Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Sateruak (satitsuak, sataginak, sahatsuriak)

Asier Sarasua 2011/10/11 23:58
Lehen begiratuan sagu txikitxoak dirudite, baina ez dira saguen taldekoak, sator eta kirikiñoen multzokoak baizik. Euskal Herriko ugaztunik txikienak. Nahiko ugariak izan arren, ez dira larregi ikusten eta ezezagunak dira askorentzat.

Gaur arratsaldean animalia txiki batzuk aurkitu ditugu etxe parean. Zelai txiki bat dago eta aste honetan belarra moztu dute. Hantxe aurkitu ditugu. Lehenengo bat; handik gutxira beste bi. Sateroak ziren. Sateroak, edo beste toki batzuetan esaten duten moduan, satitsuak, sataginak edo sahatsuriak.

Saguen tankera daukate baina ez dira karraskarien taldekoak. Sator eta kirikiñoen taldeetatik askoz hurbilago daude (garai batean Insectivora ordena izendatzen zena).

Mundu guztian 270 espezie inguru daude, gehien-gehienak lurtarrak eta txiki-txikiak. Euskal Herrian bertan ere hainbat espezie ditugu, Sorex, Suncus eta Crocidura generoetakoak (denak ere Soricidae familiakoak).

Zentimetro gutxitako luzera, arin-arinak, begitxikiak eta muturluzeak. Eta oso jatunak. Animalia biziki aktiboak dira (ugaztunik aktiboenak) eta egun osoa jaten pasa dezakete. Gehienbat intsektuak, baina baita zizareak, bareak eta beste ugaztun txiki batzuk ere. Mugitzen den ia dena jaten dute. Espezie batzuen kasuan, esate baterako, egunero euren pisua beste jan behar dute bizirik irauteko. Eta 5-6 orduz jan gabe igarotzen badituzte, hil ere egin daitezke. Hain metabolismo bizkorra izateak desabantailak ere baditu: urtebeteko bizi iraupena daukate. Eta larregi estresatzen baditugu, bihotzekoak jota hiltzen dira.

Garrasi txikien bidez komunikatzen dira (askotan entzun ezin ditugun ultra-uhinak). Lurrean bizi dira, orbel eta belar artean. Normalean zulotxoetan bizi eta ezkutatzen dira (sator-zuloetan, saguek utzitako habietan, harri artean, eta abar). Ugariak izan arren, ez dira larregi ikusten eta ezezagunak dira gehienontzat (batez ere, saguekin nahasten ditugulako sarri).

Euskal Herrian barrena hainbat izen hartzen ditu. Oro har, satitsu. Horrez gain, sateroa (Bizkaia-Gipuzkoa aldean), satagina (Nafarroan) eta sahatsuria (Iparraldean). Beste aldaera batzuk ere jaso izan ditut, han eta hemen: satotxo, satantxo, sator-sagu, eta abar.

Saterua (satitsua, satagina)

 

Saterua (satitsua, satagina)

 

Sateruak (satitsua, satagina)

 

Sakoneta

Asier Sarasua 2011/10/09 16:24
Euskal Herriko txokorik ederrenetakoa da, zalantzarik gabe, Itziar-Zumaia arteko itsas labarra. Itsaspetik hasi eta Algorriraino, flyschean barrena. Beti ederra. Zer esanik ez eguraldi onarekin eta marea biziekin, arrokak itsasoan barrena sartzen direnean eta intermareala bere zabaltasun osoan ikus daitekeenean.

Joan zen asteburuko marea biziak aprobetxatuta, Sakonetara joan ginen. Orain dela hiru urte ere hantxe izan ginen, iraila amaierako marearekin. Orduan Zumaia-Deba ibilbidea egin genuen, oinez, ume barik (argazkiak). Zoragarria izan zen, Zumaiatik irten, Sakonetaraino joan, eta gero Elorrixatik gora itzuli Zumaiara.

Aurtengoan Sakoneta inguruan bakarrik ibili gara, umeekin joan garelako. Ez da leku erraza umeekin ibiltzeko, eta ezin kilometro askorik egin.

Ederra lekua. Euskal Herriko txokorik ederrenetakoa, zalantza barik. Eguraldi ederrarekin zer esanik ez. Haitzetan ibili, bainutxoa hartu, animaliak ikusi...

Olagarroa ikusi genuen, hainbat izar (Marthasteria arruntagoak eta ofiura finagoak), hainbat karramarro (tartean argazkiko karramarro iletsu hori), txangurro txiki-txikiak ere bai, hainbat, alga artean kamuflatuta, dozenaka marraskilo ezberdin, eta zer esanik ez hamaika arrain klase.  

Amaitzeko, bainutxoa, jakina. 

Errepikatzekoa!

Sakoneta (Itziar, Gipuzkoa)

 

Sakoneta (Itziar, Gipuzkoa)

 

Karramarro iletsua

 

Ofiura

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017