Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Amantalen ahotsa" ikuskizuna urriaren 7an Donostian

Asier Sarasua 2011/09/28 22:40
Gerraren 75. urteurrena dela eta, Amantala Kultur Elkarteak ikuskizuna prestatu du: "Amantalen Ahotsa". Gerra garaiko historia, emakumeen begietatik kontatua. Musika, bertsoak, dantza... eta baita Ahotsak.com proiekturako bildutako makina bat testigantza. Urriaren 7an Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Antolatzaileen artean, Ahotsak proiektuko zenbait lankide. Zorionak neskak!
Amantalen ahotsa

Amantala Kultur Elkarteak 1936ko gerraren 75. urteurrena gogora ekartzeko garai horretako historia emakumeen begietatik kontatzeko ikuskizuna prestatu du: Amantalen Ahotsa. Urriaren 7an izango da, arratseko 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Sarrerak bihartik aurrera izango dira salgai, 12 euroan, Victoria Eugenia antzokian bertan eta Interneten.

Joan zen uztailean 75 bete ziren 1936ko gerra hasi zenetik. Urtemuga baliatuta, emakume talde batek ikuskizun ederra antolatu du azken hilabeteetan. 2010. urtean bururatu zitzaien urte haietako historia berreskuratzea, baina emakumeen begiradapetik egitea. Fronteak edo politikan ibili ziren gizonezkoen lekukotasuna askotan entzun izan dugu, baina oraingoan andrazkoen bizipenetatik abiatuta berreskuratu nahi izan dute gerran  eta gerra ostean bizi izandakoa.

Emanaldiaren ardatza gerra garaia bizitako emakumeen testigantzak izango dira: "Ikuskizunaren bizkar-hezurra adineko emakumeen testigantzak izango dira, Ahotsak.com proiektuko bideo pasarteak", aipatu du gaur goizeko prentsaurrekoan Idoia Etxeberriak, Amantala Kultur Elkarteko ordezkariak. "Izan ere, gerra garaiko pasadizoak gizonezkoek kontatu dituzte orain arte, borrokan parte hartu zutenek. Emakumea familiaren euskarria izan zen; halere, haren minak eta ahaleginak ezkutuan geratu direlakoan gaude". Emakumeek etxean, lanean eta kalean bizi izan zutena jasoko dute: "Haien pozak, nekeak eta buruhausteak. Gerra garaian eta ondoren".

Gerrako kontuak ez ezik, gizarteko alor guztiak jorratuko dituzte: etxeko ohiturak, laneko gora beherak, kaleko giroa, erlijioaren indarra… Batzuetan gordin, beste batzuetan umoretsu. «Gipuzkoako eskualde guztietako emakumeen ahotsak hartuko ditugu aintzat; sukaldetik plazara aterako ditugu. Gure amonei eman nahi diegu hitza, eta soka horri helduta, zerbait berria eta modernoa sortu. Horretarako bildu ditugu ikuskizunean kultur arloko hainbat pertsona».

Proiektuaren prentsa-ohar txukun-txukuna hementxe PDFan.

Lekukotasunak ardatz hartuta, beste hainbat ikuskizun ere bilduko ditu jaialdiak: bertsoak, zuzeneko musika, kantuak, antzezkia eta dantza. Betiere emakumezkoak protagonista direlarik. Maialen Lujanbio bertsolaria; Oinkari dantza taldeko Laura Martin; Amaia Zubiria, Arianne Unamuno eta Zaloa Urain abeslariak; Ainere Tolosa, Sara Cozar, eta Naiara Arnedo aktoreak,... eta beste hainbat, denak ere Agurtzane Intxaurragak zuzenduta.

Seguru asko izen horiek jasoko dituzte aipamen gehien; eurak dira ezagunenak. Baina nik ondo dakit datorren astean aurkeztuko den ekitaldi honetan, benetako bihotza beste 5 "amantal" izan direla, Ahotsak proiektuan lankide izan ditudan Haizea Odria, Idoia Etxeberria, Miren Artetxe, Ainitze Oruesagasti eta Ainhoa Ansa. Ideia pentsatu, landu eta zoragarri bideratu dutenak. Zorionak neskak! Itzelak zarie!

 

 

 

Legarreko jaixak

Asier Sarasua 2011/09/23 09:44
Badirudi azkenaldixan auzuetako jaixak barriro indartzen hasi dirala Eibarren. Asteburu honetan, esate baterako, Legarreko jaixak ospatuko dira, azken 20 urtiotan lo egon ostian.

Auzuetako jaixak indar haundixa euki zeben 1960-1970 inguruan. Eibarko auzo eta kale gehixenetan antolatzen zan jairen bat. Azkenengo 20 urtietan asko aldatu dira Eibarko auzuetako ohitturak eta bizimodua eta auzo-jaixak indarra galtzen joan dira.

Azkenaldixan, baina, badirudi berriz indartzen hasi dirala. Amañak tinko darrai, izarra izaten; Azittainek eta Agiñanak ikuspegi tradizionalagua eskintzen deskue; San Cristobal, Urki eta Abontza gero eta indartsuago dabiz; Barrena-Carmen inguruan be ospakizunak izaten dira San Pedruetan. Eta asteburu honetan Legarreko jaixak berreskuratuko dittue, 20 urtian ezer antolatu barik egon ostian. Estaziño eta Jardiñeta bakarrik falta jakuz (umetan ezagutu nittuan, behintzat).

Legarreko jaixak

Bixarko egitaraua:

  • 10.00: Txupinazua eta pasakallia
  • 11.00: umiendako jolasak
  • 12.00: txorixua eta saldia guztientzat
  • 12.30: umiendako jolasak
  • 14.30: auzo-bazkarixa bertsolarixekin: Alberto Martínez, Juan Mari Juaristi eta Felipe Zelaieta
  • 16.00: umiendako taillarrak
  • 17.00: pailazuak
  • 18.00: dantzaldixa eta txokolatadia
  • 21.00: tortilla lehiaketia
  • 22.00: kontzertua: Ekinocio eta Son Kofusion 

 

Umetako lehenengo oroitzapenak

Asier Sarasua 2011/09/19 08:20
Ume txikiak dituzunean, munduaren beste ikuspegi bat daukazu eta hainbat galdera egiten dizkiozu zure buruari. Adibidez: nagusiak direnean, zer gogoratuko dute seme-alabek euren haurtzaroaz?

Gogoratuko dituzte aurtengo oporrak? Gogoratuko dituzte azken urteotan eurekin egindako gauzak? Gogoratuko dute zenbat maite ditugun? Azken 8 urteak emozioz eta anekdotaz beteak izan dira, baina zalaparta guzti horretatik zer gogoratuko dute gure seme-alabek?

Izan ere, nik oso-oso gauza gutxi gogoratzen ditut nire ume-umetako lehenengo urteetakoak. Sei urtetik aurrera gehixeago, baina ordura arte, irudi edo sentsazio hutsak. Hala ere, badira barruan erabat itsatsita ditudan oroitzapen gutxi batzuk. Kolore eta xehetasun guztiekin gogoratzen ditudanak.

3 urte ditut. Aitxitxa-amamen etxean nago. Iluntzen ari du. Atea jo dute eta gurasoak sartu dira. Azken egunotan oso gutxi ikusi ditut. Arreba ospitalean dago, oso larri. Nik hori ez dakit. Bakarrik dakit gurasoak ez ditudala azkenaldian larregi ikusi. Aitak agurtu egiten nau; amak ere bai. Ni aitxitxarekin nago, bere franelazko fraka grisera itsatsita. Amak beti kontatzen dit, aitxitxarekin ikasi nuela berba egiten; ordura arte hitz gutxi batzuk besterik ez nituela esaten. Eibarko zaharren moduan hitz egiten nuela 3 urterekin. Aitxitxak hitz egiten zuen moduan.

4 urte ditut. Ikastolako lehenengo eguna da. Eibarko Ikastolak parrokiako lokaletan dauka haurreskola. Hara noa amaren eskua oratuta. Gogor-gogor oratuta. Foto Garay parean nago, Dos de Mayo kalean, fraka motzetan. Negarrez nago. Tira, kurrixka batean nagoela esatea zehatzagoa da. Ama larri dago, ni bezain txarto pasatzen, baina tinko. Nire bizitza laburreko egunik txarrena da, duda barik. Handik egun batzuetako oroitzapen bat ere badaukat. Ikastolan nago. Lurrean jarrita nago, okumezko ohol batzuen gainean. Eibarko Ikastolak ez dauka dirurik haurrentzat aulkiak erosteko. Andereño Ana oso goxoa da.

5 urte ditut. Etxeko komunean nago. Komun txikian, etxean bi komun ditugulako, bata handiagoa (urdina) eta bestea txikiagoa (arrosa). Gaua da. Gurasoak kanpora joan dira afaltzera, ez dakit nora. Anai-arrebak Marirekin geratu gara, lantzean behin zaintzen gaituen emakume nagusi bat. Baina Marik gaur ezin gaitu zaindu. Komunean dago, lababoaren gainean botata, arnas-estuka. Larri dago. Larri gaude. "Mari, urten balkoira haixe pizkat hartzera" esaten diot. Marik barretxoa bota nahi du, baina ezin du. Telefonoz deitzen dio norbaiti. Urte batzuk geroago jakingo dut bihotzekoa eman ziola gure etxeko komun txiki arrosan.

5 urte ditut. Gure etxeak terrazatxo bat dauka eta hantxe gaude familia osoa. Oso eguraldi ona egiten du. Ez dakit udaberria den, baina nire oroitzapenean hori dirudi. Toldoa jaitsita dago eta terrazako landare guztiak loratuta daude. Etxeko terraza kolore entsalada bat da eta lore usaina dario. Zain gaude; Joxe noiz etorriko zain. Tinbrea jo dute eta eskaileretara goaz. Joxeren burua ikusten dut behetik gora. Ez dut ezagutzen, baina asko maite dut Joxe. Oso eskutitz politak bidali dizkigu azkenaldian, marrazkiz beteak eta alai-alaiak. Etxeko atarira heldu da eta harridura darama aurpegian. Gerora jakingo dut emozionatuta dagoela, egun hartako koloreak eta umeen garrasiak opari izugarria izan direla beretzat. Izan ere, Barruan egon den denboran ez du izan ez batetik, ez bestetik.

6 urte ditut. Aldamenekoen etxean nago, lorez betetako butaka batean jarrita. Gabonak dira; edo laster datoz, behintzat. Ane eta Malen arrebak ondoan ditut. Butaka ez da oso handia, baina 3 anai-arrebok ondo sartzen gara, elkarren gainean jarrita. Gu ere ez gara oso handiak. Telefonoz berbetan dihardugu. Aitta da. Esaten digu gure arreba txikia jaio dela. Maite. Ama ere ondo dagoela. Eibarko ospitale zaharrean jaioko den azkenengo haurra izango da. Uste dut asko poztu ginela.

 

Tweetake, Twitterren dituzun mezuak gordetzeko

Asier Sarasua 2011/09/15 09:37
Twitterrek ez dizu ematen aukerarik zure edukia deskargatzeko. Tweetake.com webgunearen bidez, ordea, Twitterren argitaratuta dituzun mezu guztiak CSV batean gordetzeko aukera izango duzu.

Gaur egun, gero eta informazio gehiago gordetzen dugu sarean eta beste enpresa batzuen zerbitzarietan: dela Facebook, Flickr, Youtube, Gmail edo Twitter. Guk sortutakoa eta gurea den eduki guzti hori ez dago benetan gure esku, beraz, kanpoko enpresa batzuen irizpide eta arauen menpe baizik (nahi duten moduan alda ditzaketen arau eta baldintzen menpe). Beldurra ere ematen du, zerbitzua itxi dezaketelako, edo zure informazioa galdu, edo zerbitzuaren baldintzak aldatu eta ordainpeko bihurtu...

Kasu batzuetan (batez ere, zenbait blog plataformatan) edukia inportatzeko aukera izaten da. Flickr-ek ere, hala eskatuta, zure eduki guztia DVD batean bidaliko dizu (hori bai, ordainduta, eta ez kalitaterik onenean). Baina beste kasu batzuetan ez duzu inolako aukerarik. Besteak beste, Twitterren.

Tweetake webguneak eskaintzen dizu aukera. Doan, azkar, erregistrorik gabe, ezer instalatu gabe. Joan zaitez Tweetake.com webgunera, sartu Twitterreko zure erabiltzailea, eta Twitterren idatzi dituzun mezu guztiak (edo gehien-gehienak, behintzat) CSV fitxategi batean gordeko eta emango dizkizu.

Libros y bitios webgunean irakurria.

"Kirola Euskaraz" programa kiroldegietan

Asier Sarasua 2011/09/07 08:50
Debabarreneko eta Debagoieneko udalek eta kirol patronatuek bultzatuta, aurten ere "Kirola Euskaraz" programa jarri da martxan: helduen aisialdian euskara sustatzeko garatutako programa.

Programa ez da berria. Esango nuke aurreko urteetan ere martxan egon dela. Helburua zera da: gure eskualdeko kiroldegietan ikastaroak egiten dituzten helduen artean euskararen erabilera sustatzea. Edo, gutxienez, euskarak presentzia izan dezala eta euskaldunon eskubideak bermatzea.

Izan ere, sarri ikusi dugun moduan, nahikoa da ikastaro batean erdaldun bakarra izatea, ikastaroa gaztelaniaz izan dadin. Programa honen bitartez hori saihestu nahi da.

Taldearen tipologiaren arabera, 3 neurri hartuko dira:

  • Ikasle guztiek ulertzen badute euskara: ikastaroa euskaraz izango da.
  • Ikasleen erdiak baino gehiagok ulertzen badu euskara: ikastaroa nagusiki euskaraz izango da eta gaztelaniazko azalpenak izango dira.
  • Ikasleen erdia baino gehiago erdalduna bada: ikastaroa nagusiki gaztelaniaz izango da, baina monitoreak euskarari sarbidea emango dio (agurretan, animoetan, zenbakietan...) eta euskaldunei euskaraz jardungo zaie.

Tira, balirudike batzuetan oso gutxirekin konformatzen garela, baina aurrerapauso txiki bat da, behintzat. 

Orain, ikusi behar ea betetzen den, eta ea monitorearen sentsibilitatea nolakoa den. Izan ere, bere esku geratzen da gestio linguistikoa...

 

 

Autokarabana (Fermin Etxegoien, 2009)

Asier Sarasua 2011/09/02 16:04
Abuztuan irakurritako liburuetako bat. Oñati eta Bilbo artean idatzitako eta kokatutako eleberria. Kooperatibak, euskara, 40 urtekoon krisialdia,... eguneroko kontuak azaltzen dizkigu Etxegoienek, baina modu berezian kontatuta. 2010. urteko Euskadi Saria. Gustura irakurri dut.

Autokarabana, Fermin EtxegoienFermin Etxegoien kazetari, gidoilari eta irrati esataria da ("Berria", "Argia", "Euskadi Gaztea", "Bilbo Hiria Irratia", ETB). Oñatin jaioa (1966), Bilbon bizi da aspaldi. Hauxe du bere lehenengo eleberria (Autokarabana, Pamiela 2009) eta 2010eko Euskadi Saria eman zioten berarengatik.

Liburuko protagonista Elias Aldasoro da (liburu bukaeran bakarrik emango zaigu bere izenaren berri). 40 urte bueltan dabilen oñatiarra, Bilbon bizi dena aspaldi. Bizimodua hankaz gora dauka. Dibortziatua, alaba txiki baten aita (nahi bai, baina zaintzen ez dakiena), oraingo bikotekideak ere utzi egin du, 40 urteko krisialdian murgilduta dago, lanean ere zorte handiegirik izan ez duena... Oñatira itzuli da, kooperatiba batera lanera, proiektu itxaropentsu batera, baina proiektu honi ere ez zaio bideragarritasun handirik ikusten. Bizimodua hankaz gora, beraz.

Eliasen gora-beherak dira eleberriaren muina, trama oso sinplearen bitartez: protagonistaren ibilerak eta kezkak, kooperatiba barruko azpijokoak eta martxan jarri nahi den euskara plana. Ez dago besterik. Esango nuke protagonistak berak betetzen duela eleberriaren muina. Trama ezereza izan arren, harrapatu egiten zaituen liburua. Hasi eta bukatu egiten diren horietakoa, erritmoz eta bizitasunez idatzia. Aurrera egin ahala, gainera, hobera egiten du, pertsonaia nagusiaren printzak sendotzearekin batera.

Protagonistaren joan-etorrien bitartez, gainera, Etxegoienek gaurko gizartearen ezaugarri eta kontraesanak bistaratzen ditu: bikote-erlazioen zailtasuna, guraso izatearen zailtasunak (are gehiago guraso bananduena), euskaldun sentitzearen eta euskaldun bizitzearen kontraesanak, eta beste hainbat xipriztin bene-benetako.

Erritmo bizia, esaldi labur-laburrak, ironia, kiñu etengabeak, hizkuntzarekin jolasa... Konplexurik gabe idatzia, euskara "arruntean" horrek dituen alderdi positibo eta ez hain positiboekin (ikus kritika batzuen loturak, Zubitegian eta Zuzeun). Nik neuk ez diot inolako trabarik ikusten Etxegoienen estiloari eta erabilitako euskarari. Ez da saiatu hizkuntza literario sakon eta landuan korapilatzen; aitzitik, berbeta zuzena darabil oñatiarrak. Euskara ona da, egunerokoa, begietara minik ematen ez duena (tarteka "ere" partikula gaizki erabiltzen duen arren, ez dakit zergatik). Lander Garrok idatzi zuen moduan, "Fermin Etxegoienen Autokarabana liburua irakurri dut, harriduraz irakurri ere. Perfekziotik urrun egonagatik, txinparta askoko liburua da, zertzelada ederrak dituena, distiratsuak." Ba, horixe. Ni ere ados. Gomendagarria.

 

 

Sautrelan ere elkarrizketa egin zioten Etxegoieni. Ez dago modurik hemen txertatzeko, baina hona hemen lotura.

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017