Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

El sueño del celta (Vargas Llosa, 2010)

Asier Sarasua 2012/01/25 00:32
Roger Casement (1864-1916) irlandar independentista eta antikolonialistaren biografia nobelatua. Luzeegia, aukeran. Interesgarria, bestalde.

Atxagaren azken eleberria amaitu eta berehala Vargas Llosaren azkena hartu nuen esku artean, "El sueño del celta", hau ere garai berean eta Kongon kokatua.

Roger Casement (1864-1916) irlandarraren biografia nobelatua da, errealitatetik nahiko gertu egon daitekeena (Casementek berak idatzitako liburu, txosten politiko eta diario pribatuak ditu oinarri). Dublinen jaioa, familia protestante batean, ideal britainiar eta kolonialistekin hazi eta hezi zen. Lanbidez ere Erresuma Batuko koroari lotuta bizi izan zen hainbat urtez eta Foreign Officeko langile izan zen. Hala ere, urteekin katoliko bihurtu zen, antikolonialista sutsu eta irlandar abertzale eta independentista. Guzti horrek heriotzara eraman zuen, 1916an urkatu baitzuten Londonen traizioa leporatuta. Heroia askorentzat, traidorea beste askorentzat.

Eleberria lau planotan dago kontatuta. Casement Londresko espetxean dago, bere aurkako epaiketako albisteen zain, laster urkatuko dutela pentsatuz. Epaiketa horren inguruko kontakizunak dira liburuan zehar gidatuko gaituztenak, baina epaiketa bera oso-oso zeharka aipatuz. Aldiz, Casementen gogoetek Kongora eta Amazonara eramango gaituzte. Britainia Handiko diplomatiko dela, zuzen-zuzenean bizi izan zituen europarrek bi herrialde horietan egindako triskantzak eta indigenen genozidioa (bietan ere kautxua eta beste lehengai batzuk lortzeko). Zapalketa horien inguruan idatzi zituen txostenek harridura eta zalaparta izugarria sortu zituzten Europa osoan eta inperioaren aurkako jarrera piztuko dute Casementengan.

Horrekin batera, irlandar errepublikaren aldeko garra ere piztuko zaio Casementi, lehen urratsak ematen ari diren Sinn Fein, IRA eta independentziaren aldeko hainbat mugimendutan buru-belarri sartuko delarik.

Lehen aipatu dudan moduan, jarraian irakurri nituen Atxagaren eta Vargas Llosaren eleberriak. Biak ere leku eta denbora berean daude kokatuta, baina ez dute inolako zerikusirik ez estiloan, ez narrazio-ereduan, ez ezertan. Bai beharbada helarazi nahi diguten mezuan.

Erabat harritu nau Vargas Llosaren jarrera irekiak, bai kolonialismoaz eta indigenen eskubideen inguruan, bai nazionalismoaz (bere bizitza publikoan azaldutakoaren oso desberdina, ia-ia aurkakoa).

"Los irlandeses somos como los  huitotos, los boras los andoques y los muinanes del Putumayo. Colonizados, explotados y condenados a serlo siempre si seguimos confiando en las leyes, las instituciones y los Gobiernos de Inglaterra, para alcanzar la libertad. Nunca nos la darán. ¿Por qué lo haría el Imperio que nos coloniza si no siente una presión irressistible que lo obligue a hacerlo? Esa presión sólo puede venir de las armas"  239. o.

Laburbilduz: liburua luze egin zitzaidan (orrialde erdiekin nahikoa), baina interesgarri ere bai (ez dakit gomendatuko nukeen, hala ere). Kautxoaren inguruan antolatu zuten negozioa ezagutzeko aukera egokia da (bai Kongon gertatutakoa, bai gero Amazoniara hedatu zena) eta baita Irlandako independentziaren aldeko mugimenduaren lehen urratsek ere: IRA, Sinn Fein, Irish Republican Brotherhood, Tom Clarke, Eoin MacNeill, Arthur Griffith, Patrick Pearse, Thomas MacDonagh...

 

Argazkia: Wikimedia.

"Zazpi etxe Frantzian", B. Atxaga (Pamiela, 2009)

Asier Sarasua 2012/01/19 09:09
Kongo, 1903. urtea. Kolonialismoaren eta zapalkuntzaren inguruko eleberria; gizakiaren basakeriaren inguruko gogoeta, umore beltzez zipriztindua. Atxagaren azken eleberria, aurreko guztietatik zeharo desberdina. Gustatu zait.

Zazpi etxe Frantzian
Bernardo Atxaga
Pamiela, 2009

XX. mende hasieran, Leopold II Erregeak gobernatzen duen Belgikak bere menpe dauka Afrikako zati handi bat, Kongo belgikarra. Oihan erdian, lekurik urrunenean, Yangambiko koartela dago, edozein lekutik urruti dagoen parajea. Bertako soldaduak inguruko basoetako kautxua ustiatzeaz eta errebeldeak kontrolatzeaz arduratzen dira. Yangambin elkartuko dira dozena bat pertsonaje izugarri, abentura-gogoak, patuak eta, batez ere, diru-goseak haraino eramanda. Euren helburuak betetzeko metodorik ankerrenak erabiliko dituzte bertako biztanleak zapaltzeko; eta baita gainontzeko ofizialak gainditzeko ere. Yangambiko oihanak itogarri bihurtu dira bertako twa etniako biztanleentzako, baina ilun suertatuko dira, era berean, zapaltzaileentzat ere.

Kongon gertatutako basakeria da liburu honen muina. Belgikar gudalostearen zapalkuntza eta jarrera. Umore beltzari egindako keinutxo batzuekin. Eta gizakia bere alderdirik ankerrenean aurkeztuz.

Horixe da Atxagaren azken liburuaren argumentu nagusia. Orain arte idatzi dituen lan guztietatik urrundu da idazlea. Argumentu eta gai aldetik ez ezik, baita kontakizuna harilkatzeko orduan ere. Izan ere, liburuak oso antolaketa lineala eta zuzena du, alderdi guztietatik begiratuta (kronologian, traman, testuaren egituran...), Atxagaren ohiko egitura eta kontatzeko moldetik erabat urruti.

Zazpi etxe Frantzian honek ez du, beraz, inolako zerikusirik bere aurreko eleberriarekin, Soinujolearen semea (Pamiela, 2003). Soinujolearen semea liburuan trama korapilatsua genuen, pertsonaia asko eta kokaleku ezberdinetan, denbora-jauzi handi eta ugariak, pausa deskriptiboak, disgresioak, gertakizunen enfoke desberdinak… Kasu honetan guztiz kontrakoa da liburua: bere ohiko estiloarekin hautsiz, sintesira eta kontaketa trinkora jo du. Gauzak hornidurarik gabe aurkezten ditu, biluzik, eta umore beltza darabil bere asmoak gauzatzeko. Ez dago denuntzia zuzenik, ez dago negarrik; aipamen apal zeharkako batzuk besterik ez, umore beltzez tindatuta. Kontakizunaren eta narratzailearen artean distantzia jarriz. Pertsonaia zoragarri landu batzuei ahotsa emanez; beraiei baino gehiago, beraien ekintzei. Ankerkeria bere izaera natural eta egunerokoan islatuz, eguneroko eta natural sentitzen duten pertsonaien ekintzetan.

Pertsonaiak primerakoak dira. Esate baterako, Lalande Biran, kapitain poeta, postuko kazikea. Astean behin nerabe beltz bat desloratzen duena; iruzurgile ere badabilena negozio publikoen itzalean. Edo Van Thiegel tenientea, garai batean soldadu ona eta argia izandakoa baina gainbehera doana alkoholismoaren labarretan. Mozkorra, jokalaria, diruzalea, anker gupidagabea… Kongon gertatutako sarraski eta basakerien irudia. Eta, nola ez, Chrysostome Liège, pertsonaia misteriotsua. Liburuko gainerako pertsonaia gehienen kontrapuntua (ez du edaten, ez da andrezalea, ez da istiluetan sartzen...), baina liburuak aurrera egin ahal ikusiko dugu oso gutxi duela heroitik, besteak bezain hotz eta odolgabea dela. Eurekin batera beste dozena erdi pertsonaje aurkeztuko dizkigu Atxagak: twa tribuko Livo, Richardson ofizial zaharra, Donatien, kapitainaren nahi guztiak betetzeko prest dagoen subfizial gangailu eta baldarra,...

Kongon gertatutakoa

Liburuan kontatzen diren gertakizunak erabat asmatuak dira, baina gertakizunen kokapena, bai denboran, bai espazioan, erabat errealak dira. Liburuak daukan barren historikoa benetakoa da. Benetakoa eta izugarria. Izan ere, Kongo Belgikarra Leopoldo II Erregearen esku geratu zen XIX. mende amaieran, eta han gertatutakoak (10.000.000 gizon-emakume erahil zituzten) parekotasun gutxi izan dute gizakiaren historian zehar.

Zibilizazioaren izenean, baina europarren patrikak betetzeko, milioika ume, gizon eta emakume garbitu zituzten, beste horrenbeste mutilatu eta bortxatu, euren herrietatik atera, esklabizatu eta belgikarren mesedetarako erabili, animaliak bailiran. Kautxua lortzeko, gehienbat, baina baita kaoba, teka, mineralak, marfila eta beste horrenbeste gai preziatu, Afrika aldean horren ugariak zirenak.

Liburu honen muina, azken batean, ez da abentura bat kontatzea, gizakiaren ankerkeria eta diru-gosea salatzea baizik; libera batzuen truke zer nolako barrabaskeria egin daitezkeen (egin izan diren) salatzea.

Atxagaren hitzak hartu ditzakegu argibide gisa, argitaletxeari esandakoaren bidez: "Gustatuko litzaidakeena da irakurlea joan dadila liburuan aurrera, abenturetan murgilduta, baina, bat batean bira dezala orria atzera eta pentsatu: zer esan du hemen?".

Ondorioak ateratzea, errealitatea antzematea, irakurlearen esku lagatzen du oso-osorik. Eta ateratzen dugun ondorioak ez gaitu leku onean uzten, liburuan kontatutakoak ez baitira garai historiko baten edo pertsonaia jakin batzuen aurkako salaketa, gizateria osoaren botere-gosearen, diru-egarriaren, basakeriaren eta etika faltaren adierazle baizik. Horrelakoxeak gara; untzi horretako kide gara guztiok.

Erreferentzia eta iruzkin gehiago:




Habian

Asier Sarasua 2012/01/04 09:42
Zer gertatzen da habien barruan? Gutxitan ikusten dugu hain garbi. Hementxe zozo-bikote honen bideoa. Gabonetako oporretan umeekin ikusteko modukoa.

Zozo bikote honek (american robin, Turdus migratorius) habia egin zuen naturzale baten etxeko leiho parean. Hona hemen zer gertatu zen pare bat astetan zehar.

Robins: 4 Eggs, 4 Weeks from Fred Margulies on Vimeo.

 

Argazkilaritza ulertzeko bi modu

Asier Sarasua 2012/01/02 21:57
Zelan bideratzen dute argazkilariek euren lan egiteko modua? Nola prestatzen erreportaje edo dokumentalak? Artistak adina aukera. Hona hemen pare bat adibide, erabat-erabat desberdinak.

Hemen Youtuben ikusitako bideo bi, orain gutxi izandako argazkilaritza-ikastaroko irakasleak pasatutakoak. Bi argazkilariren lanak erakusten ditu. Biak ere espezialista dira jendea erretratatzen, begiradak, keinuak, zimurrak; baina biek ere lan egiteko oso modu ezberdina dutenak.

Lehenengoa Isabel Muñoz espainiarra da, ortodoxoa, klasikoa... Argazki ederrak ateratzen ditu, munduko bazter guztietan.

 

Beste muturrean, Magnum agentziako argazkilari den Bruce Gilden estatubatuarraren lana. Askoz zuzenagoa, basatia ia. Azken 20 urteotan Manhattango kaleetako bizitza jasotzen du bere argazkietan. Kalera irten eta flash!

 

Mursego Coliseoan

Asier Sarasua 2012/01/02 12:32
Datorren urtarrilaren 13an Mursego eta Bide ertzean taldeen kontzertua Coliseo antzokian. Sarrera 5 euro. Eibarko gida kulturaletik jasota.

Eibarko Udalak urtarrileko gida kulturala argitaratu du. Hainbat ekitaldi, tartean Mursego artista eibartarraren kontzertua Coliseo antzokian.

Kontzertua Coliseoan izango da, urtarrilaren 13an, arratsaldeko 20.30etan. Sarrera 5 euro.

Kulturgida horretatik jasotako testua:

-------

Mursego, Xinpletasuna eta abangoardia

Mursego = Maite Arroitajauregi = Mursego = cello, loop station, plater txinatarrak, txirula, pandereta, casiotonea, txaloak, errimak, koruak eta dantzak.

Mursego Maite Arroitajauregi dugu, bere musikan islatzen den munduaren ikuskera berezia duena. Bere lanak ohiko molde eta egiturekin apurtzen du, celloa eta gauza gehiago joz eta abestuz.

Bide Ertzean, boskote fantastikoa

Pop doinuak dira nagusi Bide Ertzeanen lehen diskoetan. Harik eta 2000 urtean, “Grisa” diskoa argitaratu zuten arte. Rock doinuetan ere, Tolosaldeko boskotea ondo moldatzen dela frogatzen duen diskoa. Geroztik, eta Joserra Senperena donostiar pianojolearen laguntzaz, boskotearen zuzenekoak indarrean, sendotasunean eta sentsibilitatean irabazi dute. Sormenean ere, aurrerapauso handia eman du taldeak azken urteotan. 36ko gerran oinarritutako “Non dira” disko goraipatua da, honen guztiaren lekuko. 

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017