Lozano, Argiaren erreinua
  • Martxoak 5: Hasier Etxeberria, Eulien bazka
  • Apirilak 9: Jon Arretxe, Tangerko ametsak

Behin udako geldialdiaren ostean, udazkenean beste lau liburu/idazle izango omen ditugu. Saio guztiak, hileko lehenengo martitzenean, arratsaldeko 7etan.

Ea ba nola irteten duen. Banuen bai, aspalditik, horrelako esperientzia batean parte hartzeko gogoa. Izan ere, liburuaren irakurketa ez delako azkenengo orrialdean amaitzen, hurrengo hausnarketa, ondorio eta zirri-borroetan baizik. Eta hori beste irakurle batzuekin eta idazlearekin berarekin eginez gero, are aberasgarriagoa izango da.

Info gehiago Eibarko Udal Liburutegiaren webgunean. Ez denok apuntatu, e? 30 plaza besterik ez daude eta gehiago apuntatuz gero zozketa egin beharko dute ;-(

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017