Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Belarraren Ahoa (Harkaitz Cano, 2004)

Asier Sarasua 2011/03/27 18:22
Harkaitza Canok 2004. urtean idatzitako nobela laburra. Kontakizun indartsu eta poetikoa. Urte hartako Euskadi Saria. Gomendagarria.
Belarraren Ahoa, Cano, Alberdania, 2004

Belarraren Ahoa. Alberdania, 2004.
Harkaitz Cano

Horrelaxe dio kontra-azalak: "Demagun Hitler ez zela Berlinen hil 1945ean. Demagun ez zuela gerra galdu eta Europa osoaz jabetu zela, Britainia Handia barne. Demagun itsasoz doala Manhattanen jabe egitera. Itsasontziko sotoan preso, Charles Chaplin komediantea. Demagun, 1886an, Frantziatik New Yorkera Askatasun Anderea puskatan daramaten itsasontziaren soto haietan Olivier Legrand izeneko polizoia doala Ameriketara. Askatasun pertsonalaren alegoria ederra egiten du Harkaitz Canok bi historia horiek bat egiten duten unetik aurrera, kontakizun bizkor, samur, poetiko honetan."

Ba, bai. Ondo definitzen du liburua testu horrek. Ukronia bat da istorioaren abiapuntua. Canok zilipurdi ematen dio gerraren emaitzari, Hitler garaile jarriz, eta txiribueltaka murgiltzen gaitu historia kontrafaktual honetan. Erritmo biziz eta indar poetiko handiz idatzitako kontakizun honetan.

Idazkera dotore eta landua darabil idazleak. Ez horregatik nekagarri edo gaitza. Abilezia handiz josten ditu, gainera, esaldi luzeak, ideiak eta irudiak, eta egoera surrealistak. Harkaitz Canoren beste liburu batzuetan ere ezagutu ditugun baliabideekin: eszena zinematografikoak, ironia handia, sinbolismo handiko irudiak... Ipuin luzea da Belarraren Ahoa (edo nobela laburra, nahiago baduzue). Neurri egokian idatzia, ez luzeegi, ez laburregi; arratsalde batean disfrutatzeko moduan. Izan ere, hitz eta esaldi guztiak oso ondo neurtu baititu Canok, kontakizunari erritmo egokia emanda. Ederra, sarkorra. Asko du prosa poetikotik. Ziurrenik baita ariketa estilistikotik edo ikerkuntza literariotik ere. Tarteka, Bariccoren Seda gogoratu dit.

2004ko Euskadi Saria irabazi zuen.

Kritiken hemerotekan dozena bat aipamen daude, tartean oso egokiak iruditu zaizkidan bi hauek, bata Karmele Jaiok idatzitakoa, bestea Iban Zalduarena.

Hitanoa - Ikastaroa Eibarren

Asier Sarasua 2011/03/24 10:38
Badihardugu Elkarteak hika ikasteko eta praktikatzeko ikastaroa emango du maiatzean Eibarren. Izen-ematea astelehenean hasiko da. Ikastaroa maiatzean, 10 orduz. Benga, animatu!

Zenbait urtez (edo belaunaldiz) zokoratuta eta gutxietsita egon ondoren, badirudi azkenaldian berriz ere hitanoaren susperraldi txiki bat gertatzen ari dela. Horren lekuko, besteak beste, atzo Zumaian aurkeztutako egitasmoa, Mintzola Fundazioaren lana, Ritxi Lizartzaren liburu eta gogoetak, argitaratu berri diren webgune eta online testak, eta abar. Eibartarrak zerrendan ere jardun dugu horretaz eta blog honetan ere bai, arau sozialetaz eta transmisioaz, adibidez.

Oraingoan, Badihardugu Elkartearen eskutik, eta Eibarko Udalaren eta Euskaltegiaren laguntzarekin, hika egiten ikasteko ikastaroa antolatu dugu Eibarren.

Animatu!

Hitanoaren inguruko oinarriak jaso eta hika praktikatzeko ikastaroa

  • Helburua: hitanoaren inguruko oinarriak eskaintzea. Ikasi eta erabili nahi dutenei baliabideak ematea. Noiz, non, nola eta norekin erabili.
  • Edukiak: Hitanoaren oinarriak: Alderdi teorikoa eta, batez ere, praktikoa. Gehienbat Eibarko hitanoa irakatsiko da, baina inguruko herriak eta euskara batua ahaztu barik. Ikasleek apunteak eta materiala jasoko dituzte.
  • Norentzat: Eibar eta inguruko herrietako euskaldun guztientzat. Gutxieneko adina, 16 urte.
  • Antolatzailea: Badihardugu Euskara Elkartea, Eibarko Udalarekin eta Udal euskaltegiarekin lankidetzan.
  • Noiz: 2011ko maiatzean, astearteetan (maiatzak  3, 10, 17, 24 eta 31), 18:30-20:30 (10 ordu, guztira).
  • Non: Eibarko Udal Euskaltegian.
  • Prezioa: 10 euro.
  • Izen-ematea:
    Udal Euskaltegian (Portalea, Bista Eder, 10. 943700912) martxoaren 28tik apirilaren 15era arte.
    Badihardugu Euskara Elkartean (Markeskua. 943121775, edo Internetez) martxoaren 28tik maiatzaren 2ra arte.
  • Ikasle kopurua: gutxienez 8 ikasle, eta gehienez 18 ikasle.

 

 

Natura patrikan

Asier Sarasua 2011/03/22 09:30
Kaktus bat oparitu didate. 0,5 cm ditu eta poltsikoan eraman dezaket.

Joan zen astean opari txiki hau egin zidaten Eibarko denda batean (tira, niri baino gehiago, nirekin zeuden seme-alabei). Kaktus txiki bat da, metakrilatozko ontzitxo batean sartuta, kortxo zati baten gainean. Hilean behin ur tanta batzuk dituen platertxo batean jarri behar da eta azpian duen zulotxo batetik hartzen du behar duen hezetasuna. Horrekin nahikoa izango omen du ontzitxoan hazteko. Eta 6-8 hilabete barru, bere kutxatik atera eta lorontzian sartuko dugu. Bitartean, aldean eraman dezakegu. Giltzarrapoari josita, Nintendoari atxikita, ikastolako motxilan txingilizka edo poltsikoan epeletan. Ideia polita pentsatu zitzaidan.

Kaktusa patrikan

 

100 metro (R. Saizarbitoria, 1976)

Asier Sarasua 2011/03/06 22:33
Ramon Saizarbitoria idazle donostiarraren 2. eleberria. 1974an idatzia eta 1976an argitaratua (Gobernuak jarritako zentsura bukatu ondoren). Euskal literaturaren historian liburu esanguratsua. Eta ona.
100 metro, Saizarbitoria

Eleberriak ETAko kide baten bizitzako azken 100 metroak kontatzen ditu. Donostiako parte zaharrean dela, polizia atzean duela, tiroka, eta hiltzen den arte. 100 metro horiek egiten dituen bitartean, korrika eta arnas-estuka, bere bizitzako zenbait pasarte gogoratzen ditu.

Istorio nagusi horren inguruan, beste hainbat ere azalduko dizkigu Saizarbitoriak. Batetik, ETAkidearen  bizitzako zenbait pasarte: Michellekin igarotako uneak, aitaren oroitzapena, umetako eskolako kontuak... Baina horrekin batera, beste hainbat plano eta istorio ere agertuko zaizkigu, neurri batean independenteak, baina denak ere elkarrekin lotuta eta, batez ere, leku berean kokatuta. Poliziak lekuko bati biharamunean egindako galdeketa, egunkari eta irratietako albisteak, auzokideek hurrengo egunetan esango dituztenak...

Hainbat plano-aldaketa, sarritan aditz-joko hutsen bidez egina (lehena/oraina, hika/zuka), maixuki josita, eta estilo narratibo berezia sortuz. Estiloa eta teknika ez ezik, kontakizuna ere borobila da bere gogortasunean.

Saizarbitoriaren 2. eleberri honi kosta egin zitzaion argia ikustea (zentzura gainditu behar izan zuen eta bi urtez giltzapean egon zen), eta zenbait kritika ere jaso zituen (hainbat pasarte gaztelania hutsean daudelako). Baina 35 urte geroago klasiko bihurtu da eta 10 berrargitalpenetik gora izan ditu.

Saizarbitoriaren beste lan batek sartu omen zuen euskal literatura modernitatean (Egunero hasten delako, 1969), Txillardegiren beste zenbait lanekin batera. 100 metro honekin euskal literaturak beste urrats bat eman zuen sendotze-prozesuan.

Beti irakurtzekotan eta, azkenean asteburuan irakurri dut. Gustura irakurri ere.


Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017