Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Bartolo Arriola hil da (1912-2012)

Asier Sarasua 2012/11/25 10:12
Zoritxarrez aste honetan juan jaku, 100 urte betetzeko egun batzuk besterik ez jakozenian falta. Sekulako penia sentidu dot. Eta poza, Bartolo ezagutzeko aukeria euki dotelako. Bartolokin batera belaunaldi oso bat juan jaku, gure aitxitxa-amamen belaunaldixa. Umezurtz geldittu gara.
Bartolo Arriola hil da (1912-2012)

Bartolo Arriola Garate

Oin dala 3-4 aste ikusiko neban azkenengoz Bartolo, betiko moduan, euzkixa hartzen Julian Etxebarria kale inguruan. Beti bezain jator, gorputza arin eta burua gazte. 100 urte bete bihar zittuala kontau zestan (banekixan, jakiña, bera ikusitta sinistu ezin bazan be), eta nere aitxitxan kontuak be erabili genduzen (kinttuak ziran bixak, 1912an jaixotakuak). Betiko kontuak. Beti bezain jator, beti bezain maittagarri.

Izan be, azkenengo 20 urtiotan dozenaka (ehundaka) gizon-emakume elkarrizketatu dittut Euskal Herrixan zihar, baina badira batzuk barren-barrenian sartuta gelditzen jatzuzenak. Eta horren artian zeguan Bartolo. Pertsona jatorra, apala, autu-kontalarixa,... eta sekulako burua zekana.

Antxiñako Eibarren inguruko zalantzaren bat banekan, banekixan Zatixa soziedadera juan, eta hantxe egongo zirala Bartolo eta Agustin, edozer argitzeko prest (eta ni baiño lehenago, badakit Imanol Laspiur eta Antxon Narbaizantzat be informaziño-itturri izugarrixa izan zirana Zatixako barriketaldixak). Bartolo ez zan Eibarren jaixo, Mendaron baizik, baina 7 urte besterik ez zekazela etorri zan Eibarrera bere familixa guztiakin batera, eta gerra aurreko kontuak oso ondo gogoratzen zittuan. Informante aparta zan; berezi-berezixen taldekua. Hauxe notatxuau dakagu Ahotsak.com proiektuko datu-basian: "Oso-oso hizlari ona. 90 urtetik gora egin zaizkio elkarrizketak (azkenak 95 urterekin) eta oso azalpen zehatzak ematen ditu, arin eta bizi, haria galdu gabe eta euskara alai eta bikainean. Ahoskera ere garbi-garbia dauka. Primerako lekukoa eta pertsona hurbila".

Bazirudixan Bartolo betirako eukiko genduala hor, gure kezkak belaunaldiz belaunaldi argitzeko. Baina ez. Iñor ez da betirako, ez. Eta egun batetik bestera umezurtz geldittu gara. Bartolo ez ezik, belaunaldi oso bat juan jaku. Gure aitxitxa-amamen belaunaldiko azkenengo lekukuak. 1910-1915 inguruan jaixo eta Gerra aurreko Euskal Herrixa ezagutu zeban giza taldia. Bartolo, Luziana, Antonio, Pazita, Candido...

Oin arte, zalantzaren bat genkagunian, eurengana joten genduan. "Zelan zan zera...? Eta zelan esaten dozue euskeraz...?".

Eta oin? Oin zer demontre egin bihar dogu?

Makaleko faenia egin deskuzue.

 


Eibarko igerilekuak: Matsaria, Barrenazarra, Maltzaga, Areatza...

Euskerian egunian, Toribio Etxebarria hizpide Eibarren

Asier Sarasua 2012/11/18 15:55
Azken urtiotako ohitturiakin jarraittuta, aurten be Euskerian Eguna ospatuko dogu Eibarren. Aurtenguan Toribio Etxebarria izango da izarra, idazlia jaixo zala 125 urte bete diralako, eta omenaldixa egin nahi jakolako.

Azkenengo urtietan moduan, aurten be Euskerian Eguna ospatuko da Eibarren, ...eta kitto! euskera elkartiak eta Eibarko Udalak antolatuta (aurreko urtietako info apurra: 2009, 2011). Oinguan Toribio Etxebarria izango dogu hizpide. Izan be, aurten 125 urte bete dira idazle eta politikarixa jaixo zanetik (1887an jaixo zan Txirixo kalian), eta omenaldi txikixa eitteko aprobetxauko da.

Abenduaren 3ko ekitaldi nagusixak, horretara, Toribiokin lotuta egongo dira.

  • Azaruan zihar "Toribio Etxebarria lehiaketa" egingo da Eibarko liburutegixan. Idazlian lanen eta biografixian inguruko galdera-jokua, haurrendako eta helduendako.
  • Abenduaren 3an bertan, Udalak plakia ipiniko dau Toribion jaixotetxian, Txirixo kaleko 6. pegoran. "Toribio Etxebarria Ibarbia, Eibar 1887 - Caracas 1968. «Nere txoko maittia, mendi eder biren erdian jarria!»."
  • Egun guztian zihar, Toribion lanik ezagunena irakorriko da udaletxian, lexikoia ("Lexicón del euskera dialectal de Eibar"). Azkenengo urtietan indarra hartu daben ekitaldixa da, irakurketa publiko jarraixa eittiana. 2009an be Eibarko euskerazko lan ezagunak irakorri genduzen (Juanito San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak), Eibarko talde, elkarte, eragile eta herrittarren artian. Ekitaldi apala da, baina politta, herriko jende mordua euskerian (Eibarko euskerian) inguruan batuta ikustia, bakotxak liburu baten lerro pare bat irakortzen, euskeraz, Eibarko euskeraz, herri guztian aurrian. Abenduaren 3an izango da, goizeko 9etatik arratsaldeko 7etara. Lan mardula, bidegillia, aitzindarixa... 50 urtera, oindiokan be gogoratzeko modoko biharra.
  • Amaitzeko, abenduaren 3an bertan, eta behin irakortaldixa amaittuta, arratsaldeko 7etan, Toribio Etxebarrian inguruko mahai-inguru edo barriketaldi publikua eukiko dogu udaletxeko areto nagusixan. Serafin Basaurik, Antxon Narbaizak eta hirurok jardungo dogu, idazlian bizitzaz, izakeriaz eta, gehixenbat, lan linguistikuaz. Baina gure jarduna baiño, herriko guztien parte-hartzia nahiko genduke. Guztion artian Eibarko euskerian inguruan berba eittia (edo euskeriak Eibarren dakan eta euki daben lekuaz).

Toribion bizitzaz eta lanaz zeozertxo ezagutu gura dabenandako, hamentxe 2005ian idatzi nittuan lerro batzuk. Etxebarriak idatzittako "Viaje por el país de los recuerdos" liburuan berrargitalpenan hitzaurria izan zan. Beran lana eta bizitza laburtzen ahalegindu giñan. Hortxe dakazu, PDF formatuan, irakorri nahi badozu.

Hiru gizon ilustre, itturri bidetik

Asier Sarasua 2012/11/16 09:10
Eibarko kantu ezaguna. Lehen taberna giroko eta mozkorraldiko doinua. Gaur egun 7 urteko gure seme-alabak Ikastolan ikasten dabena.

Kantu ezaguna Eibarren, Hiru gizon ilustre. XX. mende hasierako doinua, 3 zurruteroren gora-beherak kontatzen dittuana, amaiera ederrakin (behe-behian dakazue letria).

Gure seme Manexek (7 urte) aste honetan ekarri dau letria etxera, San Andresetarako ikasi bihar dabela-ta. Ohittura zaharrak eta betiko kantuak gorde eta ikastian aldekua naiz, jakina; eta ez naiz errezegi eskandalizatzen. Baina kurioso samarra pentsau jata gaur egungo hezkuntza-sistema super-arautu eta politikoki zuzen honetan, Ikastolako jaialdixan holakuak entzungo dirana: "mozkor-mozkor eginda...".

Eta ez da kritikia, gero. Gu pozik gabiz, Manex Aulesti eta Asier Lope, lepotik helduta etxeko karrajuan kantuan. Hori bai, zer bertsiño aukeratuko dabe gure seme-alabak? Asun Angerak eta Jose Sarasuak kantatzen daben bertsiño historikua? Edo mp5 taldian bertsiño histerikua?

Galdera retorikua da, jakiña.

 

 

Hiru gizon ilustre itturri bidetik
Mozkor-mozkor eginda Elgetakaletik,
Aulestik heltzen zion Loperi lepotik
Ez muzturrez aurrera erortziagatik.

La esposa decía Iriagaittikan:
-No le puedo sacarle Tocayonetikan.
Porque le gusta mucho napar beltzetikan
No le gustará tanto Urkuzuko urikan.

Urkuzuko itturrixak baleki berbetan
Zerbaitt esango leuke astelehen goizetan. (bis)

Egillia: Anbrosio Atxa, “Itxaso”

2007an krisialdia aurreikusi zuten Sorian

Asier Sarasua 2012/11/14 09:10
Soriako bi agure. Ekonomiaz eta krisiaz berbetan. Eskolarik gabeak, baina asko ikasitakoak eta zentzu handikoak. 2007an krisiaz eta ekonomiaz hasi ziren berbetan dokumental baterako. Pasarte batzuk berreskuratu dituzte eta sareratu. "¡Esto va a terminar mu mal!" aurreikusi zuten duela 5 urte. FMI, EBZ, eta ekonomista guztiek baino lehenago.

Bideoa bolo-bolo zabaldu da azken orduotan sare sozialetan. Benetan ere ikustekoa. Oso ona da. "Si la economía es muy fácil. La economia no hace falta estudiarla. Si ganas 5 y gastas 6... Esto va a terminar mu mal."

 

'Se veía venir...', dos abuelos de Soria predicen la crisis en 2007 from ShowU on Vimeo.

Solasaldi interesgarria Armeria Eskolan datorren astean

Asier Sarasua 2012/11/08 18:50
Datorren eguen arratsaldean, azaroaren 15ean, hitzaldi edo mahai-inguru interesgarria izango dugu Eibarko Armeria Eskolan. Jon Sarasua, Andoni Egaña, Garbiñe Biurrun eta Iñaki Dorronsoro elkartuko dira, Euskal Herriaren orainaz eta geroaz gogoeta egitera.

Mahai-inguru edo solasaldiaren izenburua ondorengoa izango da: "Gure Herri honen asmo, erronka eta itxaropen bideei buruzko gogoeta saioa eta solasaldia".

Armeria Eskolak antolatuta dago, bere 100. urteurrenaren ospakizunen barruan, eta aipatutako 4 hizlariak bilduko ditu: Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntzako presidentea), Andoni Egaña (idazle eta bertsolaria), Jon sarasua (irakasle eta kultur eragilea), eta Garbiñe Biurrun (epailea eta irakaslea). Moderatzaile lanetan Odile kruzeta kazetari eibartarrak jardungo du.

  • Lekua: Armeria Eskola, Eibar
  • Eguna: Azaroaren 15ean
  • Ordua: 18.30
Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017