Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Larrepetit (Pello Lizarralde, Erein, 2002)

Asier Sarasua 2011/04/26 11:15
Pello Lizarralderen 4. eleberria. Ihesaldi baten kronika. Molde berezian idatzita, traman eta hizkuntzan. Ia ez istoriorik, ia ez akziorik,... eta, hala ere, eder-ederra.

Ihesaldi baten kronika azaltzen digu Lizarraldek bere eleberri honetan (Larrepetit, Pello Lizarralde. Erein, 2002). 2003. urteko Euskadi Saria irabazi zuen.

Abel “Larrepetit” baserriko morroia eta Joxe motxaila ihesi dabiltza. Bidean Lainez bidaiaria aurkituko dute. Horixe da eleberri honetako trama guztia, ez dago ia besterik. Izan ere, eleberri berezia da Larrepetit. Molde ez-arruntean antolatutakoa, beste garai batekoan. Istorioa baino, begirada interesatzen baitzaio Lizarralderi.

Tramaren datu nagusiak ezezagunak zaizkigu: zergatik zeuden espetxean, nola egin zuten ihesi, nora jo nahi duten, zergatik dauden elkarrekin, zergatik laguntzen dien Lainezek, zein den Lainezen benetako ogibidea, zer urte edo garaitan gertatzen den... Ez zaigu ia ezer esaten, asko jota zeozertxo iradoki. Ez dago ia-ia tramarik. Akziorik ere ia batere. Baina moteltasun erakargarri eta arin batekin irristatzen zara eleberriaren orrialdeetan barrena.

Hitzak ere gutxi ditu liburuak. Behar dituenak besterik ez. Isiltasuna da berriketaldiaren gainetik. Keinu xumeak; hizketaldi labur eta erabat sinesgarriak.

Xumetasun horren alboan, deskripzio zehatz eta ederrak dira liburuaren eta ihesaldiaren muina. Koloreak ez ezik, itzalak eta tonuak ere barneratzen dizkigu Lizarraldek. Eguzkiaren epelak, belarraren usainak, atearen irrintziak, txarrantxaren zorrotzak, begiraden soslaiak. Paisaiak agintzen du. Ihesaldiak berak (non eta orain), ihesaldi horren arrazoiak baino (nondik, nora eta zergatik).

Izan ere, liburua baino, filma sortu du Pello Lizarraldek. Pelikula eder bat. Niri Lost in translation gogoratu zidan (istorioan eta egituran inolako antzik izan ez arren, bai moldean). Hura gustatu bazitzaizun, hau ere gustatuko zaizu. Orduan aspertu bazinen, ez ahalegindu honekin.

 

Haur literatura: ostiraletako opila

Asier Sarasua 2011/04/25 11:57
Maddik astero ipuintxo bat ekartzen du ikastolatik. Astelehen edo ostiralean ekarri, eta hurrengo asterako irakurri behar izaten dute. Ostiraletako opila izaten da. Manex ere hasi da, txikiagoa den arren. Guri ere literaturako altxor txikiak aurkitzeko eta irakurtzeko aukera ematen digu.

Azkenaldian, esate baterako, Elkarrek (Argitaletxe Elkartuak) argitaratutako ZAZPI bildumakoak ekarri ditu Maddik ikastolatik. Sei urtetik gorako umeentzako ipuinak dira. Argitaletxe Elkartuak sei argitaletxeren artean (valentziarrak, euskaldunak, gailegoak, katalanak eta astuariarrak) sortutako elkar-lanerako plataforma bat da. Hizkuntza txikietako liburuek, idazleek eta ilustratzaileek oihartzun zabalagoa izan dezaten sortutako bilduma. Kultura eta hizkuntza minorizatuak bultzatzeko saiakera, literatur zaletasuna sustatzearekin batera.

Aste Santurako ekarri duen ipuina Xabier Mendigurenen Zergatik ez du kantatzen txantxangorriak izan da. Ipuin polit-polita. Aurrez ekarritakoak bezalaxe, hala nola, Aita despistatu bat (Josep Gregori), Mari Joseri zergatik deitzen diote Joxe Mari? (Seve Calleja), Gaur bete ditut 6 urte (Maria Antonia Savall) eta beste guztiak.

Eta oraingoz gehien-gehien gustatu zaiguna, Patxi Zubizarretaren Ostiraletako opila. Zoragarria.

Haur literaturan benetako pitxiak aurkitzen direlako gaur egun. Istorioa, testuak, mezua, marrazkiak, maketazioa...  ostiralero opil gozoa daukagu etxean.

Aikur Erle Museoa

Asier Sarasua 2011/04/24 14:26
Aste Santuko oporrak aprobetxatuta, Urretxun izan ginen herenegun, Aikur Erle Museoan. Ez baduzue ezagutzen, joan bertara. Bene-benetan merezi du.

Gutako askorentzat ezezaguna da Aikur Erle Museoa. Mendi puntan dagoen baserri-museo txiki bat besterik ez. Urretxun dago, izen bereko baserrian, Santa Barbara ermita inguruan. Museo txikia, bai, baina oso interesgarria.

  • Oso ondo antolatuta dago, parafernaliarik gabe, xume-xume, baina polito.
  • Baserriko etxekoandre den Josuneren azalpenek urrea balio dute.
  • Erleak ere ber-bertan ikusiko dituzu, dantzan, polenak ekartzen, eztia sortzen, larbak elikatzen.
  • Erleen mundua ikaragarria da eta, natura gustatzen ez bazaizu ere, liluratuta geratuko zara erlezaintzaren misterioekin, erleen mundu txundigarriarekin eta Josuneren azalpen zehatzekin.

Museo eta eraikin izugarrien ruta turistikoetatik kanpo (Artium, Guggenheim, San Telmo eta abar), txoko aparta aurkituko duzue Urretxuko Aikur baserri-museoan. Bestalde, inguru horretako beste zenbait harribitxi ezagutzeko aukera ere emango dizu, eguna aprobetxatuz: beste hauek ere gomendagarriak zeharo, adibidez: Igartubeiti Museoa (Ezkio-Itsaso), Antiguako ermita (Zumarraga), Mirandaola (Legazpi), edo Zeraingo herri museoa.

Bisita ezazu Aikur Museoa. Eztia gorroto duen batek esaten dizu.

Argazki batzuk laga ditugu Flickren.

Aikur erle museoa

 

Aikur erle museoa

 

Gipuzkoako eta Arabako Erlauntza klasikoak

 

Esnatu, esnatu! Republikia etorri da eta! (bideoa)

Asier Sarasua 2011/04/14 10:22
Benga! Gaur 80 urte bete dira eta gogoratu deigun 1931ko apirilaren 14a. Eibarko nagusienek kontatuko digute zer gertatu zen. Himno de Riego eta guzti! Ipini bolumena topera!

Gaur 80 urte, Eibarko Udalak II. Errepublika aldarrikatu zuen, beste inon baino lehenago, Alfonso XIII erregea oraindik ere Madrilen zela. Orain 10 urte, 2001. urtean (Errepublikaren 70. urteurrenean), ondorengo bideoa egin genuen Eibarko Udalean; Itziar Alberdi izan nuen lankide. Zelan bizi izan zuten eibartarrek errepublikaren aldarrikapena? Eibartarren Ahotan proiekturako zenbait lekuko elkarrizketatu eta bideo txiki bat egin genuen. 1931ko apirilaren 12tik 14ra bizi izandakoak gogoratzen ditugu.

 

Bideoa sarean, Blip.tv webgunean.

Pozten eta Poztutzen (Pizten eta Piztutzen)

Asier Sarasua 2011/04/12 09:58
Lerro gutxi batzuk, gure artean erabiltzen ditugun zenbait adizki bikoteren inguruan (pizten/piztutzen, hozten/hoztutzen, puzten/puztutzen...)

Aurreko batean lagun artean honetaz hizketan. Lehenago ere aipatu genuen Eibarko euskara liburuan. Nola esaten dugu? Pozten ala poztutzen?

Euskalkiak euskalki, Euskal Herrian arruntak dira horrelako hitz bikoteak. Eskualde bakoitzean, baina, talde batzuk edo beste batzuk sortzen dira. Eibar inguruan sortzen direnen artean, hauxek zerrendatu ditugu (besteren bat ere egongo da, seguru asko), denak ere antzeko aditz-egitura dutenak (bisilaboak eta -st-/-zt- errodunak). Eibarren bi formak erabiltzen dira:

  • husten > hustutzen
  • puzten > puztutzen
  • pozten > poztutzen
  • hozten > hoztutzen
  • pizten > piztutzen
  • nahasten > nahastatzen (*hau ez dakit bisilabo den, Eibarren)
  • ahazten > ahaztutzen
  • mozten > moztutzen (kasu honetan, ez horren nabarmena; esango nuke lehenengo forma dela nagusi)


Beste antzeko ingurune honetan ere gertatzen da (bisilaboa eta -rt- erroa):

  • urtzen > urtutzen

 

Fenomeno horrek ez dauka zerikusirik Gipuzkoako (eta besteko?) "pentsatutzen", "zenbatutzen" eta abarrekin; are gutxiago, "bizitutzen" "izandutzen" eta tankerakoekin. Eibarko hizkeran ez da gertatzen horrelakorik.

Bestalde, hoztu aditzakin beste kontu bat ere badago, bi infinitibo dituelako Eibarren (Bizkaiko hainbat tokitan bezala):

  • hoztu/hotzittu (eta beraz, hotzitzen ere badago).

 

Salburua, Gasteiz

Asier Sarasua 2011/04/10 23:05
Gaur Gasteizen egon gara, Salburua inguruan. Parke ederra; naturgune interesgarria.

Lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan Salburua, besteak beste Ataria (bertako harreragune eta interpretazio-zentroa) inauguratu eta bisitatu genuenean. Gasteizen bertan dago, hiriari pega-pega eginda, Baskoniaren zelaiaren ondo-ondoan (ikus mapan).

Salburua Euskal Herriko urmaelik garrantzitsuenetarikoa zen XIX. gizaldira arte. Arabako lautadako ur freatikoak jasotzen zituen eta bere 3 potzuetan (Betoño, Arkaute eta Larrandizarra) milaka landare eta animalia espezie bizi ziren. 1857. urtean hasi zen gainbehera: urmaelak drainatzen eta lehortzen hasi ziren, soroak ugaritzen, animaliak desagertzen. Zorionez, 1994an berreskuratze prozesua hasi zen. Ordurako Betoñoko putzuaren zati txiki bat besterik ez zen geratzen, eta antzinako baso eta belardi naturalen azken aztarnak. Azken 15 urteotan egindako lanari esker, 200 hektarea lortu dira, hainbat habitat desberdin leheneratu eta ingurua urez eta bizitzaz beteta dago. Une honetan jatorrizko hezegunearen zatirik handiena berreskuratu da eta animaliak berriro itzuli dira Salburuara (hegazti, narrasti eta ugaztun).

Horrelako naturgune urbanoen kasuan, baina, zalantza izaten dut: inguru naturalak parke bihurtzen ditugu, natura hesitu eta gure beharretara egokituz. Hori ote egokiena? Salburuak ez ote luke naturalago, basatiago izan behar? Jendearentzat jarleku, mahai eta pasealekurik gabe? Bestela, azkenean, gizakiak lekua jaten dio naturari. Euskal Herriko naturgune asko horrelaxe daude, oztopoz eta mehatxuz beteta (Txingudi edo Urdaibai dira adibiderik garbienak). Eibartik hurrago, Urkuluko urtegia. Garai batean mendi hutsa; gaur egun gero eta inguru urbanizatuagoa.

Erantzuna ez da erraza. Hirietatik hain hurbil dauden naturguneetan, ziurrenik, oreka aurkitzen saiatu beharko da. Herritarrei naturaz gozatzeko aukera eskainiz, baina naturari ere bere ibilbidea egiteko aukerak eskainiz.

Uste dut Salburua eredu eta adibide egokia dela. Hirian bertan dagoen ingurune erabat degradatua, naturgune zoragarri eta aberats bihurtu dute 15 urte eskasean. Hainbat habitat desberdin berreskuratu dituzte, espezieak itzultzeko planak gauzatu dituzte...

Oso leku ederra da; zoragarria da horrelako parke edo naturgune bat izatea. Paseatzeko, bizikletan ibiltzeko, haurrekin jolasteko eta naturaz gozatzeko. Gaur bertan izan gara. Parkean dauden oreinak ikusi ditugu, jakina. Baina gauza gehiago ere bai: uretako suge polit bat, igelak kantuan jauzika, dozenaka hegazti, eta basurde bat belardian ihesi. Egun ederra izan da.

 

Eta gaur ikusitako hegaztiak:

  • Koartza arrunta
  • Mokozabala (27 aleko talde bat, Salburuara heldu berri)
  • Zikoina
  • Basahatea
  • Ipar-ahatea
  • Ahate mokozabala
  • Ahate gorria
  • Murgilari mottoduna
  • Murgilari arrunta
  • Arranoa (saia, buitre, Gyps fulvus)
  • Miru beltza
  • Arrano txikia
  • Belatz gorria
  • Zingira mirotza
  • Faisaia
  • Uroiloa
  • Kopetazuria
  • Hegabera
  • Zankaluzea
  • Kaio hauskara
  • Enara arrunta
  • Uhalde enara
  • Larre-buztanikara
  • Buztanikara zuria
  • Arabazozoa
  • Mika
  • Belea
  • Txepetxa
  • Txantxangorria
  • Sasitxoria
  • Txinboak
  • Kaskabeltza
  • Kardantxiloa
  • Txioa
  • Zozoa
  • Birigarroa
  • Hormatxoria
  • Paranda

 

 

 

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017