Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Lehengo Aztiri" (Ugarte eta Azpiazu, 2011)

Asier Sarasua 2011/07/26 10:06
Legazpiko Burdinola Elkarteak argitaratutako liburu ederra, Aztiriko historia, ohiturak eta biztanleak gerturatzen dizkiguna. Legazpi eta Gabiria artean dago Aztiri auzoa.

Lehengo Aztiri.
Jose Luis Ugarte eta Aitor Azpiazu.
Burdinola Elkartea, 2011

Aztiri, goierri

Aurrekoan Arratian egindako bilketa baten berri eman nuen (Arratiako hiztegiarena) eta oraingoan Goierri aldera joko dut. Udaberri honetan aurkeztu dute Legazpin Aitor Azpiazu eta Jose Luis Ugarte ikerlarien azken lana: Lehengo Aztiri. Burdinola Elkarteak kaleratzen dituen liburu guztiak bezala, liburu ederra, mami askokoa eta diseinu erakargarri eta landua daukana.

Azpiazuren eta Ugarteren lanak 285 orrialde ditu eta Gabiria-Legazpi artean dagoen Aztiri auzoaren berri ematen digu. Auzoaren historia, bertako baserri eta biztanleen informazioa, toponimia, ohiturak... dena argazki ederrez eta diseinu zainduaz ornituta. Argazkiak Iakobe Katarainenak, Jesus Azpiazurenak eta Joseba Aldanondorenak dira; diseinua Iñigo Aranbururena.

Liburuak bi zati nagusi ditu. Historiaren atala Ugartek egin du. Auzoaren sorburuaren hipotesi bat ematen du, sorreran herrixka harresitua izan zitekeen susmoa argudiatzen duten arrazoiak emanez eta, ondoren, auzoko etxe guztien errepasoa egiten du. Guztira 26 baserri, etxe eta eraikinen historia bildu du, datu eta argazki ugarirekin. Aztiri tontorra, Aztiri barrena eta Makatzagaerreka eremuak desberdindu ditu. Bestetik, auzoaren konfigurazioa, historian zehar izan duen eremu banaketa, eta barruti bakoitzeko etxe kopuruaren aldaketa ere jorratu ditu.

Liburuaren bigarren zatian etnografia landu du Aitor Azpiazuk, orain urte batzuk Pedro Alustiza aztiriarrari egindako elkarrizketak oinarri hartuta. Eguneroko bizimodua, etxeko osagaiak, lanbide zaharrak, sinesmenak eta jaiak,… hamaika jakingarri bildu ditu ormaiztegiarrak Alustizaren ahotik.

Zorionak egileei.

Informazio gehiago Gabiriarrak blogean.

 

 

Arratia inguruko hiztegia (Larrea eta Rekalde, 2010)

Asier Sarasua 2011/07/09 15:56
Azken egunotan hiztegi ederra izan dut esku artean. Larreak eta Rekaldek Arratian jasotako milaka hitz, adiera eta istorio bildu dituzte euren lan mardulean: "Arratia inguruko hiztegia. Geure berbategie proiektua". Lan ikaragarria. Zorionak!


Arratia inguruko hiztegia. Geure berbategie proiektua.
Angel Larrea eta Juan Rekalde.
Ediciones Beta, 2010

Angel Larrea (Zeanuri) eta Juan Rekalde (Zornotza) Arratia Institutuko irakasleak dira. Aspaldi ohartu ziren euren eskualdean zegoen ondare etnolinguistiko paregabeaz eta, azken hamarkada, Arratiako hiztegia biltzen jardun dute. Asmo horrekin abiatu zuten Geure Berbategie proiektua, urteetan zehar emaitzak ematen joan den proiektua, eskualdeko berbakeraren berezitasunak batuz eta erabileran ere eragina izateko asmoz.

Azken urteotan ere zenbait lantxo eta lan-koaderno argitaratu ondoren (Institutuko ikasle eta irakasleen artean ere zabaldu dute jasotakoa), 2010. urte hondarrean jasotako guztia biltzen zuen Hiztegia argitaratu zuten, Arratia inguruko hiztegia izenburupean. Lan ikaragarria. 1000 orrialdetik gora, 25.000 sarrera, argazkiak, zerrenda toponimiko eta onomastikoak... baita Arratiako hizkeraren ezaugarri linguistikoen azterketatxoa ere.

Liburu horren atzean dauden lan-ordu guztietan pentsatze hutsak ere, buruko mina ematen dit! ;-)

Durangoko azokan lanik salduenetakoen artean egon zen, eta lehenengo edizioa bizkor agortu zen. Bigarren edizioa ere argitaratu behar izan dute udaberri honetan (lanaz eta edizio berriaz elkarrizketa Bizkaie agerkarian). Garikoitz Etxeberriari eta Angel Larreari esker lortu dut ale bat.

Larreak horrelaxe kontatzen du proiektuaren hasiera eta bidea:

"Orain hamaika urte gure ikasleak gaurkoak baino apur bat euskaltzaleagoak ziran. Arratian euskerearen mailea eta erabilerea handiagoak ziran. Ikasleei entzun eta eurekaz berba eginez sortu zan asmoa. Konturatu ginan gauza bat zala eskolan erabilten zan euskerea eta beste bat zala etxean eta lagunekaz erabilen berbetea. Salto handia egoan batetik bestera. Zeozer egin behar dogu, derrigor, pentsau genduan. Ikasleei eskatu geuntsen, eskolarako behar moduan-eta, aitite-amamei, edo etxekoei, alkarrizketak egitea grabadoreagaz. Itaun batzuk atondu, hainbat gairen ganekoak, eta martxan hasi ginan. Lanak jaso ahala ikusi genduan hor baegoala izugarrizko aberastasuna, eta hori danori galtzeko arriskua handia zala. Egoereari urtenbide bat emon behar jakon. Holan, eskolan-eta erabilteko moduko hiztegi txikitxu bat osotu gendun, ehun bat berbakoa. Orduan dana zan batua, bizkaierea nahiko baztertuta egoan. Berbak batuten-batuten, lehenengo urtean, 2001ean, 1.700 berbako hiztegitxua egin zan. Bueno, hiztegia-edo; fotokopia moltso bat zan. Altxor polita geunkala ikusita, beharrean jarraitu genduan. 2003an, bigarren hiztegitxua amaitu zan, 3.000 berbakoa. Modu horretan, apurka-apurka, 25.000 berba jaso doguz. Asko galtzekotan dagoz, eta guk jaso ezean, betiko ahaztuko litxakez. Ez dira baserri inguruko berbak bakarrik galduko, bestelako berba eta esaerak be desagertuko dira. Bizkaiko leku askotan pasetan da hori. Orozkokoei be esan deutsegu holango proiekturen bat egiteko, baina horretarako jentea behar da, denpora asko, eta behar asko. Oso oso lan neketsua da."

Orain lanaren bigarren fasean dihardute: jasotako guztia gazteengan zabaltzen. Sozializazio lana eta transmisioa ziurtatzea. Nagusienen ahotan bildutakoa gazteei erakustea eta erabilera berrietara egokitzea. Hori ere ez da lan makala.

Zorionak Arratiar guztiei. Eta, bereziki, egileei, jakina. Zuek egindako lana ez dago ordaintzerik.

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017