Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Lagun maitea"

Asier Sarasua 2011/06/30 18:05
Eibarko "Ipurterre" Ipuin Sariketako lan irabazleetako bat. Urrun-urrun jaiotako ume eibartar batek idatzia, euskara mintzagai eta bide. Hausnarketarako.

Eibarren urtero antolatzen den ipuin-lehiaketa da "Ipurterre". Eibarko ikastetxe guztietako haurrek hartzen dute parte, hainbat mailatan banatuta. DBH-ko B ereduko lehenengo ziklokoek eskutitz bat idatzi behar zuten, eta Sukaina Basri neskatila izan da irabazlea. Orain dela 13 urte Eibartik urrun jaiotako neska gaztea.

Aurreko edizioetan ere sarri izan dira atzerritarrak irabazle. Hemen jaiotako askok euskara ikasi ez, eta kanpotik etorritakoak, ikasi ez ezik, sariketetan irabazle ere bai. Zer pentsatua ematen du. Hangoez; hemengoez.

Sukainak, euskaraz idazteaz gainera, euskara bera du mintzagai eskutitz honetan. Euskara erabiltzearen inguruko gogoeta. Eibarko egoera soziolinguistikoaren azterketa. Euskaldun sentitzeaz hausnarketa.

Bejondeizula, Sukaina.

Lagun maitea:

Badakit sarritan galdetu izan didazula zergatik ez ote dizudan euskaraz berba egiten. Nik sarritan erantzun dizut: lagun guztiek erdaraz berba egiten didatelako, beraz erderaz berba egitera ohitu naiz. Baina, hala ere, zuk dakizun bezala, Eibarrera etorri nintzenean berba egin nuen lehen hizkuntza euskera izan zen.

Urte askoan euskera oso ondo menperatu eta ondoren gaztelania ikasten hasi nintzen menperatu arte, baina denboraldi hartatik gaur egun arte berba egiten dudan hizkuntza bakarra zer da, gaztelera.

Honekin batera, euskera ez erabiltzeaz asko damutzen naizela nahi dizut esan, zeren euskaldunak ez dira bakarrik hemen jaiotakoak, baizik eta euskeraz berba egiten dutenak. Nahiz eta ni euskalduna ez izan, euskara gehiago berba egiten baldin badut, euskaldun bezala onartuko dut neure burua.

Euskera gure artean galtzen ari da, erru bakarra guk daukagu euskera ez erabiltzearren lehen bezala. Nire lagun maitea, zuk betidanik esan didazu euskaraz berba egiteko, eta gutun honen bidez nahi dizut esan hemendik aurrera edo gaurtik aurrera saiatuko naizela euskara gure artean gehiago berba egiten eta aberasten, saiatuko naiz euskaraz berba egiten, nik berba egiten dudan hizkuntza baino gehiago. Nik ahal dudana egingo dut.

Azkenik nahi dizut esan asko maite zaitudala eta gutun hau bidaltzen dizut jakin dezazun euskaraz berba egingo dudala eta faltan botatzen zaitudala, baina zure falta euskerak beteko duela eta euskeraz berba egiten dudan bakoitzean zu egongo zarela nire pentsamenduetan, lagun maitea. Bi muxu eta besarkada bat.

 

Prentsari begirada

Asier Sarasua 2011/06/17 09:51
Azken egunotan albiste txiki baina interesgarriak agertu zaizkigu Eibarko prentsa "ofizialean". Hementxe batzuk. Errepaso azkarra.

Saharako lagunentzat jatekoa biltzeko egindako kanpainan 4000 kg. jaso dira Eibar eta Elgoibar artean. Askotan dirudi gure ekimen txikiak ez duela garrantzirik (zer egingo dute Saharan gure lenteja eta makarroi gutxi batzuekin?), baina guztion artean bada zeozer. Auzolana, herrigintza, elkartasuna.

Eibarko kanpoko igerilekuko ura hotz-hotz egongo da aurten, baina ez izoztuta, behintzat, aurreko urteetan moduan. Orain arte, Ipuruako igerilekuan bainatzea txapeldunen kontua zen. Urak artikoko tenperatura zeukan. Badirudi aurten ura berrerabiltzeko mekanismoren bat ipiniko dutela eta ez dela hain hotza egongo. Ondo. Dena dela, ez dut ulertzen orain arte zelan ez den ura berrerabili. Hori bai alperriko gastua!

Eibarko Kulturala eta Topalekua berriro ireki dituzte, zenbait hilabete obretan egon eta gero. Erabat berrituta, handituta,... Orain dela 50 urteko gogo eta asmo beretsuak, baina marko politagoarekin. Albiste pozgarria. Kulturari begira dagoen beste erakin bat Eibar erdi-erdian. Zorionak!

Legarreko jaiak ospatuko dituzte berriro aurten. Azken urteotan ez da auzo-jairik izan Legarren, baina aurten berriro antolatzeko asmoa omen dago, talde txiki bat hasi da lanean. Izugarria da azken urteotan nola biderkatu diren auzoetako jaiak Eibarren. 60-70 hamarkadetan izan zuten loraldia; gero beherakada; azkenaldian berriro gora: Amañak tinko darrai, izarra izaten; Azitainek eta Agiñanak usain tradizionala eskaintzen digute; San Cristobal, Urki eta Abontza gero eta indartsuago. Estaziño eta Jardiñeta ere berreskuratuko dituzte? Eibarko herritarrak gero eta parte-hartzaileago? #m15 mugimenduaren eragina? Ondo!

UEUk bere udako ikastaroen berri eman du. Eibarren dozena bat ikastaro izango dira uztailean zehar (aparte, beste hainbat gehiago Iruñean eta Baionan). UEU Eibarren izatea puntazo bat da gure herriarendako. Informazio guztia eta matrikula UEU.org webgunean.

 

Eibarko hittanuak aurrera

Asier Sarasua 2011/06/10 23:15
Maiatzian zihar hittano ikastarua euki dogu Eibarren. 37 lagun euki doguz Eibarko hiketia ikasten. Gogotsu eta hittanuari eusteko asmuakin. Esperientzia politta izan da, danondako.

Lehenago be jardun izan dogu Eibarko hittanuaz blog honetan. Hittanuan inguruko arau sozialetaz eta transmisiñuaz, eta baitta ikastarua antolatzen geniharduala be. Azkenian, maiatzian izan da ikastaruori. Badihardugu Elkartian eskutik, eta Eibarko Udalan eta Euskaltegixan laguntziakin, hika ikastarua antolatu dogu Eibarren.

Ikastaro laburra izan da, 10 ordu, sarrera-ikastaro bat, baina oso esperientzia politta izan da. Behin ikastarua amaittuta, baloraziñua eta hausnarketia eitteko sasoia heldu da, eta pozik egoteko moduan gaoz. Ikasle ugarik emon dau izena (37 lagun; azkenian talde 2 egin bihar izan doguz), jende gehixenak ikastarua amaittu dau, ikasliak gogotsu ibili dira eta hurrengo ikastaro baterako gogoz geldittu dira...

Uste dot hasierako helburuak bete dittugula. Hasieratik esan genduan 10 orduan ezin dala hittanua ikasi; ezta erakutsi bez, jakiña. Gure asmua beste bat izan da: hittanuan inguruko oiñarrixak emotia, jentia ikastera animatzia, berbetan hasteko lotsia galtzia, eta euren aldetik gaixa lantzen jarraitzeko baliabidiak (eta gogua) eskintzia.

Nere aldetik be asko ikasi dot. Hasiera batian laguntzen ibili bihar nintzan, baina hainbeste ikaslek izena emonda, irakasle izatia be egokittu jata azkenian. Onartu bihar dot nokako pluraletan apuntietara begira jardun dotela sarri-sarri, baina oso gustora jardun dot. Talde zoragarrixa euki dot, eta eskerrik asko guzti-guztiori, bihotzez. Esperientzia ederra izan da neretako.

Eta hau ez da hamen amaittu. Ikastaro amaieran inkestatxo bat be pasau genduan eta keja bakarra egon da: ikastarua laburregixa izan dala. Hori ona da! Hurrengo baterako be ipiniko dogu 2. ikastaro bat. Eta bittartian, HittanoLagun programia ipini dogu martxan. Gure arteko barriketarako posta-zerrenda bat, eta hillero-hillero, hilleko lehenengo martitzenian, afarimeriendia hika praktikatzen jarraitzeko.

Eibarko hittanuak badaka oindiok etorkizunik! Manex ez da izango Eibarko azkenengo hittanolarixa?

Hitanolariak

Ikastaruan parte hartu daben ikaslietako batzuk, Txirikil soziedadian. Beste argazkiren bat be gehittu dogu Flickr kontuan.

Opera lan ederrenetako batzuk

Asier Sarasua 2011/06/06 10:38
Ez naiz operazale amorratua, baina gustatzen zait tarteka entzutea. Askotan, baina, ni moduko ezjakinentzat, zaila izaten da nondik hasi jakitea. Han eta hemen, opera-lanik onenen zerrenden bila jardun dut eta hementxe opera-lan ederrenetako batzuk.

Joan zen asteburuan operan izan ginen. ABAOk Bilbon antolatzen dituen emankizunetako bat ikustera joan ginen. Donizettiren Lucia di Lammermoor ikusi genuen. Ederra, oso ederra. Silvia Vázquez sopranoa primeran; zuzendaritza, antolaketa, eta taularatze ederra; eta Euskalduna jauregia ere toki ezin hobea horrelako kontuetarako. Opera Berri emankizunen barruan ikusi genuen opera-saioa; urtean 2 emankizun izaten dira, normalean baino dexente merkeago. Merezi du. Izan ere, opera ez da ez batere merkea.

Ez naiz operazale amorratua, baina gustatzen zait tarteka entzutea. Askotan, baina, ni moduko ezjakinentzat, zaila izaten da nondik hasi jakitea. Hango, hemengo, harutzagoko zerrendak begiratu ditut eta, tartean, 50 opera-lanik onenen zerrenda bat aurkitu dut. Hementxe lehenengoak, pixkat osatuta eta loturekin.

Ez dira denak egongo, eta zalantzazko zerrenda izango da askorentzat (edozein zerrenda bezala), baina hor agertzen diren lehenengo 15-20 operak, behintzat, guztion ahotan dabiltzanak, nik uste. Hasi naiz horien bila eta mp3ra pasatzen.

  1. La Traviata (Giuseppe Verdi)
  2. Die Zauberflöte (Wolfgang Amadeus Mozart)
  3. Aida (G. Verdi)
  4. Carmen (Georges Bizet)
  5. La boheme (Giacomo Puccini)
  6. Turandot (G. Puccini)
  7. Madame Butterfly (G. Puccini)
  8. Rigoletto (G. Verdi)
  9. Il trovatore (G. Verdi)
  10. Die Walküre (Richard Wagner)
  11. Cavalleria rusticana (Pietro Mascagni)
  12. Don Giovanni (W.A. Mozart)
  13. I pagliacci (Ruggero Leoncavallo)
  14. Le nozze di Figaro (W.A. Mozart)
  15. Nabucco (G. Verdi)
  16. Otello (G. Verdi)
  17. Götterdämmerung, El ocaso de los Dioses (R. Wagner)
  18. Tosca (G. Puccini)
  19. ll barbiere di Siviglia (Giocchino Rossini)
  20. Der fliegende Holländer (R. Wagner)
  21. La fille du régimen (Gaetano Donizetti)
  22. Lohengrin (R. Wagner)
  23. Tristan und Isolde (R. Wagner)
  24. L'elisir d'amore (G. Donizetti)
  25. Lucia di Lammermoor (G. Donizetti)
  26. Don Carlo (G. Verdi)
  27. Das Rheingold (R. Wagner)
  28. Un ballo in maschera (G. Verdi)
  29. Siegfried (R. Wagner)
  30. La forza del destino (G. Verdi)

 

Hona hemen, amaitzeko, Lucia di Lammermoor operako pasarterik ezagunenetako bat, bertsio modernoan:

 

Arroila-jaitsiera Saturixo errekan

Asier Sarasua 2011/06/03 10:38
Saturixo errekan arroila-jaitsiera antolatu zuen, joan den maiatzaren 14an, Eibarko Klub Deportiboak. Bideoa ere egin dute eta hementxe ikusgai.

Saturixo erreka Elgoibar eta Eibar artean dago, Maltzaga ondoan. Garai batean leku ezaguna, bai arrantzaleentzat, bai baserritarrentzat (Arrate eta San Pedro auzoen artean dago). Bizpahiru errota ere izan ziren inguruan. Azkenaldian, baserriak eta auzoak hustu ahala, eta errotak behea jota, erdi-ezkutuan geratu da ingurua.

Eibarko Klub Deportiboa "erabilera" berriak ematen hasi da eta maiatzaren 14an arroila-jaitsiera antolatu zuen. Badirudi inguru aproposa dela, batez ere urez gainezka datorrenean.

Eibartarrez eta elgoibartarrez osatutako talde batek goitik beherako bidea egin zuten eta bideoa ere grabatu zuten. Neoprenoa, arnesa, segurtasun mosketoi bat eta zortzi bat hartu, eta ordu eta erdian jaitsi zuten Saturixo erreka, harik eta N-634 errepidera heldu ziren arte. Bidean, 30 metroko rapel bat ere egin behar izan zuten Saturixoko amila aldats handikoa da-eta. 

 

Albistea Elgoibarren.net webgunetik jaso dut. Informazio gehiago Deporraren Foroan.

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017