Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Gerald Durrell

Asier Sarasua 2012/10/31 09:50
Asteburuan, eguraldia lagun, etxeko apal eta arasa batzuk berrantolatzen ibili gara: umeen jostailu zaharrak eta badakizue. Liburu zaharren txanda ere izan da, eta hantxe agertu dira gaztaroan izugarri disfrutatu nituen hainbat liburua. Tartean, Gerald Durrell naturalista eta idazlearen hainbat.

Gaztaroan irakurritako liburuak gogora ekartzen ditudan bakoitzean, badira beti ate-joka azaltzen diren hainbat, memorian erabat iltzatuta geratu zaizkidanak. Batzuk klasiko tipikoak (La conjura de los necios, El guardián entre el centeno, Egunero hasten delako, Obabakoak, Babilonia, El señor de los anillos, Pelham uno, dos, tres,...); beste batzuk ez hain ezagunak (Rebelión en Milagro, adibidez, bikain-bikaina iruditu zitzaidan orain dela 20-25 urte); beste asko, Best Sellerren kategorian sartuko genituzkenak, Frederick Forsyth eta Ken Follet lagun (El cuarto protocolo, La isla de las tormentas, El valle de los leones...). Ez dakit orain ere horren ederrak izango liratekeen, berriz irakurriz gero, baina garai hartan, behintzat, erreferentzia izan ziren niretako.

Eta guzti horiekin batera, idazle nahiko ezezagun baten lanak ere agertzen zaizkit, Gerald Durrell naturalista eta idazle britainiarrarenak. Gerald "Gerry" Durrell Indian jaio zen 1925ean. Gurasoak ere bertan jaioak ziren, baina aita berehala hil eta familia osoa Ingalaterrara joan zen bizi izatera. 10-15 urte bitartean Corfu uhartean (Grezia) bizi izan zen. Hantxe, natura borbor zegoen lurralde berri hartan, hasi zen Durrell naturaz arduratzen eta bere sekretuak ikasten. Bere lan askotan ere erreferentzia garbia izango dira Corfun egindako urte haiek.

Naturzalea, zientzia dibulgatzailea, telebistako dokumental egilea... hainbat idazlan ere utzi zituen, dibulgaziozkoak zein fikziozkoak. Bere anaia ere idazle ospetsua izan zen, Lawrence Durrell. Oso gazte hasi zen Britania Handiko zoologikoentzat lanean eta espedizioak egiten, gehienbat Afrikara, animaliak harrapatu eta Europara ekartzeko. Baina zoologiko klasikoen eredua gaitzetsita, 1958an lur-eremu handi bat erosi zuen (Jersey-ko Channel Island delakoan) eta bere zoologikoa sortu zuen eta, ondoren, Durrell Wildlife Conservation Trust fundazioa. Helburua, desagertzeko arriskuan dauden espezien ugalketa, gero berriz ere jatorrizko lurraldeetan askatzeko.

Naturzalea eta idazlea... 15-20 urte nituen garai hartan bere 8-10 liburu irakurriko nituen, barrena. Denetarik idatzi zuen, baina batez ere: bere espedizioetako gora-beherak azaltzen zituztenak (Tres billetes hacia la aventura, Los sabuesos de Bafut, Un zoo en mi equipaje, Atrápame ese mono...); bere gaztaroa gogoratzen duten liburu autobiografikoak (Mi familia y otros animales bikaina, edo Bichos y demás parientes, esate baterako), eta gazte literatura, naturara babestu beharraren mezua oinarri dutenak (zelako onak, esate baterako, El pájaro burlón edo Los secuestradores de burros).


Eibarko XIV. Jardunaldi Mikologikoak

Asier Sarasua 2012/10/28 22:01
Asteburuan izan da. Eibarren, Klub Deportibuak antolatuta. Gustora ibili gara, haur eta guraso, perretxiko artian.

Urtero moduan, aurten be Jardunaldi Mikologikuak antolatu dittu Eibarko Deporrak. Aranzadikin eta Eibarko Udalakin elkarlanian antolatzen dira eta aurtengua XIV. ekitaldixa izan da.

Zapatu-domeka euritsua perretxiko artian pasau dogu, hartara. Zapatu goizian Eibarko eskoletako umiak (eta guraso batzuk) Araba aldera juan ziran perretxiko bila. Euri zaparrak gaindittu eta otarra bete-betiak ekarri zittuen. Arratsaldian be etxeko lanak euki genduzen. Jasotako guztia antolatu, garbittu, txukun-txukun ipini, eta Klub Deportibora eruan.

Eibarko Jardunaldi Mikologikoak

Deporrian lanian zebizen Aranzadikuak, jasotako guztia katalogatzen eta erakusketarako gertatzen.

Eibarko Jardunaldi Mikologikoak

Eta gaur goizian ekitaldi nagusixa Untzagan (eurixa zala-ta, Toribio Etxebarriatik udaletxeko arkupera eruan dabe). Perretxiko-erakusketia, perretxiko azokia, perretxiko dastaketia... Umiendako herri kirolak be egon dira, Eibarko Euskal Jokoak taldian eskutik (Kortina eta Bihurri), eta eskoletako haurrak gustora ibili dira harri-jasotzen, trontzan eta kaskara-batzen.

Eibarko Jardunaldi Mikologikoak

Eibarko Jardunaldi Mikologikoak

Amaitzeko, sari-banaketia.

Eibarko Jardunaldi Mikologikoak

Behin eskatzen hasitta:

  • euskeriari lehentasuna emotia (kartel "normal" elebidun hori, Eibarko deporrak antolatuta, eta Eibarko umiendako, ba, ez; Kortina erderaz azalpenak emoten entzutzia Untzagan Eibarko umieri be, ba, ez).
  • informaziño apur bat Deporran webgunian?

Datorren urtian gehixago.

Eibarko euskararen inguruko ikastaroa

Asier Sarasua 2012/10/23 09:05
Badihardugu Euskara Elkarteak antolatuta, Eibarko Udalaren eta Udal Euskaltegiaren laguntzarekin, "Eibarko euskara" ikastaroa antolatu da Eibarren azarorako. Izena emateko epea urriaren 31ra bitartean egongo da zabalik. Herriko euskararen ezaugarri nagusiak aztertuko dira, eta hitanoari ere lekutxoa emango zaio.

Eibarko euskera ikastarua 2012Ikastaroa 10 ordukoa izango da eta azaroko astearteetan (6, 13, 20, 27 eta abenduak 4) emango da, 18:30etatik 20:30era Eibarko Udal Euskaltegiko geletan.

Ikastaroan zehar Eibarko euskararen oinarriak jaso eta praktikatzeko aukera izango da. 16 urtetik gorako Eibar eta inguruetakoei dago zuzendua.

Asmoa ez da 10 orduan Eibarko euskaraz hitz egiten ikastea, baina bai herriko eta inguruko euskararen ezaugarri nagusiak ematea, ikasleen zalantzak argitzen saiatzea, eta ikasleei oinarri batzuk ematea.

Iaz ere antzeko ikastaroa antolatu zuen Badihardugu Elkarteak hitanoaren inguruan. Arrakasta handia izan zuen eta 35 lagunek hartu zuten parte (argazkia alboan). Aurten ere hitanoak bere lekutxoa izango du ikastaroan, nola ez, Eibarko euskararen ezaugarri bereizgarrienetakoa izanda.

Izen-ematea

Izena ematea Badihardugu Euskara elkartean izango da eta epea urriaren 16tik 31ra bitartean (biak barne) egongo da zabalik. Matrikula egiteko orduan edo lehen klase egunean ikastaroa ordaindu beharko da (10€). Partaide kopurua mugatua izango da.

Izena emateko Elkartearekin harremanetan jarri behar da:

  • Elkartearen egoitzan: Markeskua jauregia. Otaola hiribidea, 1. Eibar
  • Posta elektronikoz: admin@badihardugu.com
  • Telefonoz: 943 12 17 75

"Gazta zati bat", eguaztena 19.00 Coliseoan

Asier Sarasua 2012/10/08 12:36
Aste honetan "Gazta zati bat" dokumentala ikusteko aukera izango dugu Eibarren.

Oraindik ikusi ez dugunok, Coliseoan ikusi ahal izango dugu Jon Maiak zuzendutako filma, Gazta zati bat. Coliseoan izango da, arratsaldeko 7etan (sarrera 2,5 euro).

Eibarko Udalaren urriko kulturgidatik kopiatzen dut ondorengo testua.

Nazioen Munduan ekimenetik abiatzen da filma, eta Euskal Herria eta Eskoziako herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan ari da hein handi batean, herri kirolen truke batetik abiatuta. Zuzendariaren hitzetan: “Dokumental honek euskal gatazka modu  berritzaile batean aurkezten du: hainbat gertakizunen inguruko gertuko begirada eskaintzen du, letra txikiz kontatzen du historia, gertutasunetik, intimismotik eta umoretik...  Gizatasunaren faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta kazetaritza kroniken  estereotipoetatik aldentzen da”. Dokumentala Nazioen Munduan kolektiboaren ekimena da eta Pixelek produzitu du. Xabi Solano eta Zigor Lanpre DZ izan dira musika sortzeko  ardura izan dutenak.

Munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da istorio hau. Herritar xume batzuk, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta  banaketa guztien gainetik misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal  izatea.

Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen  lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria. Letra txikiz idatzitako  historia handi bat. Etorkizunari begira jartzen gaituen aro berriko dokumental bat.

  • Urtea: 2012.
  • Zuzendaria: Jon Maia.
  • Ekoizpena: Pixel Produkzioak.
  • Gidoia: Jon Maia.
  • Argazkilaritza: Juantxo Sardon.
  • Musika: Xabier Solano, Zigor Lanpre.
  • Edizioa: Eriz Zapirain.
  • Iraupena: 99 minutu.

Igande honetan, "Hegaztien Eguna"

Asier Sarasua 2012/10/04 22:10
Domekan "Kilometroak" izango dugu Andoainen, baina urtero bezala, urriko lehenengo igande honetan "Hegaztien Eguna" ere ospatuko dugu. Aukera ona izan daiteke gure inguruko hezeguneetara joateko eta hegaztien behaketa zer den ikusteko. Migrazio garaia da, sasoi polita txoritan ibiltzeko. Gure inguruko ornitologia elkarte gehienek zeozer antolatu dute egun honetarako.

Ba bai. Udazkeneko migrazioarekin batera Nazioarteko Hegaztien Eguna ospatzen da urtero urriko lehenengo igandean. Helburua, hegaztien mundua eta naturaren kontserbazioa herritarrei hurbiltzea. Ornitologia Elkarteek hainbat ekitaldi antolatzen dituzte eta Euskal Herrian ere  halaxe izaten da (eta izango da aurten ere).

Plaiaundi (Txingudi, Irun)

Sasoi honetan milaka eta milaka hegazti igarotzen dira gure zeruetan barrena, Iparraldeko lurrak utzi eta Afrikara bidean. Oso garai egokia da, beraz, urtean zehar ikusten ez diren hamaika espezie ikusteko. Gainera, gure kostaldeko eta barrukaldeko hezeguneak ezagutzeko ere aukera polita da. Hezegune nagusi eta ezagunenetan ornitologoak izango dituzue zain, euren prismatiko eta katalejoekin, hurreratzen garen guztioi hegaztirik ezkutuenak erakusteko eta edozein zalantza argitzeko.

Itsasenara Ornitologia Elkarteko kideak, esate baterako, Txingudin egongo dira. Plaiaundiko parke ekologikoan (Irunen). Goizetik hasita, elkarteko hainbat kide parkeko hainbat puntutan kokatuko dira, teleskopio eta prismatikoekin hegaztien behaketa ahalik eta gehien errazteko bisitariei; halaber, hegaztien ohitura eta biologiari buruzko informazioa azalduko diete. Parkearen sarreran elkartearen stand bat egongo da, eta orain arte egindako argitalpen eta ekintzak azalduko dituzte han. Txepetxa taldekoek eta Izate taldekoek ere antolatu dituzte zenbait ekimen (Boluen eta Garaion lehenengoek, larunbatean; La Arboledan bigarrenek, igandean).

Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere antzeko kontuak aurkituko ditugu, gehienbat hezegune nagusienetan. Lehenago ere aipatu izan ditugu hiru hezegune garrantzitsuenetarikoak blog honetan, Urdaibai, Txingudi zein Salburua. Haurrekin joateko ere, hirurak egokiak, gehienbat azkenengo biak.

Eta domekan honetan Kilometroetara bazoaz, ba, hurrengo asteburuan!

Morus bassana 03

Deporraren "ate irekien" eguna

Asier Sarasua 2012/10/03 08:55
Asteburuan ospakizun ederra egin zuen Deporrak Eibarren. Batzorde guztietan egiten den lana kalera atera zuen, eta herri guztia gonbidatu zuen jaialdira. Egun polita izan zen. Orain, gainera, Pello Osoro bazkide gazteak laburpen-bideoa egin du zapatuko irudiekin.

Eibarko Klub Deportiboak “Ate irekien eguna” ospatu zuen irailaren 29an (ikus albistea Deporeibar.com webgunean). Kirola eta kultura gure herrian sustatzeko asmoz, Klub Deportiboak kalera atera nahi izan zituen bere batzorde eta taldeetan egiten diren kirol eta kultura ekintzak: pilota, bizikleta, mendia, dantza, eskalada, atletismoa, espeleologia, squasha, eta abar.

Egun ederra izan zen; ospakizun parte-hartzaile eta gertukoa. Herritar asko inguruan, antolatutako ekitaldietan parte hartzen, Deporrak kudeatzen dituen kirol guztien berri jasotzen. Zorionak antolatzaileei. Zapatuko jaialdiaren laburpen-bideoa ere egin digute orain, Pello Osoro bazkide gaztearen eskutik (bere alboan egon nintzen Untzagan, altuera jauzia sekulako katxarroarekin grabatzen zuen bitartean).

 

Eibarko Klub Deportiboa (eibartarrontzat "Deporra") irabazi asmorik gabe sortu zen 1924an eta ordutik hainbat arlo edo komisio sortu dira (gaur egun 13 dira). Kideek, klubean egiten dituzten ekintzak kalean ezagutu eta disfrutatu ditzaten nahi dute, "*kultura, kirola eta aisialdiak bat egingo duen eguna*" izatea, "*klubaren ateak herritarrei irekiz, eta parte hartzeko gonbitea luzatuz*". Horregatik, berauen errepresentazio txiki bat bertatik-bertara ikusteaz gain, norberak probatzeko ere, aukera paregabea izan genuen joan den larunbatean.

Esan dudan moduan, jai polita izan zen. Hurrengoaren zain ;-)

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017